Europako, Estatu espainiarreko eta Euskal Herriko ekonomiaren aurreikuspenek oso txarrak izaten jarraitzen dute. Hori bai, krisiaren ondorioak sufritzen ari direnak betikoak dira: langabetuak, gazteak, pentsionistak eta langileak. Pobrezia gero eta handiagoa da eta okerrena da gauzek ez dutela hobera egingo hurrengo urteetan. Dena dela, badira krisiaren ondorioak sufritzen ez dituztenak: bankariak eta enpresari handiak. Krisiari esker gero eta aberastasun gehiago ari dira pilatzen esku gutxitan, mugarik gabe irabazi lotsagarriak eskuratzen ari dira, eta honek guztiak agerian uzten du gaur egungo “demokrazia” kapitalaren diktadura dela. Kapitalistek, Estatua eta sistemaren logika onartzen duten gobernuak erabiltzen dituzte beren tresna bezala, beren klaseko interes propioak defendatzeko.
Krisia hasi zenetik, burgesiaren eta hauen ordezkarien gezurrak eta iruzurrak etengabekoak izan dira. Beharrezkoak omen ziren lan erreformak, pentsio erreformak, hezkuntza eta osasun publikoko murrizketak eta gainerako murrizketa guztiak krisitik ateratzeko eta denbora gutxian langabeziari aurre egiteko. Mundu osoan zehar diru publikoko bilioika euro erabili dituzte banka salbatzeko, gastu sozialetan ikaragarrizko murrizketak aplikatu dituzte, soldatak ahal duten guztia jaitsi nahian dabiltza, milioika langile kalera bota dituzte eta lan merkatua enpresari handien interesetara jartzeko kontrarreformak onartu dituzte bata bestearen atzetik. Hala ere, ekoizpen industriala eta mundu mailako merkatua burua altxa ezinda dabiltza, langile familien kontsumoak atzera egiten jarraitzen du, langabezia tasak maila historikoetara iritsi dira eta Estatu asko kiebran erortzeko zorian daude izugarrizko zor publikoarekin.
Europako krisi ekonomikoa
Mundu mailako krisiaren erdigune bihurtu da Europar Batasuna. Portugalgo, Irlandako eta Greziako erreskateek eta bertako gobernuek hartutako neurriek ondorio politiko nabarmenak izan dituzte: klase arteko borrokaren gorakada, demokrazia burgesaren instituzioen aurkako gero eta kritika handiagoa, langile klaseko sektore garrantzitsuak ezkerrerantz jotzea, eta Greziaren kasuan, egoera krisi iraultzaile bilakatzea. Baina Grezia ez da izango kapitalismo europarraren etorkizunaren azkeneko mehatxua.
Ekonomia italiarraren eta espainiarraren “erreskatea” izan da azken asteetako eztabaida garrantzitsuenetakoa Europan. Ez da gutxiagorako. Estatu espainiarraren ordainketa-etendurak zehatz aurreikustea ezinezkoa den ondorio larriak eragingo lituzke Europar Batasunean. Sistema finantzario europarrarentzat (banku alemaniarren, frantziarren eta britainiarren eskuetan daude zor espainiarraren zati garrantzitsu bat) eta kontinenteko ekonomiarentzat oso gogorrak izango lirateke ondorioak. Eta noski, hau ez litzateke geratuko datu eta zenbakien munduan bakarrik, berehalako ondorioak izango lituzke Europako desoreka politiko eta sozialean.
Euskal Herriko eta Europako bankari eta enpresari handiek badakite egoera oso larria dela. Prest daude “elkarri laguntzeko” langileei lepoan soka jartzeko garaian behintzat, eta prest dituzte eraso gehiago eta gogorragoak. Pasa den ekainean, sistema finantzario espainiarra salbatzeko, PPren gobernuak EBri laguntza eskatu zion, honek 100.000 milioi euro utzi zizkion eta Raxoi eta bere ekonomia ministroak adierazi zuten erreskateak ez zuela kostu ekonomikorik izango eta ez zuela ondoriorik izango herritarrengan. Aste batzuk beranduago, uztailaren 19an, Madrilgo Kongresuak azken 30 urtetako murrizketa handiena onartu zuen gastu sozialetan. 60.000 milioi euroko murrizketa honek ezagunak ditugun ondorioak ekarri ditu: langile publikoen eguberrietako paga extra ezabatzea, murrizketa berriak osasunean, hezkuntzan eta langabezia laguntzetan, BEZa igotzea, RENFE eta beste enpresa publiko batzuk pribatizatzea, besteak beste.
