Mobilizazio masiboarekin eta greba orokorrarekin erantzun herrialde guztian. Konfidantzarik ez Biden eta Wall Streeten

AEBko krisi politikoak jauzi dramatikoa jasan du Trumpen eta bere jarraitzaileen estatu-kolpe saiakera dela eta. Asteetan zehar eta mundu osoak ikusteko moduan planifikatutako ekintza izan da: eskuin muturreko milaka militante arrazista eta supremazistek, armaturik eta formazio paramilitar nabarmenarekin, Kapitolioa eraso zuten Trumpek berak adoretuta. Hauteskundeak galdu izana baieztatzen zuen parlamentuko saioa desegin zuten. Parlamentariak hainbat minutuz lurrean edo eserlekuetan makurtuta egon eta ebakuatuak izan ziren irudiek munduari bira eman diote.

Kapitolioan lau pertsona hil eta 14 zauritu utzi zituen kaosaren ostean, Trumpek zinikoki lasaitasunerako deia egin zien bere zakurrei, "Legearen eta ordenaren alderdia" direla gogoraraziz. Eta egia da. Langile zuri, afroamerikar edo latinoen, gazteen eta borrokan ari diren emakumeen aurkako erreakzio kapitalista eta arrazistaren alderdia dira. Eta okerrena da, matxinada faxista horren aurrean, Biden presidente hautatuaren erantzun bakarra Trumpi bertatik aldentzeko eskatzea izan zela. Sinestezina! Trumpen eta bere kolaboratzaileen berehalako atxiloketa eskatu beharrean, zintzo portatzeko eta gelditzeko eskatu zien. Hori al da diktadura ezarri nahi dutenen aurrean Gobernu berriak "demokrazia" defendatzeko duen modua?

Zalantzarik gabe, urtarrilaren 6ko kolpe faxista murgilduta gauden garai historikoaren kronika da: iraultza eta kontrairaultza garaia.

Klase agintariaren zatiketak, mehatxu faxistaren gorakada eta eztanda iraultzaile baterako potentziala

Jakina da ahalegin kolpista hau erabat ezinezkoa izango zela Estatuko aparatuko sektore garrantzitsuen laguntza izan ez balu, polizia, Guardia Nazionala, Pentagonoa eta CIA barne. Kapitolioa zaintzen ari ziren polizien irudiek, Trumpen jarraitzaileei pasatzen uzteko sarbide-hesiak irekiz, eta barruan bandera konfederatuekin lasai-lasai paseatzen ari ziren faxistekin argazkiak eginez, ez dute zalantzarako tarterik uzten.

Bistan denez, kolpearen ondoren klase agintariaren baitan dauden zatiketak areagotu egin dira. Hauteskundeez geroztik, eta bereziki azken asteotan, agintari errepublikar asko publikoki aldendu dira Donald Trumpengandik. Estatu Batuetako Estatu Goreneko presidenteak ere, Mark Milley jeneralak esan zuen, "Armadak Konstituzioa defendatuko duela zin egin duela, eta ez diktadore bat". Gauza bera egin zuen William Barr fiskal nagusiak (Justizia ministroaren baliokide dena). Bere postuari uko egin zion eta argi utzi zuen ez zegoela hauteskunde iruzurren zantzurik eta ez zuela horren inguruko ikerketa gehiago irekiko. Atzerakoi ospe esanguratsua izan duten enpresariek ere, Rupert Murdoch Foxeko presidentekideak esaterako, The New York Post egunkariaren bidez hitz egin zion Trumpi: "Gelditu eromena, hauteskundeak galdu dituzu". Azken orduetan ere Pence presidenteordea eta presidentearen kabinetearen zati bat nabarmen urrundu dira.

Baina, aldi berean, erabateko isiltasun konplizea edota elkarlan aktiboa egon da Alderdi Errepublikanoko goi karguetan. Mitch McConnell senatuko bozeramailearen jarrera kolpistatik hasita, Trumpen gezurrezko hitzaldi sutsu guztiak justifikatu dituzte ustezko hauteskunde-iruzurraren inguruan. Asko dira, administrazioaren maila altuetan, oraindik ere presidente denari "egiten utzi" diotenak, eta badirudi ez dutela etsiko ekimen horretan.

