PPren espainolismo erreakzionarioa
ETAren eta Zapateroren Gobernuaren negoziazio saiakerek itxaropena sortu zuten, baina frustrazioa ekarri dute hainbat arrazoi indartsurengatik. Baina batez ere erakutsi du kapitalismopean, burgesiaren dominaziopean, espainiarra, euskalduna edo frantziarra izan, ez dagoela aukerarik Euskal Herriaren eskubi demokratikoak bere osotasunean lortzeko, beste batzuen artean autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna. Bi helburu hauek ezinezkoa da lortzea sistema kapitalistaren marko politiko eta ekonomikoan. Azken urte hauetako esperientziak hau erakusten du: errebindikazio demokratiko hauen aldeko borrokak arrakasta lortu dezake soilik, gizartearen eraldaketa sozialistari lotuta baldin badago borroka eta bere motorra Euskal Herriko langile klasea bada Estatu espainiarreko eta frantziarreko bere klaseko anai-arrebekin elkartuta. Burgesiarengan esperantzarik edukitzea arazo larri bat da.
Historian zehar, burgesia espainiarraren funtsezko ezaugarria Euskal Herriaren eta beste nazio historikoen eskubide demokratikoak erreprimitzea izan da. Ideia erreakzionarioetan oinarrituta, “separatismoaren” mehatxua eta “España Handiaren batasun sakratua” zabalduz, klase dominatzaile espainiarrak eta bere Estatu aparatuak sistematikoki ukatu dituzte nazio zapalduetako herritarren oinarrizko eskubide demokratikoak, hizkuntzaren erabilera eta irakaskuntzatik autodeterminazio eskubidera. PPren “aurrekoek”, diktadura frankistarekin, nazioen eskubide demokratikoak zapaldu zituzten gupidarik gabe langile klasearen aurkako zapalkuntza basatian oinarrituta. Horrela, burgesia espainiarrak arazoa luzatu besterik ez zuen egin, zapalkuntza nazionalaren material lehergarria gizartearen zutabeetan pilatuz.
Burgesia espainiarra da, euskaldunarekin batera, azken hamarkadetan Euskal Herrian gertatu denaren arduraduna. Arazo nazionalari irtenbide bat aurkitzeko duen gaitasun faltaren ondorioz errepresio masiboa erabili du eremu guztietan. Urte askotan metodo odoltsuenak erabili ditu milaka euskaldunen helburu demokratiko-nazionalak zanpatzeko, 70. hamarkadatik aurrera Estatu terrorismoa erabili zuen sistematikoki. PSOEko agintariek, Felipe Gonzalezen gobernuetan, GALekin izandako esku-hartzeak erakutsi zuen zenbateraino babestu zituzten Estatu aparatua eta burgesia espainiarra.
PPren gobernuekin Euskal Herriko eskubide demokratiko-nazionalen aurkako ofentsiba handitu egin zen, bereziki ezker abertzalearen aurka. Egin eta Egunkariaren itxiera, euskararen jazarpena Nafarroan, Batasunaren ilegalizazioa, biolentzia poliziala manifestazioen aurka, presoen dispertsio politikaren jarraipena, aparatu judizialaren erabilpena kondenak luzatzeko... euskal usaina zuen edozer kriminalizatzea izan zuten helburu PPren gobernuek, txobinismo espainiarra Estatu guztian zabaldu nahirik.
Hilabete hauetan PPk modu berean jarraitu du. Gerra zibilaren aurreko urteetara joan beharko genuke antzeko zerbait ikusteko, garai haietan CEDAk mobilizazioak antolatu zituen nazionalismo espainiar erreakzionarioaren alde eta gaur egun ikusi ditugu PPk Madrilen antolatutako manifestazioak. Mobilizazio hauetan eskuinak bere oinarri soziala atera du kalera demagogia “antiseparatista” bultzatuz. Eskuin muturreko jarrera hau ez da mugatu Euskal Herriaren aurka soilik, antzeko hizkera erabili dute herri Kataluiniarraren aurka Estatutaren gaiarekin batez ere.
