Ale honetan eta ondorengoetan agertuko den artikulu sailean Errusiako Iraultzaren ondoren eta Sobiet Errepublika Sozialisten Batasuna ezarri ostean arazo nazionalaren inguruan agertu ziren auzi teoriko eta praktikoak agertzen saiatuko gara, SESBaren bilakaeran zehar nazionalitateen auziak buruzagi boltxebikeen eskutik izan zuen trataera azalduz.
LENIN ETA NAZIONALISMO “ERRUSIAR HANDIA”
Leninek Errusiako tradizio nazionalak, historia, literatura eta kultura ezagutzen eta maitatzen zituen. Bihotzez internazionalista zen, baina irmoki Errusiako bizitzara eta kulturara lotua. Leninek inoiz ere ez zion kontzesiorik egin chauvinismo errusiar handiari; honen aurka gupidarik gabeko borroka mantendu zuen bizitza osoan zehar. Iraultza proletarioaren garaipenak ez zuen aurreiritzien eta ohitura mentalen berehalako desagerpena edota tradizioaren bat-bateko likidazioa ekarri, Marxen hitzetan giza kontzientziarengan “mendi garai batek” adina pisatzen dutenak. Gizonen eta emakumeen adimena ez da gauetik goizera aldatzen esplotatzaileen zapalkuntza ezabatzeagatik eta ekoizpen baliabideak nazionalizatzeagatik. Gizarteak oraindik ere iraganeko ordenaren orbainak eta deformazioak sufritzen ditu, ez bizkarraren gainean bakarrik, baita buruetan ere.
Gizonen eta emakumeen arteko egiazko giza erlazioak sortzeak, iraganeko nazio zapalduen eta zapaltzaileen arteko erlazioak sortzeak denbora bat eskatzen du, ekoizpen indarren garapen mailak, lan egunaren iraupenak eta masen kultura mailak baldintzatzen dutena. Horixe da, hain zuzen kapitalismoaren eta sozialismoaren arteko trantsizio garaiaren esangura. Errusiaren kasuan, zeinetan iraultza atzerapen baldintza ikaragarrietan isolaturik aurkitzen baitzen, botere sobietarrak aurre egin beharreko arazoak izugarriak ziren. Honek arazo nazionalari zuzen-zuzenean eragiten zion. Lehen Mundu Gerraren bezperetan, Leninek idatzi zuen “Demokrazia proletarioak nekazari errusiarren nazionalismoa kontuan hartu behar du (ez kontzesioen zentzuan, borrokaren zentzuan baizik). (…)
“Halako egoerak Errusiako proletalgoari eginkizun bikoitza aurkezten dio, edota hobeto esanda, aldebikoa: nazionalismo ororen aurka borroka egitea, eta lehen lekuan, nazionalismo errusiar handiaren aurka; ez nazio guztiek orokorki dituzten eskubideen berdintasuna aitortzea bakarrik, baita estatu eraikuntzarako dituzten eskubideen berdintasuna ere, hau da, autodeterminaziorako nazioek duten eskubidea ere, bereizketarakoa, aitortzea; eta aldi berean, eta hain zuzen nazio guztietako nazionalismo mota guztien aurkako borrokaren arrakastaren alde, borroka proletarioaren eta erakunde proletarioen batasuna sustatzea, nazioarteko komunitate batean fusiorik hertsiena eman dadin, isolamendu nazionalerako joera burgesen aurka.
“Nazioen eskubideen berdintasun osoa; nazioen autodeterminaziorako eskubidea: horixe da marxismoak langileei erakusten dien programa nazionala, mundu guztiko eta Errusiako esperientziak erakusten diena” (Lenin, Nazioen autodeterminaziorako eskubidea).