Komunikabideak, Biden eta Wall Street nahita ezkutatzen ari dira benetan gertatu dena, Alderdi Errepublikanoa zurituz eta batasunera eta adostasunera dei eginaz, "demokrazia eta konstituzio estatubatuarra" defendatzeko. Askok diote errepublikanoen artean zatiketa dagoela. Baina auzia konkretua da: nork eramango du milioika burges txikiren babes bozkaren oinarri hori, haserre eta beren pribilegioak eta bizimodua defendatzeko edozertarako prest daudenean, eta handiki faxistak konfiantzaz bete dituenean?

Ezin dugu baztertu Trump buru duen eskuin muturreko alderdi berri bat sortzea, konplexurik gabe altxatuz muturreko erreakzioaren, arrazakeriaren eta supremazismoaren bandera, neoliberalismo gordin eta zitalarena eta horrela borrokatuko luke azaroaren 3an eraman zituen 74 milioi boto-emaileen zati handi baten asmoak bideratzeko.

Jakina, honek guztiak leherketa iraultzaile baten aukerak sortzen dien izua islatzen du: bai errepublikanoen arteko hausturak, eta baita demokratek zauriak ixteko eta aurreko bi alderdien arteko joko lasaiera itzultzeko duten nahiak ere, nahiz eta Trumpen eta bere talde faxisten ekintza zigorrik gabe uztea onartu behar badute ere. Oso abisu serioa izan dute uda honetan, George Floyden hilketaren ostean gertatu zen altxamendu anti-arrazistarekin. Estatu Batuetako historiako mobilizazio jendetsuena izan da. Oligarkiak oinpean lurrikara duela sentitzen du, desberdintasun sozialak, arrazakeriak eta miseriak markatzen duen panoramak -pandemiak utzi dituen 400.000 hildakok eragindako haserreak barne- nola eztanda egin duen ikusi ostean.

Ez da gutxiagorako. Demokrazia burges osoa jarri dute ezbaian masek, muineraino usteldua eta gero eta aberatsagoa den elite batek menderatzen duen egitura osoa: erakundeak, Kongresu bat, justizia bat eta polizia bat bere zerbitzura bakarrik. Erregai asko ponpatu du leherketa bat gertatzeko. Egitura politiko hori guztia izugarri baliagarria izan zen luzaroan finantza-oligarkia menderatzeko, eta masen aurrean legitimitate demokratikoan bildu zuen. Horregatik, burgesiaren sektore batek — Bidenekin eta Alderdi Demokratarekin lerrokatuta, oraingoz — uko egiten dio munduko "demokrazia" zaharrenaren kanpoko formei. Egia da Wall Streetek ez duela polarizazio gehiagorik nahi, eta garai zaharretako egonkortasuna eta bake soziala faltan botatzen dituela, baina bere esku dagoen guztia egingo du iraultza soziala saihesteko. Ez al dira lau urte hauetan Trumpekin bizi eta oso ondo bizi izan, eta ez al dira haien politikekin poltsikoak bete? Oraingoz, erakunde zaharrekiko konfiantza berreskuratzearen alde daude, baina ezin da ziurtatu egoera horrek betiko iraungo duenik.

Historiaren irakaspenak argiak dira. Batzuen ustez, AEB bezalako herrialde batean ezinezkoa da irtenbide autoritarioa, baina urtarrilaren 6ko kolpe faxistak gogorarazten digu ez dela horrela.

Demagogia populista erdi mailako sektore desesperatuak astintzeko

Azken orduetan telebistako saioetako solaskideek egoera honetara nola iritsi ote den galdetu diote elkarri: “Baina Trumpek hau guztia denen aurrean prestatu du! Nola baimendu dute botere handiek eta bere alderdiak puntu honetara iristea?” Bada, besterik gabe, oso aberats egin dituelako eta haien interesak leialki ordezkatu dituelako!

