Irakaskuntza publiko eta euskaldunaren defentsan!

 

 

PPren gobernuak eta bere hezkuntza ministro Wertek LOMCE deituriko hezkuntza sistemaren kontraerreforma frankista onartu nahi dute otsailean. Hau inposatzea lortzen badute, hezkuntza publikoarentzat eta, honenbestez, langileon seme-alabon eta sektore kaltetuenen hezkuntzarentzat atzerapauso izugarria izango da. Honen aurka, otsailaren 5, 6, eta 7an Ikasle Sindikatua–Sindicato de Estudiantesek deitutako 72 orduko greba orokorrari babesa ematen dio Euskal Herria Sozialistak.

 

Kontraerreformak DBHko lehen urtetik ikasleen etengabeko sakabanaketa ekarriko du; kualifikazio altuetako mailetara, adibidez goi mailako Lanbide Heziketara, batxilergo edo unibertsitatera, igarotzeko oztopoak bata bestearen atzetik jarriko dira. Hiru selektibitate izango dira: lehena DBHko 4. mailan, bestea batxilergoko 2. mailan eta azkena unibertsitatera sartu ahal izateko. Ikasle eta irakasleentzat eskubide demokratikoen murrizketa historikoa da LOMCE hau; ikasleen greba eskubidea kentzearekin mehatxatu eta administrazioak izendatutako zuzendari “diktatore” figura inposatzen du. Gainera, 2012aren amaieran eskuinak hurrengoa ere gehitu zion: erlijio katolikoaren ikasgaia berrezartzea, honek espediente akademikorako balioko duelarik, eta nazionalitate zapalduetako hizkuntzen (euskara, katalana eta galegoa) aurkako erasoa.

Elizaren boterea hezkuntzan

 

Argi ikusten da PPk gazteria doktrinatzeko pulpitu bezala berrerabili nahi duela eskola, eta honetarako Eliza Katolikoari diktadura garaian zuen boterea itzultzea baino hoberik ez da. Erlijio ikasgaiaz gain, PPren kontraerreforma hau baliabide publikoak enpresa pribatuei eta Elizari desbideratzeko hezkuntza-kontzertu berriak ahalbidetu nahian dabil, gure zentro publiko eta ikastolak kinka larrian dauden bitartean eta unibertsitate tasak ikaragarrizko igoera jasaten ari diren momentuan.

PSOEren gobernu garaitik hona, diru publikotik hezkuntza pribatu-kontzertatuetako enpresen etekinetara emandakoa igo egin da. 2005-2010 urteen artean, mota honetako eskolek jasotako diru-laguntzak %30 igo ziren 5.902 milioi eurora iritsi arte eta azken ikasturtean ere, joera hau mantendu du PPk. Hezkuntza pribatu ez unibertsitarioaren etekinak %7,4 igo dira 2009-2010 ikasturtea 2004-2005 ikasturtearekin alderatuz, eta 491 milioi euroko etekinak lortu dituzte, bataz besteko bat eginda, 76.000 euro irabazi ditu ikastetxe hauetako bakoitzak. Gainera, diru publikoaren desbideratze masibo honek eliza katolikoari, eta bere sektore erreakzionarioenari egiten dio mesederik handien, berea baita ikastetxe mota honen %76a.

Euskal Herriaren kasuan, bere hezkuntza-sarearen bidez Elizak jasotzen duen babesa bereziki garrantzitsua da. EAEn ikasleen %49,7 zentro pribatu-kontzertatuetan matrikulatua dago, estatuko bataz bestekoa baino askoz altuagoa da datu hau. Hezkuntza pribatuko portzentaje altu honetatik, ikasleen %33k ikastoletan ikasten du eta beste % 67ak ikastetxe erlijioso kontzertatuetan! Hauek euskal patronalaren jabego den Kristau Eskola deiturikoan sartuta daude eta 141 ikastetxe erlijioso, 13.000 irakasle eta ia 90.000 ikasle (gehienak hirigune handietan kontzentratuak) biltzen dituzte. Honek argi erakusten du eliza katolikoak milaka euskal gazteren hezkuntzan duen boterea. Ikasle hauetako asko, gainera, langileen seme-alabak dira, eskaintza publiko faltagatik, zentro erlijiosoetan matrikulatzera behartuak izan baitira.

