Pere Aragonès Catalunyako Generalitateko presidente izendatu da Juntsen eta CUPen aldeko bozkekin. Nahiz eta 1936tik ERCk duen lehen presidentea izan, eta askapen nazionaleko mugimenduaren oinarrian ezkerrerako biraren eragina adierazi, ERCko zuzendaritzaren eta Juntseko eskuinaren arteko akordioak Generalitatetik aplikatu izan diren politika antisozialekin jarraitzea ekarriko du.

ERCko buruzagiak, eta baita Juntsekoak ere, ahal duten guztia egin dute U-1eko mandatua izozteko. Orain beste urrats estrategiko bat eman nahi dute Catalunyako errepublikaren masa borrokari amaiera eman eta gatazka autonomismoaren eta parlamentarismoaren ur lasaietara bideratzeko.

Govern aurrerakoia ekonomia Consellerra bankaria izanda?

Pere Aragonesek esan du Juntsekin erdietsitako akordioa “aurrerakoia” dela eta “bateragarria” CUPekin egindakoarekin. Baina errealitateak hori gezurtatzen du: ERC- Junts akordioak Kataluniako Llei d 'Educació (LEC) pribatizatzailearekin duen konpromisoa berresten du. ERCk eta CUPek errepresio poliziala eta judiziala baretzeko hartutako konpromezuak ez betetzeaz gain,  Mossos d 'Esquadrak 22.000 polizietan handitzea jasotzen da. Osasunean pribatizazioak gelditzeko neurrien arrastorik ez. Enpresa energetiko publikoa sortzea desagertzen da eta banka publikorako egindako erreferentzia eufemismo bat da, esateko Governak multinazionalei dirutza publikoa oparitzeko konpromezua hartu duela Europako funtsen markoan.

Eskuinerako biraketa horren froga Jaume Giro Ekonomia Conseller izendatzearekin berretsi da. Juntsek proposatutako eta ERCk onartutako hautagaia Gas Natural eta Repsoleko goi kargua izan da, CaixaBankeko zuzendaria eta hurbileko lagun ditu Cristina Borboikoa, Florentino Perezen eta Josep Sanchez Llibre (Kataluniako patronaleko presidentea). Besteak beste, Girok Caixabanken egoitza soziala Palmara eramatea agindu zuen 2017ko U-1eko autodeterminazio erreferendumaren ostean, erabakitzeko eskubidearen aurkako kanpaina errepresiboan parte hartuz.

Juntsen zuzendaritza eskuindarrak demagogiaz “Estatuaren aurkako konfrontazio” diskurtsoa erabiltzen du eta “independentziaren alde leial mantentzen” dela dio, ERCtik ezberdintzeko eta askapen nazionaleko mugimenduan influentzia mantentzeko. Baina ekintzek hitzen faltsutasuna baieztatzen dute. Kanpora begira, ERCrekin egindako negoziaketetan “soka estutzearen” itxura eman du, baina bistakoa zen arduradunen gehiengoak Governean sartzeko hautua egingo zutela, ahalik eta erabaki botere handiena eskuratzeko.

Catalunyako enpresariak, eta batez ere finantza kapitalak, Giró bezalako konfiantza osoko gizona nahi dute, Covid ondoko laguntza publiko ikaragarriak kudeatzeko eta U-1eko borrokaren mamua behingoz uxatzeko.

Errepublikaren aldeko borrokarekin amaitu nahi duten indar boteretsuak

Pedro Sánchezek, adostuta zegoen bezala, berehala erantzun du preso dauden politikari independentisten indultuen eta sedizio delituaren erreformaren proposamena eginez. Bi aldeak desio bera dute: Catalunyako errepublikaren borrokarekin amaitzea.

PSOEk, geratzen zaion legegintzaldian, Pedro Sanchez inbestitu zuen blokearen babesa bermatu nahi du. Catalunyako mugimendua desaktibatzea, bake soziala ezartzea, txertaketa kanpaina masiboa eta ekonomiaren berraktibatzea dira Gobernu zentralak egonkortasuna bermatzeko ezarri dituen zutabeak.

Plan horren alde agertzen zen burgesiaren sektore oso bat El País egunkariko maiatzaren 30eko editorialean. Catalunyako herriaren eskubide demokratikoen aurkako errepresio basatiaren alde egin zutenek indultuak gomendatzen zituzten 78ko erregimena babesteko. El Paísek badaki Catalunya funtsezkoa izan dela eskuinari Moncloarako sarbidea ixteko eta beldur da PP eta Voxen arteko gobernua eratzeak Catalunyako askapen nazionaleko borroka maila handiagoan berpiztea ekar lezakeelako.

