Beharrezkoa da borrokak elkartzea eta gorantz joango den mobilizazio egutegi bat antolatzea

Langileon aurkako erasoak gero eta gehiago ari dira gogortzen krisiaren aitzakiarekin eta Europar Batasunak bankak erreskatatzeko prestatutako beste 100.000 milioi eurorekin. Gainera, euskal patronala lan erreformak erabiltzen ari da langile klasearen konkistak deuseztatzeko. Honen guztiaren aurrean lehenago irabazitako eskubideak mantentzeko eta gizartea eraldatzeko langile klaseak erantzun bateratua eta sendoa eman beharra dauka.  

Euskal esportazioak indartsu hazi dira krisia hasi zenetik, errekor historikoa lortzeraino, 21.077 milioi euro 2011 urtean; urteko %20eko hazkuntzarekin. Lau mila milioi euroko superabit komertziala lortu du, eta ia zortzi mila milioikoa produktu energetikoak kontuan hartu gabe. Honen bidez ikusi da kanpo sektorea aurreko krisialdian baino solidoagoa dela. 1995 urtean 6.217 milioi euro esportatzen ziren, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %22. Eta 2011an BPGaren %32raino iritsi zen.

EAEk berak ekoiztutako ondasunen %21a kontsumitzen du, estatu espainiarrean %45 saltzen du eta estatutik kanpora %34 (%21 EBn, %4 OCDEko beste herrialde batzuetan eta %9 munduko gainerako herrialdeetan). Esportazioen zatirik handiena, eta beraz diru sarrera nagusia, ez da euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko erabili. Euskal patente berrien kopurua jaitsi egin da, batez ere maila altuko teknologian. 2009 urtean patenteak Euskal Herrian %48,2 jaitsi ziren aurreko urtearekin alderatuz, eta urte horretakoak %9,4 aurrekoekin alderatuz.

Salmenta guztien baitan, aipatu ditugun esportazioen ehunekoak, Iberdrola, CAF, Fagor, Gamesa, Tubacex, Tubos Reunidos, Cie, Petronor, Vidrala, Viscofan, Ulma, Celsa Atlantic, Michelin, Mercedes eta beste hainbat enpresatako langileen bizkar lortu dute. Baina zifra horiek ez dute saihestu euskal langile klaseak geroz eta prezio altuagoa ordain dezan krisiaren aitzakiarekin.

Produktibitatea eta lehiakortasuna handitzea, beraz, ez da irabazi enpresarialak gutxituz edota inbertsio handiagoak eta berrikuntzak eginez lortzen, langile klasearen gainesplotazio handiago baten ondorioz baizik, kaleratze eta enpresa itxieren mehatxupean.

Langile klasearen bizkar irabaziak pilatzen

INEren arabera, 20 urtetan zehar, langile euskal herritarren eskuetan zegoen aberastasuna BPGren %67 izatetik %46a izatera pasa da. %20ko galera baino gehiago, aberastasunaren herena zuzenean lanaren errentetatik kapitalaren errentetara pasa da. Horrekin, batetik gizartearen %1,6ak aberastasunaren %44a pilatzea lortu du, eta bestetik lan prekarietatea handitu eta Hego Euskal Herriko langabetuak 200.000 milatik gora izatea ekarri du. Ondorioz, eros ahalmena gutxitu eta gizarteko gero eta sektore gehiago pobreziara bultzatzen dira. Inflazioak ere Euskal Herrian gorantz egin du: azken urtean Araban eta Bizkaian %3,1 hazi da, %3 Gipuzkoan, % 2,5 Iparraldean eta %3,2 Nafarroan. Bizimodua garestitzea etengabekoa izan da Euskal Herrian  azken urte hauetan. Langile klasearen bizkar poltsikoak betetzeak ez dauka inongo zerikusirik krisiari irtenbidea bilatzearekin. Aitzitik, langile klasearen eros ahalmena deuseztatzeak, langabezia masiboak, EEEek, etab. ekonomia ahultzen dute eta atzeraldi ekonomikoa are sakonagoa egiten dute.

Langileen %80 hitzarmen kolektiborik gabe

Lan Erlazioen Kontseiluak otsailean emandako datuen arabera, euskal langileen %20ak soilik dauka lan hitzarmena indarrean. 128.231 langile dira, eta gehienek aurreko urteetako hitzarmena daukate indarrean. Horietatik 8.524k sinatu dute aurten beraien lan baldintzen ituna; bitartean, beste 465.896 langile hitzarmenak amaituta eta berritu gabe daude.

