Ekonomiaren etorkizunak planteatzen duen egoera ezegonkorrak eta une honetan ematen ari den gizartearen polarizazioak testuinguru asaldatu bat aurkezten digu hurrengo urteei begira, eta beldur honek eraginda inperialismoaren eta burgesiaren estrategia euren merkatuak mantentzea eta merkatu berrietara zabaltzea izan da; honela uler genitzake Afganistanen edota Iraken inbasioa, Jugoslaviaren zatiketa, edota arazo nazionalaren jarraipena Irlandan, Saharan, Palestinan, eta nola ez, Euskal Herrian.
Palestinari helduko diogu lehen lekuan. Martxoaren 8an Al-Fatah-k eta Hamasek batasun nazionaleko gobernu bat osatu zuten Palestinan. Orduan azaldu genuen batasun nazionaleko gobernu hark ez zuela herri palestinarraren oinarrizko arazorik konponduko. Aliantza honetan interesik handiena ipini zuena inperialismoa izan zen, eta herriak aukeraturiko Hamasen gobernua Al-Fatah-rekin elkar zedin enbargu ekonomikoa bezalako instrumentuak erabili zituzten, langile klasea miseriara zuzenduz.
Al-Fatah gobernuan sartzea zalgurdiaren kontrola hartzea izan zen, izan ere ez zuten konfidantza gehiegirik Hamasengan, ez baita euren kontrolpean dagoen mugimendu bat. Al-Fatah-ren zuzendaritza eta Abu Mazen, aldiz, gertakariek erakutsi duten bezala inperialismo estatubatuarraren eta burgesia palestinarraren zakurrak dira eta eskualde horretan jarririk dituzten interes ekonomikoengatik bertan ipiniak. Demokraziak burgesiak nahi dituen ordezkariak boterean ipintzen baditu askatasunaz hitz egiten dute, baina hala ez bada gertatzen, ez dute erreparorik hau kentzeko edozein bide erabiltzeko, estatu kolpea izan, inbasioa izan edota enbargu ekonomiko bat izan.
Palestinako prozesuak konplexuago bilakatu ziren Ekainean. Al-Fata eta Hamasen arteko borroken aurrean Abu Mazenek batasun nazionaleko gobernua disolbatu zuen behin-behineko berri bat sortuz eta Hamas buru zuen exekutiboarekin amaituz. Zer gertatu zen? Zergatik borroka horiek? Inperialismoa zegoen atzean. Ikusi besterik ez dago nor izan ziren Abu Mazenen ekintza babestu zutenak, honek ordezkatzen duen burgesia palestinarraren interesak zein diren jakiteko: Estatu Batuak, Europar Batasuna, Nazio Batuen Erakundea, Errusia eta Israel bera. Aste batzuk lehenago Jordanian argitaratu zen artikulu batek Estatu Batuek antolaturiko “Palestinako Presidentziarako Ekintza Planari” buruzko zehaztasunak ematen zituen: “Abu Mazen indartzeko pausuak eman, Palestinako segurtasun indarrak bere agintepean kontzentratu, Parlamentuaren disoluzioa eta Mazenentzako nazioarteko babesa bilatu prozesu hau estaliko duten hauteskundeak deitzeko”. Hori lortzeko, Inperialismoak diru kantitate handiekin eta armekin lagundu zuen Al-Fatah Palestina kontrolpean hartzeko Hamas paretik kendu nahirik.
Al-Fatah eta Hamasen arteko Batasun Gobernua osatu zen garaian atera zen programak zera zion, askapen nazionala lortzeko estrategia gisa: “gobernuak nazioarteko komunitatearekin lan egingo du okupazioari amaiera emateko eta herri honen legezko eskubideak berreskuratzeko”. Argi geratu da nazioarteko komunitateak zein lan burutu duen, eta ez Palestinaren askapenaren alde hain zuzen, euren interesen bermatzearen alde baizik. George Bushek eta Ehud Olmert lehen ministro israeldarrak Abu Mazenek kontrolaturiko Estatu palestinar baten sorrera defendatu zuten, baina ez palestinarren arazo nazionalarekin amaitzeko, gerra zibileko giroa baretu eta Ekialde Hurbilean inperialismoaren feudo bat osatzeko, Abu Mazen txontxongiloarekin eta halako eskualde aberats batean negozio biribilak egiteko ikuspegiarekin. Gainera, Hamasek mugimenduaren kontrola lortzeko kasuan terrorismoaren aitzakia jada prestaturik zuten Palestina beste Afganistan bat bilakatzeko.
Bush eta Kosovo
Kosovo izan da garai hauetan beste interes gune handienetako bat. Bush Kosovok independentzia lor dezan tematuta ikusi ahal izan dugu komunikabideetan. Hori lortzeko, opari politak eskaini dizkio Serbiari, besteak beste OTANen eta Europar Batasunean sartzea eta Washingtonekin nazioarteko erlazio fidelak finkatzea. Hau kosovotarren askapen nahiengatik aldarrikatzen duela esatea erabat erreakzionarioa litzateke ordea. Askapen nazionalaren aldeko borrokak izaera desberdina du hau defendatzen duen klasearen arabera.
