Presoak gerturatzearen aldeko, errefuxiatuen itzulera eskatzeko eta, batez ere, errepresioaren amaiera aldarrikatzeko mobilizazioak oso garrantzitsuak izaten ari dira. Azaroaren 10ean Baionan 15.000 pertsona baino gehiago bildu ziren preso eta errefuxiatuen eskubideen alde, dispertsioarekin amaitzea, Parot doktrina baliogabetzea, gaixotasun larriak dituzten presoak eta beren kondenaren bi herenak beteak dituztenak askatzea exijitzeko. Baionako manifestazioak Estatu frantziarreko gizartearen zati handi baten babesa ere jaso zuen, eta PSFko hainbat ordezkarik mobilizazio hau babestu izana da honen erakusle.
PPren gobernuak, mobilizazioei jaramonik egin gabe, mendekuzko politikarekin jarraitzen du, frankismoak irabazle eta garaituen politikarekin egin zuen bezala. Ezin ahaztu dezakegu gerra ostean 50.000 pertsona baino gehiago exekutatu zituztela (historiagile batzuen arabera 90.000 izan litezke), errefuxiatuak 450.000 baino gehiago, gerra kontseiluak 100.000tik gora izan ziren eta preso politikoak 200.000 baino gehiago; hauetako asko gainera, enpresari handiek, baita Euskal Herrikoek ere, eskulan esklabu gisa erabili zituzten.
Orain, bere garaian euren eta euren oinordekoen inpunitatea ziurtatu zuten politikari neofrankista berberak dira euskal gatazka politikoarekin amaitu nahi ez dutenak. Aitzitik, gatazka hauspotzen jarraitzen dute; horrela, ETA eta ezker abertzalearen aurka onartutako lege errepresiboak edozein protesta sozialen aurka erabili ahalko dituzte, eta une oro ezker abertzalearen ilegalizazio mehatxuarekin jarraituko dute.
Errepresioak bere horretan darrai
PPren gobernuak, besteak beste frantziar eta britainiar gobernuen kolaborazioarekin, iheslarien aurkako jazarpena aregotu du su etenaz geroztik. Honen adibide dira, esaterako, Kemen Urangaren extradizio eskaera Londresen eta Aurore Martinen atxiloketa.
Euskal Herria Sozialistatik gatazka gaiztotzeko egiten ari diren saiakera hauek guztiak salatu nahi ditugu. Besteak beste: Aurore Martinen atxiloketa bizitza politikoan aktiboki parte hartzeagatik; Arnaldo Otegiri ezarritako zigorra kartzelatik komunikatu bat bidaltzeagatik; Maialen Zuazoren inkomunikazioa; gaixotasun oso larriak dituzten 13 presoei* eta kondenaren bi heren eta hiru laurden bete dituzten presoei askatasuna ukatzea; dispertsioa mantentzea; Parot doktrina aplikatzea 65 presori (eta beste 20 ere gartzelara itzul daitezke aplikatuko balitzaie); Arrasaten egin zioten omenaldiagatik Iosu Uribetxebarria berriz gartzelaratzea planteatzen duen AVTren proposamena.
Gallardon justizia ministroaren babesarekin, AVT ultraerreakzionarioak egoera tentsatzen jarraitzen du. Ezin dela barkatu esan eta ahalik eta neurri gogorrenak aplikatzeko eskatzen du. “Nanklares bidea” hartutako ETAko kideek justiziarekin kolaboratu behar luketela ere exijitzen du. Ez dute gauza bera esaten gerra zibileko genozidioko eta frankismo garaiko krimenez. Kasu horretan, ahaztu egin behar dela diote. Gainera, edozein preso kaleratzearen aurrean ere, beraiei entzutea nahi dute eta “Bolinagaren antzeko kasuetan aldaketa legalen bat egin, biktimek erabaki judizialetan parte hartu ahal izateko”. Gallardonen esanetan, AVTk ordezkatzen dituen biktimek, “ez dute denbora baino lehen ETAko kideak espetxetik aterako direnaren beldurrik izan behar”. Hau da, ahal duten guztiei Parot doktrina ezartzea pentsatua dute, eta margenik izanez gero, bizi osorako kartzela zigorra betearaztea da euren asmoa. Izan ere, zigor-kodea gogortzeak bizi osoko zigor errebisablea proposatzen du terrorismo kondenak dituztenentzat. Gobernu espainiarrak egiten duen “eskaintza” bakarra, preso bakoitzak, bergizarteratze eskaerak indibidualki egitea da –Nanklares bidea deiturikoa, alegia–. Ez du neurri kolektiborik planteatzen. Baina argi dago, egungo gobernu erreakzionarioak ez diela presoei irteera duinik emango. Preso bakar bat eskubiderik gabe gera ez dadin, irtenbideak modu kolektiboan etorri behar du. Horregatik izan behar du indartsu presoen eskubideen aldeko mobilizazio eta borrokak. Etxe-kaleratzeen aurkako borrokak erakusten duen bezala, antolakuntza, salaketa eta kale-mobilizazioak dira langile klaseak gure eskubide sozial eta demokratikoak lortzeko dugun tresna.
