Mugimendu errepublikazalea sortu zen une beretik, kontraesanak daude bere barnean. Kontraesan hauek, azken batean, klase izaera dute. Betidanik egon dira elementu ezberdinak irlandar errepublikazaleen barnean. 1916tik bi adar desberdinetan bereiz genitzake.
George Santayanak behin esan zuen historiatik ikasten ez duena akatsak errepikatzera kondenatua dagoela. Beharrezkoa da historiatik ikastea etorkizuna prestatzeko eta akatsak ez errepikatzeko. Irlandako mugimendu errepublikazaleko iragana ezagutu eta balantze bat egiteko garaia iritsi da. Horrela soilik lortuko dugu kale itxi honetatik irtetea, kaos sektariora itzultzea eragotziko duen mugimendu iraultzailea sortzea eta kapitalismoa garaitu eta errepublika sozialista eraikitzearen betebehar historikoa betetzea.
Mugimendu errepublikazalea sortu zen une beretik, kontraesanak daude bere barnean. Kontraesan hauek, azken batean, klase izaera dute. Betidanik egon dira elementu ezberdinak irlandar errepublikazaleen barnean. 1916tik bi adar desberdinetan bereiz genitzake. Desberdintasunak ikus daitezke, halaber, Irlandar Hiritarren Ejertzitoaren (IHE) eta Irlandar Boluntarioen artean. IHEren joera proletario iraultzailea, zeinak bere izaera mantentzen saiatu arren laborismoaren zuzendaritza erreformistak eragotzi egin zuen, Connollyren heriotzaren ostean, honen klase ikuspegia utzi zuen, burgesiaren eta klase ertain nazionalistaren aurrean errendituz.
Azken hauek, noski, ahal duten guztia egin dute Connollyren tradizioak–sozialismo errepublikazalearen tradizioa– lurperatzeko. Langile klasea bere klase interesak ustezko “kausa nazionalaren” interesen azpian jartzera behartu zuten (modu arrakastatsuan). Klase ildoa zikindu eta irlandar herriaren interesen irudimenezko batasun bat sustatzen ahalegindu ziren. Hau gezurra eta irlandar kausarentzat eta langile mugimenduarentzat hondagarria izan den engainu bat izan zen, Connollyk aurreikusi bezala.
1916tik aurrera, gerra bat egon da –irekia edo lurpekoa–, aurkako bi joera hauen artean. Errepublikazaletasunaren hegal bat ideologia burgesaren eraginpean dago. Honek, konstanteki, mugimendua sistema kapitalistaren muga estuetara mugatzen du. Klase arteko borrokaren existentziari garrantzia kendu nahi dio eta, modu honetan, praktikan, langile klase irlandarraren interesak burgesia irlandarraren menpean jartzen ditu. Tarteka, batzuk langile klaseaz kezkatuta agertu eta sozialismoaz hitz egin izanak (“azken helburu gisa”) ez du garrantziarik. Bizitzan eta politikan ekintzak dira balio dutenak eta ez hitzak. Lehenengo Dail-aren programa, IHEren eraginpean, “komunistatzat” hartu zuen ordungo IRAko zuzendaritzak. Hirurogeita hamarreko hamarkadan IRAko eskuin hegalak sozialismoarenganako zuen etsaigoa horrenbesterainokoa izatera iritsi zen non liburu ezkertiarrak erretzeari ekin zion.
Ikuspuntu teoriko batetik, errepublikazaletasunaren eskuin hegalak “bi etapen teoria” defendatzen du, hots, langile klaseak sozialismoa lortzeko borroka ahaztu eta energia guztiak muga deuseztatzeko bildu behar ditu. Testuinguru irlandarrean, behin Irlanda bateratuta arazoak konponduko direnaren eta “azken helburu gisa”, agian hurrengo ehun urteetan, sozialismoa eraikitzea eguneko ordenean jarriko denaren ideiari mozorroa kendu zion Connollyk duela mende bat.
