Autodeterminazio eskubidearen alde. Euskal Herria Sozialista baten alde!
Masen borroka da bide bakarra!
ETAk behin betiko su-etena iragarri zuenetik armak erabat utzi dituen arte, PPren gobernuak izandako jarrera argia izan da: prozesua oztopatzeko ahalegin guztiak egin ditu, eta Ezker Abertzalearen aurkako errepresioa gogortu du. Jakina, ekintza armatua alde batera uzteko erabakia “tregua tranpatzat” hartu zuen PPk, eta arma gabetzearekin gustura ez, eta eskuin espainiarrak “arma gabetze ideologikoa” eskatzen du.
PPk ETArekiko azken aldian izan duen jarrerak grafikoki erakusten du burgesia espainiarren aurpegia ardurak eskatzeko orduan. Batetik, laguntza eskaini beharrean, urte luzez atxilotu dituzte prozesuaren alde lanean aritu direnak, hala nola Arnaldo Otegi eta Rafa Díez Usabiaga. Euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea ukatu du, eta horrek zigor erantsia ekarri die presoen senide eta lagunei. Gainera, ez du legea betetzen, eta ez ditu gaixo dauden presoak askatzen. Inolako eragozpenik gabe jazarri dituzte nazioarteko egiaztatzaileak; eta, nahiz eta polizia frantziarrak arma gabetzea legezkoa zela iragarri, neurri errepresiboen arriskua mahai gainean egon da.
PPk ez du zalantzarik egiten ETAren biktimak demagogikoki erabiltzeko orduan, baina, inola ere, ez ditu onartzen diktadura frankistak utzitako milaka eta milaka biktimak: erailak, desagertuak, torturatuak eta kartzelatuak. Ez diete inolako erreparaziorik, onarpenik edo justiziarik eskaintzen. Eskuindar agintariek ETAren indarkeriaren aurka hitz egiten dute, baina borrero frankisten izenak mantentzen dituzte kale izenetan, eta beren krimena ikertu eta epaitzeko oztopoak jartzen dituzte.
Zaila da estatu aparatutik faxistak bidali ez dituen gobernu eta politikariengatik nazka ez sentitzea. Gainera, epaitegiak erabiltzen dituzte justizia aldarrikatzen dutenak jazartzeko —txiolariak eta raperoak kartzelan sartu dituzte espainiar faxismoaren sinboloak salatzeagatik— eta Carrero Blanco bezalako jeneral terroristei gorazarre egiten diete eta estatu espainiarreko historiako hiltzaile handiena izan den Francoren memoria goresteko diru-laguntzak ematen dituzte.
Arma gabetzearen arrazoi politikoak: masen borrokaren papera ETAren ekintza armatuaren aurrean
PPk etengabe erabili du garaile eta galtzaileen diskurtsoa, eta azaldu du ETA garaitzeko garrantzia handikoa izan dela polizia eta errepresioa erabili izana. Halere, errealitatea bestelakoa da. ETAk ekintza armatuak alde batera uzteko arrazoi nagusia bai Euskal Herria bai nazioartean masen borrokak izandako goraldia da. Greba orokorrak eta langileen manifestazio masiboak Euskal Herrian krisia hasi zenean, Venezuelako iraultzaren eta Amerika Latinako borroka handi horien “eragina”, Udaberri Arabiarra, 15M..., mugimendu horiek erakutsi dute langileen eta gazteen mobilizazio kontzientea dela gauzak aldatzeko eta zapaltzaileei aurre egiteko bide bakarra. Ondorio hori gero eta errotuago dago Euskal Herriko langile eta gazteen artean, Ezker Abertzaleko oinarriaren eta militanteen artean. Horri, gainera, gehitu behar zaio jendea ohartu zela ETAren metodoek ez zutela laguntzen; areago, borroka ahultzen zutela.
Espainiar burgesiak, baita euskal burgesiak ere, estatuaren indar errepresiboen eta komunikabideen laguntzaz, etengabe erabili dute “Guztia ETA da” aitzakia gazte eta langileen mobilizazio masiboak kriminalizatzeko, batez ere Euskal Herria, baina baita estatuko gainerako lekuetan ere. Aitzakia hori erabiliz, klase dominatzaileak estatu aparatuaren gaitasun errepresiboa handitu du, eta PPk eta PSOEko zuzendaritzak Alderdien Legea eta antzeko lege antidemokratikoak onartzea justifikatu dute —EAJk ondo jakin zuen lege horri etekina ateratzen— ekintzaileak kartzelan sartzeko, torturatzeko, dispertsatzeko, alderdiak legez kanporatzeko, egunkariak ixteko, etab. Jakina, komunikabide handiek etengabe zabaltzen duten propaganda espainiar atzerakoiarekin herritarrak saturatzeko ere balio izan du estrategia horrek.
