• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


PNVk beste behin erakutsi zuen gerra zibilean hartutako jarrerarekin noren klase interesak defendatzen zituen, beldur handiagoa zien Frankoren aurka borrokatzen ziren langile eta zapalduei, iraultzaren arriskua baitzekarten, kapitalismoa defendatuko zuen faxismoari baino.

Eltze batean egosten ari den barazki baten egoste prozesua eltze horretako bertako uraren irakite prozesua ulertu gabe azal ezin daitekeen bezala, herrialde baten historia ezin uler daiteke historiaren nazioarteko ikuspegirik gabe, herrialde horrek dituen nazioarteko elkarloturak eta berezko barne prozesuak uztartzen jakin gabe, herrialde horren historia modu isolatuan hartuta; bi hitzetan, ezin uler ditzakegu 1936tik aurrera Hego Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean jazotako gertakariak nazioarteko egoera bere osotasunean ulertu gabe.

1936ko gerra zibila mugimendu eta eztanda sozialeko une historiko batean garatu zen. Lehen Mundu Gerra jada amaitua zen 1918an eta ezin esan daiteke herrialde galtzaileetako langile klaseen egoera benetan bikaina zenik; besteak beste Alemanian bertan prozesu iraultzaile bati eman zitzaion hasera. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Lehen Mundu Gerraren amaiera bizkortu zuen prozesu bat gertatu zela: 1917ko Errusiako Iraultza. Gertakari honek islada sakona izan zuen mundu guztiko langileriarengan eta eragin zuzena izango zuen ondorengo klase borroken garapenean. Alderdi Komunisten sorrera bera garaiko Alderdi Sozialistetan zeuden iraultzaren aldeko sektoreen zatiketetatik etorri zen.

Mugimendu sozialen gorakadaren aurrean klase agintaria ez zen eskuak gurutzatuta geratu. Alemaniako eta Hungariako iraultzen zapalketa, erregimen faxista baten ezarpena Italian,... 1929ko burtsaren krisiak are eta golpe handiagoa eman zion langile klaseari, euren bizi baldintzak lurraren mailan utziz. Bestela ezin uler litezke 30. hamarkadako Austriako langile klasearen zapalketa, edota 1933an, Hitler eta Alderdi Nazionalsozialistaren garaipena, odol tanta bat isuri gabe boterera iritsi zirelarik. Bizi baldintzen egoera tamalgarriak, langile alderdien (Alemaniako Alderdi Sozialistaren eta Komunistaren) inkonpetentziak eta traizioak, eta Hitlerrek ordezkatutako burgesiaren demagogiak gizartearen sektore handi bat nazismora ekartzea ahalbidetu zuten. Historiak erakutsi digun bezala, tragedia bat bilakatu zen langile klase germaniarrarentzat.

Hego Euskal Herria eta Estatu espainiarra ez ziren salbuespena nazioarteko egoera honen aurrean. Aurreko ale batean azaldu bezala, espainiar burgesiak “burua moztu” behar izan zion monarkiari berari, Errepublika aurrerakoi baten itxurapean, sistema kapitalistaren biziraupena mantentzeko. Garai honetan langileen onurarako egin ziren kontzesio urriak gehiegizkotzat hartu zituen burgesiak, Sanjurjoren altxamendu militarra adibide dugularik Errepublikaren urte gazteetan. Alderdi “ezkertiarrek” eginikoa ikusirik, burgesia irten zen garaile hurrengo hauteskundeetan. Une honetakoak dira aurreko alean azalduriko 1934ko Urriko Iraultzako gertaerak, Italiako edota Alemaniako estatu totalitario baten kopia bat bertan ezartzeko beldurrarekin egin zirenak, langile klasea zapaldua suertatu zelarik. Stalinek herrialde guztietan bultzatutako Fronte Popularra (alderdi burges “aurrerakoienak” langile erakundeekin elkartzeko formula) irten zen garaile Errepublikaren azken hauteskundeetan. Gobernu berriak aldaketetarako jarrera handiegirik azaltzen ez bazuen ere, herria garaile sentitzen zen hautestontzietan lortutako emaitzengatik, eta agintariei itxaroteak zer ekarriko zien jakinda euren eskutik hasi ziren aldaketak egiten. Jada, Errepublikak, ez zion balio burgesiari, 1931an bezala, bere interesak mantentzeko, sistema kapitalista bermatzeko. Herriak gizarte berri bat eskatzen zuen.

Baldintza hauetan bi aukera zituen espainiar burgesiak: langilegoa bakean utzi eta urteetan mantendutako pribilegioak galdu, sozialismoaren etorrerarekin, edota mugimendu iraultzailea indarrez zapaldu. Denok dakigun bezala azken hau izan zen aukeratua. Ez zen ez erlijio, moral edo etika jakin baten ezarpenerako gurutzada bat izan, argudiotzat hori erabili bazuten ere. Gertakari hauek ez ziren gertatu, historialari idealista askok uste duten bezala, Franko eta bere koadrila ideia jakin batzuengatik borroka zale zirelako. Ezta gutxiagorik ere. Halako margo kapa ugari eman nahi izan bazaizkio ere, argi eta garbi esan beharra dago Hego Euskal Herria eta Estatu espainiarra astindu zituen gerra zibila ez zela zenbait militarren psikologia “bereziengatik” hasi. Historia osoan zehar gertatu diren guda guztien moduan, hau ere klase interesengatik jazo zen.

