Manu Odriozola elkarrizketatu dugu. Ezker Iraultzailea–Euskal Herria Sozialistako kidea eta Iñauterietan eta San Joanetan txoznagunea antolatzeaz arduratzen den Tolosako Txozna Batzordeko kidea da.
Euskal Herria Sozialista: Zein ondorio ditu EAJk planteatu duen txoznagunearen kokapen aldaketak?
Manu Odriozola: Tolosako Iñauterietan txozna Euskal Herria plazan antolatzen hamarkada bat baino gehiago eman ondoren, aurten EAJren udalak plaza horretatik kanporatzea eta jai girotik aldentzea inposatu du, erabat modu antidemokratikoan eta alde bakarrez. Horretarako, erabili duten aitzakia zaratak plazako bizilagunei sortzen dien eragozpena izan da. Baina plazako bizilagun askok dagoeneko txoznen kokapena mantentzeko babesa adierazi dute.
Aitzakia dela diogu, zarata saihestezina izango delako, txosnak egon ala ez, tabernaz inguratutako erdiguneko plaza batean eta iñauteriak bezalako jaietan. Txozna Batzordetik urtero bete ditugu Udalarekin adostutako baldintza guztiak musikaren bolumenari dagokionean. Aurten bolumena gehiago jaisteko aukeraz hitz egitea planteatu diegunean, entzungor egin digute eta debekua berretsi dute. Kontua da eskaintzen duten beste aukerak, festa girotik urrutiago egoteaz gain, ez duela azpiegiturarako leku nahikorik, eta larrialdiren bat gertatuz gero, ez dela segurua.
Ez da horrelako eraso bati aurre egin behar diogun lehen aldia. Duela hamabost urte inguru, Jokin Bildarratz alkate zenean (EAE-ANVko zerrenden ilegalizazioa medio), udalaren asmo berari aurre egin behar izan genion, kanpaina publiko bat abiaraziz. Orduan, udalak zarataren aitzakia bera erabiltzen bazuen ere, txoznatik propaganda politikoa kenduz gero plazan mantentzeko aukera izango genuela esan zitzaigun. Hauteskundeen atarian, EAJren propaganda gogokoena txosnen, gaztetxeen eta herri mugimenduko gainerako guneen aurka gogor jotzea izaten da.
EHS: Zer erantzun eman diozue Batzordeak udalaren eraso honi?
MO: Hasieratik gure desadostasuna plazaratu genuen, ez genuela Euskal Herria Plazatik kanporatzea onartuko adieraziz, eta herritarren babesa biltzeko kanpaina publikoa abiatu genuen, argazkiekin, sinadura bilketarekin, eraso honen inguruan informatuz, elkarretaratzeak eta protestak antolatuz… Hau da, langile klasearen borroka metodoak erabiliz.
Bestalde, EH Bilduren udal taldeari posizionatzeko eskatu genion EAJren erabakiaren aurkako mozioa aurkeztuz Udaleko osoko bilkuran. EH Bilduk ez du mozioa aurkeztu, eta orain, gainera, Sorturen bitartez, Txoznetako Batzordearen aurka erasora jotzea erabaki du, Batzordean eurekin ere adostu zen kanpainari boikota eginez.
Ataria egunkarian Tolosako Sortuk sinatuta argitaratu zen gutun batean, urtarrilaren 17an udaletxe barruan izan zen protesta baketsua gaitzesten zutela adierazi zuten, “konfrontazioa eta liskarra” lehenetsi direla azpimarratuz!! Baina, ez al da EAJren udala izan espazio herrikoiak erasotzera eta konfrontaziora jo duena? Biktimak errudun gisa salatzen diren bitartean, erasoaldi antidemokratiko horren atzean daudenak ezkutatu eta babesten dira.
EHS: Gutun horretan Txosna Batzordearen aurka jotzen zen, zer iruditzen zaizue bertan planteatzen zena?
