Badago krisi kapitalistaren alternatiba, eta hondamendia eragin duenaren desberdina den beste eredu ekonomiko bat, baina alternatiba hori ez da posible kapitalismoaren barruan. Kalitatezko enplegua sortuko duen, biztanleriaren bizi maila etengabe igoko duen eta gaur egun dauden errekurtso ekonomiko eta teknologiko ikaragarriak gehiengoaren beharrak konpontzeko erabiliko dituen ekonomia bat posible da. Baina ekonomia hori langileen kontrolpean dauden ekoizteko baliabideen planifikazioarekin eta kontrol demokratikoarekin lor daiteke soilik, hau da, ekonomia eta gizarte sozialista baten oinarriak jarrita. Orain dela 150 urte baino gehiago sozialismoaren aldeko borroka piztu zuten eta langile mugimenduari oinarri politiko bat eman zioten arrazoiek gaurkotasun osoa izaten jarraitzen dute.

Helburu honek lehen unetik txertatu zuen bere banderan zapalkuntza mota guztien aurkako borroka, zapalkuntza nazionala barne. Alternatiba sozialista defenditzeak, klasekoa eta internazionalista, Euskal Herriaren kausa defendatzea esan nahi du, bere benetako askatasun nazionala, burgesia euskal herritarrak, espainiarrak edo frantziarrak sekula bilatuko ez dutena. Ez da posible askatasun nazionaleko lehen etapa bat izatea eta sozialismoko beste bat ondoren. Euskal burgesiaren gidaritzapean, edo kapitalista den Euskal Herria independente baten markoan, aurrean ditugun arazo guztiek existitzen jarraituko lukete. Mundializatutako ekonomiaren markoan, euskal burgesiak botere ekonomikoaren eta politikoaren palankak mantentzen dituen bitartean, hau guztia erabiliko luke gu gogortasun gehiagorekin esplotatzeko eta zapaltzeko, hori izango bailuke mundu mailako merkatuan lehiatzeko aukera bakarra. Irlandako, Kroaziako, Kosovoko, Esloveniako, Timorreko eta beste hainbat lekutako adibideen esperientzia, oroigarri oso garrantzitsua dira. James Connolly irlandar iraultzaile handiak esan zuen bezala: “Bihar Ejertzito ingelesa botatzen baduzue eta bandera berdea Dublingo Gazteluan eskegi, Errepublika Sozialista antolatzeari ekiten ez badiozue behintzat zuen esfortzuak alferrikakoak izango dira. Ingalaterrak zuek menderatzen jarraituko du. Beraien kapitalisten bidez menderatuko zaituzte, lurjabe handien bidez, finantzarien bidez, herrialde honetan landatu dituzten merkataritza erakunde eta erakunde indibidualisten bidez, gure amen malkoez eta gure martirien odolez ureztaturik. Ingalaterrak porroteraino eraman arte menperatuko zaituzte, baita zuen ezpainek bere kausa traizionatu zenuten Askatasun horren santutegiari omenaldi hipokrita bat eskaintzen badiote ere (…) langileen kausa Irlandaren kausa da, eta Irlandaren kausa langileen kausa da. Ezin daitezke banatu”.  

Askatasuna lortzeko, eskaera sozialak, ekonomikoak eta politikoak, Euskal Herriko langileek eta gure herriak behar dituzten helburu demokratiko-nazionalekin elkartuko dituen programa sozialistak hau defendatu behar du: 

·         Lanpostuen defentsan eta langabeziaren aurka. 1.200 euroko langabezia sorospen mugagabea lanpostu bat aurkitu arte. Gutxituta dagoen lana banatzeko helburuarekin, 35 orduko lan astea soldata murrizketarik gabe. Gazteriari lekua uzteko eta gazteen langabeziaren aurka borrokatzeko, erretiroa 60 urterekin, errelebo kontratuekin eta ikasketa kontratuen sustapenarekin.  