Ezker Abertzaleak borroka politikoaren alde egiteko eta ekintza armatuaren metodo antzuak alde batera uzteko erabakiak prozesu horri erantzuten dio. Langileek eta gazteek, urteetako ilegalizazioaren ondoren, EHBilduri emandako babesa horren adibide garbia da. Arnaldo Otegik berak onartu du borroka armatua lehenago utzi behar izan zela atzean: “Niretzat, egiten dugun autokritika estrukturalena eta sakonena hauxe da: alegia, ez ginela gai izan irakurtzeko ordezkatu nahi genuen gizarte hori eskatzen ari zela borroka armatua eteteko. Ez genuen irakurtzen jakin borroka armatuak lehenago desagertu behar zuela” (El País, 2017ko apirilaren 9an).
Kalean altxamendu sozialak jarraitu du: Hiritar Mareak, Duintasun Martxak, erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio erraldoiak Katalunian, presoak gerturatzea eskatzeko manifestazio erraldoiak Euskal Herrian, LOMCEren aurkako eta hezkuntza publikoaren aldeko ikasle grebak, etab. Mobilizazio horiek guztiek erakusten dute klase arteko borrokaren beste fase batean gaudela. 78ko erregimenak eta bipartidismoak astinaldi gogorra izan dute, eta ez dira errekuperatzen. Urteetako egonkortasun politiko kapitalistaren ondoren, guztia lehertu da. Horren isla da Podemos sortu eta horren azkar hazi izana —baita Euskal Herrian ere—. Hori dela eta, ETAren behin betiko arma gabetzea eta Ezker Abertzalearen inguruko milaka eta milaka gaztek eta langilek erakutsi duten instintu politikoak mahai gainean jarri du gaia: Euskal Herriaren askapen nazionala lortzeko erregimen kapitalista suntsitu behar da.
Burgesia eta auzi nazionala
Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren eskubide demokratiko nazionalen aurkako errepresioa izan da espainiar burgesiaren marka. Printzipio atzerakoienetan oinarriturik, “separatismoaren” aurka eta “aberriaren batasun sakratuaren” alde, klase agintari espainiarrak eta bere estatu aparatuak sistematikoki ukatu dituzte herritarren sektore baten eskubide demokratikoak, ama-hizkuntzan ikasteko eta erabiltzeko eskubidetik hasi eta autodeterminazio eskubidea barne.
PPko espainiar burgesiaren ondoan, EAJk ordezkatzen duen euskal burgesiaren edo Convergenciak ordezkatzen duen burgesia katalanaren ibilbidea ez da askoz hobea. Burges euskaldun eta katalanek beti egin izan diote aurre burgesia espainiarrari beren nazioko langileen zapalkuntzatik ateratako kuota handiagoa izan dadin. Beren nazionalismoa beti egon da kalkulu ziniko eta egoista bati loturik, klase interesen mesedera. Zapalkuntza nazionala eta euskaldun eta katalan askoren sentimenduak modu demagogikoan erabili dituzte, eta ez dute arazorik izan oligarkia espainiarrarekin negozio bikainak egiteko eta, jakina, lege errepresiboak aplikatzeko aparatu polizialaren indarra erabiliz.
Hain zuzen ere, arma gabetzearen aste berean, EAJk PPren babesa izan du EAEn kapitalisten zerbitzura dauden aurrekontu antisozialak onartzeko eta, era berean, EAJk gauza bera egingo du Madrilen Rajoyren gobernuak proposatutako aurrekontuekin. Eskuina eskuina da, eta praktikan elkartu egiten da bankarien eta enpresarien pribilegioak defendatzeko, langileen bizi baldintzak okertuz.
Autodeterminazioaren alde, Euskal Herria sozialistaren alde!
Ezker Abertzalea bidegurutze historiko batean dago. Urteetako borrokaren, sakrifizio ikaragarrien eta militantziak emandako guztiaren ondoren, esperientziak erakutsi du bide bakarra dagoela Euskal Herriko auzi nazionala konpontzeko: programa sozialista iraultzailea jarri behar da praktikan, horretarako gai den langile klasearengan bakarrik oinarrituz.
