Mahai Nazionaleko kideen atxiloketak 1997ko otsaila ekarri zigun gogora. Data honetan, hemen ere Garzon zelarik protagonista, PPk maniobra berdina bultzatu zuen garai hartako 22 mahaikideen aurka. Orain dela hamar urte Alternatiba Demokratikoa izan zen aitzakia eta oraingoan negoziazio prozesuaren amaierarekin Estatua ezker abertzalearen zuzendaritzaren aurka oldartu da berriro.

Ezker abertzalearen kontrako eraso hau hainbat komunikabidek bultzatua eta babestua izan zen beste behin. Horien artean dugu “El Pais” periodiko “ezkertiarra”. Kazetaritza burgesaren periodiko ziniko eta hipokrita honek ezker abertzalearen aurkako errepresio kanpaina egiten jarraitzen du. “Instituzioen eta demokraziaren defentsan” bide errepresiboen alde egiten du gatazka politikoari irtenbidea aurkitzeko. Esan beharrik ez dago zein den ABC, La Razon, El Mundo, Deia... periodiko eskuindarren jarrera. Denak balio du hauentzat ezker abertzalea kriminalizatzeko eta errepresioa justifikatzeko. Agerian geratzen da komunikabide hauek ez daudela interes burgesetatik kanpo, errepresio kapitalistaren instrumentuak dira askapen nazionalaren eta sozialaren alde egiten duten edozein mugimenduren aurka.

Komunikabide burgesek iritzi publikoa prestatzen dute errepresioarako eta Ertzantzak, Polizia Nazionalak, Polizia Frantziarrak eta Guardia Zibilak, epaile burgesen aginduak betez, praktikan jartzen dituzte neurri errepresiboak. Argi dago poliziaren papera historikoki den naziokoa dela ere kapitalaren interesak defendatzea izan dela. Horrek esan nahi du, kapitalaren interesak kontraesanetan sartu direnean eskubide nazionalekin, sozialekin, sindikalekin... inoiz ez dutela dudarik izan errepresio basatiena erabiltzeko.

 

Errepresioa kapitalisten interesak defendatzeko

 

Klase dominatzaile espainiarrak bere interesak defendatzeko beharrezkoa izan du betidanik errepresioa erabiltzea, bere interes ekonomikoak arriskuan jarri dituen edozer zapaltzearen beharra ez da soilik gaur egungo kontua. Bere pribilegioak defendatzeko eta bultzatzeko erakutsi du gai dela triskantza basatienak eta odoltsuenak babesteko ere. Hor daukagu gerra zibilaren adibidea, lurjabe handiek eta kapitalistek Frankoren estatu kolpea antolatu zuten urte haietako arrisku iraultzaileak zapaltzeko. Eta ondoren ere, Euskal Herrian euskal burgesiaren laguntza eta kolaborazioarekin, Frankismoaren urteetatik gaur arte errepresioa, presoen dispertsioa... bere instrumentu oinarrizkoenetakoak izan dira. Ezker abertzalearen aurkako errepresioak ez du etenik eta mundu osora begiratzen badugu erraz konturatuko gara herrialde ezberdinetako kapitalisten errepresioa handitzen ari dela.