Batere konfiantzarik ez EAJrengan
Baina zein da euskal burgesiak, eta honen ordezkari den EAJk, presoen alorrean jokatzen duten papera? Hipokrita gorenena: Andoni Ortuzarren esanetan, bere alderdiak “ez ditu atxiloketak zalantzan jartzen”, baina aurrerapausoak alor horretan soilik gertatzea deitoratzen omen du. Ortuzarren arabera badira erantzun baten zain dauden preso kritikoak –Nanklares bidea hartu dutenengatik dio– eta beste batzuk, gaixotasun larriren bat dutelako, askatasunaren ateak ireki beharko litzaizkiekenak, beti ere legea behartu gabe. “Horrekin bai, bagara kritikoak gobernuarekin” esanaz amaitu zuen.
EAJk duen indar politikoarekin, presoen eskubideei onurak ekarriko dituela sinestarazteko ilusio faltsuz beteriko hitzak dira dudarik gabe. Tamalez, adierazpen hauekin antolakuntza eta mobilizazio zabalak saihestea bilatzen dute, horrela gure indarrean konfidantza izatea ere saihestuz. Auzi hau euren eta ongi ordaindutako adituen esku uztea nahi dute. Baina beraien eskuetan egon da urte askotan, eta auzia konpondu beharrean EAJ arazoaren parte izan da, ahal izan duten guztietan ertzaintzaren errepresioa erabili baitute presoen aldeko mobilizazioetan.
Biolentziaren inguruan eskuinak, euskal herritarra edo espainiarra izan, duen jarrera, hipokrita izan ohi da: indarkeria guztiak berdindu ohi ditu hauen nondik norakoak kontuan hartu gabe: honen adibide ditugu greba orokorretako karga polizialak eta piketeetan parte hartzeagatik egindako atxiloketa guztiak. Modu hipokrita berean jokatzen dute elkarrizketa eta akordio hitzak erabiltzerakoan ere: beraientzat hitz hauek adierazten dutena nahi duten guztia esan ahal izatea da, gero ez betetzeko; nahi duten atxiloketa guztiak egin ahal izatea, eta presoak, errefuxiatuak eta dispertsioa mantentzearen bidez, familien sufrimendua handitzeko lege berriak egitea; besterik ez dute adierazten. Horrelakoa da klase dominatzailea, eta horregatik ezin dugu beraiengan inolako konfiantzarik eduki.
Honen aurrean, langileon mobilizazioak gorantz doaz, eta langile klaseak sistema ekonomiko eta soziala aldatzeko dugun indar eta prestutasunaren adierazle dugu hau. 2009ko maiatzaren 29a geroztik egin diren grebak ere honen adibide dira. Horregatik, beharrezkoa da langile borroka hauetan presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak egitea, Alderdien Legea bezalako lege errepresiboak bertan behera uzteko eskatzea, Parot doktrina eta lege eta tribunal bereziak, hauen artean Audientzia Nazionala, ezabatzea exijitzea. Eskubide demokratiko-nazionalen konkista, frankismotik datorren estatu aparatua suntsituta etorriko da; honek lehengo torturatzaile eta faxista berak mantentzen baititu boterean. Baina honelako borroka bat, gizartea aldatuko duen iraultza sozialistatik baino ez da etorriko. Gure indar guztiak helburu horri lotuaz lortuko gizartea eraldatzea eta horrela preso politiko guztiak eta beraien familiak, benetan aske izan ahalko dira.
________________________
* Etxeraten zerrendaren arabera, 13 preso hauek dira: Txus Martin, trastornu eskizo-afektiboarekin; Iñaki Erro eta Josetxo Arizkuren, biak kardiopatia iskemiko larriarekin; Isidro Garalde, kardiotia iskemiko eta miokardio infartu akutuarekin; Jose Ramon Lopez de Abetxuko, brakikardia sintomatiko eta prostatako adenomarekin; Gotzone Lopez de Luzuriaga, bularreko minbiziarekin; Jose Angel Biguri, prostatako minbiziarekin; Inma Berriozabal, diabetesa, asma bronkiala eta artropatia soriasikoarekin; Gari Arruarte, espondilitis ankilosatuarekin; Iñaki Etxeberria, glaukoma bilateralarekin; Jesus Mari Mendinueta, espondilitis ankilosatuar eta bizkarrezurreko diskopatiekin; Aitzol Gogorza, trastornu obsesibo-konpultsiboarekin; eta Jose Migel Etxeandia, trastorno obsesibo-konpultsibo eta, C hepatatisarekin