Eta orain, bigarren erreskateari buruz hitz egiterakoan, erreskate hau “leuna” izango litzatekeela esaten digute. Baina Europako Banku Zentraleko presidente Mario Draghik berak esandakoak garbi uzten du hau gezurra dela: EBZk zor publiko espainiarra masiboki erosteak, eta EBk PPren gobernuari kiebra saihesteko emango lizkiokeen laguntzek kontrapartidak dituzte, langileentzat oso “leunak” ez direnak. Orain arte ezagutu ditugunak baino murrizketa plan gogorragoak izango genituzke. Hori gertatzen bada, ez da zaila zer gerta daitekeen imajinatzea: errebolta soziala gurera ere etor liteke, Grezian bezala egoera krisi iraultzaile bilakatuz. Hainbaten iritziz egoera iraultzaile bat lehertzea ezinezkoa bada ere, berriemaile burutsu batek esan zuen bezala, iraultza pertsona lotsagabe bat bezalakoa da, abisatu gabe azaltzen da, batzuek gutxien espero dutenean.
Murrizketak eta kaleratzeak geratzeko indarra dugu
PPren atzean dagoen burgesia espainiarrak eta EAJren atzean dagoen bertako burgesiak eskubide sozial guztiak suntsitu nahi dituzte eta gainera enpresetan beldurrezko giroa sortu nahi dute langileak soldata miserableenak onartzera behartzeko helburuarekin. Hau da kapitalisten proiektua.
Baina honen aurrean, langileok eta gazteok indarra dugu erasoak geratzeko. Martxoaren 29ko greba orokor arrakastatsua, meatzarien borrokak, Andaluziako jornalarien borrokak, Kataluniako manifestazio historikoa, irailaren 26ko greba orokorra, Ikasle Abertzaleakek estatuko beste ikasle erakunde batzuekin batera urriaren 11rako hezkuntzan deitutako greba, Sindicato de Estudiantes erakundeak estatu mailan urriaren 16, 17 eta 18rako hezkuntzan deitutako 72 orduko greba orokorra… errebolta sozialerako baldintzak badaudenaren seinale dira.
Milaka langileren kontzientzia mailaren handitzea dudan jarri ezin daitekeen errealitatea da. Azken urteetako borrokaren esperientzia ez da alferrikakoa izan. Borrokak bateratua izan behar duenaren ideiak gero eta indar handiagoa du, sektorez sektore edo fabrikaz fabrika borrokatzearen aurrean. Klaseko izaera duten kontsignek ere leku gehiago dute, eta argi geratzen ari da kapital finantzarioaren diktadura dela biztanleriaren oraina eta etorkizuna baldintzatzen dituena.
PPren eta kapitalista europar eta internazionalen estrategia orokorrari aurre egiteko bide bakarra dago: biztanleriaren borroka eraginkorra, masiboa eta bateratua. “Jendea mugitzen ez denaren” aitzakia zaharrak ez du balio. Langileen eta gazteen haserrea eta borrokarako borondatea aprobetxatuko dituen borroka antolatzea da falta dena, bukaeraraino heltzeko helburuarekin, politika erasokorraren bitartez. Horregatik, beharrezkoa da irailaren 26ko greba orokorrak jarraipena izatea denboran luzatuko den borroka planarekin.
Borroka plan honek langile klasearen, gazteriaren eta sektore zapalduen antolakuntza eta kontzientzia maila handitzeko balio behar du. Modu borrokalarian antolatu behar da, lantokietan, herrietan eta auzoetan batzar demokratikoetan oinarrituta, langile klaseak aukera izan dezan bere iritzia emateko, iniziatiba hartzeko eta indarrak bateratzeko. Batzarrekin batera beharrezkoa litzateke borroka komiteak sortzea lantoki, herri edo auzo bakoitzean paper aktibo bat jokatzeko prest dauden guztiei tokia eginez. Funtsezkoa da borrokara gehitzea langile eta gazte berrien haize freskoa, ez baitute iraganeko porroten pisua eta eszeptizismoa bezalako etsaiari aurre egiteko modua da. Zeren bai, posible da erasoak geratzea. Beti errua langileei botatzen dieten eta zoritxarrez gutxi ez diren ezkerreko agintari eta arduradun sindikal horiek dira porroten arduradunak, eta ez langileen eta gazteen borrokarako borondate eza.
Noski, greba orokorrak eta mobilizazioak ez dira nahikoa kapitalismoaren krisiarekin bukatzeko. Gure helburuak lortzeko oinarrizkoa da borrokak izaera politikoa izatea: kalean mobilizatzeaz gain, alternatiba sozialista defendatu behar da, bankuen eta enpresa handien langileen kontrolpeko desjabetzearen alde borrokatuko duena. Une oso garrantzitsuen aurrean gaude. Krisi kapitalistak zalantzan jarri ditu herritarren etorkizuna eta eskubideak. Kaleko mobilizazioetan parte hartzeaz gain, beharrezkoa da gizartearen eraldaketa sozialista defendatzea, hau da, sistema kapitalistaren aurkako programa defendatuz politikan parte hartzea.