Bake prozesuarekin puskatzeko, eskuinak ahal izan dituen baliabide guztiak erabili ditu. Estatu aparatuko bere peoiak mobilizatu ditu: epaileak, poliziak... eta noski komunikabideak, PSOEren Gobernua desgastatzeko eta hauteskundeetarako emaitza hobeak lortzeko. Bere kanpainan, M11ko atentatuen errua PSOEri botatzera ere heldu da.
PPren jarrerak klase dominatzaile espainiarra eta Estatu aparatua isladatzen ditu, nazioen eskubide demokratikoen mendeetako errepresioan forjatuta dago eta noski, langileen eta bere erakundeen aurkako borrokan. Estatu espainiarreko azken hauteskunde orokorrak galdu zituztenetik, burgesia erreakzionario hau ezkerrari eskarmentu bat emateko asmoarekin dabil eta kalea bera ere hartu nahi dute. Horrela, ETAren eta Zapateroren Gobernuaren arteko eztabaida prozesua ireki zenean PP bere “tropak” mugitzen hasi zen.
PSOEko zuzendaritzaren ardura
Nahiz eta garai horietan PSOEren zuzendaritzak PPrekin iraganean izan zuen harremana “moztu”, gatazka konpontzea nahi ez zuten eskuinak eta estatu aparatuaren sektore erreakzionarioak baldintzatuta egon da beti. PSOEren zuzendaritza sozialdemokratak politika sozialistari uko egin zionetik, autodeterminazio eskubidea defendatzeari utziz, nazionalismo espainiarraren jarrera hartu du. Garbi geratu da berriz PSOEko eta PSEko agintariek inoiz ez dituztela negoziatuko Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna. Burgesia espainiarrak ez du horrelako kontzesiorik sekula onartuko negoziazio mahai batean. Garrantzitsua da puntu hau ikustea.
2006ko martxoan ETAk su etena iragarri zuenetik, eskubide demokratikoen eta ezker abertzalearen aurkako errepresioa ez da amaitu, justu kontrakoa. Hasieratik, PSOEren gobernuaren helburua ez zen izan eskubide demokratikoak onartzea, ezker abertzalea eremu instituzionalera eramatea baizik, sistema kapitalistari ondo egokitutako mugimendua izatea lortzeko Ipar Irlandako eredua jarraituz.
Su etenetik Zapateroren Gobernuak ez zuen iniziatibarik hartu presoak Euskal Herrira gerturatzeko edo kondena beteta edo gaixo zeudenak aske uzteko. Dispertsio politika aplikatzen eta bultzatzen jarraitu zuen eta gainera kaleratzear zeuden hainbat presori kondenak luzatzen hasi zen De Juanaren kasuan bezala. Politika honekin nahi al zuten ETAk armak uztea?
PSOEren zuzendaritzak, eskubide demokratikoen alde neurriak hartzen hasi beharrean PPren presioei men egiten zien. Praktikan, agintari sozialdemokratek beldurra diote langile klasearen mobilizazioari. Beren estrategia “arduratsuan”, PPrekin kontsentsua lortu nahi zuten hauek ez probokatzeko eta horrela uste zuten tentsioa jaitsiz hauteskunde emaitzak hobetuko zituztela. Baina gaizki kalkulatu dute. Eskuinera eginez eskubide demokratikoetan eta beste arlo guztietan, osasungintzan, ekonomian, irakaskuntzan, interbentzio militarrekin Afaganistan, Haitin eta Libanon... PP indartu besterik ez dute egiten.
Erreformistek uste dute ezkerreko mobilizazioak indartuta “krispazioa” handitzen dela. Baina ideia hauek, erreakzioari bakarrik egiten diote mesede, gehiago harropuzten dira. Estrategia honekin, PPren mobilizazioek presionatuta, PSOEren gobernuak uko egin zion Alderdien Legea desuseztatzeari. Lege hau 150 jurista, fiskal, epaile eta abokatuk ere kritikatua izan da, hauetako askok Estatu aparatuan ardurak dituztelarik.
