Marxismoak gizateriaren jakinduriari historia eta orokorrean inguratzen gaituen mundua ulertzeko metodo zientifiko baten ekarpena egin dio eta bereziki, marxistontzat garrantzitsuena dena, langile klaseak kapitalismoaren aurka duen borroka maila kontziente batera igo du.

Azken 200 urteetan historiak hainbat eta hainbat panazea politiko ezagutu ditu. Bakoitza, bere modura, langile klasea salbatzen saiatu izan da baina oinarrian ez dute ulertu izan sistema kapitalistaren benetako izaera, hau “gizakiaren berekoikeriaren eta diru gosearen” maldizio bezala kondenatu izan dute. Marxismoarentzat ordea, kapitalismoa, beharrezko etapa historiko bat izan da gizateriaren benetako askapenerako bide luze eta gogorrean. Ekoizpen indarren eta kulturaren garapen maila altu batek bakarrik bermatu dezake zapalkuntzarik gabeko gizarte aske bat emateko ezinbestekoa den oinarri materiala.

Kapitalismoak, atzean geratu ziren gizarteek utzitako aztarnez baliatuz, aurrerapen ikaragarriak bultzatzeko beharra izan du industrian, nekazaritzan, zientzian, komunikazioan, kulturan… Oinarrizko aurrerapen hauek gabe gizateriaren gehiengoa eskasian eta gutxiengo baten menpe bizitzera kondenaturik dago. “... ekoizpen indarren garapen hau (...) premisa praktiko erabat beharrezkoa ere bada, bera gabe eskasia bakarrik orokortuko bailitzateke eta, hori dela eta, pobreziarekin, berriro hasiko zen, aldi berean, ezinbestekoarengatiko borroka eta nahitaez aurreko satsukeria guztian birjausiko litzateke.” (K. Marx eta F. Engels, La ideología alemana, 36. orr. Grijalbo Ed.).

Kapitalismoaren aurreko gizarteetan, esku lanaren eta lan intelektualaren banaketa erabat garatzen denean, herritarren gutxiengo bat gehiengoak egindako lanaren kontura bizitzea ezinbesteko baldintza zen. Gutxiengo hau bere beharrak asetzeko lanetik askatua izanik eta asti libredun klase bat bihurtuz, zientzia, teknologia eta filosofia egiteko, arte ezberdinak garatzeko eta horrela gizartea aurrera eramateko aukera izan zuen; hori bai, milioika gizon eta emakumeren bizkarren eta sakrifizioaren kontura. Kapitalismoan ordea, ekoizpen indarren garapenak eta klase dominatzailearen eta dominatuaren arteko erlazio berriek egoera hau justifika ezina bihurtu dute eta gizarteko zapalkuntza guztia gainditzeko baldintza guztiak sortu ditu. Sistema esklabistarekin eta sistema feudalistarekin gertatu zen bezala, sistema kapitalistak iraganean paper ikaragarri iraultzailea jokatu bazuen ere, sistema erabat ahitu, ustel eta zaharkitu batean bihurtu da, gizateria basakeririk handienera eramateko mehatxua egiten duelarik. Beraz, beharrezkoa da hau suntsitzea eta sistema sozial altuago batengatik ordezkatzea, sozialismoa.

Monopolio, multinazional eta banku gutxi batzuek irabazi eta pribilegioak mantentzeko ezartzen duten kontrol itogarria amesgaizto bihurtu da milioika gizakientzat mundu guztian zehar. Gizateriaren %80a gero eta pobrezia eta miseria handiagoan bizi da. 1960 eta 1970 artean egunean dolar bat baina gutxiagorekin 200 milioi pertsona bizi baziren, gaur 1.300 milioi dira, eta 2.800 milioi bizi dira egunean 2,5 € baina gutxiagorekin. 800 milioik elikadura gaixotasun kronikoak dituzte eta egunero 30.000 haur hiltzen dira gosez. Beste poloan berriz, eta ONUren arabera, mundu guztiko 200 pertsona eskasek batera, 3.000 milio gizakik adina diru-sarrera dituzte, munduko biztanleen erdiarenak. 1960 eta 1993 artean planetako aberatsenen aberastasunak %70etik %85 izatera pasa ziren eta bitartean munduko biztanleen %20 pobreena %2,3 edukitzetik %1,4 edukitzera jaitsi zen. 100 milioi haur kale gorrian bizi dira eta 400 milioi lan egitera behartuak daude.

