Gizartearen eraldaketa iraultzaile baten alde borroka egin duten ekintzaileen artean betidanik izan da klase kolaborazioaren inguruko eztabaida, bai langile mugimenduaren hastapenetan, bai 1848ko iraultzen testuinguruan edota baita Trotskyren Iraultza etengabearen teoriak Stalinen frente popularren eta “herrialde bakar bateko sozialismoaren” tesiarekin talka egin zuenean ere.
Burgesiarekin batera borrokatu behar da edota hau erabat deskartaturik dago burgesiaren eta proletalgoaren interesak erabat kontrajarriak direla eta? Edota zilegi al da burgesiarekin elkartzea, nazio zapalduen kasuan, hau langilegoaren nazionalitate berekoa izanik zapalketaren sufrimendua guk bezalaxe pairatzen duelako? Argi dago marxismoak ez duela doktrinarik planteatzen, ez du egoera guztietara aplikatu daitekeen erregelarik aldarrikatzen, eta testuingurua aldakorra dein heinean, langilego iraultzaileak egoeraren arabera zuzendu beharko du bere politika.
Frantziako Iraultzarekin amaitzen genuen aurreko zatia. Iraultza hauek burgesiak zuzenduak izan ziren, langilegoak mugimendu horretan parte hartuz. “Baina burgesiak langilegoa zapaltzen du” esango liguke enpirista batek, eta bai, egia da, dudarik gabe, iraultza burgesen garaietan ere langilegoa burgesiak zapaldua zen eta ziurrenik egoera tamalgarriagoetan. Hala ere, burgesiak garai hartan bere eginkizun historikoa amaitu gabe zuen. Gizarteko erlazio feudalek (bere jaunari lotutako nekazaria, gremioen legeak bete behar zituen artisaua,…) burgesia merkatariaren interesak zapuzten zituzten. Burgesiak lehia nahi zuen, eta horretarako gremioekin amaitu behar zuen, burgesiak merkatua nahi zuen, eta horretarako morrontzarekin amaitu behar zuen. Ondorioz, burgesiaren helburua garbia zen: feudalismoarekin amaitzea, bere diktadura ezartzeko. Eta enpiristak akaso esango luke “baina horrek ez du ezer aurrerakoietik, burgesiaren interesak ari zarete defendatzen, bere interes pribatu partikularrak”, eta berriro ere baietz esango diogu enpiristari, hala ari garela marxistak izan arren, baina ikus dezagun zer ondorio historiko dakartzan burgesiaren interes pribatuak defendatzeak garai historiko honetan:
“Burgesiak geroz eta gehiago ezabatzen du ekoizpen baliabideen, jabetzaren eta biztanleriaren zatiketa. Biztanlegoa metatu du, ekoizpen baliabideak zentralizatu ditu eta jabetza esku gutxi batzuetan kontzentratu du. Burgesiak, bere klaseko agintean zehar, zeinak ez duen ia-ia mende bateko existentzia ere, aurreko belaunaldi guztiek batera sortu zutena baino ekoizpen indar oparoagoak eta izugarriagoak sortu ditu. Naturaren indarren menperatzea, makinen erabilera, kimikaren aplikazioa industrian eta nekazaritzan, lurrun bidezko nabigazioa, trenbidea, telegrafo elektrikoa, kontinente osoak laborantzarako asimilatzea, nabigaziorako ibaiak irekitzea, sorginkeria bidez hiri osoak sortuz lurretik aterako balira bezala. Aurreko zein mendek susma zezakeen bederen halako ekoizpen indarrak lozorroan aurkitzen zirenik lan sozialaren barrenean?” (Manifestu Komunista, Karl Marx eta Friedrich Engels).
Giza Historian lehen aldiz, mundu guztia asebetetzeko adina ekoizpen baliabide sortu zen, ekoizpenaren antolaketagatik mundu guztia asebetetzea lortzen ez bada ere. Baina ikusi besterik ez dago zein den ekonomia kapitalistaren krisien esentzia: merkantzien gainprodukzioa. Hala ere, ezin uka diezaiokegu burgesiari burutu zuen paper iraultzailea. Dialektika materialistak azaltzen digu, ordea, gauza bat bere aurkakoa bilakatzen dela, eta burgesiaren interes pribatua aldi historiko batean zehar gizateriarentzat aurrerakoia izan den bitartean, gerora interes pribatu hori erabat kaltegarri bilakatuko da. Aldaketa une hau, burgesiaren paper iraultzailea amaitzen den unea, 1848ko Iraultzek markatzen dute Europa Mendebaldeko herrialde aurreratuetan. Jada ezin zuten ekoizpen baliabideen garapena bultzatu, sortzen hasi ziren krisiek hauek suntsitzera bultzatzen zituzten. Manifestu Komunista argitaratu zen garaia da eta sozialismo zientifikoaren gurasoek esan bezala, langilegoaren eginkizun historikoa hasteko unea zen.
