2011ko mobilizazio handien eta ETAren ekintza armatuaren amaieraren ondoren, Bildu eta Amaiurrek lortutako hauteskunde emaitza historikoek lehen mailan jarri dute Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko borroka. Prozesu honetan, euskal preso politikoen amnistia lortzea gure herriko zati oso zabal baten helburua da. Urtarrilaren 7ko Bilboko 110.000 pertsonako manifestazio historikoa da horren adibide.
Errepresiorik ez euskal preso politikoen aurka!
Eskubide demokratikoen eta amnistiaren alde!
Politika errepresibo eta ankerra
Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aurka hartu diren neurri errepresiboen artean (garrantzitsuenetakoa Alderdien Legea da), burgesia espainiarrak eta frantziarrak, euskal burgesiaren kolaborazioarekin, inposatutako kartzela politika oinarrizko gakoetako bat izan da. Kodigo penalaren etengabeko aldaketak egin dira presoen kondenak luzatzeko eta gogortzeko, posizio independentista zuen oro “terrorismora” lotu da eta gazteria etengabe jazarri dute sententzia basatiak inposatuz. Urteetan zehar, Estatu espainiarrak defendatzen omen duen legalitate demokratikoa etengabe bortxatua izan da.
Eskubide demokratikoen aurkako eraso amaigabe honen ondorio dramatikoa izan da euskal preso politikoek eta beren senideek jasan duten tratua. Honen adibide dira orain dela 20 urte martxan jarritako dispertsio politika eta salbuespenez ezartzen zaien kartzela politika (kodigo penalarekin ere kontraesanean egonik). Estrategia honen emaitza dira kondena osoa beteta dutenak preso mantentzea, gaixotasun larriak dituztenak ez askatzea, baldintzapeko askatasuna desagertzea, behin behineko askatasuna apenas aplikatzea eta isolamendua edo presoen aurkako xantaia etengabea.
Euskal presoen oinarrizko eskubideen aurkako eraso bereziki larria da bizi arteko zigorra de facto ezartzeko neurriak indarrean jarri izana: 197/2006 sententzia, kondena luzeak beteta ere zigorra luzatzen duen dotrina gisa ezagutzen dena; erredentzioak indargabetzea; zigorraren ¾ beteta ere baldintzapeko askatasuna ukatzea eta kondena maximoa 40 urtera luzatzea edo Estatu frantziarreko espetxeetan urte mugarik gabeko kondenekin zigortzea.
Dispertsio politika
Euskal presoek jasaten duten krudelkeria etengabekoa da, isolamendua zabalduz, normalizatuz eta etengabeko leku aldaketa arbitrarioekin dispertsioa sakonduz. Beharrezkoa da aipatzea gainera, politika berezia aplikatzen zaiola Euskal Preso Politikoen Kolektiboari. Desberdintze honen oinarrian, euskal presoen jatorri politikoa eta izaera kolektiboa dago, horrela aitortzen ez bada ere. Gaur egun, ez da existitzen Europan mota honetako kartzela politikarik (Turkiako kasua kenduta).
Euskal presoen dispertsioaren estrategia 80. hamarkadaren amaieran hasi zen, eta besteak beste, Mugica Herzog PSOEko agintaria eta Joseba Azkarraga euskal burgesiaren ordezkaria (EAko idazkari nagusi ohia, EAJ-EA gobernuko Justizia sailburu ohia eta gaur egun eraikuntza enpresa bateko kontseilari delegatua) izan ziren diseinatzaileak.
Sakabanaketa politika indarrean ezarri zenetik igaro diren 20 urte hauetan, presoen aurkako jipoi eta eraso fisikoak ohikoak izan dira, bai espetxe barruan eta baita espetxez espetxeko trasladoetan. Estatu frantziarrean justizia auzitegietarako trasladoetan suertatu izan dira bereziki tratu txar hauek. Bi estatuetako espetxe funtzionario eta poliziek egindako erasoen multzoa 500dik gorako zifrara iristen da gaur egun. Eraso horien ondorioz hamarnaka euskal preso politikok jaso behar izan dute medikuen arreta.
Dispertsio politika honek eragiten duen sufrimendua ez da leunagoa presoen senideentzat. 16 senide eta lagunek galdu dute bizia orain arte bi estatuetako errepideetan, beren senide espetxeratuen bisita eskubidea bermatzen saiatzen ari ziren bitartean. Bi hamarkada hauen balantzea erabat dramatikoa da. Hil diren pertsonez gain, senide eta hurkoen 268 trafiko istripu kontabilizatu dira eta, ondorioz, ehun pertsona baino gehiago zauritu dira. Gainera, kalte material eta ekonomikoak zein arrazoi honengatik lan arloan izandako kalteak kalkula ezinak dira. Presoen komunikazio eskubidea bermatzeko senideek jasan behar duten gastua hogei urte baino gehiago dirauen odoluste ekonomikoa da. Familia bakoitzak batez beste 20.000 euro ordaintzen ditu urtean. Datu ikaragarria da.
