Datorren irailaren 18an Eskoziako Estatua sortzeari buruzko Erreferenduma izango da. David Cameronen gobernuaren “heldutasun demokratikoa” eredu bezala jarri da Mariano Raxoi edo François Hollanderen gobernuak  honen pausoak jarraitzera deituz. Baina erreferendum hau ospatzearen arrazoia ez da izan Cameronen “heldutasun demokratikoa”. Londresko gobernuak gutxi du demokratikotik, beste edozein gobernu prokapitalistak bezala. Erreferendumean ezezkoak irabaziko zuela konbentzituta onartu zuen galdeketa hau. Nola ulertu daiteke bestela, besteak beste, Ipar Irlanda, Gales, Malvina irlak, Bermudak, Caiman irlak eta Ozeano Indikoko, Pazifikoko edo Atlantikoko beste hainbat irla Erresuma Batuaren kontrolpean egotea?

 

Krisi ekonomikoa agerian uzten ari da ez dela posible kapitalismopean auzi nazionalari irtenbidea aurkitzea. Europan eta mundu osoan zehar gatazka nazionalak lurrazalera ateratzen ari dira indar handiz. Europaren kasuan, murrizketa sozialen politikak eta ongizate estatua deitutakoaren gainbeherak prozesu hau areagotu du.

Testuinguru honetan kokatzen da Eskozia ere eta burgesia ingelesak bere fitxak mugitu nahi izan ditu. SNP (Alderdi Nazionalista Eskoziarra) ahultzeko helburuarekin onartu zuen 2013an David Cameronek erreferenduma. Gainera, une hartan, murrizketen aurkako langile mobilizazio handiak antolatzen ari ziren. Burgesia ingelesak barniz demokratikoa eman nahi zion bere buruari eta aldi berean Bigarren Mundu Gerraz geroztik onartutako murrizketen bigarren plan handiena martxan jarri. 75.000 milioi euroko murrizketa gastu sozialetan, diru publikoko ehunka mila milioi euro bankarentzat, Osasunaren Zerbitzu Nazionalari pribatizazioaren atea ireki, “logela hutsaren zerga” deitutakoaren ondorioz 50.000 familia kalera bota... Hauek dira Cameronen gobernu “demokratikoaren” neurrietako batzuk.

“Beste aldean”, SNP alderdi nazionalista burgeseko Alex Salmon agertu da baiezkoaren ordezkari nagusi bezala. Baiezkoaren alde agertu arren, agintari honek argi esan du Eskoziako Estatua ez litzatekeela Europako Batasunetik eta NATOtik aterako, murrizketa sozialek jarraitu egingo luketela, libra eta monarkia ingelesa mantenduko liratekeela eta Ingalaterrako Bankuak Eskoziako egonkortasun finantzarioaren arduradun izaten jarraituko lukeela. Zer zerikusi du honek benetako independentziarekin, subiranotasun nazionalarekin edo askatasun nazionalarekin?

 

Askapen nazionala lortzeko: Autodeterminazio eskubidea bai, baina sozialismoa ere bai

Langile eta gazte eskoziar askok baiezkoaren aldeko botoa Cameronen gobernuari eta burgesia ingelesari kolpe bat emateko eta askapen nazionalean eta sozialean aurrera egiteko aukera bezala ikusten dute. Baina beharrezkoa da gogoratzea, askapen nazionalaren aldeko borrokan, autodeterminazio eskubidearen defentsa oinarrizkoa izan arren, beharrezkoa dela errebindikazio honekin batera programa sozialista defendatzea. Hau da, beharrezkoa da Eskozian muturra sartuta duten banku eta enpresa handi ingelesak, europarrak eta estatubatuarrak desjabetzea eta langileen kontrolpe demokratikoan jartzea. Eta noski, beharrezkoa da burgesia eskoziarraren banku eta enpresa handiak ere desjabetzea, burgesia eskoziarra baita atzerriko kapitalisten aliatua eta kapitalismoaren defendatzailea Eskozia barruan. Kubako iraultzak erakutsi zuen bezala kapitalisten ekoizteko baliabideak desjabetuta soilik lortu daitezke benetako independentzia, subiranotasun nazionala eta askatasun nazionala, bestela ez baita posible Estatu zapaltzaileen eta inperialismoaren hatzaparrak moztea.

Erresuma Batuaren pean edo Estatu Eskoziar kapitalistan, Eskoziako herria eta herritarrak zapaltzen jarraituko lukete burgesia ingelesak. Hau esan zuen James Connolly marxista irlandarrak gai honi buruz: 釘ihar Ejertzito ingelesa botatzen baduzue eta bandera berdea Dublingo Gazteluan eskegi, Errepublika Sozialista antolatzeari ekiten ez badiozue behintzat zuen esfortzuak alferrikakoak izango dira. Ingalaterrak zuek menderatzen jarraituko du. Beraien kapitalisten bidez menderatuko zaituzte, lurjabe handien bidez, finantzarien bidez, herrialde honetan landatu dituzten merkataritza erakunde eta erakunde indibidualisten bidez, gure amen malkoez eta gure martirien odolez ureztaturik. Ingalaterrak porroteraino eraman arte menperatuko zaituzte, baita zuen ezpainek bere kausa traizionatu zenuten Askatasun horren santutegiari omenaldi hipokrita bat eskaintzen badiote ere.

Connollyk askapen nazionaleko borroka beti klaseko ikuspuntutik aztertu zuen, sozialismoaren aldeko borrokaren ikuspuntutik. Ez zuen inoiz konfiantzarik izan burgesia irlandarrarengan. Bera hil ostean gertatutako guztiak arrazoia eman dio. Hego Irlandako estatuak, independentzia formak soil bat duenak, inperialismo britainiarraren menpe jarraitzen du politikoki, ekonomikoki, sozialki eta nazionalki. Connollyk behin eta berriz esan zuen moduan Irlandaren askapen nazionalaren aldeko borroka erabat loturik dago iraultza sozialistarekin, herri bakar batek ere ezin du egiazko askapen nazionala eskuratu kapitalismopean. Berdina esan dezakegu Eskoziari buruz.

2011tik, Cameronen gobernuaren murrizketa sozialen politikaren ondorioz Eskoziako, Galesko, Ipar Irlandako eta Ingalaterrako langile mugimendua martxan jarri da, mobilizazio erraldoiak antolatuz. Burgesia ingelesak eta eskoziarrak ez dute inolako zalantzarik egiten langile mugimendu honen aurka beren indarrak elkartzeko. Zalantzarik gabe, mundu osoan zehar ikusten ari garen bezala, irla hauetako klase arteko borroka sakontzen joango da datozen garaietan. Askapen nazionala eta soziala uztartzeko eta indartzeko aukera izango dute langile klaseak eta gazteriak. Eginkizun honetarako, derrigorrezkoa izango programa sozialista internazionalistaren defentsa: autodeterminazio eskubidea, banku eta enpresa handien desjabetzea langileen kontrolpean eta langile ingeles, eskoziar, galestar eta irlandarren batasuna klase kapitalistaren aurka.

 

KONFIANTZARIK EZ CAMERONEN “GOBERNU DEMOKRATIKOAN”!!

KONFIANTZARIK EZ ALEX SALMON ETA SPNko ORDEZKARI BURGESETAN!!

SOZIALISMOAREN ALDEKO BORROKA DA BIDE BAKARRA!!