Elizarentzat ideologizazioa garrantzitsua den arren, honek negozio on bati lotuta joan behar du. Izan ere, hau da bere diru-sarrera nagusia. Aitor Bilbao 2008an Kristau Eskolek zuzendari orokorra zenaren esanetan, ikastetxe kontzertatu hauek duten finantziazio publikoa %70ekoa da, eta hauxe gaineratu zuen: “denborak aldatu direnez, finantziazio honek aurrekontuaren %100 izan behar luke”. Eta hau guztia ikasleen legeak ezartzen dituen euskarari buruzko helburuak bete gabe. Hau da, “nire negozio guztia finantza ezazue, baina ez ezazue pentsa horregatik legea bete behar dudanik”.

Eta hau ez da hemen bukatzen. Duela gutxi, Auzitegi Gorenak sententzia bat atera zuen non beren sexuagatik ikasleak bereizten dituzten ikastetxeak finantzatzea debekatzen zuen; horrela, aurrez zegoen lege bat betearazten zuen. Honen aurrean, hezkuntza ministroak sektore ultraerreakzionario hauek beren onura eta etekinak mantendu ahal izateko, mota honetako zentroen finantziazioa blindatzen du hezkuntza kontraerreforma berri honetan. Argi dago euskal eliza-hierarkia oso gustura egongo dela hezkuntzaren erreforma berri honekin.

Euskara, katalana eta galegoa erasopean

 

Espainiar eskuinari eraso eta murrizketa hauek guztiak ez zaizkio nahikoak iruditu eta, orain, frankismoak zapaldu eta erreprimituaz egoera oso larrian utzi zituen hizkuntzak erasotu nahi ditu: LOMCEk egin nahi duena, euskara, katalana eta galegoa 4. hizkuntzara baztertzea da. Lege berriak hiru mailatan banatzen ditu hizkuntzak: enborrezkoak (gaztelera eta atzerriko lehen hizkuntza), espezifikoak (2. atzerriko hizkuntza) eta espezialitatekoak (euskara, katalana eta galegoa). Lehenengoek, gutxienez orduen %50 bete beharko dute, bigarrenek gehienez orduen %50. Eta hirugarrenek? Hirugarrenei ez zaie denborarik ezarri. PPren gobernua izango da enborrezko hizkuntzak zein eduki eta ordutegi minimo eta espezifikoek zein ordutegi maximo izango duten erabakiko duena.

Gurasoek beren seme-alabek nahi duten hizkuntzan ikasteko aukera aitzakiatzat hartuta, legeak gaztelerazko plaza pribatu bat ordaintzera behartzen du, baldin eta ikastetxe publiko edo kontzertatuetan nahikoa leku ez bada, horrela pribatizazioa erraztuaz. Honek ikasleak hizkuntzaren arabera banatzea ekarriko luke, eta neurri honen aurka gaude guztiz. Neurri honek bereziki Catalunyari eragiten dio, eta han, nahiz eta baliabide falta nabaria izan, bere Murgiltze Linguistikoaren eredua arrakastatsua da, izan ere, historikoki jazarria izan den katalana bermatzen du, hizkuntza ereduen araberako banaketa saihesten da, eta frogatua dagoenez, kataluniarrek ongi hitz egin eta idazten dute gazteleraz. Catalunyako eredu hau borroka antifrankistan eraiki zen, milaka eta milaka langile etorkin eta katalanek katalana hezkuntza publikoko hizkuntza nagusi gisa defendatu baitzuten.

Euskal Herrian ordea (baita Galizian ere), badakigu hizkuntz ereduen araberako banaketak nora garamatzan. Beste gauza batzuen artean, eta espainiar eskuinak nahi duena esan dezala, euskara, hizkuntza gutxitua da Euskal Herrian. Neurri berri honekin gainera, azken urteetan euskarak izan duen aurrerapenak atzera egin dezake. Aurrerapen hauek mobilizazio eta borrokari esker izan dira eta laguntza, finantziazio eta EAJ, EA, PSE-PSN eta UPNren babes errealik gabe gertatu da. Beraz, borroka eta kale-mobilizazioak baino ez ditugu gure eskubide sozial eta demokratikoak mantentzeko.