Kapitalistentzat beharrezkoa da langileak, gazteak eta menpeko herritarrak erreprimitzea. Sistema kapitalistak jarraitzen duen bitartean errepresioa ez da sekula amaituko. Zergatik? Estatu espainiarreko eta frantziarreko kapitalistak mundu osoko kapitalistekin borrokan ari dira merkatuengatik. Alde batetik Amerika Latina osoan burgesia espainiarrak eta euskaldunak inbertsio erraldoiak dituzte eta beraz bertan ematen ari diren prozesu iraultzaileen aurka egiten dute. Bestetik kapitalisten artean ere borroka gogorrak ematen dira horren adibide ditugularik Afrikako gerrak inperialismo frantziarraren eta estatubatuarraren artean. Burgesia espainiarrak eta frantziarrak ez dute nahi galdu merkaturik eta gutxiago, batik bat burgesia espainiarrarentzat, Hego Euskal Herria bezalako merkatu garrantzitsu bat. Baina euskal burgesiak ere, burgesia kataluiniarrarekin batera, ez du nahi estatu espainiarretik banatzerik. Nahiz eta diskurtso hipokritak erabili estatu espainiarrean jarraitu nahi dute bertako merkatuari esker negozio handiak egiten baitituzte. Azken finean, bi estatuetako burgesia ezberdinak elkartu egiten dira beren negozioak arriskuan jartzen dituzten guztiaren aurka. Euskal Herriko eskubide demokratikoen zapalketa da horren adibide.

Horregatik, errepresioaren aurkako borroka kapitalismoaren aurkako borrokari erabat lotuta dago. Kapitalismoak errepresioa, sufrimendua, odola eta miseria eskain ditzake soilik. Errepresioa jabego pribatu burgesarekin puskatu gabe konpontzea ezinezkoa da, “irtenbide” hori bilatzeak lortuko duen bakarra zapalkuntza luzatzea izango da. Errepresioari aurre egiteko modu bakarra sozialismoaren alde borrokatzea da, hau da, ekoizteko indarren jabego pribatua suntsitzea, bankariak eta enpresariak desjabetzea eta benetako gizarte sozialista bat eraikitzea langileen demokrazian eta parte hartzean oinarrituta.

 

Errepresio kapitalista zapaldu guztien aurka

 

Ezker abertzalearen aurkako eraso hauek Euskal Herriko eta mundu osoko langile eta gazteen aurkako erasoak dira gainera. Estatu espainiarraren kasuan ezker abertzalearen aurka onartu izan diren lege errepresiboak (bideo-zaintza legea, lege antiterrorista...) estatu mailako meatzarien, astileroen... aurka aplikatu dira. Beraz, ezker abertzalearen aurkako eraso bat gaur, estatu espainiarreko langileen eta gazteen aurkako eraso bihur daiteke bihar. Posible izango da etorkizunean beste edozein erakunde ilegalizatzea alderdien legean oinarrituta. Ezker abertzaleko kideen aurkako errepresioa ez da soilik kide horien aurkakoa, eraso guzti hauek Euskal Herriaren, beste nazio zapalduen eta langile guztien eskubide demokratikoen aurkakoak dira.

Hau denagatik beharrezkoa da klaseko sindikatuei, langileen alderdiei eta ezkerreko erakundeei (batipat estatu espainiarrean eta frantziarrean) eraso hauen aurka mobiliza daitezen eskatzea. Badakigu PSOE, PSF, IU eta PCFko zuzendaritzek ez dutela behatz bat ere mugituko beren iniziatibaz (PSOEren zuzendaritza errepresioa bultzatzen ari da) baina garrantzitsua da bi estatuetako langile eta gazteengana heltzea eta alderdi hauen zuzendaritzak presionatzea horren ondorioz. Bi estatu hauetako langile eta gazteek ere kapitalismoaren zapalketa jasaten dute eta ezagutarazi behar zaie Euskal Herriaren  aurkako erasoak eta euren bizi baldintzen okertzea sistema ekonomiko kapitalistaren ondorio direla. Horrelako bideetatik lortu daiteke langileen eta zapalduen nazio gaindiko batasuna bultzatzea. Langileen eta zapalduen batasuna kapitalismoaren kontrako borrokan beharrezkoa dela esatea ez da noski berria, Marx eta Engelsen lema famatua XIX. mendean idatzi zen “munduko langileak elkartu zaitezte”. Lema hau gogoan hartuta kapitalismoaren aurka eginez eta gizarte sozialista bat eraikiz lortuko da errepresio kapitalistarekin betirako amaitzea.