PNVren JARRERA GERRA ZIBILEAN

Gauzak honela, ondorengo galdera hau plantea daiteke: zein izan beharko zen PNVk harturiko jarrera, bere aurreko urteetako diskurtsuaren arabera? Edo beste modu batera esanda: bat etorri al ziren PNVk Errepublika garaian erabilitako hitzak eta gerraren aurrean hartu zuen jarrera?

Bere diskurtsuaren arabera, PNVk euskal langilegoarekin elkartu beharko zukeen, euskaldun guztiek batera egon behar baitzuten, eta indar honekin aurre egin beharko zion altxamendu faxistari. Argi dago, ordea, hitzaldi edo mitinetan PNVk bere anaitzat hartzen zituen euskal langilegoak bere anaitik gutxi zutela, izan ere, langilego honen esplotazio eta sufrimenduaren bitartez lortzen baitzituen bere irabazi potoloak euskal burgesiak. Anaitasuna ulertzeko modu bitxia burges hauena. Esanguratsuak dira altxamendua hasi eta gutxira PNVko zuzendariek harturiko erabaki “bitxiak”, izan ere, ekintza hauek ez baizetozen bat euren hitz politekin. Gerra hasi eta bi egunera honakoa zioen Napar Buru Batzarrak: “PNVk, bere ideologia katoliko eta foruzale sutsua dela eta, ez da elkartu eta ez da elkartuko Gobernuarekin borroka honetan”. Araba Buru Batzarrak berriz: “PNVren Arabako eskualdeko kontseiluak, anai arabarren arteko borroka fratrizidak eta odol isurketak ekiditeko interesarekin (...) bere afiliatu guztiei (...) eratu berri diren autoritate militarren eta ordezkarien eskura jar daitezela eskatzen die”.

Gorteetan zen PNVko Javier Landaburuk eta Manuel Ibarrondok honako manifestu hau bultzatu zuten: “Espainiako gobernazioa igarotzen ari zen baldintzak, hiritarren hondamendi moralera eta materialera zeramalarik, borondate oneko gizon batzuk, euren pratiotismo sanoak bultzatuta, erregenerazio espiritual eta materialerako Gurutzada bat egitera bultzatu ditu.(...)ez dago dudarik, eta are gutxiago euskal nazionalista batentzat, komunismoak emango ez liokeen eta herri honek lortu nahi duen askatasun minimoa nahi duenarentzat ... gure lagun nazionalistak bultzatzen ditugu halako altxor preziatua defendatuko duten horiei oztoporik ez jartzera(...) eta elkarrekin gora Espainia ohiukatzera...”.

Eta ezin utzi artikulua Ajuriagerraren hitz batzuk errepikatu gabe: “erabaki bat hartzea aurreztuko zigun berri bat entzuteko itxaropena nuen, bando batek edo besteak irabazi izanarena...Gobernu errepublikarrari babesa ematea erabaki genuen (...) gogo handiegirik gabe (...) jakinda, beste bandoaren alde irtetzen baginen, gure militantzia aurka jarriko zitzaigula...”. Bibliak hala dio: “Begiak dituenak ikus beza”. Ezin da garbiago azaldu euskal burgesiaren jarrera. Araban eta Nafarroan ezbairik gabe ipini ziren faxisten alde, eta Bizkaian eta Gipuzkoan berriz militantziarengatiko beldurrak eraman zituen kontrako erabakia hartzera, bestela ez zuten erreparorik izango. Azken finean, zein bandok defendatzen zituen PNVren interesak? Sozialismoaren alde borrokatzen zuen hark, burgesiaren enpresak nazionalizatzeko nahiarekin, edota kapitalismoaren biziraupena bermatu nahi zuen hark?

Gutxi axola zitzaion PNVri Euskal Herriko jende xeheak jasan beharko zuena, gutxi axola zitzaion urte luzez zehar jasan behar izango zuen zapalketa nazionala eta soziala; euren interesak defendatzerakoan faxismoaren bandera egokiago zetorkien euskal herritarren interesak defendatuko zituen bandera bat baino. Euskal langilegoak berriro ere urruntzen ikusi zuen autodeterminazio eskubidearen itxaropena, ongizate eta bizi-maila hobetzeko aukera, sozialismoaren bidetik etor zitekeena soilik. Euskal burgesiak kapitalismoa sutsuki defendatu zuen, Estatu espainiarrean jarraitzea hobe zetorkion Estatuaren pribilejioak jaso eta negozio dirudunak egiteko. Baina, noiz etorri dira ba bat euskal burgesiaren eta Euskal Herriaren, herri xehearen, interesak?
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.