Inperialismo estatubatuarra eta EB konplizeak! Behera Estatu kapitalista sionista!

Maiatzaren 10ean Israelgo hegazkinek bonbardaketa operazio bat hasi zuten Gazako Franjan. Ordutik, hegazkinen ehunka aire erasoei, artilleria eta tankeak gehitu zaizkie, benetako su zaparrada eraginez. Erasoaldi militarrak gutxienez 126 hildako eragin ditu, tartean 31 haur eta 20 emakume, ehunka zauritu eta etxebizitza blokeetan eta azpiegituretan kalte larriak eragin ditu. 2014tik Palestinako herritarren aurka egindako erasorik handiena da, eta mahai gainean dago Franjan lurrean esku hartzeko aukera.

Estatu sionistaren eraso berri hau lurralde okupatuei, bereziki Gazari, aplikatutako zigor politikaren zati bat da, biztanleriaren bizi baldintzak kolapsatzea ekarri duena. Elektrizitatearen, edateko uraren eta osasun sistemaren eskasiarekin batera, azken hilabeteotan, Israelgo Gobernuak palestinarrei txertoak emateari uko egin dio.

Joe Bidenen Gobernua buru duen mendebaldeko inperialismoak Israel egiten ari den sarraskia justifikatu du, Hamasek suziriak jaurti dituenez “defendatzeko eskubidea duelako”. A zer hipokresia kriminala! Aurreko asteetan gertatutakoa eta Netanyahuren erantzukizuna ezkutatu nahi dute.

Ramadanean etengabeko probokazioak izan dira Jerusalem okupatuan: zeremonia erlijiosoak ospatzen diren guneak itxi dituzte, familia palestinarrak etxeetatik kaleratu dituzte Sheij Yarrah auzoan kolono israeldarren alde, eta eskuin muturreko manifestariak etengabe aritu dira palestinarrak jazartzen eta erasotzen. Hori guztia izan da herritar palestinarren haserrea eta samina piztu duena, herrialdeko biztanleen % 20a izanik, segregazio erregimenean bizi dena, juduek baino eskubide gutxiagorekin.

Probokazio horien aurkako protestak areagotu egin ziren, eta Israelgo hirietan Palestinako herritarrek urteetan egin dituzten mobilizaziorik handienak bihurtu ziren, protagonismo berezziarekin. Iparraldeko hirietan, dozenaka mila palestinar manifestatu dira hainbat astez, Poliziak eskuin muturreko taldeekin duen konplizitatea salatzeko. Leku guztietan pizten dira Palestinako bandera eta kontsigna nazionalak. Baina ez gara okupatutako lurraldeez ari, 1948ko Israelgo  mugen barrualdeaz baizik.

Bonbardaketak hasi aurreko egunetan, istiluen aurkako polizia indarrak behin eta berriz sartu ziren Jerusalemgo Al Aqsako Mezkitara -protesten epizentroa bihurtu dena- eta basakeriaz kargatu zuten barruan. Kautxuz estalitako balak, gasa eta granada zorabiagarriak erabiliz, 200 zauritu eragin zituzten maiatzaren 7an eta beste 300 astelehenean.

Netanyahu eta krisi politikoa Israelen

Gazako zigor operazioa Israelgo historiako krisi politiko sakonenaren erdian gertatu da. Bi urte eskasetan lau hauteskunde egin ostean, ezegonkortasunak bere horretan jarraitzen du Gobernuan, eta Netanyahu kartzelan sartzea ekar dezaketen prozesu judizialei aurre egitekotan dago. Gobernu berria osatzeko aukera galdu du eta orain aurka dituen alderdientzat da txanda.

Gazako erasoaldiaren aurreko asteetan, poliziaren jazarpena eta kolonoen manifestazioak hauspotu zituen salbuespenezko egoera bat sortzeko, eta, horrela, bere aurkako Gobernua eratzea zailtzeko helburuarekin. Honek bere lehen fruituak eman dizkio, Naftali Bennetten Yamina koalizioa, eskuin muturrekoa eta kolonoetan asko oinarritzen dena, Netanyahuren aurkako bloketik atera da eta berarekin hitz egiten ari da. Israelgo barne politikaren faktorea, erregimenaren krisia eta kapitalismo sionistarena, berriz ere palestinarren bizitzekin ordaintzen da.

