• Valentzia: arduragabekeria kriminala frogatuta dago. Greba orokorra behar da Valentzian Mazon botatzeko!

    Valentzia: arduragabekeria kriminala frogatuta dago. Greba orokorra behar da Valentzian Mazon botatzeko!

  • Etxebizitza-eskubidearen aldeko manifestazio jendetsuak bata bestearen atzetik datoz. Alokairuen greba erabat posible da!

    Etxebizitza-eskubidearen aldeko manifestazio jendetsuak bata bestearen atzetik datoz. Alokairuen greba erabat posible da!

  • Ultraeskuinaren mehatxua eta EH Bilduren politika

    Ultraeskuinaren mehatxua eta EH Bilduren politika "errealista eta pragmatikoa"

  • Trumpen gobernu ultraeskuindarra erasorako prest

    Trumpen gobernu ultraeskuindarra erasorako prest

  • Al-Assaden erorketa Sirian. Fase berri bat munduko nagusitasuna lortzeko borrokan

    Al-Assaden erorketa Sirian. Fase berri bat munduko nagusitasuna lortzeko borrokan

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Bilboko ebakuazioarekin eta Santoñako errendizioarekin eman zion bukaera PNVk “bere gerra zibilari”. Milaka euskal herritarrek beren bizia eman zuten bitartean euskal burgesiak bere interes ekonomikoak salbatu zituen.

Mila bederatziehun eta hogeita hamazazpiko apirilaren 26a. Azoka eguna Gernikan. Nazien Condor Legio ezagunak airea gurutzatu zuen aurrean zuen oro suntsituz eta herriaren hiru laurdenak errauts bilakaturik utziz. Gernika, eta bere Arbola, mendeetan zehar euskal foruen eta subiranotasunaren sinbolo izan zirenak, erasotuak izan ziren. Ehunka lagun hil ziren triskantzan. Militar kolpistek ia Gipuzkoa osoa harturik zuten, errekete karlisten laguntzarekin. Indar italiarren laguntza ere benetan lagungarri izan zuten Gipuzkoaren konkistan. Izan ere, alde faxistak nazioarteko laguntza jaso zuen baina, zer gertatzen zen beste aldearekin? Non ziren askatasuna hainbeste maite zuten Britainia Handia, Frantzia edota Ameriketako Estatu Batuak?

Zati “errepublikarra” deituak gerraren bilakaeran jasotako laguntzaren artean Brigada Internazionalak deiturikoena aurkitzen da, mundu osotik bildutako Alderdi Komunistetako kide eta boluntarioena. Sobiet Batasunaren eta Stalinen papera ere goraipatu izan da eman zuen berebiziko laguntzagatik. Baina, egia esan, Stalinen eskutik etorri zen laguntza nahiko berezia izan zen, bidalitako lehen kargamentua esne-hautsezko kargamentu bat izateaz gain, bidalitako armak, tankeak, eta abarrak zorrozki kobratu baitzituen irabazi milionarioak lortuz, eta Errepublikaren diru kutxak xahutuz. Stalinek penintsulako iraultzari eginiko traizioaren beste adibideetako bat, alegia.

Faxistek alemaniar eta italiarren laguntza jaso zuten. Britainia Handiak eta Frantziak osatutako blokeak, ordea, ez parte hartzearen aldeko bloke bat osatu zuten, halako gatazka batek Alemania nazia probokatu eta Europa mailako gatazka bat ekar zezakeela argudiatuz. Arrazoi hau ordea, erabat hitzezkoa izan zen. Ez da ahaztu behar garai haietan Estatu espainiarrean emandako industria garapenean atzerriko kapitalak izan zuen zeresana, eta ondorioz, herrialde hauetako kapitalistek inbertitutako diru hori galtzeko zuten beldurra. Zati errepublikarrari laguntzea buruaz beste egitea zen, iraultzaren garaipenak jabego hauen desjabetzea ekar baitzezakeen. PNVren kasuan bezala, nazioarteko burgesiaren hipokresia ere itzela zen.