Alderdien Legea langile klasearen, gazteriaren eta hauen erakunde guztien eskubide demokratikoak mehatxatzen dituen instrumentua da. Burgesia espainiarrak badaki Lege honen konkista garrantzitsua dela, ezkerreko erakundeak, sindikalistak eta ekintzaile sozialak epaitu ditzakete iritzi bat emateagatik, manifestazioak debekatu eta, etorkizunean, bere interesen aurka dauden guztiak isilarazi. Zer lortu du Alderdien Legeak? Su etenaren hausturarekin, berriro ere ikusi da errepresioaren bidetik ez dela posible Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide bat bilatzea.
Euskal burgesiaren politika
Bake prozesuan, euskal burgesiaren helburu bakarra honi etekinak ateratzea izan da. Euskal burgesiak ez zuen albo batera geratu nahi, PNVk CiUren moduan, Estatutu berri bat birnegoziatzea bilatu du eta bilatuko du euskal bankari eta enpresarien mesedetan. PNVk jokatutako paperak erakusten du askatasuna nazionalaren alde ez duela sekula ezer egingo. Burgesia espainiarrarekin eta merkatu espainiarrarekin dituzten loturak eta negozioak garrantzitsuagoak dira Aberri Egunean egiten dituzten adierazpenak baino.
Prozesu guztian, PNVko agintariek betiko hizkera bikoitza erabili dute. Alde batetik, Alderdien Legearen aurka azaldu dira eta Batasunak udal hauteskundeetan egon behar lukeela “defendatu” dute. Bestetik, eta hau da erabakigarria, aparatu judizialaren eta PSOEren gobernuaren neurri errepresiboak aplikatu dituzte ezker abertzalea ahultzeko helburuarekin. Negoziazioei esker ezker abertzalea indartuta ateratzearen aukera ez zen PNVren gustokoa eta honen bozkak irenstea zuen buruan.
Beste behin garbi geratu da euskal burgesiak Euskal Herriko eskubide demokratikoei buruz hitzegiten badu bere klaseko interesak defendatzeko soilik egiten duela. Denaren gainetik, euskal patronalak eta bere alderdiak, PNVk, Madrili kontzesio instituzionalak exijitzen dizkio Euskal Herriko langileak eta gazteak esplotatzen jarraitzeko eskubidea sendotzeko. Prozesu guztian, euskal burgesiak irabazi izugarriak jasotzen jarraitu du eta bitartean prekarietatea, soldata baxuak eta zerbitzu publikoen pribatizazioa, hezkuntzan eta osasungintzan, eskaini dizkiote horrenbeste “maite” duten herriari.
Euskal burgesia Euskal Herriaren eskubide demokratikoen borrokan aliatu bat dela pentsatzea egin daitekeen akats handienetarikoa da. Garbi esateko, gure zapaltzaileekin euskal fronte nazional bat sortzea ez da irtenbidea. Euskal Herriaren askatasun nazionala zapalduen askatasun sozialaren aldeko borrokarekin lotu behar da. Bi gauzak bereiztea hutsegitea da. Euskal Herriko langileen eta gazteriaren sozialismoaren aldeko borroka iraultzailea soilik, Estatu espainiarreko eta frantziarreko klaseko anai-arrebekin elkartuta, lortuko dira autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna. Borroka horrek klaseko independentzia defendatzen duen programa sozialista exijitzen du, ez burgesiarekin kolaboratzea, borroka horrek masen mobilizazioan oinarritzea exijitzen du.
Su etenaren haustura
Zergatik sortzen dira Euskal Herriaren askatasunaren alde egiteko ekintza armatuetara itzuli behar denaren ideiak? Honen erantzunak kapitalismoaren eta burgesiaren zapalkuntzan eta alternatiba bat emateko gai ez diren agintari erreformisten politikan aurkituko ditugu. Prozesu honetan ETAk ikusi du PSOEren gobernua ez zegoela prest kontzesio txikiena egiteko ere eta horrek ekarri du su etenaren haustura. Baina, errespetu osoarekin azaldu nahi diegu ETAko militanteei, gure ustez ETAk iraganean erabilitako ekintza armatuetara itzultzeak lortu nahi denaren aurkakoa lortzea ekarriko duela: Estatu aparatua indartu, eskuina adoretu, nazionalismo espainiar txobinistaren alde kanpaina egitea erraztu eta Euskal Herriko eskubide demokratikoak defendatzerakon zalantza sortu Estatu espainiarreko eta frantziarreko langile eta gazteetan. Marxismoa ez da inoiz egon armak erabiltzearen aurka jarrera moralista batekin, armak erabiltzea defendatzen du hainbat kasutan: langileen miliziak, eraso faxistetatik defendatzeko... baina Estatu aparatua ahultzea edo presionatzea bilatzen duten ekintza armatu konkretu batzuk ez dira eraginkorrak, kontraeraginkorrak baizik. Barajasko atentatuaren ondoren adibidez, eskuinaren histeria eta presio mediatikoa bikoiztu egin ziren eta PSOEren gobernuaren listoia zailago jarri zen ezker abertzalearentzat.
