Zergatik ez dute euskal burgesiak eta PNVk euskararen alde benetako lana egiten? Beren interes ekonomikoengatik. Zein da hizkuntza zapalduek duten arazoaren eragilea? Indarrean dagoen sistema kapitalista, PNVk defendatzen duen sistema ekonomikoa
Teknologia aurreratuak, ikasteko baliabide ugari… dauden garai honetan, hizkuntza asko dira zapaldurik, galtzeko arriskuan daudenak. J. A. Artzek behin esan zuen hizkuntza bat ez zela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Hortxe dago arazoa: dakitenek hitz egin nahi badute ere (nazio zapalduetako hizkuntza gutxituen kasuan) oztopoak aurki ditzakete, esaterako, administrazio publikoan bere hizkuntzan hitz egiteko, edota telebistan ere kate gutxi aurki daitezke hizkuntza gutxitu horretan. Antzekoa gertatzen da liburu eta beste hainbat gauzekin.
Bestalde, atzerritarren kasuan, Euskal Herrira mugaturik, gehienek ez dute Euskara ikasten, zergatik? Alperrak direlako? Ez. Kasu askotan, denborarik ere ez dutelako gertatzen da hori. Hona ez dira hizkuntzak ikastera etortzen, bizi baldintza hobeago batzuen eta lanaren bila baizik, asko lan baldintza gogorretan ari dira lanean ordea, ordu asko sartzen dituztelarik. Gogoratu behar dugu gainera migrazioaren fenomenoa kapitalismoaren beste ondorio zuzen bat dela, jendea ez dela beste herrialde batzuetara lan bila joaten kapritxoz, baizik eta bere lurraldean kapitalismoak ezarri dituen baldintza gogorretatik ihesi doala zerbait hobea aurkitzeko helburuarekin.
Bizi duin baten bila Euskal Herrira datozen guzti horientzat ez da batere erraza euskaraz ikastea, zailtasunak besterik ez dituzte topatzen gure hizkuntza ikasi nahi badute ere. Lanetik etxeratzean ez dira beste hizkuntza bat ikasten hasten gaztelerarekin moldatzen badira, gainera denborarik ere ez dute horretarako dituzten lan baldintza eta abarren ondorioz. Euskararen aldeko benetako apustua egin nahi bada beharrezko deritzogu etorkinei eta euskara ikasi nahi duen orori euskara ikasteko baliabide guztiak doainik eskaintzea eta ikastaroetara joan daitezen erraztasun guztiak bilatzea.
PNV ETA EUSKARA
Euskal burgesiak eta hau ordezkatzen duen PNVk ahal duen guztia egiten duela esango du hizkuntzak bizirik jarrai dezan, baina gauza jakina da burgesiak hizkuntzarekiko duen interesa bere patrika hasten den tokian amaitzen dela. Errentagarriagoa (edota merkeagoa) bazaio nazio zapaltzaileko hizkuntza erabiltzea halaxe egingo du. Bost axola dio bertako hizkuntzaren egoera zein den, ardura pixka bat erakusten hasten bada, ziur izan botoak lortzeko eta bere irudia zaintzeko egiten duela. Euskara indartzea eta bultzatzea negozio errentagarria izango balitz PNV izango litzateke euskararen bultzatzaile handiena, baina hau ez da kasua ordea.
Zergatik ez dute euskal burgesiak eta PNVk euskararen alde benetako lana egiten? Beren interes ekonomikoengatik. Zein da hizkuntza zapalduek duten arazoaren eragilea? Indarrean dagoen sistema kapitalista, PNVk defendatzen duen sistema ekonomikoa. Kapitalismoaren ezaugarri nagusia zapalkuntza da. Burgesak langilea zapaltzen duen modu berean estatu kapitalistak eta honen aliatuak diren nazio zapalduetako burgesiak nazio txikiagoak zapaltzen ditu, bertako kultura, hizkuntza… desagertzeko arriskuan jarriz. Kapitalismoa oztopo bat da hizkuntzaren eta kulturen garapenerako eta horregatik da beharrezko sistema honekin amaitzea euskara eta gainontzeko hizkuntza gutxituak gal ez daitezen. Errekurtso ekonomikoak gutxiengo baten kontrolpean dauden bitartean hizkuntza gutxituak heriotzetik gertu ibil daitezke eta garapenetik hurrun.
Kapitalismoak langileen bizitzeko baliabideez gain kultura ere lapurtu digu. Kapitalistek edozein arlotan negozioak bilatzen dituzte eta kultura gaur egun jasaten ari den krisiaren erantzule zuzenak dira. Produkzio-etxe handiek dute kulturaren arlo ezberdinetan produzitzen denaren monopolioa eta ondorioz bertatik ateratzen den produktuak irensteko erreza, ezer kontatzen ez duena, hilabete baino gehiago iraungo ez duena... izan beharra dauka. Diskoak, liburuak, filmak etab. fabriketan pieza mekanikoak bezala produzitzen dira, enpresa interesen menpe daude.