 

·         Eros ahalmena mantendu. Prezio-soldaten eskala mugikorraren sarrerarekin, bizitza kostuaren igoera berdina suposatuko duen soldata igoera automatikoa. Kontrolik gabeko inflazioari aurre egiteko, 3 hilabetez behin soldaten igoerak eta berrazterketak gobernuaren, kontsumitzaile elkarteen eta komite sindikalen kontrolpean. 

·         Aldi baterakotasunaren eta prekarietatearen aurka. 15 egunetan lan finkoa lanpostu finkoetan eta finko-eteneko kontratuak aldi baterako postuetan. ETTrik ez. Lan erreformari ez. Borroka tinkoa emakumearen diskriminazioaren aurka, “lan berdinarekin, soldata berdina” Legea betearazi inolako salbuespenik gabe, eta legedi hau betetzen ez duten nagusiei isun gogorrak jarri. Lan eskubide osoak eta berdinak herritar guztientzat, bai etorkinentzat eta baita bertakoentzat ere. Horregatik, beharrezkoa da gaur egungo Atzerritarren Legea indargabetzea, asilo politikoaren alde egiten duten aldaketak sartuz. 

·         Krisian dauden enpresen nazionalizazioa lanpostuak defendatzeko. Langabezia behartuaren eta enpresa itxieren aurka tinkotasunez borrokatzeko, beren jabeek itxi dituzten fabrika eta enpresen desjabetzea kalte ordainik gabe.

·         Espekulazioaren eta iruzurraren aurka. Zerga progresibo gogorra ondasun handiei. Ogasunari iruzur egiten dioten kapitalista handien desjabetzea. 

·         Ustelkeriaren aurka. Instituzio publikoetako ordezkariek ezin dute kobratu langile kualifikatu baten soldataren bataz bestekoa baino gehiago.

·         Bankaren, sistema finantzarioaren eta enpresa handien nazionalizazioa, (kalte ordainik gabe beharrezkoa dela frogatu den kasuetan izan ezik) langileen eta beren erakundeen kontrolpean. Honi esker, ekonomiaren planifikazio demokratikoa biztanleriaren onurarako. Modu honetan, milaka milioi euro mobilizatu ahalko lituzkeen plana jarriko litzateke martxan etxebizitza publikoen eraikuntzan, ospitaleetan, ikastetxeetan eta unibertsitateetan, dauden langabetuei enplegua emateko eta behar sozialak asetzeko.   

·         Etxebizitza duina eta herritar guztientzat eskuragarria. Etxebizitza sozialen eraikuntza; herriko lurren munizipalizazioa lur merkea izateko. Eraikuntza enpresa handien nazionalizazioa langileen kontrolpe demokratikoan kudeatuak izateko. Etxebizitza herritarren eskubidea da, ez espekulatzaileentzako eta ustelentzako negozio bat. Beharrezkoa da langile familien eta langabezian daudenen zor hipotekarioen gaur egungo balioak bertan behera uztea. Balio horiek, ondoratu zen boom inmobiliarioan sortutako lurraren balio artifizialari daude lotuta. Enbarguen berehalako paralizazioa langile familien etxebizitzen eta ondasunen hipotekengatik. Langile familia bakar batek ere ez du ordaindu behar etxebizitza batengatik Familia Soldataren %10a baino gehiago. Abandonaturik dauden etxebizitzen eta higiezinen desjabetzea (urte batean okupatu gabe egon direnak edo erabilerarik ez dutenak) etxebizitzarik eta baliabiderik gabeko familiak bertan sar daitezen; eta bestela, kulturarako eta aisirako sozialki erabili ahal izan daitezen. Higiezin bakoitzaren entregatzea eta erabilera zonalde bakoitzeko eskatzaileen Batzarrak kontrolatu beharko luke. Batzar horretan Auzo Elkarteen, klaseko sindikatuen eta etxebizitza sozial bat eskatuta duten Bizilagunen ordezkariek hartu beharko lukete parte.      