Oligarkia ekonomikoa urrezkoa bihurtu da bere administrazioarekin, bere erreforma fiskalarekin (205.000 milioi dolar oparitu zizkien herritarren % 20 aberatsenari), edota pandemiako  lehen erreskate planarekin  (2,3 bilioi dolar, orain arteko handiena). Noam Chomskyren arabera, "aberastasuna maila ikaragarrian kontzentratu da, biztanleria, oro har, estankaturik edota degradaturik geratu den bitartean (…) Gaur egun AEBetan % 0,1ak -ez % 1ak baizik % 0,1ak- aberastasunaren % 20 du, eta gutxi gorabehera biztanleriaren erdiak ondare garbi negatiboa du, hau da, aktiboak baino pasibo gehiago; beraz, gutxi gorabehera herritarren % 70 egunean bizi da, nominatik nominara. Ezustekorik gertatzen bada, zorte txarra ". 2020ko martxoa eta uztaila bitartean soilik, Estatu Batuetako aberatsek 700.000 milioi dolar gehiago irabazi zituzten.

Azaroak 3ko hauteskundeek zenbakiak jarri zizkien munduko lehen potentzia kolpatzen duen muturreko polarizazioari: 80.117.438 bozka, %51,12, Bidenen aldera, 2016ko emaitzekin alderatuz (65.853.514) %21,7 eta 14 milioi boto gehiago. Eta Trumpen aldera 73.923.470 bozka, %47,17, 2016arekin aledratuz (62.984.828) %17,4 eta ia 11 milioi boto gehiago.

Hauteskunde hauetan, aurreko adierazpenean azaldu genuen bezala, langile klaseak eta gazteriak New Yorkeko magnatea hauteskundeetan garaitzea lortu zuten, nahiz eta Biden eta bere alderdia izan beste aurkaria. Aurreko lau urteetan zehar eman den masa mobilizazio handia eta altxamendu sozialaren jarraipena izan zen. Baina emaitzek mehatxu oso serioa ere adierazi zuten: Trumpek markatik aparteko emaitza lortu zuen ia 74 milioi boto mobilizatuz. Batez ere krisiak kolpaturiko erdi mailako sektoreenak ziren, desesperatuak eta beldurtuak, hondoratzen ari den ontzi baten zalantzazko etorkizunaren aurrean, kosta ahala kosta mantendu nahi dituzten pribilegio eta munduaren ikuspegia galtzen ari diren bitartean.

Jabe txiki eta sektore txiki burges horiek, baita langile geruza oso atzeratuak eta etsituak ere, izan dira Donald Trumpek etengabe astindu dituenak. Horiei zuzendu die eskuin muturreko bere diskurtso demagogiko eta populista: establishmentaren aurka eta gaur egun gainbeheran dagoen inperio baten urrezko garaiak itzultzearen alde. Izan ere, Trumpen boto-emaileen erdiak baino gehiagok adierazi dute Bidenek hauteskundeak legez kanpo irabazi zituela.

Trumpek, egunotan, 900.000 milioi dolarreko azken erreskatea onartu ostean "familia amerikarren" salbatzaile gisa agertzeko erabili duen hitzontzikeria guztia, bere estrategiaren erakusgarri ona izan da. Hala, demokratak eta errepublikanoak erreskatea onartzeko adostu zuten akordiorekin pozarren zeuden bitartean, magnatea atera zen esanez lotsagarria zela familientzako 600 dolarreko txekeak ematea, eta Twitterren gutxienez familiako 2.000 dolar eskatu zituen. Korrika eta presaka, buruzagi demokratak igoera onartzeko zuzenketa auketera abiatu ziren, eta errepublikanoak barregarri geratu ziren beren buruzagiaren gaitzespenaren aurrean.

Badira errepublikanoen aurpegi ezagunak, Marco Rubio Floridako senataria kasu, muturreko demagogiaren bide honetan jarraitzen diotenak, Alderdi Demokrataren kontraesanei eta masentzako duten alternatiba ezari probetxua ateraz. Tweet batean, sarkasmoz Bidenen gobernu berrirako taldea kritikatu zuen, pijo elitisten kuadrila bezala deskribatuz, ez dutena ez adorerik ez odolik, lehen potentziaren gainbehera gelditzeko: "Bidenen kabineterako hautatuek Ivy Leagueko eskoletan ikasi zuten (eliteko eskolak), curriculumak dituzte eta Estatu Batuen gainbeheraren zaintzaile heziak eta ordenatuak izango dira.