Herrialde pobreenen zorraren kargak hauen produkzio ekonomiko globalaren %94 hartzen du, eta kasu batzuetan %125era ailegatzen da. 1980ean herrialde azpigaratuen zorra guztira 600.000 milioi dolarretakoa zen, 1990ean 1,4 bilioietakoa eta 1997an 2,7 bilioi dolarretakoa. Zazpi urteetan zorra 770.000 milioi dolar igo zen! Denboraldi honetan herrialde azpigaratuek 1,83 bilioi dolar ordaindu zituzten zorraren zerbitzuen ordainetan: laguntza bezala jasotako dolar bakoitzaren truke, Hirugarren Munduko herrialdeek hamaika itzuli dituzte zorraren zerbitzuen truke. Egoerak okerrera besterik ez du egin gaur egundaino.

Azken hogei urteetan nabarmentzekoa izan bada ere herrialde garatu eta azpigaratuen (ipar eta hegoa) arteko zuloaren handiagotzea, honekin batera, ez da gutxiagorako izan herrialde guztietan aberatsen eta pobreen artean etengabe hazten joan den aberastasunen polarizazioa. Pobrezia ez da jada Hirugarren Munduarena bakarrik: Europan 57 milioi pobre daude eta Estatu Batuetan 38 milioi. Microsofteko hiru magnateren artean Estatu Batuek pobreziarekin amaitzeko programetan gastatzen duten aurrekontu guztia baina diru gehiago daukate.

Bestalde, langabezia masiboaren epidemiak hor dirau, kapitalismoa ez da inoiz arazo honekin behin betiko amaitzeko gai izango. Bigarren Mundu Gerraren ondoren potentziek pilatu zituzten ‘gantzak’ gaur egun ahitzen ari dira, sistemari aldi baterako oreka eta egonkortasuna ematen zien erreserba sozialak alde guztietatik mota guztietako murrizketa sozialen bidez kentzen dira. ONUren zifra ofizialen arabera, langabezia mundialak 120 milioi pertsona hartzen ditu, baina beste estimazio independente batzuk zifra erreala 1.000 milioi ingurukoa dela baieztatzen dute. Oraingo langabezia hau ezin daiteke esan langabezia zikliko bat denik, edo errekuperazio ekonomiko batean lan mundura sartuko den erreserbako ejertzitoa denik. Orain, enpresarien irabazien aldetik behintzat, boom ekonomiko batetik pasa omen gara, hortik atera kontuak geroz eta gertuago ikusten den atzerapen ekonomikoa nolakoa izan daitekeen.

Gaur egun ematen ari den langile klasearen lan baldintzen okerragotzea benetako kontrairaultza batekin bakarrik alderatu daiteke. Azken hogei urteetan AEBko langileen soldata erreala %20 jaitsi da. Bitartean, gaur egun langile batek urtean bataz beste 168 ordu estra sartzen ditu, ia hilabete bat gehiago urteko (90. hamarkadan astean 41 lan ordu egiten bazituen 2000n 51 egiten zituen). Lan prekarietateak eta produkzio erritmo biziek lan istripu eta heriotzen hazkuntza izugarria eragin dute mundu guztian zehar, Euskal Herrian joan den urtean 113 langilek galdu dute bizia lanean.

Hain zuzen, lan merkatuaren desrregularizazioek, kaleratzea merkeagotzeak, lan prekarietateak, ETTek… helburu bakar bat dute, langile klasearen gainbalio absolutu eta erlatibo gehiago lortzea, eta produkzioa lehiakorragoa egitea lan gastuak murriztuz eta irabaziak handituz.

