Krisia lehertu zenetik, hezkuntza publikoak etengabe jasan ditu murrizketak eta langileen prekarietatea hazi da, eta honek nabarmen eragiten du hezkuntzaren kalitatean. Testuinguru horretan, unibertsitatea ez da kanpoan geratu. Urte askotan hitz egin izan da unibertsitateko langileen pribilegioez eta soldata altuaz. Krisiak, ordea, agerian utzi du gezur hori eta unibertsitatean bizi den prekarietatea eta lan ezegonkortasuna erakutsi du. 2010az geroztik, autonomia erkidegoek %27 murriztu dute inbertsioa eta tasak %31 igo dituzte. Estatu espainiarra da Europa osoan unibertsitateetan gutxien inbertitzen duen seigarren herrialdea.

Iazko abenduan LAB sindikatuak salatu zuenez, Eusko Jaurlaritzak 2019rako prestatutako aurrekontuetan, unibertsitateetarako inbertsioa 2010ean baino %7,98 gutxiago zen, nahiz eta azken urteetako aurrekontuekin alderatuta zertxobait igo den. Eusko Jaurlaritzak PBGaren %0,56eko huskeria eskaintzen die unibertsitateei (pribatuak barne), baina estatu espainiarrean %1,08 da, EBn %1,5 eta ELGAko herrialdeetan %1,6. Horri guztiari gehitu behar zaio oraindik ez dela berreskuratu 2010ean UPV/EHUko langileek jasan zuten soldataren %5eko jaitsiera, eros-ahalmena %13an jaitsi zuena.

Lehiakortasuna eta lan ezegonkortasuna

Goian aipatutako prekarietateari unibertsitateko langileek bizi duten lehiakortasuna eta lan ezegonkortasuna gehitu behar zaio. LAB sindikatuak 2017an salatu zuenez,  UPV/EHUn 200 irakasle baino gehiago dago plaza finkoa noiz lortuko zain; 1.150 irakasle behin-behineko postuetan daude eta ez dute garbi beren etorkizuna zein izango den. Irakasle asko eta askok, gehienak irakaskuntza sartu berri diren gazteak, kontratu partzialak dituzte eta hilean 492 euro irabazten dituzte. Irakasle askoren urteko soldata hezkuntza ertaineko irakasleena baino 6.000 euro baxuagoa da.

Egoera antzekoa da administrazio eta zerbitzuetako langileen artean. Behin-behinekotasuna %53,4koa da AZP funtzionarioaren artean eta %85,2koa AZP laboralaren artean. Orotara, %61,2ak behin-behineko kontratua du. Horietako askok urteak daramatzate kontratu batetik bestera saltoka egonkortasunik gabe.

Krisiaren aitzakiapean, soldatak jaisteaz gain, ezegonkortasuna hazi da eta lanpostuak suntsitu. Kaleratze masiborik egon ez bada ere, erretiratu diren irakasle askoren plazak ez dira berritu. Gainera, eskaintzen diren plazak oso murritzak dira eta exigentzia altukoak: inpaktuzko aldizkarietan argitaratzea, atzerriko unibertsitateetan egonaldiak egitea (norberak ordainduta), nazioarteko biltzarretan parte hartzea, hizkuntzak ezagutzea... Hori guztia 50-60 ikasle baino gehiagoko ikasgela masifikatuetan irakasteaz gain.

Hori gutxi ez eta egonkortasuna lortze aldera, urteetako lanaren ondoren, irakasleek irakas lana (klaseak prestatu eta eman, klaseetarako materiala prestatu, lanak eta azterketak zuzendu...),  ikerketa (argitalpen zientifikoak prestigiozko aldizkarietan, biltzarrak...) eta administrazio lanak (sailen koordinazioa, kudeaketak, etab.) egin behar dituzte.

Doktoratu aurreko ikertzaileen egoera are okerragoa da. Azken urteetan beka kopurua murriztu da, baldintzak okertu eta soldatak jaitsi dituzte (2011n hileko 1.100 euroko soldata, 4 urterako; orain 900 euro, 3 urtez). Ondorioz, ikertzaile askok ezin duten beren ikerketarekin jarraitu, edo atzerrira joan behar dute edo senitartekoen laguntzarekin bizirauten dute.

Sailen fusioa

EAJk zuzentzen duen Euskal Herriko Unibertsitateak, kalitatea eta eraginkortasuna hobetu nahian, murrizketekin jarraitu nahi du: orain dituen 111 sailetatik 80 izatera pasatu nahi du. Argi dago neurri horren atzean lanpostuak suntsitzeko helburua dagoela; izan ere, fusioaren ondorioz, kreditu banaketa (eman beharreko ordu kopurua) berregituratuko litzateke eta AZPko langile kopurua mugatuko litzateke.

Eraso honen aurrean, beharrezkoa da irakasle eta ikertzaile gutxi dituzten sailak inbertsio bidez indartu eta ikertzaile gehiago kontratatzea.

UPV/EHUko hauteskunde sindikalak: EAJ ez da gure aliatua. Sindikalismo borrokalari baten alde!

Pasa den martxoaren 26an hauteskunde sindikalak izan ziren EHUn. LABek irabazi zituen, 26 ordezkari lortuta (2015ean bezala), atzetik ditu Steilas, 21ekin (2015an bezala), ELA 12rekin (+1), CCOO 16rekin (-3), UGT, 13rekin (-4) eta lehen aldiz CGT eta USO binarekin, baina AZPko langileak ordezkatzeko.

Deigarri egiten da parte hartze baxua. Deituta zeuden langileen %33ak bakarrik parte hartu zuen (2.488, 7.436 langiletik). Zalatzarik gabe, parte hartze baxu honen arrazoia sindikatuen absentzia da. Hutsaren parekoa izan da beren presentzia hauteskunde kanpainan; ez dira fakultateetara bertaratu propaganda banatzeko. Atezaintzako langileak berak izan dira, beren lan orduetan, sindikatuen propaganda bulegoetan banatu dutenak.

EAJk unibertsitate publikoari egindako erasoen aurrean eta sindikatuetako zuzendaritzaren pasibotasunaren aurrean, beharrezkoa da unibertsitatean ere sindikalismo borrokalari bat eraikitzea murrizketa geldiarazi eta kalitatezko unibertsitate publikoa defendatzeko. Erreferente moduan hartu behar ditugu lan duinaren alde borroka ari diren itunpeko ikastetxeetako irakasleak, pentsio duina aldarrikatzen ari diren pentsionistak, kaleratzeen aurka borrokatzen ari diren Gasteizko Mercedeseko langileak, hitzarmen duinaren alde eta prekarietatearen aurka borrokan ari diren metalgintzako langileak, baldintza hobeen alde borrokan ari diren erresidentzietako langileak; hezkuntza sistema hiru astez geldiarazi duten Poloniako irakasleak; kalitatezko hezkuntza publikoaren alde borrokan ari diren Hondurasko gazteak. Gaur, inoiz baino beharrezkoagoa da kalitatezko unibertsitate publiko eta zientifikoaren alde borrokatuko duen sindikalismo borrokalaria eraikitzea.

Kalitatezko unibertsitate publikoaren alde!

Murrizketarik ez hezkuntzan!

Egonkortasuna langile guztientzat!