Goi bilera Iberoamerikarrean Estatu espainiarreko Erregea Venezuelako presidente Chavezekin haserretu zen. Chavezek esandako egiek Erregea bere onetik atera zuten. Beste hainbat gauzen artean bi gauz hauek izan ziren Chavezek esandakoak: Aznar faxista dela eta 2002ko Venezuelako estatu kolpea antolatzen parte hartu zuela Estatu espainiarreko patronalak. Zer dute ba gezurretik hitz hauek?

Orain, Juan Carlosen “aurkakoak” diren hainbat komunikabide ere Errege frankista honen defentsan atera dira Chavez “diktadore-munstro-etsaiaren” aurka. Eta nola ez, Chavezen eta Venezuelako iraultzaren aurkako mundu mailako kanpainan erabiltzen hasi dira Juan Carlos frankista gizajoak “sufritu” behar izan zituenak. Zergatik Chavezen kontrako kanpaina? Zer gertatzen da Venezuelan? Zer gorrotatzen dute horrenbeste Errege frankistak eta bere babesleek? Venezuelako demokraziarekin arduratuta daude faxistak, multinazionalak, bankuak eta hauen ordezkari politikoak?

Venezuelako konstituzioaren erreforma da orain albiste eta aitzakia Chavez erasotzeko. 230. artikuloa aldatuta Chavezek presidentetzara nahi duen guztietan aurkeztea lortuko duela salatzen dute komunikabide askok. Estatu espainiarreko eta Euskal Herriko hainbat komunikabide tartean. Hau bai dela zinismoa. Estatu espainiarreko eta EAEko hauteskundeetan ere ez dago denbora mugarik, Felipe Gonzalez bera lau aldiz izan zen presidente aukeratua. Estatu frantziarraren kasuan berdina gertatzen da eta baita Europako hainbat herrialdeetan ere. Chavezek Venezuelako iraultza sakontzeko egin nahi du aldaketa hau baina gogoan eduki behar da erreforma hau erreferendum baten bidez soilik izango dela aldatua, hau da, Venezuelako herriak aukeratuko du zer nahi duen. Zer salatu behar dute komunikabide burgesek? Inoiz aukeratua ere izan ez den Erregea babesten dute eta Chavezen erreforma kritikatu demokraziaren izenean.  

Baina Venezuelako konstituzioaren erreformak gauza gehiago ditu. 307. artikulua aldatuta latifundioa debekatuko da. 318. artikulua aldatuta Venezuelako Banku Zentralaren autonomia erregulatuko da, orain arte multinazionalen eta inperialisten kontrolpean egonik pribatizazioak, neurri neoliberalak eta milaka langileren kaleraketak aplikatu dira Banku honen bitartez. 90. artikulua aldatuta lan orduak jaitsi egingo dira asteko 44 ordutatik 36 ordutara. Botere publiko berri bat sortuko da, botere honen autoritate maximoa herritarren batzarrak izango dira, batzar hauek kontseilu komunal, langileen kontseilu, nekazarien kontseilu, ikasleen kontseilu... bidez antolatuko dira eta 16, 70, 136 eta 158. artikuluek masen parte hartzea bultzatuko dute bizi politikoan. 112. artikulua aldatuta berriz “Estatuak iniziatiba pribatua bultzatuko du” jartzen zuen tokian, jabego soziala eta kolektiboa izango dira bultzatuko direnak. Ez da ez arraroa terratenienteek, Venezuelako burgesiak, inperialismoak eta hauek kontrolatutako komunikabideek konstituzioaren erreforma hau hainbeste gorrotatzea.   

Venezuelako iraultzararen aurkako estatu kolpearen antolaketa eta Venezuelako konstituzioaren erreformaren aurkako kanpaina, hauexek multinazional eta banku espainiarren interesak defendatzeko lanak. Eta bide batez, ez ditzagun ahaztu euskal kapitalistak. BBVAk adibidez interes ekonomiko eta irabazi handiak ditu Venezuelan eta prozesu iraultzaileak ez diete grazia handiegirik egiten. Gogoratu besterik ez dago 2002ko estatu kolpea eman zenean, demokratikoki aukeratutako presidentea indarrez kendutakoan, presidente berritzat Venezuelako enpresari aberatsenetakoa jarritakoan, 50 hildako baino gehiago (tartean haurrak) eragindakoan... PNVko Anasagastik zer esan zuen: Itzuli da demokrazia Venezuelara. Gaur egun ere, euskal kapitalistak Errege frankistaren eta inperialismo ankerrenaren defendatzaile dira Venezuelan, Euskal Herrian eta toki guztietan.

Orain larri daude, masak altxatu egin dira, Gora Venezuelako iraultza sozialista!!