Presoen amnistiaren aldeko borroka eta sozialismoaren aldeko borroka
Beste modu batera izan ezin den bezala, Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko borroka, hau da, sozialismoaren aldeko borroka, presoen eskubideen aldeko borrokari eta amnistiaren aldeko borrokari erabat lotuta joan behar da.
Euskal Herria Sozialista-tik Egin dezagun bidea plataformaren aldarrikapenak babesten ditugu:
· Eskubide guztiekin, Euskal Presoak Euskal Herrira!
· Kondena bete duten PRESOAK KALERA! 3/4ak bete dituzten PRESOAK KALERA! Bizi arteko dotrina indargabetu!
· Gaixotasun larriak dituzten PRESOAK KALERA!
· Isolamendu eta bakartzearekin bukatu
Beharrezkoa da hau egitea burgesia espainiarra “biktimen” sufrimendua konpondu behar dela esaten ari denean. Estatu aparatuak eta eskuinak tradizio luzea dute beren ardurak gordetzen biolentzia armatuak paper garrantzitsu bat jokatzen duen gatazka politikoak daudenean. Eurek, 1936ko uztailaren 18ko kolpe faxista antolatu eta hiru urtetan luzatu zen gerra eragin zutenek, ez dute barkamenik eskatu eta ez dute eskatuko. Eurak daude erretagoardia frankistan eta “España konkistatuan” 1939 ondoren izandako 250.000 erailketa politikoren atzean. Pikete falangisten eta erreketeen eskuetan hil ziren ehunka mila borrokalari, sindikalista eta ezkerreko militanteren exekuzioak justifikatu zituzten. Eurek erabaki zuten Gernika bezalako herri osoak desagerraraztea eta parte hartu zuten, gogotsu gainera, tribunal militarretan… eurek, ez dute barkamena eskatzeko asmorik. Klase bat osatzen dute, aberatsena, jabeena, bankari eta lur jabe handiena. Eurentzat demokrazia hitz bat besterik ez da, beren pribilegioak eta interesak bermatzen dituenean soilik “babestu” beharrekoa.
ETAren ekintza armatuen amaiera berri ona da, lehen lerroan jartzen baitira masen mobilizazioa, borroka politikoa eta antolakuntza. Baina honek ez du esan nahi iraultza sozialistaren aldeko borroka alde batetara utzi behar denik. Beharrezkoa da langileen metodoetan oinarritzea klaseko programa internazionalista batekin. Iraganetik ikasgaiak atera behar dira, eta gure ustez esperientziak erakutsi du argi eta garbi esan behar dela langile klasearen indarretan soilik izan behar dela konfiantza. Burgesia, euskal herritarra, espainiarra edo frantziarra izan, ez da izan eta sekula ez da izango gure aliatua Euskal Herriaren eskubide demokratikoen defentsan.
Bildu eta Amaiurren emaitza historikoen ondoren, beharrezkoa da kongresu espainiarreko, diputazioetako eta udaletxeetako posizioak erabiltzea presoen eskubideak defendatzeko eta horrekin batera urtarrilaren 7koa bezalako Bilboko manifestazio masiboekin jarraitzea, herri eta auzoetan hilero antolatzen diren mobilizazioekin batera. Eta Euskal Herriko biztanleria zapalduaren gehiengoa borroka honetara irabazteko, oinarrizkoa da politika ezkertiar eta sozialista defendatzea, bankaren eta monopolioen nazionalizazioa defendatuz langabeziaren aurka borrokatzeko eta lorpen sozialak defendatzeko.
Uste dugu badaudela baldintza guztiak ezker abertzaleak horrelako estrategia hain funtsezkoa eta aldi berean hain premiazkoa hartzeko. Horrelako programa batekin, Euskal Herriko langile eta gazteen gehiengoa irabaztea posible izateaz gain, aukera ezin hobea irekiko litzateke Estatu espainiarreko eta frantziarreko langile klasera heltzeko. Programa iraultzailearen defentsak eta honek izango lukeen eraginak, are gehiago gaur egungo krisi ekonomiko sakonarekin, posible egingo luke bi Estatuetako milioika langilek beren belarria jartzea euskal presoen eskubideen aldeko borrokari, eta horrela, iraganean bezala, baldintzak sortuko lirateke muga nazionalen gainetik loturak eraikitzeko eta gure herriko preso politikoen askatasunaren aldeko borroka indartzeko.
Egin dezagun bidea plataformak hasitako bidea babestuz eta kapitalismoa suntsitzeko programa iraultzailea defendatuz, langile klaseak eta gazteriak paper protagonista jokatu behar dute presoen eskubideen aldeko borrokan eta amnistia osoaren aldeko borrokan.