 

·         Osasun publikoaren defentsa. Murrizketarik ez, kopagoari ez. %20ko igoera Osasun Publikoko aurrekontuetan, epe motzera itxaronaldi zerrendak ezabatzeko eta osasun arreta orokorra hobetzeko helburuarekin. Inbertsioen plana Ospitale publikoetan eta osasun baliabideetan. Dependentzia Legearen benetako garapena eta osasun publikora dedikatuko diren pertsonalaren lanpostuen handitzea gaixoak duintasunez zaintzeko. 

·         Hezkuntza publiko eta euskalduna. Murrizketarik ez irakaskuntza publikoan, irakasleen kaleratzerik ez. Inbertsio sakona hezkuntza publikoan. Milaka irakasleren kontratazioa Euskal Herri guztian ikasle-irakasleen ratioak jaisteko. Horrela bakarrik izango litzateke posible hezkuntza publikoak kalitatea eta formakuntza duinerako beharrezko baliabideak izatea. Hezkuntza publikoaren doakotasun osoa. Hezkuntzaren pribatizazioari ez. Hezkuntza ez da negozio bat, eskubide bat da. Hezkuntzak zientifikoa eta laikoa izan behar du: erlijioa ikasgeletatik kanpora. Hezkuntza proiektu benetan demokratikoa. Ikasleentzat eskubide osoak. Doako unibertsitate publiko eta euskalduna. Bologna planari ez. Unibertsitatean sarrera eta iraunkortasuna pribatizatu eta elitizatu nahi dituen edozein plani ezezkoa. Langile familia guztientzat behar beste beka. Enpresa handiak eta bankuak unibertsitatean sartzeari ez. Etekinak eta negozioa bilatzen dituzten elizaren eta enpresa pribatuen eskuetan dauden zentro kontzertatuentzat finantziazio publikorik ez. Hauek guztiak sare publikoan sartzearen alde.     

·         Euskararen defentsa. EAEko hizkuntza ereduen eta Nafarroako Baskuentzearen Legearen desagerpena. Gizarteko gehiengora euskara heltzeko eta bere erabilera sozialki zabaltzeko modu bakarra, Euskal Herriko hezkuntza publikoko hizkuntza eramailea euskara izatea da, gizarteko sektore guztiek, zapalduenek barne, aukera izango bailukete eredu honetan sartzeko. Hau posible izateko beharrezkoa da baliabideak izatea, baliabide asko, hain justu urte askotan zehar EAJk, EAk (Hezkuntza Sailburuaren karguan urteetan egin bezala), PSEk, PPk eta UPNk egindakoaren aurkakoa. Ikastolen defentsa mugimendu sozial masiboaren bitartez. Beste modu batera existituko ez ziren proiektu asko finantzatu dira, herri honek bere hizkuntza defendatzeko duen helburu sozialak erakusten duten bezala. Baina gure ikastola asko egoera ekonomiko kritiko batean aurkitzen dira. Beste zentro kontzertatu batzuk bezala diru publikoa jasotzen duten arren, zerbitzu publikoen murrizketek arriskuan jartzen eta jarriko dute hauetako askoren biziraupena. Horregatik, ikastolak defendatzeko modu onena hauek sektore publikoan sartzea da, eta bitartean hauentzako errekurtsoen handitze erradikala defendatu behar da. Ikastolak sare publikoan sartuta, hauetako irakasleen eta langileen lan baldintzak ere hobetu egingo lirateke.            

·         Lege antidemokratiko guztien, Alderdien Legearen eta kodigo penala gogortzeko balio izan duen legediaren baliogabetzea. Sorturen legalizazioa. Euskal preso politikoen berehalako gerturatzea eta dispertsio politikaren amaiera. Amnistia euskal preso politikoentzat. Euskal Herriaren zapalkuntza nazionalari ez. Euskal Herriaren eta nazionalitate historikoen autodeterminazioa eskubidea. Europako Federazio Sozialista.   