Bestalde, Auzitegi Gorenak indultua “irtenbide onartezina” dela esan du, ez delako “damurik” egon. PPk iragarri du mozioak aurkeztuko dituela indultuen aurka 8.000 udaletxe baino gehiagotan. Ez dira falta izan neurriaren aurka agertu diren PSOEko buruzagi atzerakoiak.

Eskandaluzkoa da. Indultuak jaso dituzte O-23ko kolpistek, GALen estatu terrorismoko arduradun politikoek, torturengatik epaitutako dozenaka poliziak eta ustelkeriagatik kondenatutako epaile, politikari eta enpresarien zerrenda luzeak. Horrelakoa da 78ko erregimenaren justizia: inpunitatea faxistentzat, esplotatzaileentzat eta errepresioarentzat, kartzela hautestontzi batzuk jartzea baimendu zutenentzat.

Preso politiko independentisten balizko indultuak ezbairik gabe errekurritu egingo dira eta berriz ere Gorenaren eskuetan amaituko dute. Baina aurrera egingo balute ere, modu partzialean egingo lukete, ez litzateke erbesteratuen itzulerarik onartuko eta ez lirateke 3.000tik gora diren ekintzaile independentisten isunak eta kartzela zigorrak indargabetuko.

Azkenik, Unidas Podemoseko buruzagiak Pedro Sanchezen jarrera babestera mugatu dira, independentista errepresaliatu guztientzat amnistia defendatzeari uko eginez eta, are erabakigarriagoa dena, errepublikaren eta autodeterminazioaren alde eta adierazpen askatasunaren eta muntaia judizial eta polizialen aurka estatu osoan zehar mugimendu indartsua altxatzeari uko eginez.

Masa borroka berreskuratu murrizketen eta errepresioaren aurka eta Catalunyako errepublika sozialistaren alde

ERCko buruzagiak lehenik CUPen bila joan ziren Juntsetik ezkerrera bereizteko eta euren politika kapitalisten aurkako oposizioa desaktibatu nahian. Esquerra Revolucionàriatik sektarismo oro baztertzen dugu eta ulertzen dugu langile familien bizi baldintzen hobetzea, txikiena izanik ere, positiboa dela eta borrokaren emaitza dela. Baina egia esan, ERCrekin sinatutako akordioan, CUPen buruzagitza egonkortasuna ematera eta oposizio tinkoa garatzeari uko egitera konprometitu da, beteko ez diren promesen truke.

"Independentismoaren batasun estrategikoa" lortzean zentraturik daudela adierazi dute CUPeko buruzagiek, hori izango baita -diote- "politika sozialak garatzeko tresna apurtzaileena". Azken urteotan gertatutakoaren argitan, uste dugu hori ez dela horrela izango. Eskuin independentistak politika sozial aurrerakoi ororen aurka egingo du eta, ondorioz, 78ko erregimen kapitalistaren aurka borrokatzearen aurka agertuko da.

CUPeko zuzendaritzak baztertu egin behar du sozialdemokraziaren eta eskuin independentisten mende jartzeko politika. ERCrekin "gutxieneko akordioak" ezartzeak ez du baimenduko indar gehiago metatzea, ezta CUPek askapen nazionaleko borrokan duen eragina handitzen ere. Aldiz, bai balioko diela ERCko buruzagi sozialdemokratei eta burgesiari berari ere, CUPen izaera antikapitalista kamusteko eta ahultzeko.

Horregatik, ezkerreko posizio tinkoa egin behar die Governaren austeritate politikei, alternatiba politiko bat eraikiz Catalunyako errepublikaren aldeko borroka murrizketen, pribatizazioen eta kaleratzeen aurkako mobilizazio masiboarekin elkartuz. Kalean da benetako indar korrelazioa baieztatzen den tokia eta hor eman da Catalunyako askapen nazionalaren mugimenduak ezkerrera izan duen bira sakona.

Atzerapausorik ez urriaren 1eko mandatuaren defentsan! Klase independentziaren politika altxatu behar dugu eta sozialismoaren alde borrokatu. Horrela bakarrik eraiki ahal izango baitugu zubi bat Kataluniako langileen osotasuna irabazteko, eta Estatuko gainerako gazte eta langileen babesa lortzeko ere, Kataluniako Errepublika Sozialistaren kausaren alde.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.