206 epaiketa sesio, 16 hilabete Madrilera joan etorrian eta orain atxiloketak. Hori da 18/98 prozesuko 52 kideek jasan beharrekoa Euskal Herriaren eskubide demokratikoak defendatzeagatik. Eta hau gutxi ez balitz Abenduaren 10ean jakinaraziko da epaia. Hainbat iturrik diotenez kasu askotan fiskalak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarriko zaizkie: denera 527 urte eta erdikoak izatera iritsi daitezke.
Ez zuen arrazoirik falta izan Jokin Gorostidik 18/98 prozesua Burgosko prozesuarekin lotu zuenean. Frankorekin edo gabe Estatu espainiarreko justizia Euskal Herriko eskubide demokratikoen aurkako instrumentua da. Diktaduraren garaian bezala gutxiengo baten interesak defendatzeko erabiltzen da “justizia” eta noski, gutxiengo horren interesak arriskuan jartzen dituzten indar guztiak zapaltzeko. Horrela da gizarte kapitalista leku guztietan eta are gehiago burgesia espainiar erreakzionarioarekin. Ahaztu gabe lan horretan euskal burgesiaren laguntza osoa dutela diktaduraren garaietan bezala. Ikusi besterik ez dago zein den PNV eta Ertzantzaren papera.
Burgosko prozesuaren moduan epaiketa politikoa izan da hau ere. Epaiketa guztian zehar asko izan dira hau frogatu duten adibideak: dokumentu amaitugabeak, lekuz kanpoko edo galdutako frogak, adierazpen kontrajarriak... Joxe Mari Olarraren kasuan fiskala ez zen gai izan mahaikide ohia KAS, Ekin eta Xakirekin lotzeko, Nekane Txapartegirekin egin zuen bezala “pieza solte” bat zela argudiatu zuen. Olarraren kontrako froga nagusia Mikel Egibarrek Guardia Zibilen torturapean behartuta sinatu zituen adierazpenak ziren. Eta horrela beste hainbat adibide kide bakoitzarekin.
Prozesu honen aurka mobilizazio ugari egin dira bertan ikusi delarik Euskal Herriko biztanleen zati handi baten babesa dutela eta izango dutela. Baina ez dute babesa Euskal Herrian bakarrik lortu zeren autoinkulpazioen kanpainarekin, nahiz eta 15.000 autoinkulpazioen gehiengoa Euskal Herrikoak izan, Kataluniako, Madrileko eta Estatu espainiarreko leku ezberdinetako herritarren babesa ere lortu zuten. Honek erakusten du posible dela babesa aurkitzea Euskal Herritik kanpora eta babes hori garrantzitsua da Estatu mailako ezker abertzalearen aurkako propagandari aurre egiteko.
Dudarik gabe epaiketa gogorra izan da (denbora, bidaia, gastuak, presioak...) 52 kideentzat baina Angela Murillo epaileak ez zuen lortu hauek makurtzea. Epaiketa osoan zehar saiatu zen 52 kideei ahoa ixten baina epaile eta fiskal erreakzionarioenek ere ez zuten lortu. Horren erakusgarri da epaiketaren azken eguna, zutik jarrita “Gora Euskal Herria askatuta!” ohiukatu zuten. Kide guztien adorea eta indarra ikaragarria izan da.
52 lagun hauen aurkako erasoa gehiengoaren eskubide demokratikoen aurkako erasoa da. Bilbon igandean egin zen manifestaldian argi ikusi zen (25.000 lagun bildu ziren) indarra badagoela eraso erreakzionario eta anker honi aurre egiteko. Bide horretan pauso garrantzitsua da abenduaren 13rako egin den ordu beteko lanuztearen iragarpena. Garrantzitsua izango da lanuzte honek arrakasta izatea espetxeratze hauen aurkako borrokarekin jarraitzeko. Euskal Herria Sozialistak erabateko babesa azaldu nahi die atxilotu guztiei eta abenduaren 13rako deitu den lanuzteari, bere baliabideak erabiliko dituelarik borroka honen alde. Auzo, herri, ikastetxe, fabrika... guztietara heldu behar da borroka honen oihartzuna eta Estatu espainiarrari erakutsi behar diogu borrokan jarraituko dugula atxilotu hauek askatu arte horretarako mobilizazioekin eta lanuzte gehiagorekin jarraituz.