• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Eta ondoren, gorantz joango den borroka plan eraginkorra

 

Burgesiak ez du inolako asmorik langile klasearen aurkako erasoaldia leuntzeko. PPk onartutako lan erreforma frankismoaren bukaeratik langile klasearen eskubideen aurka egindako eraso handiena da. Erreforma honekin langileak inolako babesik gabe gelditzen dira eta horrela errazagoa izango da enpresetan beldurra sartzea, lanpostuak mantentzearren soldatapekoak beren lan baldintzak okertzea onartzera eramanez.

Eskuinaren helburua enpresari handiek krisiaren erdian negozio handia egiten jarraitzea eta gero eta aberastasun gehiago poltsiko gutxi batzuetan pilatzea da. Horregatik, bai patronal espainiarra, CEOE, nahiz euskal patronala, Confebask, gustura daude berarekin. Confebaskeko Idazkari Nagusiak esan zuenez: “Guk uste dugu erreforma honek biltzen dituen neurrien zati handi bat aspalditik ari zirela eskatzen enplegua sortzen dutenak, eta horiek euskal enpresariak dira”.   

Erreforma basati honen puntu garrantzitsuenak hauek dira:

1.      Kaleratze bidegabearen kasuan urteko 45 egun eta gehienez 42 hilabete ordaintzen zituen kontratu finkoa desagertzea. Horren ordez 33 egun eta 24 hilabete ordainduko dituen finko merkea sartu da. 

2.      Bidezko kaleratzea, urteko 20 egun eta gehienez 12 hilabeterekin ordainduko dena, zabaldu egin da eta enpresak aukera izango du hau inposatzeko 9 hilabetetan bere salmentak jaitsi badira, irabaziak izaten jarraitu arren.

3.      Ez da beharrezkoa izango EEEak lan autoritatetik pasatzea eta administrazio publikoetan aplikatu ahalko dira zerbitzu publikoak murrizten jarraitzeko

4.      Enpresek ahalmena izango dute lehiakortasuna hobetzearen izenean soldatak murrizteko eta “gutxiago ekoizten” duten langileei soldata jaisteko. Honek bidea irekitzen dio langile borrokalarienen aurkako errepresioari, soldatak jaistea onartzen ez badute kaleratuak izango baitira urteko 20 eguneko eta gehienezko 9 hilabeteren kalte-ordainarekin.

5.      Diru-laguntza jasotzen duten langabetuak lan sozialak egitera behartuko dira, lan esku merkean bihurtuz.

6.      Kontratu berria 50 langile baino gutxiago dituzten enpresentzat. INEMek langilearen soldataren %25a ordainduko dio enpresariari; irabaziak pribatuak izango dira eta gastuak publikoak. Kontratu honek 2 hilabetetik urte batera luzatzen du proba garaia.

7.      Hitzarmen kolektiboen luzapen mugagabea desagertzea, bere iraunaldia bukatzen denetik bi urtera mugatzen delarik. Bi urte horien ondoren, langileak sektoreko hitzarmenarekin (baldin badago) edo lege orokorrarekin bakarrik egongo dira babestuta. Enpresek errazago izango dute hitzarmen kolektiboak ez aplikatzea. 

8.      ETTen sarrera enpleguaren zerbitzu publikoetan, langabezia ere kapitalistentzako negozio bihurtuz.

Neurri hauekin, enplegua sortzetik urrun deuseztatu egingo da, gaur Hego Euskal Herrian dugun 200.000 langabetu baino gehiagoko zifra ikaragarria, %15a, hurrengo hilabeteetan biderkatu egin daitekeelarik. Euskal gazteriaren kasuan, %23ko langabezia jasaten duena, egoera gehiago okertuko da. Baina gainera, erreforma honek eta gainerako murrizketa sozialek pobrezia handitzeko balio dute. EAEn 55.000 pertsona dira bizirauteko Diru-sarreren Bermearen Errentako laguntzak eskatzeko beharra ikusten dutenak eta Nafarroan 18.000 pertsona dira Oinarrizko Errenta jasotzen dutenak, biziraupenerako funtsezkoa dena. Honi gehitzen zaio langabetuen %41ak inolako diru-laguntzarik jasotzen ez duenaren datua.  

Borroka eraginkor, bateratu eta masiboaren garaia da

Beharrezkoa da langile familien eskubideen aurkako erasoaldiak erantzuna izatea kalean langile klasearen eta gazteriaren indar guztiarekin. Zentzu honetan, martxoaren 29ko greba orokorraren deialdia pauso garrantzitsua izan da langileen kontrako erasoari gure aurkakotasuna eraginkortasunez erakusteko, eta goranzko borroka plan baten hasieran bihurtu beharko luke, langile guztiak eta beren familiak borrokara lotzeko. Helburu hau aurrera eramateko bidean, oso positiboa izan da ELA, LAB, CCOO, UGT eta CIGak, beste hainbat sindikaturekin batera, egun bererako deitzea greba orokorra. Ekintza batasuna, langileen gehiengoa erakartzen duena, oinarrizko arma da elkartuta dagoen etsaiari aurre egiteko. 

