Mobilizazio ugari egingo dituzte "Jarrai-Haika-Segi" auziaren epaiari erantzuteko

"Gazteria independentista aurrera! Hitza eta erabakia askatasunez" lelopean, amnistiaren aldeko mugimenduak manifestazioa egingo du Bilbon. LABek 11.30etan elkarretaratzeak egingo ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta gazte independentistek hainbat mobilizazio egingo dituzte egun osoan zehar.

BILBO-. Amnistiaren aldeko mugimenduak azaldu duenez, "Jarrai-Haika-Segi" auziaren epaia "proiektu independentistaren kontrako epaia da, Euskal Herria aske baten alde lan politiko eta soziala egiten duten pertsonak zigortzeko epaia".

Era berean, aipatu du "ateak parez pare" zabaltzen dizkiola Gobernu espainolak, "lan politikoaren kriminalizazio eta pertsekuzioari". "Eta ateak ixten dizkio beraz, elkarrizketa bidezko konponbideari" gaineratu du.

"Herri gisa erantzun behar zaio eraso honi, eta herri gisa babestu baita ere, herri honetako gazteria" azaldu du mugimenduak. "Bere gazteria babesten ez duen herriak ez baitu etorkizunik, ez bada sumisioarena, menpekotasunarena eta lotsarena" azaldu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

Euskal Herriak "marko demokratiko berria" behar duela aipatu du mugimenduak komunikatu baten bidez, eta "marko berri horrek oinarri demokratikoak behar" dituela gaineratu du.

Mobilizazioak

"Gazteria independentista aurrera! Hitza eta erabakia askatasunez" lelopean hainbat mobilizazio egingo dituzte egun osoan zehar. Amnistiaren aldeko mugimenduak manifestazioa egingo du Bilbon, arratsaldeko 19.30etan plaza zirkularretik PSEren egoitzaraino abiatuko dena.

LABek elkarretaratzeak egin ditu 11.30etan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Gazte independentistek paroak antolatu dituzte ikastetxeetan, mobilizazioak egiteko ondoren.

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.