2025eko martxoaren 31n, astelehenez, Pariseko Auzitegi Korrekzionalak Marine Le Penen alderdia den Rassemblement National-en Europako funtsen bidegabeko erabilerari buruzko auzian epaia publikoa egin zuen. Bertan, 4 urteko espetxe-zigorra eta 5 urteko inhabilitazioa ezarri zizkioten buruzagi ultraeskuindarrari. Erabaki hori mantenduz gero, 2027ko apirilean aurreikusita dauden hauteskunde presidentzialetara aurkezteko aukera galduko luke.
Epaia bonba modura erori da, polarizazio politiko historiko batek markatutako testuinguru batean, eta ezkerrak azken urte hauetan mobilizazio handiak egin dituen garai batean. Frantziako aparatu judizialak ultraeskuinaren aurpegi publikoa inhabilitatzea —presidentetzarako hauteskundeetan bigarren itzulira iristeko aukera sendoak dituenean— Frantziako erregimen kapitalistaren krisi sakonaren adierazle argia da.
Klase menderatzailearen sektore batek uste du halako trikimailuekin moderazioa eta egonkortasuna ezarri daitezkeela, baina kontrakoa lortuko du. Azpimarratzekoa da epaia ez dela inolaz ere ultraeskuinaren aurkako borrokan aurrerapauso bat. Zentzugabea da pentsatzea estatu kapitalista eta haren epaitegiak direla formazio erreakzionario eta antiobrera hau garaitzeko tresnak.
Frantziako burgesiak, eskuin gaullistak eta makronismoak beti bilatu dute Le Penekin aliantzak egitea interesatzen zitzaienean, eta, horren erakusle, Fronte Popular Berriaren (NFP) gobernua eratzeko aukera ekiditeko erabakia Le Penen babesari eta adostasun osoari esker hartu zen hauteskundeetako garaipenaren ondoren.
Ez dugu ahaztu behar RN alderdiak, alderdi liberal eta eskuin tradizionalekoekin batera, Batzar Nazionalean aurkeztutako kontrarreforma sozial eta eskubide demokratikoen aurkako eraso guztietan alde bozkatu duela. Horregatik, funtsezkoa da gai honetan klasearen independentziaren jarrerari eustea, eta ez erortzea Le Pen erabaki judizial honen aurkako defentsan oinarritutako "demokraziaren defentsa" delako ideia inozoan. Zentzugabea da pentsatzea ultraeskuina gure aliatua izan daitekeela edozein testuingurutan, eta are gutxiago kapitalismo dekadente baten aurkako borrokan, zeinak langileriaren askatasun eta eskubide politiko guztiak urratzen baititu etengabe.

Klase nagusiaren zatiketa
Epaiaren publikazioaren ondoren, RNk berehala deitu zituen mobilizazioak erabakiaren aurka, baina emaitza nahiko apala izan zen. Izan ere, alderdiaren zuzendaritzak estrategia bat garatu du, auzitegietan aurkeztutako errekurtsoa irabaztean eta Macronen irudia publikoki higatzean oinarritua, Gobernuak ezkerraren aurrean duen ezintasunari azpimarra eginez.
Eskuin tradizionala eta gehiengo makronista ere zuhurtzia handiz ari dira jokatzen. Macronen alderdiaren diputatu arrunt batzuek epaien errespetua eskatu badute ere, beste batzuek —hala nola Gerald Darmanin Justizia ministroak, Gobernuko figura nagusietako batek— argi eta garbi adierazi dute Le Pen inhabilitatzea "ez dela normala". Bayrou lehen ministroak —duela gutxi Hezkuntza ministro zela, barnetegi batean adingabeen aurkako abusu larrien eskandaluak ukitua— legea berrikusteko proposamena egin du, RNko buruzagia gaitasungabetzea ahalbidetu duen legea alegia.
Macronekin akordioak egiten ari den ezker erreformistari dagokionez, hau da, PSri eta Berdeei, berehala agertu dira epaiaren alde eta "justiziarenganako errespetua" erakutsiz. Ez zitekeen beste erreakziorik espero PSren aldetik, praktikan Bayrouren gobernuaren kudeaketa bermatzen baitu, Gobernuaren aurkako zentsura-mozioa babesteari uko eginez. Frantziako sozialdemokraziak eta haren aliatu minak uste dute horrela RNren aukerak ahultzen dituztela, baina egiaz, indartu baino ez dituzte egiten.
Komunikabide burges ugarik esaten dutenaz harago, erabaki judizial honek Frantziako ultraeskuinaren oinarri soziala mobilizatzen lagunduko du. 2016an Trumpen porrotarekin gertatu zen bezala, komunikabide kapitalistek berriro dihardute RNren eta Le Pen klanaren amaieraz hitz egiten... baina, zoritxarrez, ultraeskuinaren gorakadaren oinarri objektiboek bizirik dirautela erakusten du Frantziako Estatuak.
Joan den mendeko gorakada ekonomikoko hamarkadetan urrea irabazi zuten klase ertainak eta jabe txikiak, kapitalismo frantsesari egonkortasuna ematen lagundu zutenak eskuin gaullista sostengatuz eta, beharrezkoa zenean, sozialdemokrazian oinarrituz, barruko asaldura bizi baten erdian daude egun.
AEBetan trumpismoaren oinarri sozialarekin gertatzen den bezala, elementu horiek dira ultraeskuinerantz bortizki biratzen ari direnak, immigrazioari gainbehera nazionalaren errua egotziz eta islamofobia erradikalenaren bandera astinduz. Frantzia barnealdeko eskuin tradizionaleko boto-emaile ohiek osatzen dute RNren basea —nekazaritza oinarrian—, eta pobretzeak gogor kolpatutako langile-geruzekin batera, irteera moduan ikusten dute diskurtso arrazista eta demagogikoa. Batzuek pentsatzen dute oinarri hau antiestablishment joeren isla dela, baina egiaz, mundu osoan ultraeskuina altxatzen duen kanoi-haragia baino ez dira.
Sistemaren krisiak, politika makronista eta sozialdemokratek —plutokraten, kapital finantzarioaren eta espekulatzaileen poltsikoak bete dituztenek—, ordena mantentzeko poliziaren indarkeriaren aldeko gobernuaren etengabeko kanpainak, plan militaristek eta immigrazioaren aurkako legeek RNri eta haren diskurtsoari indar berria ematen diete.
Klase nagusiak oso panorama ilunari egin behar dio aurre, atzeraldiaren atarian dagoen ekonomia batekin. 2023ko (%0,9) eta 2024ko (%1,2) hazkunde eskasak gaindituko direnik ez dirudi: Frantziako Bankuak %0,7ko hazkunde barregarria aurreikusten du 2025erako eta %1,1ekoa 2026rako. Aurreikuspen horiek are okerragoak izan litezke, merkataritza-gerrak auto-industria eta Frantziako industria osoa kolpatzen baditu.