Diktaduratik ezagutzen ez genuen gogortasuna hartzen ari dira gaurko borrokak. Burgesiaren planak atzera botatzeko ez da nahikoa greba orokor bat. Burgesia asko jokatzen ari da garai hauetan. Langileen borroka irabazle batek hankaz gora jarriko luke burgesiaren estrategia: krisia ahulenei ordainaraztea kapitalista handiek irabazten jarrai dezaten. Horregatik, garai honek borroka eraginkorragoa eskatzen du, Grezian ikusten ari garen bezala. 

LABek modu egokian defendatzen duen bezala erantzunak “eraginkorra” izan behar du eta “greba egun bat baino haratago joan behar da, mobilizazio eta erantzun dinamikoen prozesuak bilduz, zeren atzerakada etengabekoa izango da egunetik egunera enpresetan eta sektoreetan”. Horregatik, Euskal Herria Sozialistatik uste dugu martxoaren 29ko greba orokorrak borroka, mobilizazio eta greba berrien plan bati lotuta joan behar duela, gero eta sektore sozial gehiagorengana heltzeko eta benetako errebolta sozial baten baldintzak sortzeko.  

Baina plan hau ahal den demokratikoena izateko beharrezkoa da gazteen eta langileen antolakuntza maila handitzea. Murrizketak gizartearen gehiengoari ari dira eragiten. Horregatik, sindikatuek jendea greba eta manifestazio handietan parte hartzera deitzearekin batera, funtsezkoa da herrietan eta hirietako auzoetan, fabriketan, enpresetan, ospitaleetan, ikastetxeetan, etab., batzar publikoak bultzatzea gertatzen ari dena eta nola borrokatu eztabaidatzeko. Langabetuek, etxe-kaleratzeen arriskuan dauden pertsonek, langile prekarioek, etab., beren adierazpenak egiteko toki bat izango duten batzarrak behar dira, kaleko erantzun bakoitza hobeto antolatzeko.  

Indarra dugu hori egiteko. Ikusi genuen aurreko greba orokorretan eta hauteskundeetako emaitzetan. Euskal Herriko herrien eta hirien gehiengo handi bat ezker abertzaleak gobernatuta daudela aprobetxatu behar dugu. Posizio instituzional horiek erraztu egin behar digute langileak eta gazteak hobeto antolatzea, zapalkuntza sozialaren eta nazionalaren aurkako borroka indartuz. Honen indarra geldiezina litzateke. Eta horrela soilik lor dezakegu kapitalisten helburu handiak betetzen saihestea. Gainera, hau da bide bakarra benetako aldaketa sozialak lortu ahal izateko.

Borrokak programa iraultzaile eta sozialistari lotuta joan behar du

Garbi dago borroka bera bakarrik, alternatibarik gabe, ez dela nahikoa. Ezker Abertzaleak oso ondo esan duen bezala “ez da nahikoa protestarekin”, beharrezkoa da benetako alternatiba sozio-ekonomikoa. Baina alternatiba hau ezin da sistema kapitalistaren mantentzean geratu.

Kapitalismoa mehatxu bat da gizateriarentzat. XXI. mendean, historian aurrekaririk ez duten garapen teknologikoarekin, ezagutzarekin eta ekoizteko baliabideekin, XIX. mendeko lan eta bizi baldintzetara itzularaztea nahi dute kapitalistek Europan ere, zeren, zoritxarrez, munduko beste zonalde batzuetan orduan bezala jarraitzen dute. Hauen irabazi nahia hainbestekoa da, ezen gizakien heriotzari buruz ere apustu eginez espekulatzen baitute Burtsan. Milaka pertsona lanik, etxebizitzarik eta etorkizunik gabe geratzen dira sistema ekonomiko honen arauak eta legeak gutxi batzuen irabazi pribatuan oinarritzen direlako.

Eskubide demokratiko-nazionalen ikuspuntutik ere hauek lortzeko oztopo handiena sistema kapitalista bera da. Munduko hainbat naziok uneren batean izan zezaketen subiranotasun apurra suntsitzen ari da. Grezia, gaur, praktikan, protektoratu alemaniar bat da. Hungaria, Errumania, Txekia…, bezalako ekialdeko herrialdeak praktikan banku austriar, italiar, alemaniar eta greziarrenak dira. Kapitalista handi europarrek esku hartu duten Irlandak ez du benetako erabaki botererik bere aurrekontuetan, Portugalen bezala. Ez da posible subiranotasun politikoa kapitalaren diktaduraren oinarripean.    

Errebolta sozialari elkartuta joango den programa alternatiboa behar du ezker abertzaleak gizartea aldatzeko, programa iraultzailea, sozialista. Zapalkuntza sozialaren eta nazionalaren arduradunak kapitalistak badira, oinarrizkoa da beren bankuak eta enpresa handiak desjabetzea eta hauek langileen eta gizarte honetako zapalduen kontrolpean jartzea, langileok gure esfortzuarekin sortzen dugun aberastasuna parasito gutxi batzuen zerbitzura egon ez dadin, planetako gizaki guztien bizi duinaren zerbitzura baizik. 

- Lan erreformari ez

- Irakaskuntza eta osasun publikoaren defentsa. Murrizketarik ez!

- Krisia bere arduradunek ordain dezatela: kapitalistek. Zergen gehikuntza sakona ondasun handiei, irabazi enpresarialei eta bankari!

- Bankaren nazionalizazioa langileen eta beren erakundeen kontrolpe demokratikoan.

- Enplegua salbatzeko, krisian dauden enpresen nazionalizazio langileen kontrolpean.