1932an AEBetako presidente zen Rooseveltek eta Alderdi Demokratako zuzendaritzak estrategia berriak erabili zituzten krisi ekonomikotik ateratzeko, hori bai, sistema kapitalistaren oinarriak ukitu gabe, hain zuzen orain Obama egiten ari den bezala.
“New Deal”-a
Estatuak ekonomian esku-hartzea, deskontentua bideratzeko legislazioaren erreforma egitea eta langileen eta ezkerreko alderdi (sozialdemokratak eta estalinistak) eta sindikatuetako zuzendaritzekin paktu sozialaren defentsa egitea izan ziren Roosevelten politikaren ardatzak. Baina horrelako neurriak erreserba ekonomiko handiak dituen herrialdeak soilik har ditzake, Europan antzeko neurriak hartzen saiatu ziren eta porrot egin zuten. Trotskyk honela adierazi zuen 1933ko testu batean: “Gaur egun, historikoki kondenatua dagoen kapitala salbatzeko, bi sistema daude lehian: Faxismoa eta New Deal-a. Faxismoaren programa langile erakundeen disoluzioan oinarritzen da, erreforma sozialen eta eskubide demokratikoen suntsiketan, langileen klase borroka saihesteko helburuarekin(...) New Deal-aren politikak, langile eta nekazari aristokraziari opariak eginez, demokrazia inperialista salbatu nahi du, baina hau, bere zabaltasunean, benetan aberatsak diren nazioek soilik dute posible, eta beraz AEBen politika da”.
1933an, AEBetako ekonomia kinka larrian zegoen: estatu guztien erdiek banku guztien itxiera dekretatu zuten; Barne Produktu Gordina %30 gutxitu zen eta ekoizpen industriala 1929koarekin alderatuz %50 erori zen. Inbertsio pribatua, kapitalismopean aktibitate ekonomikoaren motorra dena, gelditu egin zen. New Deal-aren lehenengo neurriak finantza sistema erreskatatzeko hartu ziren, diru publikotik milaka milioi dolar emanez behea jo ez zezan. Gaur egun bezala, diru opari hauek, kapital finantzieroaren metaketa prozesua azkartzea eta monopolioen indartzea ekarri zuten. Roosevelten administraritzak industri arloan ere hartu zituen neurriak, NRAren bitartez, (Industri Errekuperazioaren Legea) enpresen kontzentrazioa azkartuz eta monopolioei laguntzak emanez. Nekazal produktuen prezioen deflazioarekin bukatzeko ere, lege bat onartu zen 1933an, Nekazal Egokitze Legea (Agricultural Adjustment Administration, AAA). Lege honekin, lur-sailak eta abere hazkuntza mugatzen ziren laguntzen bidez. Azken finean, neurri honek nekazal jabego handi eta ertainei egin zien mesede, lurren jabegoa gero eta gehiago kontzentratuz. Milaka nekazal langile eta jabe txiki kaleratu eta lurrak uztera behartu zituzten.
Langabezian zeudenei lana emateko obra publikoak egiteko plan bat ere onartu zuten, 3000 milioiko aurrekontuarekin. Neurri hauekin ere, ezin izan zuten gizartean zegoen eta, batez ere langabezian zeuden milioika pertsonek zuten haserrearekin bukatu. Estatuaren esku-hartzeak agerian utzi zuen zeinen urrun iritsi zen merkatu askearen anarkia eta ordena burgesaren ezintasuna ekonomia modu aurrerakoi batean antolatzeko. Federico Engelsek bere Anti-Dühring liburuan honela aztertzen du arazoa: “ Krisiek burgesiak ekoizpen indar berriak kudeatzeko garaian duen ezintasuna agerian uzten badute,( ....) burgesia lan horietarako ez dela beharrezkoa erakusten dute. Kapitalisten betebehar guztiak soldatapeko langileek egiten dituzte. Kapitalistak ez du irabaziak jaso beste aktibitate sozialik, kupoiak moztu eta burtsan jokatu, non kapitalista desberdinek bata bestearen kapitalak hartzen dituzten(...)”.
Langileen erasoaldia
Kapitalisten eskariak onartzeko eta langileen haserrealdia ez handitzeko, Rooseveltek ez zuen zalantzarik izan “langileen lagun” eta monopolioen etsai bezala agertzeko, demagogia lotsagabea erabiliz eta, aldi berean, burokrazia sindikala kapitalaren interes orokorretara jarriz. Bere gira-bira eta neurri guztiak 1932tik 1937ra langileek egindako borrokei erantzuna emateko izan ziren eta horrela manifestazio jendetsu, greba asko, fabrika okupazio eta mugimendu sindikalaren zatiketarekin bukatu zen.