771 hitzarmen daude adosteko, 184 sektoreetakoak eta 587 enpresetakoak. Sektoreko hitzarmenek 393.342 pertsonei eragiten diete, eta enpresetakoak 72.554i. EEEei dagokienez, otsailean ere ugaritu egin ziren laugarren hilabetez jarraian: %85,4 gehiago eta kaltetutako langileak % 70,5 gehiago dira. Urtean zehar 376 espediente baino gehiago izan dira, eta 6.213 kaltetu baino gehiago daude. Sindikatuek salatzen dutenez, euskal patronala “eroso dago lan erreformarekin” eta gobernuek hartzen dituzten neurriekin. Nafarroan Lan Erreformak aurten 100.000 langile utzi ditu hitzarmenik gabe, horietatik 25.000 Administrazio publikokoak dira, eta EEEek 12.135 langile baino gehiago kaltetu dituzte. 33 hitzarmen sektorial eta 91 enpresa hitzarmen airean daude, horietako batzuk 2008tik. Zerrenda luze honetako batzuk dira Inasa, Gamesa edota Eulen.  

EEEak: soldatak jaitsi eta lanaldia handitzeko xantaia

Euskal Herriko langabezi tasa %14,1ekoa zen 2012ko lehen hiruhilekoan EPAren arabera. Langabezia bere maila altuenetara iritsi da; 2008az geroztik haziz joan da eta 200.000 langabetu baino gehiago daude. Egoera honetan, euskal patronala langabeziaren gorakada ari da erabiltzen hamarkadetan zehar langile klaseak borrokaren bidez lortutako lan baldintzekin bukatzeko. Celsa Atlantic Taldeko Laminaciones Arregui-k Urbinan eta Gasteizen dituen fabriketan maiatzaren 21etik greba mugagabean daude bi fabriketako 352 lanpostu suntsitzea (eta inguruan izango duen eragina) ekarriko duen EEEaren aurka. Xantaia patronalaren aurka ari dira borrokan. Lehenago 91 kaleratze, soldata %20 murriztea, jardunaldia %10 flexibilizatzea hiru urtetan metagarria izateko eta beste hainbat neurri eskatu ziren, nahiz eta 2009tik hitzarmenik gabe egon. CELSA-ko murrizketa plan hau Alderdi Popularraren Gobernuak onartutako Lan Erreformaren ondorioa da, parlamentutik pasa ostean gogortutakoa. Patronalak fabrikaz fabrika antzerako murrizketak bultzatu nahi ditu. CELSA-k proposatu duena lortzen badu, beste hainbat enpresek bere bidea jarraituko dute: lantoki txikietatik hasi eta Michelin eta  Mercedes bezalako fabrika handietara, azken hauetan dagoeneko hasi dira iragartzen produkzio murrizketak eta EEEak. Bertta Benelly-n ere berdina ari da gertatzen. Greba mugagabean daude 23 lankideren kaleratzeengatik. Patronala Lan Erreforma ari da erabiltzen langileen %35 dohain kaleratzeko, harrokeria osoarekin gainera, bertako langileek salatu duten bezala. Fabrika ixtea planteatzen badute fabrika okupatzea pentsatu behar da; era berean, desjabetzea eta nazionalizazioa ere eskatu behar da, langileen kontrolpean eta inongo kalte-ordainik gabe.

Beraiek Lan Erreforma badute, guk erasoen aurrean batuta egoteko indarra daukagu

 

Bilboko Metroko langileen garaipenak erakusten du hilabeteetako presioaren ondoren borrokak balio duela, baita Tubos Reunidos-en izandako garaipenak ere; izan ere, lehen pauso bezala erreformari muga ipintzea lortu dute. Hala ere, eraso eta murrizketa hauen guztien aurka enpresaz enpresa borroka egitea eta irabaztea ez da posible, salbuespen bat edo beste egon arren. Beharrezkoak da dauden borrokak batzea eta zabaltzea. Orain inoiz baino gehiago, erasoak geldiarazteko langile mugimenduaren eta gazteriaren borroka bateratu eta kontzientea ezinbestekoak dira.

Martxoaren 29ko greba oso arrakastatsua izan zen. Sindikatu guztiek egun berdinean antolatu zutenez, praktikan ekintza batasuna lortu zen eta langile klase osoaren babesa lortu zuen. Garak idatzi bezala: “La respuesta a la jornada de huelga del 29 M alcanzó unas cifras no registradas en las ultimas decadas”. Langile klasea bere indarra erakusten ari da. Indartsuak gara baina batasun, antolakuntza eta alternatiba argi bat behar ditugu atzerakada berriak saihesteko eta aurrerantz joateko. Batasuna eta klaseko sindikalgintza borrokalari eta iraultzailea behar ditugu. M29ko arrakastaren ondoren 48 orduko greba orokor bat bultzatu behar dugu, eta gorantz joango den borroka egutegi bat, lan erreformarekin amaitzeko eta kendu nahi dizkiguten langile mugimenduak lortutako garaipenak babesteko.