Hizkuntzarekin gauza bera gertatzen da, euskara ikasteko eskaintza publikoa oso kaskarra da. Eskaria geroz eta handiagoa den arren alde guztietatik oztopoak jasaten ditu, UPNren Nafarroako gobernua (kapitalisten gobernua) da horren adibide gordinena. Burgesia euskaldunak diru publikoa enpresa pribatuetara zuzentzen du eta sektore publikoaren pribatizazioari ekiten dio etengabe, bere interes ekonomikoak defendatzeagatik hizkuntza ere arriskuan jarriz. Hau da bere politika, honekin ikusten da noraino defendatzen duen bertako kultura eta hizkuntza klase kapitalistak.
Langile eta ikasleok ordea hezkuntza publiko osatu bat eskatzen dugu eta nola ez euskara ikasi nahi duen guztientzat doako klaseak, ordutegi malguarekin eta kalitatezko hezkuntzarekin. Leninek berak esan zuen hizkuntza gutxitu bat ikasten ari den langileak ikasten igarotzen dituen ordu horiek lan orduak balira bezala kobratu beharko lituzkeela eta hizkuntza gutxituan hitz egiten dakien langileak ere gehiago kobratu beharko lukeela ez dakiena baino kualifikatuago dagoelako.
HIZKUNTZEN OFIZIALTASUNA
Euskal Herrian maiz borrokatu da euskararen ofizialtasuna lortzeko zazpi herrialdeetan. Egia da, ofizialtasunarekin euskararen statusa hobetzen dela baina honek ez dio euskarari behin betiko konponbidea ekarriko. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako hegoaldean euskara ofiziala da, baina euskararen egoera larria da hainbat lekutan. Sistema kapitalistan hizkuntza baten ofizialtasunak ez du inondik inora honen etorkizuna bermatzen. Euskal Herria independiente kapitalista batean ere euskara ez litzateke salbu egongo. Hau ulertzeko adibiderik onenetakoa Hego Irlandaren kasua da. Nahiz eta independentzia formala lortu zuen, bertako hizkuntzaren egoera oso txarra da, Euskarak gaur duena baino okerragoa. Britainia Handiko eta Irlandako kapitalistek agintzen dute Hego Irlandan ere eta hori da gaelikoaren larritasunaren arrazoia.
Gainera Estatu espainiar eta frantsesak ere ez dio laguntzarik ematen euskarari eta ezta emango ere, nahiz eta espainiar konstituzioak euskara koofialtzat hartzen duen. Frantziako konstituzioak, ordea, ez du euskara onartzen eta ez die iparraldeko ikastolei laguntzarik ematen. Gaur egun ditugun Espainia eta Frantzia bezalako estatuak bere sorreratik merkatu ekonomiko baten interesen arabera trazaturiko lurraldeak dira, bertan dauden nazio eta hizkuntza desberdinak kontutan hartu gabe.
Erdi aroan feudo txikien sistema pixkanaka zabaltzen joan zen produkzio bideen garapenarekin batera, hala ere merkatari batek (gaur egungo burgesen aitzindariak) X km egiteko feudo bakoitzeko X arantzel pagatu behar zituen bakoitza sistema metriko eta moneta ezberdinekin. Hona beraz burgesia jaio berriak zuen ezinbesteko beharra botere politikoa hartu eta ahal zuen merkatu bateratu eta handiena sortzeko. Liberalismoaren ideologia sortu zen iraultza burgesaren zerbitzura. Estatu espainiarreko eta frantziarreko kapitalistentzat bi estatu hauek merkatu ekonomikoak besterik ez dira. Merkatu ekonomiko horien defentsa da beren helburu nagusia eta arrazoi horregatik ez dute onartzen adibidez autodeterminazio eskubidea. Ez dute pribilegioak galtzeko asmorik, ez dute nazio zapalduen kultura eta hizkuntza bultzatzeko helbururik, guztiz kontrako heuren interes ekonomikoak defendatzearren.
Euskarak iraultza sozialistaren beharra du arnasa hartzeko eta kapitalismoaren krisiari amaiera emateko. Hemen dugu, marxismoaren egiatasunaren beste adibide bat. Hizkuntza gutxituak desagertuko ez diren gizarte sozialista bat eraiki beharra dago, ekonomia planifikatu batekin, non edonork edonon edozein hizkuntza ikas dezakeen, non zapalkuntza, estatu zapaltzailea, zapaltzaileak… iraganeko zabor ontzian geratuko diren.