Burgesiak askapen nazionaleko borrokak ekoizpen baliabideak garatzeko burutu zituenean, jarrera aurrerakoia zen. Baina bere progresismo soziala garai hontan amaitzen den bezalaxe, arazo nazionalarentzat ere inflexio puntu bat izan zen garai historiko hau. Ekoizpen baliabideak ahal beste garatu dituen klase iraultzaileak ez du jada askapen nazionala bermatzeko gaitasunik izango, are gehiago, krisien jaiotzak burgesia nazio zapalduak orduan eta gehiago estutzera joko du, interes nazionalen defentsa (Britainian, Frantzian…) erreakzionarioa bilakatuko da. Lehen jaun feudalak saiatu ziren masak zatitzen, nazionalismo ezberdinak aldarrikatuz. Orain burgesia ere hauek bultzatzen saiatuko da, batasun iraultzailearekin apurtzeko, eta elkarren aurka ipiniko ditu langileak arrazakeria, erlijioagatiko etsaitasuna eta xenofobia bultzatuz.
1848ko arazo nazionalaren inflexio puntuak beste nazio zapaldu batzuen aldarrikapenak ekarri zituen: alemaniarrenak, poloniarrenak, italiarrenak eta magiarrenak. Langile klaseak, iraultza hauetan jada paper independiente bat jokatzen zuelarik, garaipena eskuratu izan balu, Alemaniako eta beste herrialdeetako arazo nazionalak konpontzeko metodo demokratikoak ekarriko zituzkeen. Baina iraultzaren porrotak arazoa beste era batzuetara konpontzea ekarri zuen.
Alemaniako nazio auzia hitz batean laburtu daiteke: bateratzea. Herrialdea printzerri eta estatu txikietan zatikaturik zegoen eta hau oztopo nabarmena zen bertako kapitalismoaren garapen aske bat eman zedin. Batasunaren eskaera aldarrikapen aurrerakoia zen. Kontua bateratze prozesua nork eta nola eramango zuen aurrera zen ordea. Marxen esperantza eginkizuna beheko oinarriek burutzea zen –langile klaseak metodo iraultzaileekin- baina ez zen hala izan. 1848an proletalgoak metodo iraultzaileekin egin zuena Bismarckek burutuko zuen gero metodo erreakzionarioekin. Militarismo prusiarra izan zen batasunaren oinarria, eta honek Europan gerra berriak sortzeko bidea ireki zuen. Langile klasea izango zen gatazka hauetan odol hustuko zena.
Ikus dezakegun bezala langile klasearentzat zerikusi handia du arazo nazionala modu batean ala bestean konpontzen den, konponketa horretan zein klase den mugimenduaren zuzendari. Argi izan behar dira beti bai zein den uneko testuingurua bai zein diren klase bakoitzaren interesak. Langile klaseak egoera jakin batzuetan burgesiarekin elkartu behar izan bazuen ere, gauza bat argia da: beti klaseko jarrera mantendu behar da, burgesiak askapen nazionaleko mugimendua bere interesak asetzen dituen bitartean bakarrik defendatuko baitu. Burgesiak izan zuen aukera bere garaian, baina jada historikoki iraungiturik dago paper aurrerakoi bat jokatzeko.
Euskal Herriaren kasuan analogia bat egiten badugu, ikus dezakegu nola euskal burges eta liberalek karlisten aurkako apustua egin zuten, izan ere, karlismoak defendatzen zituen gizarte-erlazio feudalek bere jarduera ekonomikoen askatasuna murrizten baitzioten. Burgesiak erlazio hauek suntsitu zituen, eta zentzu horretan burutu zuen papera aurrerakoia izan zen, historian lehen aldiz Euskal Herrian gizarte sozialista baten eraketarako oinarriak ezartzen baiziren. Hala ere, langile klaseak, bere erakundeek eta sindikatuek, klaseko antolaketa modu orok, argi izan behar du eginkizunak zein klasek burutu halako itxura izango duela gero. Euskal Herriaren kasuan burgesiak metodo erreakzionarioak erabili zituen, garaipenaren ostean bere ekintza euskal nazio zapalduaren sinbologia eta aztarna kultural oro suntsitzea izan zen. Argi dago industrializazioa zela eta sortu berri zen langile klaseak, bere metodo iraultzaileak, greba orokorra eta matxinada, erabili izan balitu, gauzak beste era batetan gertatuko zirela.
Baina jada ez gaude egoera honetan. Erlazio feudalen apurketa eman zela mende bat baino gehiago igaro da eta sozialismorako oinarriak ezarririk daude. Burgesiak ez du iraultzarik zuzentzeko. Euskal Herriaren askapen nazionala eta bere interes ekonomikoak ez datoz bat. Langile klasea izango da bere metodoekin euskal arazoa konponduko duena. Horretarako, betebeharreko bi baldintza argi: metodo iraultzaileak eta klaseko independentzia. Burgesia bezalako gorpu hilak oztopo bat besterik ez dira nazio askapenerako bidean.