Konfidantzarik ez Biden eta Wall Streeten! Antolatu grebak eta masa mobilizazioak Trumpen mehatxu faxistaren aurka!

Urtarrilaren 6ean gertatutakoa mehatxu serioa da, eta agerian utzi du Alderdi Demokrata eta Biden-Harris gobernu berria ez dela inolaz ere gai Trump eta haren jarraitzaile faxistak geldiarazteko. Zalantzarik gabe elite ekonomikoaren aldeko politikak egingo ditu, eta laster ikusiko dugu langileengan eta gazteengan ekarriko dituen ondorio kaltegarriak.

Kaleetan atsedenik gabe borrokatu duten milioika langile, gazte, emakume, ekintzaile afroamerikar eta zapalduk ez dute besoak gurutzatuta jarraituko eraso faxista honen aurrean. Demokraten buruzagiek aberatsen demokrazia defendatzeko egiten dituzten apelazio hutsak alferrikakoak dira gudu honetan. Masen aurrean aurpegia garbitu nahian konstituzioaren legezkotasunaren defendatzaile gisa agertzen dira, praktikan kapitalaren diktadura den legezkotasuna alegia . Ez dute inoiz balio izan eta ez dute inoiz balioko zapalduen interesentzat!

Datozen egunetan gerta litekeenak —eta bereziki urtarrilaren 20an Bidenek kargua hartu arte geratzen diren eguntean— are gehiago utziko du biluzik kapitalismo estatubatuarraren porrota. Trumpek Kapitoliotik erretiratzeko deia egin zien jarraitzaileei, baina, hala ere, kontzienteki hauteskunde iruzurrari eutsi zion. Horren guztiaren bozeramaile faktikoetako batek – Proud Boys taldeko buruzagiak – ohartarazi zien hedabideei Washingtonen gertatutakoak erreplikak izan zitzakeela Estatuetako parlamentuetan. Baina historian askotan ikusi dugun bezala, batzuetan kontrairaultza iraultzaren zartailua bihurtzen da.

Urtarrilaren 6an gertatutakoa eskola handia da Ipar Amerikako eta mundu osoko langile guztientzat. Trumpen mehatxu faxista gainbehera kapitalistaren, murrizketen, austeritatearen eta desberdintasun lazgarriaren ondorio zuzena da. Gertakari horiek erakutsiko diete Estatu Batuetako, Europako eta kontinente guztietako langileei eta gazteei sistema kapitalistan ez dagoela irtenbiderik, premiazkoa dela, oso premiazkoa, gizartea berrantolatzea justiziaren, berdintasunaren eta benetako demokraziaren oinarrien gainean. Baina hori lortzea sozialismoaren alde borrokatuz baino ez da posible, klase independentzia politika defendatzen duten erakunde iraultzaileak eraikiz.

AEBko ezker borrokalariak programa bat eta ekintza-plan bat altxatu behar ditu Trump garaitzeko eta mehatxu faxista zapaltzeko: finantza-oligarkia desjabetzea, herrialdeko aberastasun guztia nazionalizatzea langileen eta haien erakundeen kontrol demokratikoan ezarriz, osasun pribatuarekin hasiz langileen osasuna eta bizitza defendatzeko; Trumpi eta saiakera kolpistan parte hartzen duten kolaboratzaile guztiei epaiketa eta zigor eredugarria ezartzea; ekintza-batzordeak bultzatzea lantegi, ikastetxe eta auzo guztietan, masa-mobilizazioak eta grebak antolatzeko hiri guztietan. Autodefentsa batzordeak talde faxisten eta poliziaren basakeriari aurre egiteko.

Mahai gainean jarri behar dugu nork duen boterea gizartea martxan jartzeko eta gehiengoaren onurarako eraldatzeko. Hori da une erabakigarri honetan ezkerrak eta AEBetako sindikatu klasistek defendatu behar dutena. Faxismoaren aurka, eskubide demokratikoen alde, sozialismoaren alde!
Aipamenak
1. Noam Chomski, “Trump es el presidente más criminal que jamás haya habitado el planeta Tierra”

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.