• Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

    Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

  • Gaza, infernua lurrean

    Gaza, infernua lurrean

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3


Euskal langileriaren odolak Euskal Herriko kaleak bustitzen zituen bitartean PNVk ez zuen bere poltsikoaz aparteko ardurarik! Bilboko langile heroikoek euren energia guztia faxismoaren aurkako borrokaren zerbitzuan jartzen zuen bitartean PNVren beldur bakarra lantegiek su hartuko zuten edo ez zen!

Gerra bat politika egiteko beste modu bat da. Funtsean klase arteko borroka bera da beste maila batera igota. Baina ez hori bakarrik. Gerra neurgailu bat da. Bertako partaideak hormaren eta ezpataren artean ipintzen ditu, eta gizartearen sektore ezberdinak benetako aurpegia erakustera bultzatzen ditu, maskararik gabe, ezkutatuko dituen margo kaparik gabe. Pertsonek, indibidualki, edota bestelako antolaketa kolektiboek (alderdiek, sindikatuek…) euren ideiekin kontsekuenteak diren edo ez erakusten dute halako egoera batean, ea aurretik esandako guztia hitz soilak ziren edota benetako sinesmena, ea defendatzen dituzten edo defendatzen dituztela esaten duten ideiengatik noraino iristeko gai diren. Euskal burgesiaren ordezkari den PNVk ere izan zuen zintzilik bere buru gainean Damoklesen ezpata hau, eta lur azpian ongi gorderik zituen bere interesak gerrak gainazaleratu zizkion ezinbestean, bere aurpegirik itsusiena erakustera bultzatuz, baina bere aurpegi bakarra azken finean.

Aurreko alean aipatu genituen PNVk zein bando aukeratu izan zituen zalantzak. Arabako eta Nafarroako Buru Batzarrek konplexurik gabe erakutsi zuten euren jarrera, Frankok indartzen eta sistema sozio-ekonomiko alternatibo baten bila zebilen langileriaren aurka eginiko altxamendu hura beraien intereserako onuragarria zela ikusirik. Bizkaian eta Gipuzkoan ordea, gertakariek beste bide bat hartu zuten. Ajuriagerraren hitzak gogoratuz azaltzen genuen aurrekoan PNVk Errepublikaren aldeko jarrera hartu behar izan zuela bi herrialde hauetan, kontrakoa egin ezean militantzia xehe eta langileriak irentsiko zituen beldurrez.

EUSKAL LANGILEEN BORROKA

Bizkaiko altxamendu faxista langile masek gelditua izan zen denbora gutxian. Ez zuten euren zuzendaritzek izandako zalantzarik izan erabaki hau hartzeko. Langile klaseak, estatu kolpe hark bere bizi baldintzei eta eskubide demokratikoei ekar ziezaiokeena Europako beste kasuetan ikusirik (Italian edo Alemanian) jarrera iraultzaile bat hartu zuen eta kolpistak armak uztera bultzatu zituzten kuartelak inguratuz. Jagi-jagi gazte mugimenduko ordezkariek Jose Antonio Agirreri independentziaren alde borrokatzeko armak hartzeko asmoa azaldu zienean, honek ezezko biribila eman zien Fronte Popularrari traizio egitea zela argudiatuz. Gertakariek etorkizuna begiratzeko zailtasunak eragiten zituzten, eta PNV politika zalantzatsu eta kontraesankor bat egitera bultzatu zuten.

Gipuzkoan eta Bizkaian Errepublikaren defentsan agertzeak harridura eragin zuen militarren artean, Landaburuk Agirreri 1936ko abuztuan bidalitako gutun honetan zioen bezala: “Ezagutaraztera ematen diote buruzagi militarren kezka Bizkaiarekiko eta Gipuzkoarekiko, eta harritu egiten dira nazionalistak gorrien eskutik zoaztelako (…) hor gorriek agintzen duten bitartean, nazionalistok eraikinak eta pertsonak zaintzera mugatzen bazarete, Ejertzitoaren aurka armarik hartzen ez baduzue, errespetatuak izango zarete Ejertzitoa inguru hortaz jabetzen denean.” Eta esangura handikoak Juan Manuel Epalzaren hitzak: “Posible izan balitz, neutral mantenduko ginatekeen.(…) Zerbait absurdua zen, tragikoa: gauza gehiago genituen komunean erasotzen gintuzten karlistekin segituan aliatuko ginen jendearekin baino…”.

PNVren MANIOBRAK

PNVren helburua mugimenduaren kontrola hartzea izan zen, egoera hura inolaz ere iraultza sozialaren atzetik bideratu ez zedin. Lehen pausoa PSOEren, UGTren, PCEren edota CNTren oinarri erradikalizatuek kontrol hori lor ez zezaten izan zen. Azken finean, langile klaseak bere adorea eta sakrifizioa jar zitzala borroka hartan, baina langileek ez zezatela boterea hartu. Pedro Basabilotra PNVren miliziaren buruzagitzako idazkariaren hitzetan “ezkerrak guretzat faxistak bezalako arriskua izaten jarraitu zuen. Bagenekien gerra irabazteko kasuan bigarren asalto batean parte hartu beharko genuela…”. Gerra betean emandako Estatutuaz baliatuta, PNV jarri zen mugimenduaren antolatzaile eta buru, eta aurretik antolatutako Defentsarako Juntak, ezkertiarrek osatuak, albo batera bota zituen.