Irlandaren kausa langile mugimenduaren kausa da eta langile mugimenduaren kausa Irlandaren kausa da, Connollyk azaldu zuen bezala bereiz ezinak dira. Irlandaren askapenaren eta errepublika sozialista bat sortzearen artean, amultsuki erlazionaturik dauden borroken baitan, banaketa artifizialak bilatzen dituzten horiek baten garrantzia bestearen gainetik jartzeko egiten dute. IRA Ofizialak, esaterako, arazo sozialak arazo nazionala baino garrantzitsuagoa zela defendatzen zuen. Egiazki, estalki bat zen askapen nazionalaren aldeko borrokaren uztea ezkutatzeko erreformismoaren eta errespetagarritasunaren alde.
Betidanik egon da joera iraultzailea errepublikazaletasunaren barnean, langile batasunaren alde borrokatu eta proletalgotik gertu dagoen sektorea. Sozialista errepublikazale irlandarren eta britainiar marxisten arteko senidearteko elkarrizketen hasiera onuragarria izango litzateke bi herrialdeetako langile klasearentzat. Besteengandik ikasi behar dugu, klase arteko borroken bizipen aberatsaz baliatu inperialismoaren eta kapitalismoaren aurka borrokatzeko ikuspuntu, taktika eta estrategiak garatzeko.
Errepublikazale sozialistak, mugimenduaren barruan gutxiengo badira ere, etsi-etsian borrokatu dute klaseko norabidea eta ikuspuntu sozialista har daitezen. Arrazoi honengatik sozialismoaren etsaien objektibo bilakatuko lirateke: ez soilik inperialismo britainiarrarena eta estatuko sekretupeko zerbitzuarena, baita mugimendu errepublikarreko eskuin hegalarena ere. Elementu kontziente eta aurreratuenak erailak izan ziren. Nahikoa bi izen hauek aipatzea: Seamus Costello eta Ta Power.
Britainiar inperialismoaren indarrak jakinaren gainean daude etsai arriskutsuenak ez direla gizon armatuak eta bonbak, baizik eta errepublikazaletasunaren ezker hegaleko elementu politikoak. Ejertzito britainiarrak, iparraldean sartu zen une beretik “komunistak” garbitu nahi izan zituen, kezka hau hegoaldeko klase agintariak eta garaiko IRA Probisionaleko sektore batzuk elkarbanatzen zuten.
Dena den, munduko errepresio guztiak ere ezin dezake inflexio puntu bakoitzean, ezta gaur egun ere, indar bikoiztuarekin azaltzen den errepublikazaletasunaren elementu iraultzailea zapaldu. Joera sozialista proletalgoak, James Connollyk ordezkatua, beti berretsi eta erronka egingo dio burgesiaren nagusitasunari, baita historikoki mugimendua porrot batetik bestera eraman duten burgesia txikiaren joerari ere.
Argi dago, Irlandaren etorkizuna bertako langile klasearen eskuetan dagoela eta ez bertako burgesiaren eskuetan. Historiak erakutsi digu nazio zapalduetako burgesia ez dela gai arazo nazionala konpotzeko, lotura estuagoak ditu estatu zapaltzaileko burgesiarekin bere nazioko langileriarekin baino. Irlandaren kasuan gainera, bertako burgesia berandu sartu zen historian zuen eszenatokira eta, beraz, ez da gai paper independiente bat jokatzeko.
Ezinezkoa da askapen nazionalaren aldeko borroka ulertzea bere klase edukia aztertu gabe. Connolly, Lenin eta Trotskyren idatzietan ikus dezakegu burgesia nazionalarenganako jarrera bera hartu zutela. Connollyk honakoa idatzi zuen: “langileek borrokatu egin zuten, kapitalistek saldu eta abokatuek iruzur” (J. Connolly. Langile klasea Irlandaren historia. Alberto editorea. 1974. 74.or). Hitz hauek, azken berrehun urteetako Irlandaren historia laburtzen dute. XVIII. mendean, eta merezi du errepikatzea, Wolfe Tone iraultzaile demokrata irlandarrak baieztatu zuen Irlanda soilik “jabetzarik ez duten horiek” aska zezaketela. Zera idatzi zuen: “Gure askatasunak arrisku guztiei aurre egin behar die. Jabetzak dituzten pertsonek laguntzen ez badigute, erori egingo dira; geure kabuz askatuko gara komunitateko klase zabal eta errespetagarri horren laguntzaz –jabetzarik ez duten pertsonak–”.