Leninek sentiberatasun handia erakutsi zuen Estatu sobietarreko nazionalitateekin izandako erlazioetan. Boltxebikeek euren eginkizun guztiak bete zituzten inperio tsarista zaharreko nazio zapalduekin. Hasieran Errusia hitza desagertu zen dokumentu ofizial guztietatik eta honen ordez Langile Estatua erabiltzen hasi ziren. Geroago Errepublika Sobietarren Batasuna eratu zuten. Lenin, begi bistan denez, borondatezko federazio baten alde zegoen, baina, aldi berean, nazionalitate ez errusiarrek boltxebikeen nahia inperio tsarista zaharra izen berri batekin berreraiki nahi izatea zela pentsatzea saihestu nahi zuen bide guztietatik. Ardura eta pazientzia eskatzen zituen. Alabaina, Stalinek, georgiarra izateagatik Nazionalitateen Komisarioa zenak, beste ideia batzuk zituen. Gauza jakina da gehiengoaren nazio zapaltzailearen gobernuko buruzagi postuetara iristen diren nazio txikietako kideek chauvinista okerrenak bilakatzeko joera izaten dutena. Adibidez, Napoleon Bonaparte bera, korsiarra izanik, zentralismo frantziarraren fanatikorik esanguratsuena bilakatu zen.
Stalin, burokraziaren kumea, chauvinista errusiar handi amorratu bat bilakatu zen, azentu georgiarreko errusiera oso pobre bat hitz egiten bazuen ere. 1921ean, Leninen objekzioei aurre eginez, Stalinek Georgiaren inbasioa antolatu zuen, zeina (teorian) Estatu independente bat zen. Behin hau jazo eta gero, Leninek onartu egin behar izan zuen, baina georgiarrak kontu handiz tratatzea temati defendatu zuen, edozein harrokeria errusiar handi saihestuz. Garai hartan Georgia, herrialde batez ere nekazaria eta burges txikia, mentxebikeek gobernatzen zuten. Lenin politika kontziliatzaile baten alde zegoen, georgiarren konfiantza irabazi nahi baitzuen. Garrantzia handia ematen zion nazionalitateen arteko anaitasun erlazioak mantentzeari, eta behin eta berriro edozein batasun edota federazio borondatez egiteko beharra azpimarratu zuen. Stalinek, bestalde, Georgia kosta ala kosta Federazio Sozialista Errusiarrera bultzatu nahi zuen Federazio Transkaukasiarrarekin, Ukrainiako Errepublika Sobietarrarekin eta Bielorrusiakoarekin batera. Stalinek bere zirriborroa Komite Zentralera pasa zuenean, Leninek gogortasunez kritikatu zuen eta alternatiba desberdin bat proposatu zuen. Leninek federazioaren berdintasuna eta borondatezko izaera azpimarratzen zuen: “Ukrainiako Errepublika Sobietarrarekiko eta besteekiko berdintasuna aitortzen dugu, berauekiko berdintasun baldintzetan, batasun berri bat sortuz, federazio berri bat” (Lenin, Politika nazionalaren eta internazionalismo proletarioaren auziak).
Bien bitartean, alderdiaren zuzendaritzatik alde batera, Stalinek, Ordzhonikidze bere morroiaren laguntzarekin (hau ere bera bezala georgiar errusiartu bat) eta Dzerzinskirenarekin (poloniarra), kolpe bat antolatu zuen Georgian. Mentxebike georgiarrak purgatu zituzten eta buruzagi boltxebike georgiarrek honen aurrean protesta egin zutenean, hauek alde batera bota zituzten gupidarik gabe. Stalinek eta Ordzhonikidzek kritika guztiak zapaldu zituzten. Beste hitz batzuetan, Leninenaren kontrakoa zen politika bat eraman zuten aurrera Georgian. Boltxebike georgiarrak mehatxatu zituzten eta biolentzia fisikoa erabiltzera iritsi ziren, Ordzhonikidze berak boltxebike georgiar bat jipoitu zuelarik. Leninek, bere gaixotasunagatik ezgaiturik zela, gertakari hauen berri izan zuenean gutun sail bat diktatu zizkien bere idazkariei Stalinen jokabidea salatuz era tinko batean, eta Ordzhonikidzerentzat zigor gogor bat exijituz.
