Uztailaren 7an urte bete edo gehiago gaindituta zeuden hitzarmenak bukatzen ziren eta neurri horrek Euskal Herriko 300.000 langile baino gehiagori eragiten zien. UGT eta CCOOeko zuzendariek bi proposamen egin zizkien CEOEri apirilaren 5ean: 1) Hitzarmen horiek 2014ko uztailaren 7ra arte luzatzea negoziatzeko denbora gehiago izateko eta 2) Akordiorik gabe geldituko liratekeen hitzarmenetan arbitrajea onartzea.
Patronalaren erantzuna 6 hilabetez luzatuko zutela izan zen, eta Toni Ferrer UGTko Ekintza Sindikaleko arduradunak gutxiegi zela adierazi zuen. Hala ere, nahiz eta CEOEk urtebeteko luzapena onartu, horrek funtsezko aldaketarik ekarriko al zukeen? Ez noski. Oinarrian egoera berdina izango litzateke eta hitzarmena desagertzearen arriskuak berdin jarraituko luke, epea iritsi baino lehen beherantz negoziatzera baldintzatuz, eta horrela hitzarmen kolektiboarekin hamarkadetan lortu diren hainbat eskubide galdu egingo dira.
Bestalde, arbitrajea onartzea akats larria da. Langileok ezin ditugu inolaz ere gure lan baldintzak “aditu inpartzial” bezala mozorrotuta dauden teknokrata batzuen esku utzi. Gainera, laudo arbitral frankisten aurkako borroka puntu garrantzitsu bat izan zen askatasun sindikalaren aldeko borrokan.
Negoziazioa bai, baina presioarekin
Beste behin ere, badirudi gaur egungo UGT eta CCOOeko agintariek ahaztu egin dutela nola lortu ziren gaur egun arriskuan dauden eskubideak. Gainera, mobilizazioak egonagatik Mahai Negoziatzailean gehiengoa duten tokietan aurre-akordioak sinatzen dituzte, eta bertan galtzen diren eskubideak oso zailak izango dira berriz ere berreskuratzea. Argi eta garbi ikusten da Nafarroako metaleko eta metalaren merkataritzako hitzarmenetan. Azken honi dagokionez, LABek azaltzen zuen bezala: “UGTk eta CCOOek atzerakadak sinatu dituzte, %5eko malgutasuna lehen ez egon arren, eta antzinatasun sistema berri eta okerragoa”. LABen iritziz, “UGT eta CCOOek ez dute behar adina indar egin hau aurrera ateratzeko, anbizioa eta borrokan eustea falta izan zaie eta beherantz sinatu dute borrokan ez jarraitzeko”. Gainera LABek ere ez du onartu “ELAk izan duen jarrera arduragabea, herrialdeko hitzarmenaren aldeko apusturik ez eginez eta bere militantzia desaktibatuz”.
Euskal Herrian hitzarmen asko daude egoera honetan. Langile batzuei estatu mailako hitzarmenak eragiten die eta gehiengoari hitzarmen sektorial probintzialak. Araba Borrokaneko bozeramaileek emandako datuen arabera, Araban 14 hitzarmen sektorial eta 101 enpresa hitzarmen daude berritzeko zain eta horietako batzuk duela hainbat hilabete gainditu ziren. “Oso larria da gauden egoera. 44.136 langile kalteturik, horrek zera suposatuko luke, Gizarte Segurantzan erregistraturik dauden %33ak azken urteetako negoziaketetan lortutako eskubideak galduko lituzketela eta Langileen Estatutuak eskaintzen dituen gutxiengo baldintzetara itzuliko direla datorren uztailaren 7an” ziurtatu zuen Ruben Egiak, plataformako bozeramaileak.
