• Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

    Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

  • Gaza, infernua lurrean

    Gaza, infernua lurrean

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3


Azken bi urteetan, ekonomia kapitalistak 1929ko cracketik bere erorketa handiena bizi izan du. Sistema finantzarioaren leherketak eta gehiegizko ekoizpenaren krisi sakonak burgesia historiako erreskate plan handienak egitera eraman dute. Hilabete gutxitan, AEBtako, Europar Batasuneko, Txinako eta Japoniako gobernu kapitalistek diru publikoko 20 bilioi dolar, munduko BPGren herena, baliatu dituzte kapitalisten irabaziak salbatzeko eta mantentzeko ekonomia bultzatzearen aitzakian. 

Krisia hasi zenetik bi urte inguru pasatzean, burgesiaren propaganda kanpaina ikusi dugu mezu bat lau haizetara zabaltzeko helburuarekin: “Okerrena pasa da eta ekonomia garrantzitsuenen errekuperatzea hasi da”. Telebistan, irratian eta prentsan behin eta berriro bota digute krisia amaitzen hasi denaren kontua. Baina egia al da? Instituzio kapitalistek (FMI, Mundu Bankua, OCDE) urte honetarako aurkeztu zituzten aurreikuspenei begiratuta bestelakoa da egoera. Langabezia gora doan bitartean, kontsumo pribatua, ekoizpen industriala, munduko komertzioa eta kapitalaren inbertsioa ikaragarri ari da erortzen. Orduan, zergatik horrenbeste euforia?

 

            Kanpaina honen hasiera Alemanian eta Estatu frantziarrean bigarren hiruhilekoan emandako %0,3ko hazkuntza ekonomikoak, ekonomia japoniarraren antzeko hazkuntzak eta Txinako aktibitate ekonomikoaren hobekuntzak eragin zuten. Beste aldetik, langabezia iparamerikarraren gorakada historikoa %0,1 jaistea datu garrantzitsutzat erabili zen. Irakurri ondo, ez zen AEBtako langabeziaren gorakada geratu, odolustea %0,1 murriztu baizik!!

  

Datu hauek krisiaren amaieraren hasieratzat zabalduak izan ziren mundu osoan. Baina aldi berean, munduko ekonomiaren erorketa izugarria eta ekoizteko indarren suntsiketa masiboa baieztatzen zituzten datuak alboratuak izan ziren. Honek erakusten du kapitalistek beldur handia dietela krisia eragiten ari den ondorio politiko eta sozialei. Mundu osoko burgesia herritarrak konbentzitzen saiatzen da krisiaren bukaeraren ideiarekin, horrela konfiantza sortu nahi dute sakrifizio gehiago, gastu sozialen murrizketa gehiago, soldaten jaitsiera gehiago, enpleguan prekarietate gehiago… onartzeko. Sakrifizio guzti hauek gure eginez, iraganeko boom ekonomikora azkarrago itzuliko garela adierazten digute.     

 

Marxek “El Capital”-en  erakutsi eta historiak hala frogatu du, gehiegizko ekoizpenen krisien eginkizuna “soberan” diren merkantziak, kapitalak eta ekoizteko indarrak suntsitzea dela, horrela, ekoizpenaren eta merkatuaren arteko egokitzapena bultzatuz. Modu horretan, krisiak errekuperazio ekonomikorako baldintzak sortzen ditu, baina errekuperazioaren erritmoa eta iraupena ez daude faktore bakar baten menpe, kapitalismoaren garai jakin batean aurkitzen diren baldintza orokorren menpe baizik. Beraz, beharrezkoa da aztertzea goranzko fase historiko batean edo gainbehera orokor baten aurrean gauden. Azken boom ekonomikoaren garaietan prekarietateak eta langileen bizi baldintzen okertzeak izan zuen handitzeak erakusten du sistema kapitalista beheranzko fasean dagoela aspalditik. Confebask patronalak berak ere onartu du errekuperazio ekonomikoa urruti dagoela eta gainera krisitik ateratzeak ez duela suposatuko aurreko garaietara itzultzea.  

Manipulazio kanpaina honetan erabili ez diren hainbat datu larrik ordea hor jarraitzen dute. Hain zoragarritzat saldu ziguten bigarren hiruhilekoan, Euro-zonan %4,7ko atzeraldia eman zen 2008 urtekoarekin konparatuta. Konparaketa eskala berbera hartuz, ekoizpen industriala %18,6 jaitsi zen ahalmen industriala %69,5ean jarriz eta langabezia %9,4ra iritsiz. Esan beharrik ez dago datu hauek okerrera egin dutela ondorengo hilabeteetan. Datu guztiak aurreko urtekoak baino okerragoak izan arren, burgesia europarraren propaganda ere errekuperazio ekonomikoaz hitz egiten hasi zen.

AEBtako egoera

 

“Analista” askok AEBk krisitik azkar aterako zirela baieztatu zuten. Adierazpen hau egiteko datu garrantzitsuena ekonomiak okerrera gehiago egitea zaila zela zen. Baina 1929ko depresioak frogatu zuen bezala erorketa oso handia izan daiteke, eta errekuperazioa oso motela eta ahula, urte askotan luzatuz. Datu ofizialek desberdintasunak ezkutatu nahi arren, hauek ikaragarriak dira: crack finantzarioaren ondoren banku handien burtsako kotizazioak berrezarri egin dira irabazi milioidunak izatera itzuliz, baina beste aldean ikus dezakegu munduko herrialde kapitalista aurreratuenean 12 milioi ume gosean erortzeko arriskuan daudela.   