 

BURDINAZKO GERRIKOA

 

Bizkaia eta Gipuzkoa mendebaldea ziren erresistentziaren azken guneak. Euskal burgesiak bere irudi ona mantendu behar zuen langileriaren aurrean, eta Burdinazko Gerrikoa deiturikoa antolatu zuten, aurrerakada faxista geldituko zuen defentsa. Batetik, gerrikoaren antolaketa bera zegoen, gabezia askoz betea: sakontasun gutxi, airezko erasoetatik babesteko baliabiderik ez… Eta bestetik, euskal burgesiak hainbeste maite dituen bere anai langileei historian zehar egin dien traiziorik handienetakoa. Burdinazko Gerrikoa egiten aritu zen ingeniarietako bat, Alejandro Goikoetxea, alde faxistara igaro zen defentsaren planoekin eta puntu ahulenak edota amaitu gabe zeudenak erakutsi zizkien. Gerrikoak ez zuen Franko gelditu. Eta gainera ez zen lehen traizioa, horretan saiatu zen lehena harrapatua eta fusilatua izan zen. Paradoxikoak dira Ajuriagerra PNVko kideak Goikoetxeari buruz esandako hitzak: “Konfidantza izan genuen beragan, gutako bat kontsideratzen genuen PNVren familia batetik baitzetorren”. Goikoetxeak, azken finean, gerra hasi orduko Araba edo Nafar Buru Batzarrek egin zutena egin zuen: bere interesak modu irekian defendatu.

Esanguratsuak dira une hartan Bizkaian borrokan ari ziren langileen hitzak. JSUren batailoietako kide baten hitzetan “[Irabazteko] beharrezkoa zen eusko jaurlaritzak onartzen ez zuen gerra politika bati ekitea. (…) Madrilen egiten ari ziren bezalako gerra iraultzaile bat. Abantaila handi bat genuen Madrilgo defendatzaileen aurrean: ingurune menditsua”. PNVren asmoa ez zen ordea euskal inguruneak ematen zizkion mesedeetaz baliatzea. PNVren asmoa ez zen zati iraultzaileari laguntzea. PNVren asmoa kapitalismoa mantentzea zen, ordena burgesa ezartzea eta langileen esplotaziotik ateratako gainbaliotik bizitzea. Une hartan hori defendatzen zutenak ez ziren Euzko Gudaroztearen oinarrietako nazionalistak, sozialistak, komunistak eta anarkistak. Une hartan hori defendatzen zutenak faxistak ziren.

 

BILBOREN EBAKUAZIOA

 

Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuari agindu zitzaion Bilboren ebakuazioa antolatzea. Bere lehen ardura ez zen Bilbo defendatuko zukeen defentsa bat antolatzea, bertako lantegi eta enpresak ez suntsitzea baizik. 1937ko ekainaren amaieran, Bilbo erori zenean, tropa frankistek bertako industriak eta meatzeak ukitu ere egin gabe aurkitu zituzten, gerora armada faxista hornitzeko edota Alemaniatik armak erosteko erabili zirelarik. Euskal Herria eroria zen, eta kontrairaultzaren aurkako borrokan balio zezakeen potentzial iraultzaile guztia pikutara joan zen PNVk kontrola bere gain hartu zuelako. Hainbestetan defendatu zuen independentziarengatik borrokatzeko ere ahaleginik ez zitzaion ikusi. Traizioa erabatekoa izan zen.