Kasu honetan burgesia eta inperialismoa ari dira modu sutsuenean defendatzen, eta historikoki argi geratu da klase agintariak herrialderen baten independentzia defendatzen badu ez dela oso humanistak eta demokratikoak direlako izaten. Inperialismoaren lehen-leheneko helburua Moskuren satelite ohiak bere aliantzen sistemara igarotzea da eta ondorioz, euren txontxongilo bilakatzea, Abu Mazenen gisan. Bushek Vladimir Putini eman dio abisua, izan ere, Errusiaren interesekoa ez baita Serbia zatitzea, zatiketa horren bidez Serbiaren zati bat Estatu Batuen agindutara geratuko bailitzateke. Gerra hotzeko Estatu Batuak-Errusia tentsioak gogora ditzakeen gertakari honek Jugoslaviaren pastel ekonomikoaren zatiketarekin du zerikusia, eta ez inondik ere, nazionalitate zapalduen askapenarekin. Kosovok independentzia formala lortuko balu Serbiaren menpeko izateari utziko lioke Estatu Batuen menpeko izatera igarotzeko. Argi dago beste behin ere Kosovoren eta Jugoslaviako nazionalitateen askapena eman nahi bada sistemaren errotikako aldaketa dela aurrebaldintza.
Euskal Herria eta nazioarteko laguntzak
Aurreko adibideak ikusita, Estatu Batuek eta Europar Batasunak Euskal Herriari lagun diezaioketela pentsatzea ere utopia bat da, burgesiak ez baitu nazionalitate zapalduen mesedetarako erabiltzen autodeterminazio eskubidea, bere mesederako baizik. Euskal Herriaren kasuan bertoko burgesiaren eta inperialismo europarraren interesak mantentzeko bide onena honek Estatu espainiarraren menpe jarraitzea da.
Nazio zapalduetako burgesiek ere bere interes ekonomikoak soilik dituzte buruan, Kataluniako Estatuta edota PNVk bultzaturiko “Ibarretxe Plana” bide hortatik zioazen, kataluniar eta euskal bankari eta burgesiaren etekinak handitzeko bidean. Nazio zapalkuntza egoera honetatik aipaturiko burgesiek izugarrizko onurak ateratzen dituzte, eta zentzu honetan, Kataluniak edota Euskal Herriak independentzia lortzea euren interesen aurka joango litzateke zuzen-zuzenean. Burgesia hauei Estatu espainiarretik askatzeko eskatzea eltxo bati odola xurga ez dezan eskatzea litzateke.
Josu Jon Imazek hauteskunde orokorren ondoren PPrekin paktuak egiteko aukera ez zuela ukatzen azaldu zuen, eta gainera, bere hitzetara joz Rajoyrekin duen “erlazio pertsonala begibistakoa den bezala ona” dela esan zuen. Beste aldetik, ETAren su eten hausturaren ostean, Ibarretxe Monkloan ikusi genuen, ETAren aurkako borrokan bere laguntza osoa eta inplikazio handiena emango duela adieraziz, eta Alderdien Legearen aurka negarrez ikusi badugu ere, instrumentu erreakzionario hau gehien eta hobekien erabili duena PNV bera izan da, su etenaren hilabeteetako errepresioa eta bortizkeria biderkatu egin baitzen modu asaldagarrian.
Gertakari hauek denak ere editorialaren haseran aipatzen genuen sistemaren nazioarteko krisian kokatu behar ditugu. Burgesiak bere merkatu aukera guztiei eusten die, interes gune handienak estutzen ditu, eta bere eskuetatik alde egin nahi badute ito. Euskal burgesiak jokabide kolpistak bultzatu ditu Latinoamerikako mugimendu iraultzaileetan (Chavezen aurkako estatu kolpea, kontrairaultzaren antolaketa Kolonbian,...), ez baitugu ahaztu behar zein interes gordetzen dituzten BBVA gisako erakundeek eskualde haietan. Euskal gizarteko sektore errekazionario hau euskal langile klasearen aliatutzat hartzea langileon interesen aurkakoa da.
Krisi une hauetan euskal nazioak askatasunik izan ez dezaten borrokatuko dute euskal, espainiar eta europar burgesiak (joera sezesionista Mendebaldeko Europara zabal ez dadin). Hauek ez dira gure aliatuak, gure etsaiak baizik. Langile klaseak izugarrizko indarra du, mundua gera dezake bere borroka metodoekin. Sektore guztietako greba orokor batek estatu bateko ekonomia kinka larrian ipin dezake. Metodo iraultzaile hauek erakusten dute gure benetako indarra. Burgesia gu zatitzen saiatuko da baina iraultzaileok zapalduen batasunaren alde egin behar dugu borroka. Nazionalitate ezberdineko langileak elkartu izan dira eta Historiak adibide zoragarriak utzi dizkigu (Errusiako Iraultzan, Jugoslavian Bigarren Mundu Gerra osteko sarraski etnikoen ondoren, Irlandan Conolly marxistaren garaian...). Marxismoak nazio guztien autodeterminazio eskubidea defendatzen du, eta bide horretatik langileok badugu alternatiba: zapalkuntza nazionalaren aurrean langile internazionalismoa, globalizazio kapitalistaren aurrean nazioarteko ekonomia planifikatua. Honela lortuko da, bai, nazioen benetako integrazioa, elkar joka ibiltzeko arrazoi ekonomikorik ez denean, eta borroka hau aurrera emateko langileek antolatu egin behar dute nazioarte mailan programa iraultzaile batekin, euren sexu, arraza, erlijio edota nazionalitatea edozein dela ere.