Euskal Herrian esperantza handiak ireki ziren bake prozesuarekin baina baita Estatu espainiarrean ere. PSOEko agintari sozialdemokratak ez ziren sekula hasiko prozesuaren alde zerbait egiten masen artean negoziazioaren aldeko babesa zegoela jakin gabe. Gainera, bazekiten ETAk armak utzita hauteskundeetarako abantaila hartuko zutela. Baina PSOEren politika erreformista eta koldarra ez da izan gai ETAren su eten haustura ekiditeko.
Udal hauteskundeak
Maiatzeko udal hauteskundeetako emaitzek bultzakada handia ematen zioten bake prozesuari: PP eta PNVren erorketa eta ANV eta PSOEren emaitza onak Hego Euskal Herrian.
ASBren ilegalizazioaren ondoren, ANVk jasandako ilegalizazioez gain, 187.000 bozkaren babesa jaso du ezker abertzaleak. Euskal Herriko herri askotan euskal burgesiaren alderdiak, PNVk, kolpe gogorra hartu du errepresioaren aldeko eta langileen aurkako politikek gaitzespena jasoz. ANVren emaitza onek bi mezu zituzten batez ere: Alde batetik Estatuari eta Zapateroren Gobernuari, errepresioak ez duela sekula lortuko euskal gatazkaren arazo politikoa konponduko eta bestetik baiezkoa bake prozesuari.
Ezker Abertzalea eta iraultza sozialista
Burgesia espainiarra, frantziarra eta euskalduna ETAren su eten haustura eta etorkizunean egon daitezkeen ekintza armatuak erabiltzen saiatuko dira beren interes ekonomikoen defentsan. Burgesiak inoiz ez die emango (ETAren aitzakia gabe ere) asetasunik eskubide demokratikoen errebindikazioari, eta aldi berean ez da gai herritarren bizi kalitatea bermatzeko. Hauen irabaziak gure sakrifizioekin elkartuta doaz eta kapitalismoaren krisia sakontzen doan heinean, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari da gehiengoaren sufrimendurako. Mundu mailan sistema ekonomiko honekin bukatu dezaketen protesta sozialak handitzen ari dira eta Euskal Herriaren kasuan ere ezin da utzi etorkizunerako sozialismoaren aldeko borroka.
Orain dela gutxiko idatzi batean azaltzen genuen bezala: “Etorkizunak klaseko borroka eskaintzen digu. Sistema kapitalista da leherketa sozialak eta iraultzak probokatzen dituena baina hori ez da nahikoa gizarte sozialista eraikitzeko. Eta Euskal Herriko kasuan, bera baita bertako mugimendu iraultzailea biltzen duena, ezker abertzaleak hauteskunde hauen emaitzen bultzadarekin sistema kapitalistaren suntsiketari ekiteko sekula baino aukera hobea du. Autodeterminazio eskubidea hartuko lukeen programa sozialista bat defendatuz (burgesiaren expropiazioa) eta langile klasearen eta gazteriaren batasuna bultzatuz nazio ezberdinen gainetik eta beraz Galizako, Andaluziako, Korsikako, Parisko... langile eta zapalduak erakarriz, posible izango da Estatu espainiar eta frantziar burgesekin behin betirako bukatzea eta Euskal Herria aske eta sozialista bat lortzea. Gaur egun, ezker abertzalea da ardura historiko horri heltzeko ahalmena duen bakarra. Zorionak eta animoak ezker abertzaleari. Gora iraultza sozialista!!!