Irabazien gose amorratuak ekonomia espekulatiboaren hazkuntza ikaragarria ekarri du ekonomia produktiboaren kontura, eta honek krisiaren tamaina handitu besterik ez du egiten. Joan den udaran delako suprimen krisiak ekonomia mundialeko alarmak piztu ditu. Egia esan, 1970ean transakzio internazionalen %90a ekonomia produktiboarekin erlazionaturik bazegoen 1999an transakzioen %95 espekulatiboa zen (dibisen salerosketa, lehengaien eta dibisen etorkizuneko prezioen inguruko apustuak, enpresa akzioen salerosketa, subprime arrisku altuko maileguen luzapen masiboa…), eta hau guztia aberastasun erreal izpi txikiena sortu gabe! Egunero 1,56 bilioi dolar mugitzen dira dibisetan, merkantzien trukea baino berrogeita hamar aldiz gehiago, munduko banku zentralen erreserba bateratuak adina alegia.

Kapitalismoa historiak heriotzara kondenatu duen sistema sozial bat da. Gerra inperialistak, genozidioak, gaixotasun eta goseteak edo hondamendi naturalak ez doaz jaisten, erritmo bizian hazten baizik. Euskal Herrian bertan ikusten dugu, nola soldatak behera egiten duten, inflazioa gora doan eta beraz langile familien eros ahalmena ikaragarri jaisten den. Hori gutxi balitz zorraren pisua ikaragarri handitu da, 1999an bankuen zorra familien errenta erabilgarriaren %66 izatetik, %103 izatera pasa zen 2005ean eta azken urtean errekor historikoetan ezarri da berriz ere.

Herrialde aurreratuenetan ere urteetako borroken bidez lortutako konkista historikoak desagertzen ikusten ditugu, lan prekarioa, lanordu luzeak, osasuna eta hezkuntzaren pribatizazioa, kaleratze eta deslokalizazioak… Biharko egunen aurrean dagoen zalantza handitzen ari da eta burgesia gogor prestatzen ari da etorkizunean emango diren borroketarako. Langile klaseari pribatizatuz eta gastu sozialak murriztuz gerra deklaratzen dion bitartean, konkista politikoak eta eskubide demokratikoak murrizten ari da etengabe, alderdien legea ikusi besterik ez. Errepresioa erabiltzen dute kalera irteten ausartzen den edonoren aurrean. Eskuinaren diskurtsoa erabat erradikala bihurtu da, burgesiak talde faxistak kontzienteki indartzen ari da mertzenario hauek baitira krisi iraultzaileetan langile klasearen borrokaren aurka egiteko erabiltzen dituen txakurrak. Alde berdinean militarren mehatxuak hor dirau, burgesiak arma guztiak erabiliko ditu bere pribilegioak mantentzeko, Venezuelan 2002an ikusi genuen bezala iraultzak gelditzeko estatu kolpeak eguneraturik daude, ez dira iragan urrun bateko ipuinak. Burgesia hain arduraturik egotea ez da kasualitatea, klase honek ez du inoiz ohiturarik izan gauzak alperrik egiteko. Ondotxo daki langile klaseak iraultza sozialistaren bidez bere pribilegio guztiekin amaitu dezakeela, Latinoamerika inpotentzia ikaragarri batekin kontrolpetik ihes egiten ari zaiola ikusteak kizioetatik ateratzen du. Ondotxo daki borroka honetan marxismoaren ideiak langile klaseak eduki dezakeen armarik iraultzaileena direla eta berarentzat arriskutsuena hauek zabaltzea dela, horregatik saiatzen da ideia hauek behin eta berriz lurperatzen, diru eta errekurtso mordoa bidaliz lan hau egiteko. Marxismoaren ideiak bizirik jarraitzen dute eta indar osoa dute gaur egun ere, beharrezkoa da kapitalismoaren aurkako borrokan mundu guztiko iraultzaileek ideia hauek berreskuratzea eta benetako programa sozialista baten defentsan lerrokatzea. Badago etorkizunik baina sozialismoarekin bakarrik.