Langile klasearen eredu ezin hobea dira abenduaren 3an Andaluziako hiriburu nagusietan Voxen aurka manifestatu ziren ehunka pertsona, bereziki, gazteak; erabat kontziente gara hauteskunde aurrerapen honek dakarren mehatxuaz.
Arriskua benetakoa da, Andaluziako Gobernuaren eratze prozesuak erakusten duen legez. Vox filtrorik eta disimulurik gabeko diskurtso erreakzionarioa jaurtitzeaz arduratzen da, bere oinarria sendotu eta aurrera egiten jarraitzeko. Diskurtso hori argi ikusi da alderdiko 12 diputatuek PPrekin eta Csekin akordioa babesteko baldintza gisa mahai gaineratu dituzten eskakizunetan: genero indarkeriaren aurka borrokatzeko laguntzak ezabatzea eta beraien programa matxista eta homofoboa onartzea. Bestalde, badakigu PP eta Csen gobernu batek Andaluziako langileen eta gazteriaren eskubide demokratikoen aurkako erasoak gogortzea ekarriko duela, murrizketa sozial gehiago, oligarkia lur-jabearentzako pribilegio gehiago, zezen gehiago, guardia zibil gehiago eta espainolismo ugari. Alde horretatik, bapo beraz.
Voxen eta PPren eta Csen arteko desberdintasuna ez da, ordea, hain handia. Alde batetik, Voxekoek uste dute bozka gehiago lortzen dutela haien posizio erreakzionarioak, matxistak, patriarkalak eta homofoboak itzulingururik gabe defenditzen dituztenean. Bestetik, PP eta Ciudadanosek ideia berdinak badituzte ere, hobeto ikusten dute hori praktikara eramateko itxurak gordetzea, botoak mantendu eta irabazteko.
Hori guztia oinarrizko kontu bat argitzera dator: PP, Cs eta Vox bloke erreakzionario beraren parte dira. Eskuin “demokratikoa” eta “muturrekoa” desberdintzen ahalegindu dira PSOEko zuzendaritza, Podemos eta Alberto Garzón, baina hori ez da tradizio berbera amankomunean duen espainiar eskuina zuritzeko saiakera besterik. Desberdintasun bakarra honakoa da: Voxek esplizitatu egiten du tradizio hori, publikoki eta modu irekian eta desafiatzailean
Polarizazio sozial eta politikoa
Krisi ekonomikoko hamarkada batek apurtu egin du espainiar kapitalismoaren oreka ahula eta, ondorioz, polarizazio sozial eta politiko sakoneko giroa garatu da.
Eskuina konfiantzaz beterik sentitzen da eta ofentsibara pasatu da ikusita ezker parlamentarioaren anbiziorik handiena sistema ustel hau modu eraginkorragoan kudeatzea dela. Ezkerreko buruzagi erreformistek uko egiten diote metatu den ezinegonari irteera antikapitalista eta sozialista bat adorez proposatzeari.
Vox fenomenoak agerian jarri du beste herrialdeetan dagoeneko bizi den errealitate bat. Estalki demagogiko baten azpian fusionatzen du aurreiritzi arrazisten eta matxisten doilorrena eta zitalena nazionalismo espainolista atzerakoienarekin (zeinaz baliatzen baitira Kataluniako herriaren aurkako gorrotoa barreiatzeko), gizarteko sektorerik zapalduenaren desesperazioa kapitalizatzeko eta erreakzionarioenak suspertzeko.
CEOE patronal espainiarraren errebindikazioen bilduma osatua da Voxen programa (100 Medidas para la España Viva izenekoa), nazionalkatolizismo inperialaren irriken eta errepresio aparatuaren eskakizun gogorrenen bilduma, alegia. Hala ere, proposamenak eskandaluzkoak iruditu ala ez, Estatuaren eta 78ko erregimenaren deriba autoritarioaren ondorio logikoa dira, kapitalismo espainiarraren krisi larriko testuinguru batean.
Egoera honetan, PSOEren keinuen politikak ez du balio herritarren gehiengoak jasaten dituen arazo larrietako bat bera ere konpontzeko, batik bat, murrizketen politikak mantendu dituelako eta ez delako ausartu hainbesteko kaltea eragin duten lan eta pentsioen kontraerreformak indargabetzera. Catalunyari dagokionez, Rajoyren Gobernuaren lorratza jarraitzen du, bere logika errepresiboan eta antidemokratikoan, Vox eta eskuineko blokea adoretuz eta, oro har, bidea irekiz.
Bestalde, Podemosek eta Pablo Iglesiasek “Trantsizioko adostasunak” berriztea proposatzen dute, akordio parlamentario berri baten bitartez, Rajoyren aurkako zentsura mozioa babestu zuten indar politikoen artean. Estatu frankistaren aparatua ukiezin mantentzen duten akordio berdinak berritu nahi ditu, Estatu horren ideologia, tradizioak eta esentzia bere horretan utziz. Estatu aparatu horixe da, hein handi batean, Voxen oinarria elikatzen duena.
Eskuina ez dute geldiaraziko ez demokraziarako dei hutsalek, ezta Voxekin itunik ez egiteko PPri eta Ciudadanosi egindako apelazioek. Soilik kaleko mobilizaziorik adoretsuenak geldi ditzake erreakzioaren hauteskunde gorakada eta gure eskubideen aurkako erasoak. Hortaz, beharrezkoa da borrokarako erakunde indartsua, iraultza sozialistaren programa defendatzen duena, masa mugimendu hori bultzatzeko. Esperientzia historikoak argi utzi du alternatiba bakarra dagoela muturreko eskuinaren aurrean: langile klasearen botere antolatua.