Zapalkuntza nazionala eta klasekoa eskutik helduta daude. Kapitalista espainiarrek eta euskaldunek interes berbera dute: oraingo ordena soziala mantentzea, beren dominazioarekin jarraitzeko. Hori dela eta, ez da bukatuko zapalkuntza nazionala eta klasekoa, ez bada sistema kapitalistaren aurka egiten. Eta horretarako, botere ekonomiko handiak, banka eta monopolioa desjabetu behar dira eta aberastasun guztia langile klasearen esku jarri behar da, herritarren kontrol demokratikopean.
Garrantzitsua da James Connoly irlandar iraultzailearen hitzak gogoratzea: “Bihar armada ingelesa bidali eta Dublingo gazteluan bandera berdea jartzen baduzue ere, errepublika sozialista antolatzeari ekin ezean, esfortzu guztia alferrikakoa izango da. Ingalaterrak agintzen jarraituko du, kapitalisten bidez, lur-jabeen bidez, herrialde honetan ezarri dituen era guztietako erakunde komertzialez eta norbanakoez, gure amen malkoek eta gure martirien odolek busti duten horiez. Ingalaterrak menderatuko zaituzte hondamendira eraman arte, baita, Askatasunaren kausa traizionatu duzuen arren, zuen ezpainek omenaldi hipokrita egiten badiote ere. Sozialismorik gabeko nazionalismoa koldarkeria nazionala da”.
Porrot egitera kondenaturik daude euskal burgesiarekin eta bere erakundeekin —izan EAJ, izan EA— aliantzak eta itunak lortzeko nahiak eta Euskal Herriko gatazka konpontzeko nazioarteko eragileetan babesteko saiakerak.
Klase kolaborazio politika horren ondorio larriak garbi ikus daitezke Ipar Irlandan. Bertan, Sinn Feineko agintariak koalizio gobernuan sartu dira unionistekin, kapitalista britainiarrek eta irlandarrek agintzen dituzten murrizketa guztiak aplikatzen dituzte eta, inoiz baino gehiago, Londresek emandako diru-laguntzen menpe daude.
Jakina, borroka armatua alde batera uztea aurrera pauso ikaragarria da, baino Euskal Herriko borroka iraultzailea indartu eta antolatzeko balio behar du. Autodeterminazio eskubidea lortzeko, presoen amnistia eskuratzeko eta errepresioa bukatzeko, PPk eta EAJk ez dute kontzesiorik egingo, ez bada kalean mobilizazioekin egin daitekeen presioarekin.
Pasa den martxoaren 5ean Garak Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa batean esan zuen: “EAJ ez dago prozesu subiranistan, besteak beste, dagoen bezala ondo doakiolako bestelako saltsetan sartu gabe”. Testuinguru horretan, Urkullu Kataluniako prozesu subiranistatik aldendu da, eta 2020 jarri du Estatuarekin akordioa lortzeko epemuga erreferendum bidezko kontsulta egiteko. Hori da guztia. Ez autodeterminazio eskubidea, ez antzeko beste ezer. Urkulluk eta euskal elite kapitalistek ez dute zalantzarik egin Euskal Herriaren kausa traizionatzeko.
Ezker Abertzaleak erakutsi du atzean indar eta babes handia duela, eta milaka eta milaka pertsonek babesten dutela ezkerreko alternatiba kontsekuente bat. Masen mobilizazio ofentsibarako eta babes soziala suntsitzeko aukerak egon badaude. Hori dela eta, Sortuko zuzendaritzak ardura handia du: mobilizazio masiboa sustatu beharko luke, modu bateratuan eta programa antikapitalista batekin. Batasuna nahi dugu, bai, baina borrokatzen dutenekin, sistema bidegabe honen aurka borrokatzen dutenekin, mobilizatzen diren langile eta gazteekin, nonahikoak direla ere.
Ezker Iraultzailekook uste dugu Euskal Herriko langile klaseak eta gazteriak, estatu frantziarreko eta espainiarrekin anaia-arrebekin batera, bere marka jartzeko ordua dela. Sozialismo internazionalistaren eta klase independentziazko politikaren bandera altxatu behar dugu.
· Euskal Herriaren eskubideak urratzen dituzten lege antidemokratikoak indargabetzearen alde. Euskal gazteriaren aurkako atxiloketarik eta kartzelatzerik ez!
· Dispertsio politikaren aurka, gaixo dauden presoak berehala askatzearen eta euskal preso politikoen amnistiaren alde.
· Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren autodeterminazio eskubidearen alde. Euskal Herria sozialistaren alde, Europako Federazio Sozialistaren alde!