Klaseko sindikalgintza borrokalaria eta demokratikoa

             

Euskal langileok sufritzen ari garen egoera honen guztiaren aurrean, oinarrizko defentsa bat eraiki behar dute klaseko sindikatuek, enpleguaren suntsiketaren eta soldaten erorketaren aurka, eta langabetuen babeserako berme baten alde. Baina krisiaren sakontasuna eta bere izaera internazionala erakusten ari da fabrikaz fabrikako borrokak muga asko dituela eta ez dela gai patronalaren erasoaldia geratzeko. Era berean, maila sozialeko eraso guztiak geratzeko, sektorekako mobilizazioekin ere (hezkuntzan, osasunean, etab.) ez da nahikoa. Horregatik, beharrezkoa da gatazkan dauden fabriken borroka bateratua bultzatzea eta langile klase osoaren, gazteriaren eta langabetuen erantzuna antolatzea, modu bateratuan, masiboan, eraginkorrean eta denboran jarraipena emanez.  

Hori lortzeko, beharrezkoa da langile klasearen mobilizazioan eta klase dominatzailearen interesekin ezinbestean gatazkan sartuko den programa aldarrikatzaile batean oinarritutako politika sindikala defendatzea. Gaur egungo egoeran, klaseko sindikalgintzak perspektiba sozialista bat behar du, kapitalaren logikaren aurrean amore ez emateko eta sistemaren laguntzaile ez bihurtzeko. Inoiz baino gehiago, langile klase osoaren mobilizazio bateratuan oinarritutako sindikalgintza borrokalaria, klasekoa eta demokratikoa behar du langile klaseak, patronalaren eta gobernuen erasoaldia geratzeko. Euskal gehiengo sindikalak 2009ko maiatzaren 21ean deitutako greba orokorretik hasita, langile klaseak frogatu du bere borrokarako borondatea mobilizazio eraginkorretara deitu izan dutenean. Horregatik, beharrezkoa da agintari sindikalek jarraipena ematea aplikatzen ari diren kontraerreformen aurkako borrokari. Etengabeko borroka, denboran luzatuko dena, eta gero eta eraginkorragoa izango dena behar ditugu, borroka gaitasun guztia benetako errebolta sozial bihurtzeko eta gizartea eraldatzeko nahikoa indar mobilizatzeko.

Aurrean ditugun oinarrizko arazoen arduraduna kapitalismoa bera dela ulertuz jaio zen klaseko sindikalgintza langileen interesen zerbitzura. Arrazoi horrengatik, langile klasearen berehalako aldarrikapenen aldeko borroka gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokaren zati bezala hartu zen. Sindikalgintza benetan klasekoa da langileen kontzientziaren, antolakuntzaren, batasunaren eta borrokaren maila igotzen laguntzen duenean, langileen zatiketaren eta desmobilizazioaren aurka. Hau da langileen erakundeetan berreskuratu eta bultzatu behar dugun programa; marxismo iraultzailearen ideiekin hornitutako sindikalgintza behar dugu, burgesiagatiko independentea den sindikalgintza. Langileekin etengabe harremanean egongo den eta batzar demokratikoen bitartez beren partehartzea bultzatuko duen sindikalgintza.       

Garbi dago langile familien aldeko programa hau ez dutela onez aplikatuko enpresariek eta burgesiak. Borrokarekin eta masa mobilizazioarekin bakarrik lortuko dugu eskaera hauen zati handi bat eskuratzea. Aldarrikapen horiek eraginkorrak izateko eta praktikan jartzeko beharrezkoa da langileen gobernu bat, bere oinarri sozialaren aurrean benetan erantzungo duena, klaseko sindikatuen eta erakunde aurrerakoien babesarekin. Ezinbestekoa da, sindikatuek jendea greba eta manifestazio handietan parte hartzera deitzearekin batera, herrietan eta hirietako auzoetan, fabriketan, enpresetan, ospitaleetan, ikastetxeetan, etab., batzar publikoak bultzatzea gertatzen ari dena eta nola borrokatu eztabaidatzeko. Langabetuek, etxe-kaleratzeen arriskuan dauden pertsonek, langile prekarioek, etab., beren adierazpenak egiteko tokia izango duten batzarrak behar dira, kaleko erantzun bakoitza hobeto antolatzeko. 