1922ko abenduaren 24-25ean diktaturiko testu batean, Leninek Stalin “egiazko nazionalista sozialista eta errusiar handi doilor eta zabar” bezala kalifikatzen zuen. Ondorengo hau idatzi zuen: “Beldur naiz Dzerzinski kamarada ere, sozialchauvinista horien krimenak ikertzeko Kaukasora bidaiatu zuena, egiazko sentimendu errusiar batengatik bakarrik nabarmendu ote den horretan (jakina da beste nazionalitateetako jende errusiartuak beregan duen egiazko sentimendu errusiar bat exajeratu egiten duela beti) eta bere komisio osoaren inpartzialitateak Ordzhonikidzeren ‘ekintzaren bidearen’ etsenplua izan ote dituen ezaugarri hein handi batean” (Lenin, Burokraziaren aurka).
Leninek liskar honen errua Stalini egotzi zion: “Uste dut Stalinen presak eta bere posizio administratiboak eta sozialismo nazionalista famatuaren aurkako bere higuinak, paper tamalgarri bat jokatu zutela honetan. Orokorrean higuinak, politikan, paper benetan dohakabea jokatzen du” (Ibid.).
Leninek, Stalinek Georgian izandako jokabidea Estatu sobietarraren aparatu burokratikoaren degenerazioarekin lotzen zuen zuzenki. “Estatu aparatu batu” bat izateko beharraren argudioak ez zuen balio Leninentzat gertakari hau justifikatzeko eta burokraziari zerion chauvinismo ustelaren emaitza bezala ikusi zuen, neurri batean tsarismoaren herentzia zena: “Aparatuaren batasuna beharrezkoa zela baieztatzen da. Baina nondik zetozen baieztapen horiek? Ez al zetozen bada Errusiaren aparatutik bertatik, zeina, egunkariko aurreko ale batean esan nuen bezala, tsarismotik hartu baikenuen, barniz sobietar batekin apur bat estaltzera mugatuz?
“Zalantzarik gabe, neurri hori hartzeko, gure aparatuaren gaineko ardura, aparatu hau benetan gurea izatera iritsiko litzatekeen egunera arte itxaron behar genuen. Baina orain, zinez, kontrakoa esan behar dugu: gurea dela badiogu ere aparatu hau, izatez, oinarrian arrotza zaigu eta biziraupen burgesen eta tsaristen nahasketa bat erakusten du; eta esan behar dugu ezinezkoa izan zaigula bost urtean eraldatzea, izan ere ez baikenuen beste herrialdeen laguntzarik eta “eginkizun” militarrak eta gosearen aurkako borroka gailentzen baitziren.
“Baldintza hauetan ulertzekoa da ‘batasunetik irteteko askatasuna’, justifikazio gisa balio diguna, Errusiako kide diren beste nazionalitateak egiazko errusiarrengandik, chauvinista errusiar handien inbasiotik, errealitatean burokrata errusiarra den jendaila eta zapaltzaile horretatik, defendatzeko gai ez den formula burokratiko bat bezala agertzea. Ez dago zalantzarik langile sobietarren eta sobietartuen portzentaia oso txiki bat lortuko duela olatu chauvinista errusiar handi honek, euli bat esnetan bezala” (Ibid.).
Leninek geratzen zitzaion indar apurra Stalin idazkari nagusi postutik kentzeko erabili zuen, baina alderdiaren zatiketa ireki baten beldurra ere bazuenez, borroka zuzendaritzaren barnean mantendu nahi izan zuen. Leninek sekretuan idatzi zien beste boltxebikeei, eta Trotskyri eskatu zion georgiarrak Komite Zentralean defendatzeko. Stalinen aurka Leninek izan zuen borrokaren froga dokumentala hamarkadetan zehar debekaturik egon zen Sobiet Batasunean, Alderdi Komunistaren oinarriei eta mundu guztiko langileei ezkutaturik. “Leninen Testamentua” izenarekin ezaguna den testua 1956ean atera zuen Jrushchoven gobernuak argitara, Georgiaren inguruko beste dokumentuekin batera, Leninek egiazko boltxebismoaren eta internazionalismo proletarioaren defentsa bere bizitzaren azkenera arte mantendu zuela erakutsiz.