Lege honek dakarren erasoak ez du inolako aurrekaririk, eta hezkuntza komunitateko sektore aurrerakoiek ahots kritikoak altxa dituzte. EAJ ere kritika hauetara gehitu da Erkorekak Wert hezkuntza ministroari “uniformatu nahi duen ultranazionalista espainiar” deitu eta hizkuntza autonomiko koofizialen aurkako agresio-politika martxan jarri duela baieztatu ostean; horrela, hizkuntza “makaldi eta marjinalitatera kondenatuaz”. Bitxia da oso: EAJk euskara marjinalitatean mantentzeaz hitz egiten du, baina nork gobernatu du EAE azken hamarkadetan? EAJ izan zen eredu linguistiko banatzaile honen arduradun, eta hau oraindik argiago geratu zen eskolek immigrazioaren fenomenoari aurre egin behar izan ziotenetik.

A ereduak ez du euskararen ezagutza bermatzen eta gainera, marjinazio soziala ahalbidetzen du. Sare publikoko A ereduan, egoera sozial eta ekonomiko desfaboragarrian dauden ikasleak matrikulatzen dira bereziki, horrela marjinazio prozesu honetan murgilduak dauden ikasle hauentzat A eredua ia ghetto bilakatzen da. Agian horregatik goraipatu zuen abenduaren 12ko sesio parlamentarioan Wert ministro ultraerreakzionarioak EAEko hezkuntza sistema: “bera da Murgiltze Linguistikoa eta elebitasun integratu bat uztartzen dituena eta aukera ematen du gurasoek nahi duten hizkuntza aukeratzeko, eta gobernuak izan dezakeen normalizazio linguistikoaren nahiak errespetatzeko”. Argi dago, hitz hauek Catalunyan erabiltzen duten Murgiltze Linguistiko ereduaren aurka jotzeko erabili zituela, eta benetan, euskararen egoera ere erasotu nahi dutela, baina EAJk ez du egun dagoen ereduarentzat alternatibarik. EAEn erabiltzen den eredu linguistiko eta Nafarroako Vascuence-aren Legea desagerrarazteko, ezkerretik egin behar dugu lan. Euskara gizartearen gehiengora heltzeko eta gizartean bere erabilera zabaltzeko, lehenik eta behin, Euskal Herri osoko eskola publikoan, gizarte sektore guztiek, baita zapalduenek ere, eskuragarri duten bakarrean, hizkuntza nagusi izan behar du. Baina hau posible izan dadin, baliabide asko dira beharrezko, urte askotan EAJ, EA (hezkuntza kontseilari karguan), PSE, PP edo UPNk egin dutenaren alderantziz.

Hego Euskal Herriko gobernu ezberdinek kalitatezko hezkuntza euskaldunaren alde apustu egin ez zutenez, euskara eskuragarri izateko modu bakarra ikastolen bidez izan da. Mugimendu sozial masiboaren bidezko ikastolen defentsak, beste era batera izango ez liratekeen proiektuak finantzatuz, bere hizkuntza defendatu nahi duen herri baten aspirazio sozialen isla dira. Baina ikastola asko kinka larrian daude. Nahiz eta beste zentro kontzertatuek bezala diru publikoa jasotzen duten, zerbitzu publikoen murrizketek ikastola asko kinka larrian utzi ditu. Horregatik, ikastolak defendatzeko modurik onena, hauek sektore publikoan integratzea dela uste dugu, eta aldi berean, honentzako baliabideak igotzea. Gauza ez da ikastolen hezkuntza proiektua bertan behera uztea, alor askotan, adibidez hirueletasun alorrean, eredu publikoa baino aurreratuagoa baitago, baizik eta egun dituzten baliabideak baino gehiago erabiliaz, eredu hau hobetu eta Euskal Herriko zentro publiko guztietara zabaltzea. Gainera ikastolak sare publikoan integratuta, bertako langile eta irakasleen lan-baldintzak hobetuko lirateke.

Guztiok batera borrokatu kontraerreforma frankista hau garaitzeko

 

Kontraerreforma hau gelditu behar dugu. Horretarako, ikasle guztiak, nazionalitate ezberdinetako langileon seme-alabak, elkartu behar dugu gure indarra erakusteko. Horregatik, Euskal Herria Sozialistak, Ikasle Sindikatuak Euskal Herrian, eta Sindicato de Estudiantesek Estatu guztian, LOMCE erretiratzeko eta Werten dimisioa eskatzeko deituriko borroka astearekin bat egiten du. Otsailaren 5, 6 eta 7an 72 ordutako ikasleen greba orokorrarekin, manifestazioekin, asanbladekin eta piketeekin osatutako borroka astea. Asko dago jokoan, eta ezin ditugu, iraganean hainbeste esfortzu eta sakrifiziorekin lortu ziren eskubideak galtzen utzi.