• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Langile klasearen lan eta bizi baldintzek okertzen jarraitzen dute kapitalistak are gehiago aberastearen kontura. 2016an %1 aberatsenak gainerako %99ak adina aberastasun izango du. Datu honi beste datu ikaragarri hau gehitzen zaio: biztanleriaren %80a munduko aberastasunaren %5,5arekin bakarrik bizi da %1 aberatsena aberastasunaren %50era iristen den bitartean. Hala ere, mundu osoko kapitalistek bezala, euskal patronalek eta EAJk langile klasea estutzen jarraitzea dute helburu nagusi. Langabeziaren errua langileei botatzeko ere ez dute arazorik enpresariek eta EAJk.

 

Errekuperazio ekonomikoaz hitz egiten diguten arren, bestelako datuak azaltzen dira egunero egunkarietan: enpresa handietako bataz besteko soldata jaitsi egin da azkeneko 7 hilabetetan, lanpostua galtzeko beldurrez gaixorik lanera joaten direnen kopurua handitu egin da, Gipuzkoan, 2014an sinatu ziren 100 kontratutatik 3 bakarrik izan ziren mugagabeak, azken hiru urteetan aldibaterakotasuna hazi egin da… Non dago bankari eta enpresariek saldu nahi diguten errekuperazio ekonomikoa?

Errekuperazio ekonomikoaren atarian bagaude, zergatik eskatzen dute patronalek langileen lan baldintzak okertzen jarraitu behar dela? Cebek patronal bizkaitarrak adibidez, urte honetarako langileen soldatak izoztea aholkatu die bere enpresei. Patronal honetako idazkari nagusia den Francisco Javier Azpiazuk enpresariei bidalitako zirkularrak “lan kostuen kontrolaz”, “lehiakortasunaren beharraz” eta “legea betetzeaz” hitz egiten du: “negociar y firmar, donde sea posible, convenios colectivos sectoriales adecuados a la realidad y a las necesidades de empresa y trabajadores” (...) “en ningún caso dificulten la competitividad de las empresas” (...) “mantengan el poder adquisitivo de los trabajadores y procuren estabilidad laboral, sin perder de vista el control de los costes laborales” (...) “no renunciar a la legalidad vigente”. Ondo dakite langileek zer esan nahi duten kapitalistentzat lan kostuak kontrolatzeak, lehiakortasunak eta legea betetzeak: lan baldintzak okertzea.

Langabeziaren arduradunak langileak al dira?

Metaleko Enpresen Federazio Bizkaitarrak ez du inolako arazorik izan euskal gazteria alfertzat jotzeko eta langabeziaren arduradun bezala akusatzeko. Enpresari talde honen ustez “la juventud vasca prefiere pisar moqueta a trabajar en el sector metalúrgico”. Honek ez dauka zerikusirik errealitatearekin. Azken urteetan, euskal gazteriak milaka curriculumekin bete ditu metaleko enpresak ere. Hori bai, lanpostu bat aurkitzeko “zortea” izan duten gehienek kontratu prekarioak eta aldi baterakoak ezagutu dituzte. Zergatik kontratu prekarioak eta aldi baterakoak? “La juventud vasca prefiere pisar moqueta a trabajar en el sector metalúrgico” esaten duten euskal enpresarien poltsikoak puzteko. Hauen harrokeriak ez dauka mugarik.

Euskal kapitalisten instrumentu politikoa den EAJko agintariek ere ez dute arazorik langabeziaren errua langabetuei botatzeko. Imanol Pradales EAJko Bizkaiko Ekonomia Sustapen diputatuak orain dela gutxi esan du langabeziaren arrazoietako bat langabetuen kualifikazio falta dela. Bizkaiko hamar langabetutatik seik gehienez lehen mailako ikasketak bakarrik dituztela azaldu du Imanol Pradalesek herrialde honetako langabezia tasa altuak justifikatzeko. Lehenago azaldu dugun bezala, enpresetara heltzen diren curriculumak milaka dira, baina gainera, inoiz izan diren kualifikazio altuenekin: Lanbide Heziketako eta unibertsitateko tituluz betetako curriculumak heltzen zaizkie egunero enpresariei. Baina gezurra erabiltzea da, noski, klase kapitalistaren eta bere ordezkarien bidea, hori baita batzuen aberastasun pilaketa eta besteen pobrezia justifikatzeko duten modu bakarra. Beren sistema ekonomiko eta politikoak (kapitalismoa) sortzen dituen langabezia eta pobreziaren errua langileei eta zapalduei botatzea kapitalistek betidanik erabilitako manipulazio propaganda da.