Netanyahu bi hamarkadatan oinarritu da herritarren sektore erreakzionarioenetan: ultraortodoxoak, kolonoak, eskuin mutur erlijiosoa… Diru mordoa eta zegokiena baina ordezkaritza handiagoa eman die ministerioetan. Orain, indar horiek askatu egin dira, eta ez dago erabat argi gobernatzeko gai izango denik Gobernuburu berria izateko duen helbururako. Egoera honetan, oso presente dago krisi politiko are handiagoa askatzea.

Herritar mistoko hirietako kaleetan eskuin muturreko talde sionisten pogromoak ematen ari dira palestinarren aurka. "Arabiarrei heriotza" oihukatuz, meskitak, etxebizitzak eta palestinarrak lintxatzen ari dira kalean, batzuetan telebista kameren aurrean. Arabiarrak antolatzen ari dira erasoei aurre egiteko eta poliziaren konplizitatearen aurka manifestatzeko. Gauero atxilotu palestinarrak ehundaka zenbatzen dira.

Norgehiagokak Acre, Um el Fahm, Tamra, Nazaret, Jaffa edo Haifan hedatzen dira, baina Lod izan da, Tel Avivetik gertu dagoen herria, azken egunetako irudi bihurtu dena. Astelehenean hiru israeldar atxilotu zituzten hemen palestinar bat tiroz hiltzeagatik. Ostegunean askatu zituzten, Israelgo politikari garrantzitsuek atxiloketak kritikatu ostean. Asteartean larrialdi egoera eta etxeratze-agindua ezarri zituzten herrian.

Inperialismoaren funtsezko euskarria

Gazako bonbardaketen bortiztasunak eta Israelgo hirietan gertatzen ari denak Biden Gobernuaren fartsa ere agerian uzten du; izan ere, Wall Streeten zerbitzura dagoen presidente horrek Trumpek Israelekiko duen atzerri politikarekin jarraitu du. Erasoaldi militarraren hasieran Netanyahurengandik nolabaiteko distantzia mantentzen saiatu zen arren – hori agerian geratu zen Estatu Batuetako Gobernuko bozeramaileen lehen prentsaurrekoen zalantzetan –, ordu gutxiren buruan bere benetako izaera erakutsi zuen, inolako pitzadurarik gabe Israel babestuz.

Europar Batasunaren zeregina berbera izan da, sarraski berri honi estaldura emanez. Lotsagarria da Washingtonek edo Bruselak "kontentzioa" eskatzea, Jerusalemen gertatzen denaren eta Palestinako lur gehiago kolonizatzeko legez kanpoko kokaguneen politikeen ardura handia dutenean.

Israel Ekialde Ertaineko inperialismoaren bazkiderik fidagarriena da. AEBek eta EBk argi utzi dute azken hamarkadetan ez dutela aliantza hori inola ere arriskuan jarriko. Herri palestinarrak ezin du "nazioarteko Komunitatearen" inongo fororen laguntzarik espero.

Espainiako Gobernuari dagokionez, beraiek diotenez "historiako aurrerakoiena", lerro berdinak: eskatu duena "deseskalada" bat eta Gazatik suzirien jaurtiketa gelditzea izan da. Euskal Herrian, izen abizenak daude Ekialde Ertaineko gerretan interes ekonomiko zuzenekin, armen negozioan Jokin Aperribay esaterako -EAJrekin dituen hartu eman agerikoekin- eta okupazio sionistan aktiboki lagundu nahi duten CAFeko enpresariak.  

Hamas eta Fatahren papera

Egungo egoera Fatahen eta Palestinako Aginte Nazionalaren (ANP) politikaren erabateko inpotentziaren eta porrotaren aitortza da. Apirila amaieran, Mahmud Abbas Palestinako presidenteak maiatzaren 21erako aurreikusitako hauteskundeak atzeratu zituen, lehenak 15 urteren buruan. Israelek Jerusalemgo biztanleei botoa emateari uko egin izana izan zen aitzakia. Atzerapen mugagabe horren atzean Abbasek hauteskundeetan jasoko duen kolpea dago. Fatah hiru zerrendatan banatu da eta Abbas dago horietatik babes txikiena duenaren buruan.