MO: Gutunak erabat harritu gintuen. Lehenik eta behin, oso deigarria iruditu zitzaigun ez zegoela kritika bakar bat ere EAJk gu EH plazatik kanporatzeko hartutako erabakiaren inguruan. Are gehiago, esaten zen “Batzordean ez dela eztabaida seriorik eman udalak egindako proposamenaren aurrean”. Gezur galanta. Hainbat bileratan eztabaidatu genuen gaia, eta EAJren erabakiaren aurkako kanpaina egiteko akordioak oso argiak izan ziren.
Sortuk parte hartu zuen bilera horietan, eta askatasun osoa izan zuen jarrera adiskidetzaileagoa zuela edo udalaren proposamena babesten zuena planteatzeko, hori legitimoa baita, gutxiengoan egonda ere. Baina, udalaren asmoa jakin genuenetik, joan den urteko urritik!! egin ditugun bilera bakar batean ere ez zuen desadostasunik planteatu. Horren ordez, gutun bat argitaratu zuten urtarrilaren 26an, Tolosako Txoznetako Batzordearen ibilbidearen aurka justifikaziorik ez duten salaketak eginez. Batzordea “eragileen elkargune bat izatetik batzuen interesen araberako klub pribatua bilakatu dela” esaten zuten, beti ikuspegi bateratzailetik garatu dugun lanarekin alde bakarreko haustura markatuz, inolako argumentu sinesgarririk gabe.
Bi egun geroago, Batzordea osatzen dugun gainerako erakundeei ezer aipatu gabe, Sortuk bere aldetik prentsaurreko bat antolatu zuen Plaza Berrian gune berri bat antolatzeko asmoa zuela aurkezteko. Bertan, txoznaren kokapena aldatzen joateko EAJren inposaketa babesten zuen, baita zarataren argudiaketa guztia ere.
Nori egiten dio mesede Txozna Batzordearen aurkako eraso honek? Bistan dago: udal eskuindarraren estrategiari eta txoznen zein espazio alternatiboen aurkako erasoaldi orokorrari.
EHS: Zergatik uste duzue gertatzen ari dela hau?
MO: EH Bilduk eta Sortuk betoak eta kanporaketak ezarri dituzte Euskal Herriko hainbat herritan GKS, Kontseilu Sozialista, IA eta Itaia erakundeen aurka, baita 3 mila euroko isuna ezarri ere Hernanin txozna bat jartzeagatik, EH Bilduk kontrolatzen duenean udala. Metodo burokratiko eta antidemokratikoak dira, txosnetatik, jai batzordeetatik eta espazio herrikoietatik kanpo uzteko herri horietan nahiz maila nazionalean ordezkaritza esanguratsua duten erakundeak. Eta hori guztia Ezker Abertzalearen egungo ildo politikoa kritikatzen dutelako.
EHS: Zuen ustez, nola aurre egin eta konpondu daiteke egoera hau?
MO: Sortuk udalaren proposamena onartzeko eta plaza berrian bere espazioa antolatzeko hartutako aldebakarreko erabakiaren ondoren, Batzordea osatzen dugun gainerako eragileak iñauterietan txozna jartzeko aukerarik ez izateko arriskuan geratu gara. Horregatik, aurten elkarrekin adostu dugun programazio guztia plaza berrira eramatera beharturik gaude. Baina horrek ez du esan nahi EAJk txosnak kanporatzeko mantendu nahi dituen maniobren aurrean makurtuko garenik.
Uste dut Sortuk eta Ernaik egin dutenaz hausnartu eta jarrera zuzendu behar dutela. Batzordean berriro parte hartu behar dute, gutxiengoan egon arren. Jakina, egoki deritzoten guztia planteatu behar dute, baina han hartzen diren erabaki demokratikoak errespetatuz, orain arte bezala. Eta, azkenik, GKSren eta mugimendu sozialistaren aurkako erasoaldi burokratiko eta antidemokratikoak eten behar dituzte.
Gure etsai aitortua eskuina da, patronalaren ofentsibaren alderdia. EAJren Udaletxearen aurrean burua makurtuz eta beste alde batera begiratuz, ezinezkoa da langileen eta gazteen aldeko politikak defendatzea, are gutxiago krisi kapitalistaren, eskubide sozialen murrizketen eta askatasun demokratikoen aurkako erasoaldiaren testuinguru honetan.