Etxerateko kide eta Iñaki De Juanaren bikotea den Irati Arantzabali elkarrizketa egin zion EUSKAL HERRIA SOZIALISTAk eguberrietan etxeratek Donostiako katedralean presoen egoera salatzeko antolatu zuen itxialdian. 

Zein da euskal preso politikoen egoera?

 

2007ko balantzeak erakusten du egoera larria dela. 710 euskal preso politiko daude gaur egun 4 estatutan banatuta eta horietako 12 gaixotasun larriekin. Hala ere, heriotz arriskuan egonagatik, ez dituzte aske uzten. Bestalde agerikoa da Estatu espainiarrak bizitza osorako espetxe zigorrera kondenatu nahi dituela gure senideak eta horren arira etorri zen Parot legea deitutakoa.

Ikusi besterik ez da dago Iñaki de Juana nere bikotekidearekin egin zutena honek idatzitako bi artikulugatik, 96 urteko kondena ezarri zioten. Iñaki kartzelatik irtetear zela erabili zituzten artikuluak, Lopez de Aguilar justizia ministro zenak esan zuen bezala “haremos lo que sea para que siga en la carcel”. Egin zituen gose grebei esker, lehenengoa 63 egunekoa eta bigarrena 115 egunetako, lortu zuen kondena 3 urtera jaistea. Hala ere, gogoratu behar da kalean egon behar lukeela eta 3 urteko kondena hau erabat bidegabea dela.

 

Kaleratzear daudela kondenak luzatzen dizkiete?

 

Bai, preso asko daude, jadanik urte asko daramatzatenak kartzelan, Parot legearen arriskua dutenak. 170 presok dagoeneko kalean egon beharko lukete kondenaren 3/4ak beteta dauzkatelako, baina ikusten denez Estatu espainiarrak komeni zaionean bere legeak ere ez ditu betetzen. 41 preso daude 20-28 urte espetxean daramatzatenak.

Jose Mª Sagardui “Gatza” presoak adibidez 28 urte daramatza kartzelan. Europako preso politikoetatik kartzelan denbora gehien pasa duena da, gainera gradurik txarrenean, lehen graduan.

 

Zeitzuk dira lehen graduko presoen baldintzak?

 

Patiorako ordu gutxiago dituzte, zeldan egon behar dute 20 ordu baino gehiago, debekatuta dauzkate aktibitateak eta ikasketak eta gainera kartzelerorik okerrenak jartzen dizkiete. Estatu frantziarreko kartzeletan ere baldintza gogorrenak jasaten dituzte, kasu askotan 22 ordu egon beharra egunero zeldan sartuta.

Beste datu bat ere garrantzitsua da, Estatu espainiarreko preso guztiak kontutan hartuta %2 bakarrik daude lehen graduan baina euskal preso politikoen egoera ezberdina da guztiz, hauen %80 daude lehen graduan.

 

Zer egin zuen PSOEk bake prozesuan presoekin?

 

Ez zuen inongo neurririk hartu ez presoak Euskal Herrira gerturatzeko eta ezta larri daudenak edo kondena beteta zeukatenak aske uzteko ere. PPk baino gutxiago egin zutela esanez harro agertu ziren. Presoekin txantaia egiten jarraitzen dute eta hauek eta hauen senideak zigortzeko 1987an hasitako dispertsio politika erabili eta bultzatzen dute.

 

Tortura ez dela existitzen esaten du Estatu espainiarrak. Zer diozu horri buruz?

 

Garbi dago hori gezurra dela. Ikusi besterik ez dago Gorka Lupiañezen testigantza (elkarrizketa hau Igor eta Mattinen kasuak baino lehenago egin zen). Jauzi bat egon da gainera tortura metodoetan, 14 egun eduki zuten inkomunikatuta eta ezagunak diren beste tortura moduez gain mangera baten bidez urez betetzen zioten sabela. Badakigu errekuperatzen ari dela baina Gorkak sufritu duen basakeria politika hiltzaile honen eta inkomunikazioaren beste ondorio bat da.

Preso guztiak dira torturatuak psikikoki edo fisikoki eta polizia mota guztiak dira torturak erabiltzen dituztenak. Hor dago Martxelo Otamendiren kasua, Egunkariako zuzendari zenean torturatu izan zena. Berak esan zuen “ni torturatu banaute zer ez ote dute egingo atxilotzen dituzten gazte guzti horiekin”.

PNV eta EAk gai honetaz noizik eta behin hitzegiten duten arren ez dute ezer ere egiten. Ondotxo dakigu torturarekin bukatzeko lehendabiziko pausoa inkomunikazioak kentzea izan behar dela.

 

Presoen egoera oso larria da. Zein da presoen senideen egoera?

 

Ba presoenarekin batera oso larria. Senideak beti daude presoarekin arduratuta, senideen bizia ere baldintzatuta geratzen da erabat. Gainera beti, bidai luze eta neketsuen ondorioz, istripua izateko beldurrez ibiltzen gara senideak. Hor daude datuak: 22 preso politikoren heriotzaz gain 1987an dispertsio politika hasi zenetik 16 senide hil dira istripuetan. Azkenekoa abenduaren 25ean.

Heriotz arriskua alde batetik eta bestetik bidai hauek suposatzen duten odoluste ekonomikoa dago. Senide asko daude bidaien ondorioz hilabetearen bukaerara heltzeko zailtasunak dituztenak, hauetako asko hipotekatuta daudelarik bidaien gastuengatik.

 

“Justizia” herritar guztientzat berdina dela dio Estatu espainiarrak. Egia al da hori?

 

Galindorena ikusi besterik ez dago hori gezurra dela jakiteko, kanpoan dabil lasai asko azken urteetako torturatzaile handiena. Veraren kasua ere lotsagarria da, depresio baten aitzakiarekin libratu da eta bestalde gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoek kartzelan jarraitzen dute.

 

Guzti honetan zein da komunikabide nagusien papera?

 

Presoen gaiarekiko komunikabide hauek egiten duten gauz bakarra egia gordetzea eta intoxikatzea da. De Juanaren kasua jarraitu zuten baina ez noski egiaren defentsan, gai horrek morboa zuelako baizik. Garbi dago komunikabide nagusiek manipulazioa erabiltzen dutela helburu politiko konkretuak bultzatzen dituztelako.

 

Zein da alderdi politikoen jarrera?

 

Eusko Jaurlaritzak ez du behatzik mugitzen, arartekoak ere ez. Beraien atzetik sarri ibili gara gai honetan busti daitezen baina ez dute inolako interesik. Erabat baztertzen gaituzte. Alderdi politikoen aldetik tratu txarrak besterik ez ditugu jasotzen.

 

Bukatzeko, zein da zure mezua mundu hobeago baten alde egiten dute preso politiko eta militanteentzat?

Ez dugula etsiko. Badakigula borroka hau gogorra dela baina aurrera jarraitu behar dugula. Borrokan jarraituko dugu presoen amnistia lortu arte. Animoak denentzat!!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.