Langile mugimenduak ezkerrera emandako birek ondorio sakonak izan zituen politikan. Langileek hasitako bide berria ongi bukatzeko aukerak eta burokrazia sindikaletik kanpo zegoen eta politika independentea zuen organizazio bat izateak, Roosevelt beste bira bat ematera behartu zuten, sindikatu eta akordio sozialaren alde zeuden alderdiekin aliantza berri bat ziurtatzeko: Alderdi Sozialista eta Alderdi Komunistarekin. Deskontentua baretzeko hainbat neurri erreformista onartu zituen: erreforma fiskal esanguratsu bat, pentsio sistema publiko bat eta udaletxe eta Estatuentzat laguntza publiko berriak. Fabrika batzorde berriei eta CIOko liderrei ere kontzesioak egin zizkien, Wagner akta izenekoa, fabrika batzordeen negoziazio kolektiboaren alde egiten zuena. Gauzak horrela, AEBetako egoera politikoan aldaketa batzuk emateko baldintzak sortu ziren. Roosevelten Alderdi Demokratak kapitalisten sektore batekin eta sindikatuekin aliantza sendotzea lortu zuen. Gaur eguneraino iritsi da eredu hau eta masen zati esanguratsu batek Estatu burgesean eta sistema kapitalistan konfiantza izatea lortu du. 1936ko hauteskundeetan Rooseveltek langile askoren babesa jaso zuen, burokrazia sindikalaren (CIO sindikatukoa batez ere, baina baita estalinistengatik, sindikatuak sortzen paper garrantzitsua jokatu baitzuten) laguntzari esker. Trotskyk garai hartan hauxe esan zuen: “ AEBetan, fronte popularrak roosveltismoaren itxura hartu du, hau da, erradikalen, komunisten eta sozialisten botoak lortu ditu Rooseveltek.” (Erradikalak, komunistak eta sozialistak garai hartan Estatu frantziarrean osatu zuten Fronte Popularragatik aipatzen du, hura ere klase kolaborazioa zelako). New Deal-arekin hartutako neurri guztiek ezin izan zuten AEBetan eta munduan krisiarekin bukatu, ezta kapitalismoaren kontraesan sakonekin ere. Bi urtetako errekuperazio xume baten ostean, atzeraldi ekonomikoa berriz ere agertu zen. Langabeziak maila altuetan jarraitzen zuen (10 milioi baino gehiago) eta ekoizpen inbertsioa ez zen errekuperatu. Roosevelten administrazioak zerbait lortu bazuen langileen gorakada iraultzailearekin bukatzea izan zen, baina hau lortzeko ezinbestekoa izan zen erreformisten, estalinisten eta burokrazia sindikalaren laguntza. Bigarren Mundu Gerra eta honek eman zuen bultzada ekonomikoa (bai gerra garaian, baita gerra osteko berreraikuntza ekonomikoan) izan zen 1929an hasi zen depresio hartatik irtetea posible egin zuena, mundu osoan inperialismo estatubatuarraren nagusitasuna indartuz.
Keynesianismoren porrota
Paktu sozialen eta klase arteko kolaborazioaren aldeko teorikoei, hau da, sozialdemokraziari, krisiaren eta bere ondorioen perspektibak beldurra ematen die. Nahiago dituzte lehengo garai “on” haiek, gerra osteko hazkuntza ekonomikoaren garaiak, ongizate estatuaren, keynesianismoaren eta erreformismoaren garaiak. Gerra ostetik 70. hamarkadaraino luzatu zen gorakada ekonomikoaren garai haietan, industrian inbertsio handiak egin ziren, mekanizazioa eta automatizazioa ere ugaritu egin ziren eta produktibitateak aurrerapen itzela izan zuen. Hau guztia mundu mailako merkataritzarekin indartu egin zen, ekoizpenerako kapitala azkar berreskuratuz, ziklo industriala azeleratuz eta kapital pilaketa handituz. 50. eta 60.hamarkadetan kapitalistek izan zituzten irabazi tasak azken mendeko altuenak izan ziren. Gerra ostean Estatuaren interbentzioak ekonomiaren gorakadan lagundu arren, ez zen puntu erabakigarria izan. Europa mendebaldeko herrialdeetan Estatuak bere gain hartu zituen ekoizpen sektoreek inbertsio handia eta irabazi geldoak suposatzen zuten, beraz, ez zen hain errentagarria izan kapitalarentzat. Sektore horietatik sortutako lehengai eta zerbitzuak merke lortzen zituzten kapitalistek, baina Estatuen interbentzio hauek ez zuten kapitalismoaren oinarrizko lege eta kontraesanekin bukatu. Gorakada ekonomikoan erabakigarria izan zena kapital pribatuaren inbertsioa izan zen, merkatuaren dinamika eta ez Estatuaren interbentzioa. Baina gorakada honek ere, sistema kapitalistaren ekoizpen mugekin eta kontraesan salba-ezinekin topo egin zuen 70. hamarkadan berriz ere gain-produkzio krisia sortuz eta honek ekarri zituen ondorioak: fabrika itxiera masiboak, soldaten jaitsiera, langabezia ikaragarria… berriz ere langileen gorakada iraultzailea ekarri zuen garaia hasiz.