Kapitalisten eta EAJren errezetak

Juan Maria Aburto EAJko Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak “enpleguaren aldeko akordio soziala” defendatu berri du. Bilborako EAJren hautagaia izango denak Eusko Jaurlaritzak, enpresariek eta CCOO eta UGT sindikatuko agintariek osatzen duten “elkarrizketa sozialaren mahaia” biltzearen beharraz aritu da. Ez da harritzekoa. Nafarroan bezala, EAJk eta euskal patronalek sindikatuak inplikatu nahi dituzte langile klasearen kontrako neurrietan. UPN eta Nafarroako CEN patronalarentzat bezala, EAJ eta Confebask patronalarentzat “elkarrizketa sozialen mahaiak” langileen lan baldintzak okertzea adosteko tresnak besterik ez dira.

Orain dela gutxi Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluari buruz argitaratutako idatzian genion bezala, beharrezkoa da sindikatuetako arduradunek ezezkoa ematea EAJren eta euskal patronalen “eskaintza” hauei.

Honela bukatzen zen idatzi hura:

“Klaseko sindikatuek ardura handia dute. Fabrikaz fabrikako borrokak honelako krisi garai batean muga asko ditu. Horregatik behar-beharrezkoa da langile klase osoaren borroka bateratua bultzatzea. Orain da gure klaseko sindikatuak indartzeko unea, euren militantzia handitzeko eta langabeziaren aurkako, enpleguaren eta zerbitzu publikoen aldeko borrokarako programa bat defendatzeko. Gure ustez, beharrezko da aldarrikapen hauek bilduko lituzkeen programa defendatzea sindikatuek:

- Bankuei eta enpresei diru publikorik ez. Diru publikoa lanpostuak bermatzeko eta langabetuei langabezia sorospen duin bat bermatzeko erabili behar da. 1.200€-ko langabezia sorospen mugagabe bat langabe guztiei lanpostu bat aurkitu bitartean, eta, aldi berean, hauen hipotekak baliogabetzea. Legez 35 orduko lan astea ezarri behar da, langile guztien artean dagoen enplegua banatuz, baina soldatak eta eskubide guztiak mantenduz. Erretiroa 60 urterekin soldataren %100arekin eta erreleboko kontratuak eginez.

-Kaleratzeen aurrean EEEak ez dira konponbidea. Lanpostu guztiak salbatzeko, sindikatuek krisian dauden enpresen nazionalizazioa eskatu behar dute, kalteordainik gabe eta langileen eta hauen erakundeen kontrolpean.

-Lan erreforma ororen aurkako jarrera tinkoa. Enpleguaren ziurtasuna eta duintasuna eskatu behar da. Soldataren murrizketarik ez eta galdutako eros ahalmena errekuperatzea.

-Pentsioen sistema publikoa bermatzea. Zerbitzu publikoen pribatizazioa gelditzea, enpleguaren eta hezkuntza eta osasun publikora bideratzen diren baliabideak handitzea.

-Banka, monopolioak eta latifundioak nazionalizatzea, horrela azpiegitura, etxebizitza, hezkuntza eta osasun publikoan programa handiak martxan jartzea posible litzateke eta.

-Sindikalgintza borrokalaria, klasekoa eta demokratikoa, Estatuarekiko eta burgesiarekiko independentea. Langileekin etenik gabe kontaktuan eta asanblada demokratikoen bidez hauen parte hartzea bultzatuko duen sindikalgintza baten alde.

Krisi kapitalistak badu alternatiba bat eta badago gaur egungo arazoak konponduko lituzkeen beste eredu ekonomiko bat, baina alternatiba hori ez da posible kapitalismoaren barruan. Kalitatezko enplegua sortzeko, biztanle guztien bizi maila etengabe hobetzeko eta gehiengoaren beharrak asetzeko, posible da dauden errekurtso ekonomiko eta teknologiko izugarriak erabiliko lituzkeen sistema ekonomikoa eraikitzea. Baina hori lortzeko beharrezkoa da ekoizteko indarren langileen planifikazioa eta kontrol demokratikoa, hau da, ekonomia eta gizarte sozialista baten oinarriak ezartzea. Duela 150 urte baino gehiago sozialismoaren aldeko borroka sortu zuten eta langile mugimenduari oinarri politikoa eman zioten arrazoiak gaur egun ere guztiz indarrean daude.

 

Langileen zerbitzurako sortu zen klaseko sindikalgintza, aurre egin nahian gabiltzan oinarrizko arazoen iturria kapitalismoaren existentzia zela ulertuz. Horregatik, langile klasearen aldarrikapenen aldeko borroka gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokaren zati bezala hartu zen. Horrela, sindikalgintza benetan klasekoa da, langileen atomizazioaren eta desmobilizazioaren aurka, langileen kontzientzia, antolakuntza, batasuna eta borroka maila igotzen laguntzen duenean. Hau da langileon erakundeetan berreskuratu eta bultzatu behar dugun programa, marxismo iraultzailearen ideiekin armatutako sindikalgintza.”