EAEn 300.000 pertsona baino gehiago daude 5 langilera bitarteko enpresetan lan egiten dutenak eta inolako babes gabe geldituko liratekeenak. Enpresa txikietan lan egiteak, gehienak 10 langile baino gutxiagokoak dira, ordezkari sindikalik ezin edukitzera behartzen ditu. Orain arte hitzarmen sektorialak beraien lan baldintza eta soldatentzat oinarri eta euskarri baziren, horrek existitzeari utziko dio.
Gipuzkoako metaleko greba
Maiatzaren 24ko Gipuzkoako metalgintzako grebak, Araba Borrokanek ekainaren 15ean Gasteizen eginiko manifestazioak, Nafarroako metaleko merkataritzako sektoreko langileek emandako erantzun jendetsuak, etab. garbi erakusten dute langileak borrokarako prest daudela zerbait serioa eta bateratua ikusten badute. Ekainaren 17,19 eta 21eko metalgintzako grebek ere jarraipen garrantzitsua izan zuten (ELAko zuzendaritza LABek, CCOOk eta UGTk egindako deialdi honetatik bereizi zen greba 17tik 21era enpresa hitzarmena ez zegoen lantokietan bakarrik deitu baitzuen); ez soilik kaltetuenak, Gipuzkoako metaleko borrokek erakutsi duten bezala hitzarmen propioa duten CAF, Gamesa, Talleres Bost, Jaso eta TS Fundiciones bezalako enpresetako, besteak beste, langile askok beraien jarduna eten zuten bateratuta indar gehiago egiteko. Hitzarmen propioa duten enpresetako LABeko delegatuek 3 eguneko grebari babesa emateko egin zuten komunikatua argia izan zen: “Hitzarmen sektorial blindatua nahi dugu, aberastasuna banatuko duena. Hori lortzeko Adegiren asmoei aurre egin behar diegu. Eta gure indar guztiekin egingo dugu. 24an egin genuen eta datorren astean ere egingo dugu. Zatiketak Adegiri egiten dio mesede, zatiketak langile klasea ahultzen du; baina gure erantzuna bateratua bada sendoagoa izango da, horrela soilik lortuko ditugu gure helburuak”. Horregatik akatsa izan zen ELAko zuzendaritzak, hitzarmenaren negoziazioa eta lan erreformaren blokeoa enpresaz enpresa defendatzea bultzatzea.
Zatiketa sindikala deialdi eta mobilizazio ezberdinetan nabaritu zen, eta ez zien batere mesederik egiten langileei, beste hainbat arrazoiren artean indar sentsazioa asko murrizten delako. Sindikatuen arabera, maiatzaren 24ko grebaren jarraipena %80koa izan zen, eta patronalak desorekatua izan zela esan zuen. Ekainaren 17 eta 21 bitartean, grebaren aurrean patronala ausartu zen esatera langileen gehiengoak grebari bizkarra eman ziola eta enpresa txiki eta ertainetan eragina minimoa izan zela.
Langileen batasunaren alde
Langileen batasuna haustea zuzendaritza sindikal batek egin dezakeen akatsik larriena da; are gehiago enpresaz enpresako negoziaketa eskatzen duten ELAko agintariek zera onartzen dutenean: “Erreformak hitzarmen kolektiboaren oinarrizko edukiak (soldatak, jardunaldia…) ideia batekin eraman ditu enpresetara; bertan ahultasun sindikalak patronalari lan baldintzak aldebakarrez ezar ditzan. Enpresariek nahi duten soldata jaitsiera errazago saihestuko da enpresetan antolakuntza sindikala badago”.
Badugu indarra erasoak saihesteko. Helburu berdin baten alde era bateratuan borroka egiteak ematen digu indarra. Horregatik, oinarrizkoak dira ekintza sindikalaren batasuna eta mobilizazioak ahal den bateratuenak izatea. Bide honetan oso positiboa izan zen LABek ELA, CCOO eta UGTri ekainaren 28rako kaltetutako sektoreetan greba egiteko deialdia egitea. Bidea hau dela uste dugu eta honen alde egingo dugu.