Azaroaren 26an enpresako zuzendaritzak urte honetako lehen sei hilabeteetarako 869 langileri zuzenean eragiten zien EEEa aurkeztu zuen. Langileek ezezkoa eman zioten erasoari hasieratik eta batzarren bidez hainbat mobilizazio antolatu zituzten: 4 orduko lanuzteak 10 egunetan eta manifestazioak Beasainen eta Donostian Irungo CAFeko langileekin batera. Borroka honi esker, abenduaren 17an CAFeko zuzendaritzak atzera bota behar izan zuen EEEa.
EEEa aurkeztearen helburua gutxi batzuen artean oraindik eta irabazi gehiago banatzea zen, langileen lan baldintzak eta lanpostuak erasotzearen kontura. Gainera, CAFeko zuzendaritzak, langileek antolatutako borroka eredugarriaren aurrean, bukaeraraino iristeko prest dagoela erakutsiz, itxiera patronalarekin eta Ertzaintza fabrikan sartzearekin mehatxatu zuen. Hala ere, langileek ez zuten atzera egin. Borrokak jarraitu egin zuen batzar eta mobilizazio masiboen bitartez.
Abenduaren 16an enpresako zuzendaritzak telefonoz deitu zien langileen ordezkariei eta hurrengo eguneko goizeko 7etan bilera egiteko deialdia egin zien. Abenduaren 17ko bilera horretan, enpresako zuzendari orokorrak komunikatu bat iragarri zien EEEa atzera botatzen zutela azalduz. Bilera honetan gertatzen zenaren zain kanpoan zeuden 1.500 langilek txaloka, builaka eta besarkadaka hartu zuten garaipenaren informazioa. Hainbeste langile zain egotearen arrazoia deituta zeukaten batzarra zen, aste horretan antolatu beharreko mobilizazioak antolatzeko deitutako batzarra, eramaten ari ziren borrokaren erakusgarri. Langileek garaipen handia lortu zuten.
Borrokak merezi du! Borrokak balio du!
Euskal Herria Sozialistak babes osoa eman nahi izan die hasieratik CAFeko langileei eta antolatzen ari ziren mobilizazio guztiei, eta, bide batez, gure proposamenak egin borroka eredugarri honen garaipenean laguntzeko.
Zerbaitetarako balioko zuen EEEak? Esperientziak erakusten digu “gaitz txikiena” onartzearen logikak enpresariak harrotzeko eta etorkizunean eraso gehiago egitera animatzeko bakarrik balio duela. EEE hau ez zegoen inondik inora justifikatuta, irabaziak dituen eta eskaera kartera zabal bat duen enpresa baita. EEEaren planteamendua estrategia konkretu baten barruan zegoen: langileen soldata eta lan baldintzak okertzea, lortutako eskubideekin amaitzea eta, azkenik, enplegua suntsitzea, lanean geratzen direnek ordu gehiago sartzeko, erritmo altuagoekin eta soldata baxuagoekin.
EEEari ezezkoa esan eta hasieratik batzarren bitartez borroka egiteko langileek hartu zuten erabakia oinarrizkoa izan zen. Egia da borrokak ez direla errazak eta enpresak gogor doazela, baina CAFen gertatutakoak erakusten du enpresak ez direla ahalguztidunak, langileok indarra dugula, asko, ondo erabiltzen bada. CAFeko langileek borrokarako gaitasun ikaragarria erakutsi dute, eta eraginkortasun handia mobilizazioan. Hau da erasoak atzera botatzeko bide bakarra. Baina enpresak ez du albo batera utziko bere helburu nagusia: langileen lan baldintzak okertzea irabazi gehiago izateko.
EEEaren aurkako borrokak erakutsi zuen bezala, mobilizazioa eta antolakuntza dira enpresen oraingo eta etorkizuneko erasoak atzera botatzeko bide bakarra. Kapitalisten beldur handiena, alde batetik, borroka bateratua eta, bestetik, langile klasearen antolakuntza handiena dira. Horregatik, pauso garrantzitsua litzateke kasu honetan Goierriko eskualdean eta Euskal Herrian gatazkan dauden fabrika ezberdinetako borrokak eta gatazkak bateratzeko eta koordinatzeko lan egitea, eta borrokan dauden enpresen koordinadora bat sortzea enpresa guztietako langileak sufritzen ari garen eraso berberei indar handiagoz aurre egiteko. Honekin batera, funtsezkoa da gure eskualdeetako biztanleria borroka honetan inplikatzea. Borrokak elkartzearen bidean, oso positiboa izan zen Eusko Legebiltzarraren aurren CAF, Corrugados Azpeitia, Cementos Lemona, Guardian Llodio, Holtza, Gamesa, Alestis eta Laminaciones Arreguiko langileek batera egindako mobilizazioa. Hau da bidea.
Gainera, Irungo langileekin borrokarako indarrak elkartu ziren bezala, beharrezkoa da koordinazioa eta batasuna bilatzea Lleida, Zaragoza, Elvira, Linares, Castejon eta Suresnesko gainontzeko ekoizpen zentroekin, Bilbo, Bartzelona, Vigo, Sevilla eta Lisboako mantentze zentroekin eta Atlantikoaren beste aldean dauden ekoizpen/muntaia eta mantentze instalazioekin: Sacramento (AEB), Mexiko DF, Sao Paulo eta Buenos Aires. CAFeko zuzendaritzak zatiketa eta beldurra erabiltzen baditu, lehenago Zaragozako langileak eta orain Beasaingoak erasotzean egin duen moduan, langileek batasunaren eta elkartasunaren alde egin behar dute apustu.
Atzera pausorik ez lan eta soldata baldintzetan
CAFeko langileen borroka milaka langileren erreferentzia puntu bihurtu da. Borrokari esker enpresak atzera bota behar izan zuen EEEa. Ondoren, enpresako zuzendaritzak beste bide batzuk bilatu ditu bere interesen alde egiteko eta horregatik ez da konfiantzarik izan behar honen “negoziaketa borondatean”. Denbora irabazteko, maniobratzen jarraitzeko eta langileak engainatzeko bakarrik izaten dute “gauzak adosteko borondatea”. Langileen borroka bateratuan izan behar dugu konfiantza bakarra.
Beharrezkoa da sindikatuek inolako atzera pausorik ez onartzea, hau da, langileen lan baldintza guztiak defendatzea. Zenbat eta atzera pauso gehiago egin, orduan eta eraso gehiago etortzen dira etorkizunean. Zuzendaritzak lana jaitsi dela esaten badu, sindikatuek honakoa defendatu behar dute: lan orduak jaitsiz lana banatu lan baldintzak eta soldatak ukitu gabe. Zuzendaritzak hori bideragarria ez dela esaten jarraitzen badu, beharrezkoa da sindikatuek lanpostuak eta ekoizpenaren bideragarritasuna bermatzeko alternatiba bakarra defendatzea: enpresaren nazionalizazioa langileen kontrolpean. Langileek kontrolatutako CAF publiko batekin lan baldintzak eta lanpostuak bermatu ahalko lirateke, eta enpresaren irabaziak ez lirateke gutxi batzuentzat izango, azpiegitura, garraio, osasun eta hezkuntza publikoa bezalako behar sozialak asetzeko baizik.