Sozialismoa da Euskal Herriaren askatasuna lortzeko bidea

Euskal Herriko herrien eta hirien kopuru handi bat ezker abertzaleak gobernatuta daudela aprobetxatu behar dugu. Posizio instituzional horiek erraztu egin behar digute langileak eta gazteak gehiago eta hobeto antolatzea, zapalkuntza sozialaren eta nazionalaren aurkako borroka indartuz. Gure indarra eurena baino askoz handiago da. Horrela soilik lor dezakegu kapitalisten helburuak betetzea saihestea. Gainera, hau da bide bakarra benetako aldaketa sozialak lortu ahal izateko.

Programa honekin eta gizarteko sektore zapaldu guztien antolakuntza demokratikoarekin hasiko ginateke gizarte sozialista eraikitzen: ez funtzionario eta burokrata usteletan oinarrituta, biztanleriaren kontrol eta kudeaketa zuzenean oinarrituta baizik ekonomiako, kulturako eta gizarteko aspektu guztietan. Posible izango litzateke biztanleriaren parte hartzean eta kontrolean oinarritutako demokrazia lan zentroetako, herrietako eta auzoetako Komiteen eta batzarren bitartez, eta Euskal Herri osoan herri, herrialde eta nazional mailan koordinatuta. Oinarrizkoa izango litzateke edozein ordezkari edo funtzionario biztanleriak edozein unetan aukeratua eta baliogabetua izatea eta langile kualifikatu baten bataz besteko soldata baino handiagoa den soldatarik ez kobratzea inolaz ere. Gizarte sozialistan, administrazio eta kudeaketa eginkizunak ez lirateke izango herritik banatuta dauden “espezialistentzat” esklusiboki, biztanleria osoaren zeregina izango lirateke.     

Sozialismoa, internazionala da edo ez da ezer. Horregatik, beharrezkoa da borroka metodo hauek Europako nazio eta estatuetako langileengana zabaltzea, Estatu espainiarretik eta frantziarretik hasi eta gainerakoetatik jarraituta. Internazionalismoa ez da ideia on bat bakarrik, krisi kapitalistatik defendatzeko nahitaezkoa baizik. Kapital handiaren EBren aurrean, Europako Federazio Sozialistaren alde egiten dugu Mundu Mailako Konfederazio Sozialistarako lehen pauso bezala. Horri esker, planetako herri guztien arteko berdintasuna, kolaborazioa eta elkarrekiko babesa lortuko lirateke, gaur egun aurrean dugun amesgaiztoa gaindituz.   

Helburu hauen aldeko borrokan, biztanleriaren gehiengoaren partehartze aktibo eta demokratikoarekin, benetako gizarte demokratiko baterantz joateko baldintzetan egongo ginateke. Biziraupenagatiko eguneroko borrokatik askatuta, ekoizteko baliabideak gizartearen gehiengoaren kontrolpean jarrita, mendeetan jasandako zapalkuntza nazionaletik eta errepresiotik askatuta, langileok eta gure familiek aukera izango genuke gizarteko erabaki politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaletan kontzienteki parte hartzeko, gizakia ekonomiaren oinarrian jarriz, eta ekonomia gizateriaren zerbitzura. Gizakiaren sormen guztia erabiliko lukeen alternatiba horren izena sozialismoa da, eta bera da Euskal Herriaren askatasuna eraginkor egin dezakeena.