Bestalde, ezker-eskuin artean dagoen polarizazio sozial basatiak ezinezkoa egiten dio Frantziako burgesiari bake sozial iraunkor bat ezartzea, doikuntza eta murrizketa-politiken oinarria izango litzatekeena. 2023an Frantzia osoa zeharkatu zuen langileen matxinada ohartarazpen serioa izan zen, baina ez bakarra.
Hamarkada bat pasatxoan, klase borroka goitik behera astindu duten mugimendu masiboak ikusi ditugu: Nuit Débout, Hollanderen lan-erreformaren aurkako protestak, ikasleen grebak, txaleko horiak, pentsioen erreformaren aurkako greba eta manifestazio jendetsuak, eta masen mobilizazio antifaxistak... milioika lagunen kontzientzia sutan markatu duten borrokak, eta Frantzia Intsumisoaren (FI) aurrerapen hauteskundeetan eta 2024ko hauteskunde legegileetan NFPren garaipenean gauzatu direnak.
Testuinguru horretan, kapitalista handiek dilema nagusi bati egin behar diote aurre: Bayrouren Gobernua mantendu ala urrats bat gehiago egin politika antiobrero eta errepresiboetan, RN aurrean jarriz? Jakina da sektore batek uste duela Macron-Bayrou tandem baino gobernu autoritarioago bat proposatzeak mobilizazio soziala piztuko lukeela, eta klaseen arteko borrokaren eztanda batekin mehatxatuko lukeela, zeinak aurrekariak kontuan hartuta, krisi iraultzaile argi batean amai lezakeen.
Macronen erregimenaren gero eta izaera bonapartistagoak erakusten du klase nagusiak egonkortasuna bermatzeko dituen zailtasun ikaragarriak. Egitateetan, azken aldian Frantzian eskubide demokratikoei egindako eraso handienak ez du zerikusirik epai judizial honekin, baizik eta presidentearen erabakiarekin: NFPri —eta une hartan bere alderdirik garrantzitsuena zenari, FIri— Gobernua osatzeko aukera ukatzea. Erabaki hori kolpe instituzionala izan zen, eta Marie Le Penen babesarekin gauzatu zen.
Ultraeskuina eta makronismoa garaitzea mobilizazioarekin eta greba orokorrarekin
Beste herrialde batzuetan ikusi dugun bezala, erreakzioari aurre egiteko estrategia kapitalismoaren erakunde ustelengan oinarritzea akats larri bat da.
Neofaxisten eta eskuin muturreko alderdien aurkako borrokak bi zutabetan oinarritu behar du. Lehenik, mobilizazio sozial masiboan, “antiestablishment” itxura hartu nahi duten horiek benetan zer diren agerian uzteko: sistema honen defendatzaile perfektuak, eta barruan aliatu fidagarriak dituztenak —epailetzan, armadan, polizian eta patronalean. Bigarrenik, klase-programa baten defentsan, sozialista, arrazismoaren aurkakoa eta internazionalista den programa batean.

Horregatik, argi dago sindikatu borrokalarien, Frantzia Intsumisoaren, ezker iraultzailearen eta ikasleen erakundeen erantzukizuna: borroka-plan gorakor bat antolatu behar dute, greba orokorra barne, zepa faxista eta arrazista hau kaleetatik garbitzeko eta alternatiba antikapitalista boteretsu baten indarrak prestatzeko.
Milaka gazte eta langile kalera atera dituzten azken mobilizazioek erakusten dute baldintzarik egokienak daudela erreakzionario horiei aurre egiteko, eta ondorio funtsezko bat ere argitzen dute: faxismoa garaitzea sozialismoaren aldeko borrokatik bereizezina da.