Obamaren erreskate planek ere ez dute inondik krisia konpondu. Ekonomia marxistaren ikuspuntutik Estatuaren inbertsioek, ekonomia indartsuenen kasuan, eragin mugatu bat izan dezakete atzeraldiaren ondorio batzuk leuntzeko edo ekonomia zerbait estimulatzeko horretarako baldintzak badaude. Baina Estatuaren inbertsioek ezin dute ziklo ekonomikoa aldatu. Atzeraldiari buelta emateko beharrezkoa da kapital pribatuak ekoizpenean inbertitzea. Gaurko egoeran ordea, kapitalistak ez daude prest ekoizpenean inbertitzeko eurentzat ez baita errentagarria. Errekuperaziotik urrun, AEBtako ekonomiaren egoerak oso larria izaten jarraitzen du. Manufaktura industriaren ekoizpen ahalmena adibidez %68aren azpitik dago, 1948an estatistika hau ezarri zenetik baxuena.

Ondorio sozial eta politikoak

Ekonomia estatubatuarraren egoera txarrak munduko errekuperazioa baldintzatuko du. Azken finean, propaganda ofizialak besterik esan arren atzeraldia denbora askoz luzatuko da. Finalcial Times egunkariak tesi fidagarriena bezala U formako (atzeraldi luze eta irteera mantsoa) atzeraldia proposatzen zuen, baina ez zuen baztertzen “hazkuntza ahularen” ondorioz atzeraldi bikoitz batekoa izatea, hau da, W formakoa. 30. hamarkadako urteetan Depresio Handian ere atzeraldi garaien artean, dinamika orokorra aldatu ez zuten oreka aldiak eman ziren. 

Garrantzitsuena ordea zera da, atzeraldi handi honen ondorio sozial eta politikoak hasi besterik ez direla egin eta munduko milioika kontzientzia astinduko dituela. Amerika Latinoan prozesu iraultzaileak jarraitu egiten du eta sakondu egingo da krisiaren ondorioz. Fundamentalisten Irango erregimen despotikoa atzeraezinezko deskonposaketan sartu da masen mugimendu oldartsuaren ondorioz eta krisiak prozesua areagotu egingo du. Afganistango gerra irtenbiderik gabeko gatazka batean bihurtzen ari da eta mundu mailako egoera politikoa ezegonkortu dezakeen elementu batean eraldatu daiteke.

Krisiak garatzen jarraitzen du eta klaseen arteko polarizazioa handitzen du, nahiz eta bere ondorio politikoak linealak ez izan. Garbi dago burgesiak bere errezeta duela krisitik ateratzeko: langile klasearen konkistak, soldatak eta lan baldintzak erasotzea eta gastu sozialak gutxiengora murriztea. Egoera honetan langileek eskola gogor batetik pasa beharko dute: kapitalistek erabilitako langabeziaren mehatxuarekin soldatak murriztuko dira eta miseria zabaltzen joango da gizarteko sektore zapalduetara. Horregatik, errekuperazio ekonomikoaren eztabaida ustelkeria bat da munduko milioika langile familiarentzat.

Krisiaren garai honetan langileen porrotak garaipenak baino gehiago izango dira eta fabrikaz fabrikako grebak gutxitu egingo dira hainbat herrialdetan. Ezin da izan beste modu batera, kontuan hartuta marxismoaren ahultasuna eta klaseko kolaborazio politika defendatzen duten langile erakundeetako zuzendaritza erreformisten papera. Azken hauek, bake soziala helburutzat omen dutenek, langileen mobilizazio eta borrokak oso arriskutsutzat ikusten dituzte. Baina honek ez du esan nahi langile klasea garaituta dagoenik edo bere kontzientzia atzerakoia denik. Ez, langileak krisiaren larritasuna bereganatzen ari dira eta beharrezko ondorioak ateratzen joango dira, eta ez dute dudarik izango borrokara ateratzeko, horretarako bideak aurkitzean, batez ere borroka bateratuetan, Euskal Herriko azken greba orokorretan ikusi dugun bezala.     

Kapitalismoa auzitan jartzea zabaltzen joango da eta krisiaren ondorioak ikusiko dira, lehenago beranduago baino, mundu osoko langile erakundeetan, sindikatuetan eta langile klasearen alderdi tradizionaletan. Goitik behera astinduak izango dira. Ez da prozesu gradual bat izango, aurrerapenak eta atzerakadak egongo dira, langile batzuk besteak baino lehenago gehituko dira borrokara, baina marxismo iraultzailearen ideiek milioika zapalduren esperientziarekin konektatuko dute gizartearen eraldaketa sozialista baten aldeko borrokan. Eginkizuna garbi dago: krisiak sortutako zailtasunen aurrean ezin gaitezke urduritasunean erori, eta marxismoaren ideiak langile mugimendura eraman behar dira, hauen erakundeetara, hauen borroketara…  modu kontsekuente batean ideia sozialistak defendatuz. Honi esker soilik lortuko dugu etorkizuneko eginkizunetarako baldintzak prestatzea.     

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.