Hamasek, berriz, egoera hori kapitalizatu nahi du. Aurreko asteetako protestetan Hamasen aldeko oihuak entzun dira. Argi dago protesta hauetan parte hartzen duten gazteentzat Hamas okupazioari aurre egiten dion indar gisa agertzen dela, Fatah ez bezala, Israelen aginduak betetzera mugatzen baita, noizean behin gaitzespen epelekin. Hala ere, protesta horiek bat-batekoak izan dira, ez dituzten antolatu ez Hamasek ezta Fatahk ere.

Bi erakundeen sinesgarritasuna gero eta ahulagoa izan da azken urteotan. Beraiek jazarri dituzte langileen grebak, gazteen protestak edo lurralde okupatuetan gero eta bizi-baldintza txarragoen aurka egindako borrokak. Aldi berean, gero eta ageriago utzi dute ANPren kontrola eskuratzeko  gatazken izaera burokratikoa eta atzerriko babesle ezberdinek hartu duten pisu gero eta handiagoa: Fatahen kasuan mendebaldeko inperialismoa eta Hamasen kasuan Qatar eta Turkia.

Azken hamarkadetako esperientzia oso konkretua da. Ez Fatahek ez Hamasek ez dute lagundu herri palestinarraren kausan aurrera egiten, programa antikapitalista eta internazionalista bat planteatzeari uko egiten diotelako.

Fatahren politika kolaborazionista besterik gabe amore ematea da. Bestalde, eta argi utzita herri palestinarrak autodefentsarako eskubidea duela, eta eskubide hori masen mobilizazioan eta operazio armatuen gainean izan behar duten partaidetzan eta kontrolean oinarritzen dela, Hamasen taktikak ageriko inpotentzia erakusten dute Estatu kapitalistaren aurka.

Erakunde integrista da, langile klasearen etsai deklaratuek finantzatua gainera, eta ez da aukera bideragarria Palestinaren aldeko borrokaren garaipenerako.

Programa sozialista eta internazionalista Palestinako herriaren borrokaren alde

Eraso militarraren aurreko asteek balio handiko irakaspenak eskaini dituzte borroka metodoen inguruan. Masa-ekintzek, gazte palestinarrak poliziaren errepresioari aurre egiten lehen lerroan zeudela, mugimenduaren oinarria bultzatzen eta zabaltzen laguntzen zuten zenbait garaipen lortu zituzten. Poliziak Damaskoko Atea berriro irekitzea eta palestinarrei pasatzen uztea lortu zuten, eta Sheij Yarrah auzoan, Auzitegi Gorena behartu zuten aurreikusitako etxegabetzeak hilabetez atzeratzera.

Masen mobilizazioa izan da Netanyahuren ahultasuna erakutsi duena, Israelgo parlamentu ustelean haren lekua hartzeko borrokan ari diren erreakzionario eta ultra-eskuindarren katerbaren gainetik. Abrahamgo Akordioen eta arabiar oligarkien hipokrisia biluzirik utzi ditu, Saudi Arabiatik Marokoko monarkiaraino, Abbasen eta Fatahen aieneek egin ez dutenaren aldean. Eta Palestinaren askapenaren gaia mahai gainean jarri du berriro, askok porrota ziurtatu nahi zutenean.

Okupazioaren aurrean, eta orain gerraren aurrean, erresistentziako eta autodefentsako mugimendu iraultzaile palestinar bat eraiki behar da, internazionalismo proletarioaren eta langile klasearen batasunaren programarekin armatuta, eta masen antolaketan eta borrokan oinarrituta.

Hau ez da utopia bat. Israelen etenik gabeko manifestazioak egin dituzte Netanyahuren aurka iazko uztailetik. Horietan, juduek eta Israelgo palestinarrek kaleak partekatu dituzte, eta istiluen eta mugetako polizia militarizatuaren aurkako errepresioa jasan dute.

Ezkerrak eta munduko langile mugimenduak hori bultzatzen lagundu behar dugu, eta sarraski hori geldiarazi, bere kausekin amaituz: zapalkuntza inperialistarekin eta Ekialde Ertain osoan oligarkia kapitalisten interesak babesteko dauden Gobernu txotxongiloekin alegia.

Gora Palestinako herriaren askapen borroka!

Ekialde Ertaineko federazio sozialista baten alde!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.