Ez dira hemen amaitzen PNVk Gerra Zibilean eginiko azpijokoak. Burgesia azkar mugitzen da bere interes errealak defendatzerakoan (irabazia, jabegoaren defentsa…) eta ez hainbeste irudiagatik hitzez defendatzen dituenengatik (autodeterminazio eskubidea, ongizate soziala…). Katalunian iraultza oso urrutiraino eman zen, fabriken desjabetzekin eta lurren kolektibizazioekin. Zati errepublikarrean hau defendatzen zutenak zeuden, batetik, eta gerra amaitu ostean iraultza egiteko denbora egongo zela defendatzen zuten burgesia “aurrerakoia”, stalinistak edota langileen burokratak bestetik. Iraultza honen zabalpenak beldur larria ematen zion Agirreri (ez hainbeste Franko Euskal Herrian egoteak, hark behintzat euskal burgesiaren interesak defendatuko baitzituen). Agirrek Companys (nazionalista burgesa), Azaña (errepublikarra) eta konpainiari euskal milizien laguntza eskaini zien bertako “extremistak” geldiarazteko, izan ere, “Enpresen inkautazioek (…), enblema komunisten eta anarkisten ugaritasunek (…) etab. sinpatia lortzea murrizten baitzuen atzerriko potentziengan” eta ondorioz hauen laguntzarik gabe geratu. Companysek nahiago izan zuen hainbesteko ebidentzian ez geratu eta iraultzaren zapalketa Alderdi Komunistako buruzagien bitartez burutu.

 

SANTOÑAKO ERRENDIZIOA

 

1937ko abuztuan, Santoñako errendizioarekin, eman zuen amaitutzat gerrako parte hartzea PNVk. Ajuriagerra aginte italiarrarekin bildu zen eta eginiko akordioaren arabera, euskal gudariak, errenditu ostean, libre geratuko ziren eta gerran parte hartzeko obligaziorik gabe. Biztanleria euskalduna jarraitua izango ez zela ere sinatu zuten. Hiria Fergosi koronel italiarrari eman zitzaion eta zenbait itsasontzi britainiar etorri ziren Frantziara joan nahi zutenak biltzera. Akordioa ordea irain bilakatu zen. Itsasontziak hustuak izatera behartu zituzten italiar metrailadoreek eta Burgosko Kuartel Generalaren erabakiei jarraiki, eusko gudariak kontzentrazio esparruetara eta kartzeletara eramanak izan ziren, etorkizunak zer ekarriko zain.

7.000-10.000 gudari inguru hil zirela uste da borrokan, 5.000 inguru izan zirela fusilatuak erretagoardian. Euskal Herritik erbestera ihes egin zutenak 100.000 kide izan zirela uste da gutxi gora behera. Masek dena galdu zuten, PNVk burgesiaren interesak defendatu zituen, bikain gainera. Euskal Herriko langile klaseak ikasgai ederra jaso zuen honetatik guztitik: batetik, beharrezkoa dela klase independentziako politika bat mantentzea, langile klasearen defentsarako politika bat izatea, burgesiarekin eginiko akordioek kontzesioak egitera bultzatuko baitu langileria, bestela akordiorik ez baita egongo, eta eginiko kontzesio horiek kaltegarriak izango direla langileentzat; eta bestetik, Errepublika bezalako antolaketa politiko batek, kapitalismoaren barruan eman daitekeen antolaketa modurik aurrerakoiena badirudi ere, ez diola kapitalismoa izateari uzten eta, ondorioz, ez direla amaituko ez klase esplotazioa ezta merkatuen antolaketak eragiten dituen arazo nazionala eta kulturala ere. Errepublikak ez zuen klase zapalkuntzarekin amaitu; ez zuen autodeterminazio eskubidea eman Estatuko nazionalitate historikoentzat ezta kolonientzat ere (Maroko). Azken honetan, eta harrigarria badirudi ere, Franko izan zen Marokoko kultura eta bertako eskubide nazional-kulturalak defendatu zituena, gero altxamendu kolpistarako laguntza jasotzeko. Eta harrigarria badirudi ere, ez da burgesiaren eskemetatik ateratzen. Burgesiak dena egingo du bere interesak defendatzeko, pentsa ezin daitekeena ere bai. Hipokresia du ezaugarritzat, bere mugimenduek liluratzen duten sugea da, eztena sartzeko prest beti. Euskal langileriak klase independentziaren mailuarekin zanpatu behar dio burua burgesiaren sugeari, PNVri, hainbatetan borrokatu duen Euskal Herri aske eta sozialista bat behin betiko lortzeko!!