Behin kontrola hartuta, PNVk, betiko moduan, bere interesak defendatzeari ekin zion. Herriaren aurrean, eskubide demokratiko nazionalen aldeko borrokagatik jarri zela Errepublikaren alde esaten bazuen ere, bere interesak beste bide batera zuzendurik zeuden. 1936ko urrian argitaratutako testu batean Eusko Jaurlaritzak argi adierazten zuen “Edozein momentutan ekoizleen interesek lesiorik jaso ez dezaten saiatuko da eta asmo osoz babestuko ditu industrialaria eta merkataria.” Industriaren eta bankaren desjabetzeak ekidin zituen PNVk kapitalisten asmoak betez, eta hau eginda Frankori aurre egiteko potentzial ekonomiko guztia pikutara bota zuen, ekoizpen baliabideak langileen eskuetan ipini eta ofentsiba indartsu bat antolatu beharrean. Lehenbizi gerra irabazi eta behin bakea lortu ondoren, iraultzari eta desjabetzei ekiteko taktika estalinista PNVrentzat bilakatu zen onuragarri.

PNVren HELBURUAK

Irailaren hasieran sartu ziren militar altxatuak eta erreketeak Gipuzkoara Irun aldetik, Estatu frantziarrarekiko mugak itxiz. Modu honetan, Euskal Herriaren eta penintsulako zati Errepublikarraren arteko komunikazioak mozturik geratu ziren, itsasoz edota airez soilik burutu zitezkeelarik. Irungo defentsan, ezkertiarrek su eman zieten zenbait enpresei, faxistek hauek hartu eta euren onurarako erabil ez zitzaten. PNVri, ordea, horrelakorik ez zitzaion gehiegi interesatzen. Donostia bera errenditu egin zen PNVk agindutako indarrek tiro bat bera ere bota gabe. Kasu honetan, PNVk agindutako miliziak anarkistak desarmatzen eta enpresak suntsi ez zitzaten zaintzen ibili ziren. Kaleetan eginiko borrokak, edota Loiolako kuartelaren aurkako erasoa, euskal langileriak bere odol eta izerdiz egina, traizionatua izan zen gutxi batzuen intereserako. Gipuzkoa bi hilabeteetan erori zen eta altxatuak geroz eta gertuago zeuden Bizkaitik.

Langile klasea ez armatzeko bere nahiek segituan izan zuten bere amaiera. PNVren izen ona mantendu nahi duen historiografia eskuindarrak Euzko Gudaroztea izenez ezaguna den euskal armada PNVren ekimenez eta nahi betez sortua izan zela dioen arren, ezin esan daiteke zehazki hori izan zenik bere jarrera. Herriak armak eskatzen zituen faxistei aurre egiteko, PNVk ordea bere interesentzako arriskutsutzat ikusten zuen hori, euskal langileriari euskal burgesiaren jabetzak hartzeko ideia “zororen” bat etor baitziezaiokeen. Asteak iraun zituen defentsa militar bat antolatu gabe. Honela bada, masen presiopean, milizia hauek antolatu behar izan zituen, baina hori bai, bere kontrolpe erabatekoan egoteko baldintzarekin. Honela efektu bikoitza lortzen zuen: batetik, masen aurrean irudi ona ematea, eta bestetik, mugimendua berriro ere bere interesen bidetik lerratzea.

Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdera asko egiten diren une honetan, beharrezkoa du euskal langileriak bere etsaiak eta bere aliatuak zein diren definitzea. Hasieran aipatzen genuen moduan, horrelako momentu zailetan erakusten du bere benetako aurpegia subjektu bakoitzak, eta PNVk gerra zibilean hartutako jarrera ezagutzea beharrezkoa da ea benetan gure bidelagun ala etsai den kalifikatzeko. Euskal langileria heroikoak altxamendu faxista gelditzen zuen unean PNVk zalantzak zituen! Euskal langileriaren odolak Euskal Herriko kaleak bustitzen zituen bitartean PNVk ez zuen bere poltsikoaz aparteko ardurarik! Bilboko langile heroikoek euren energia guztia faxismoaren aurkako borrokaren zerbitzuan jartzen zuen bitartean PNVren beldur bakarra lantegiek su hartuko zuten edo ez zen! Hauek al dira gure anaiak? Hauek al ditugu Euskal Herriko langileon eta gazteon arazoak ebatziko dizkigutenak? Ezin dugu tranpan erori! Klase independentziak izan behar du gure politikaren oinarri, bestela euren interesen orbitara eramango gaituzte berriro ere! Gure benetako anaiekin elkartu behar dugu, Kataluniako langilearekin eta Galiziako proletarioarekin, Andaluziako jornalariarekin eta Gaztelako beharginarekin, denok batera gure etsaia, denontzat bakarra eta berbera, betirako lurpera dezagun!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.