Errepresioa, errepresioa eta errepresio gehiago: hori da Estatu espainiarrarentzat Euskal Herriko gatazka konpontzeko irtenbidea. Atxilotuak, atxilotuak eta atxilotu gehiago; torturatuak eta inkomunikazio gehiago; identifikazioak eta akusazio faltsu gehiago; kontrolak eta polizien kargak... eta menu makabro honi postrea jartzeko: ilegalizazio gehiago.

Horrela bukatu zen 2004ean espektatibak saltzen heldu zen Zapateroren gobernuaren lehen legislatura. Itxuraz “talante” hark gauza asko konpontu behar zituen, tartean Euskal Herriko gatazka. Baina agerian geratu da arazoak ez direla konpontzen “talantearen” eskutik. Zapaterok posible izan zuen bake prozesua hasieratik saboteatzen ari ziren estatu aparatuari, epaileei... aurre egitea, hau da, trantsizioak inoiz garbitu ez zuen eta frankismoaren oinordeko izaten jarraitzen duen estatu aparatuari. PPk noski bat egiten zuen estatu burges espainiarra kontrolatzen jarraitzen duen sektore horrekin. Baina PSOEren zuzendaritza kontzesioak egiten hasi zen eskuinari eta estatu aparatuari, eta modu anker eta erreakzionarioenean gainera: historikoa izaten ari den ezker abertzalearen aurkako jazarpen politikoa.  

Gobernu espainiarreko ordezkarien zinismo maila ikusteko, nahikoa da bake prozesua “hausi” ondoren Rubalcaba Ministroaren hitzak zein izan ziren gogoratzea: “Martxoaren 9ko hauteskundeak baino lehenago 200 pertsona atxilotuko ditugu”. Eta bai egin ere, 200 baino gehiago izan ziren eta bistan denez honek ez du amaierarik. Sozialdemokraziak beste behin erakusten du ez duela inongo intentziorik gaur egungo sistema politiko eta ekonomikoarekin bukatzeko.  

 

Otsailaren 14ko GREBA OROKORRA

 

ANV eta EHAKren suspentsioaren erantzuna milaka gazte eta langile kalera ateraz adierazi zen. Greba baino lehenago gainera, ANV eta EHAKren ilegalizazioa salatzeko konbokatu zen manifestazioa ilegalizatuagatik eta egunean bertan kaleak Ertzantzak hartuak egonagatik berriro ere milaka manifestari bildu ziren. Ertzantzak, PNVren aginduetara, bertara eraman zuen helburua praktikan jartzen bukatu zuen, erreprimitzen, eta ordu batzuk beranduago Greba Orokorrerako deialdia egin zuten 14 kideak ere atxilotu egin zituzten.

Greba Orokorraren egunean milaka langilek beren lanpostuak utzi zituzten nahiz eta oraingoan ere greba ilegala zela esan zuen Paulino Luesma Gobernu espainiarraren ordezkariak. Hala ere, eta enpresari askok koakzioa erabiliagatik langileen kontra, greba, paroak eta manifestazioak 40.000 lagunek jarraituak izan ziren. Laister atera zen PNV grebak jarraipen txikia zuela esanez. Zergatik bete zituzten orduan kaleak, poligonoak, herriak... ertzainez, grebak jarraipenik ez bazuen? PNV hasieratik grebaren eskubide demokratikoa oztopatzen hasi zen, beste behin erakutsiz eskubide demokratikoen aldeko borroka ez zaiola interesatzen eta prest dagoela gobernu espainiarrak onartzen dituen legeak aplikatzeko. Hau ez du inor ustekabean harrapatu behar, hori baita historikoki jokatu duen papera. Akatsa da pentsatzea PNV aldatu egin daitekeela, zeren behar den guztietan traizionatuko du Euskal Herriaren kausa burgesia espainiarrarekin eta frantziarrarekin konpartitzen dituen interesen ondorioz.

 

LAB ilegalizatuko al dute hurrena?

 

Dirudienez instituzio burgesek ez dute nahikoa orain arte emandako ilegalizazioekin, beren helburuak aurrerago doaz, langile mugimenduaren bihotzera, sindikalismora, LABera. PPko Iturgaitzetik hasita Garzon arte, hainbat adierazpen egon dira, LAB ere “ETAren zati” dela esan dutenak. Iturgaitzek garbi esan zuen Bilboko ekitaldi batean, Estatuaren Abokatutza eta Fiskaltzari LABen aurkako neurriak hartzeko exijituz, greba orokorraren “arduradun zelako”  eta “bere sedeak ETArenak direlako, terrorearen sindikatua delako”. Hau gutxi balitz “ETAren gidaria” dela akusatu zuen sindikatua.

Hitzontzikeria guzti hau ez dira hitz hutsak, erreakzionarioentzat pauso garrantzitsu bat gehiago litzateke bi txori tiro batez botatzea: alde batetik ezker abertzalea ahultzea eta bestetik Euskal Herriko sindikatu borrokalariena gainetik kentzea. Horrelako berri batek asko poztuko luke euskal burgesia, nahiz eta PNV, nola ez, kexatu egingo litzatekeen, beti bezala itxurak egiteko. Hipokresia alde batera utzita, PNVk ondo daki LAB paretik deuseztatzearekin euskal enpresariei presio handia kenduko litzaiekeela.   

Mugimendu sindikalaren aurkako errepresio estrategia hau ez da zerutik epailearen mahai gainera erori, burgesiaren estrategia da langile mugimenduaren eta askapen nazionalaren aldeko mugimenduaren aurka. Sistema kapitalistaren krisiek, hori da gaur egungo egoera, eragina dute estatuen aparatu errepresiboetan, zeren eskubide oinarrizkoenak ere ezin dituzte onartu. Kapitalistek hainbat eskubide onar ditzakete eskubide hauek ez badituzte beren interes ekonomikoak arriskuan jartzen, baina kapitalismoa krisian sartzen denean ezin dituzte oinarrizko eskubideak ere onartu. Langileen alderdiak, sindikatuak, manifestazioak, grebak... arazo larri bihurtzen dira kapitalisten irabazi maximoa bermatzeko. Horregatik, burgesiarentzat sindikalismo onena desagertuta dagoena da eta honek abisu bat izan behar du gainontzeko sindikatuentzat ere, gaur LABeko sindikalista bat atxilotu dezakete, bihar LAB ilegalizatu, baina gogoan hartu behar dute beste sindikatuek etzi beraiek izan daitezkeela, horrela, langile klasea borrokatzeko legezko instrumenturik gabe utziz. 

 

Prekarietatea, erasoak bizi baldintzen aurka

 

Hego Euskal Herriko prekarietatea Europako altuenetakoa da eta ETT bidezko kontratazioa Estatu espainiarrekoa baino altuagoa. Confebasken datuen arabera “hazkuntza ekonomikoa %3koa izango da aurten... baina horrek ez du esan nahi langabezia murriztu edo enplegua egonkortuko denik” eta gainera “enpleguaren liberalizazio handiagoa” eskatu du “ekonomiaren desazelerazioari aurre egiteko”. Zer esan nahi du enpleguaren liberalizazioak? Prekarietate gehiago dagoeneko aldi baterako kontratuen %90 mila euroko soldatera heltzen ez direnean, estatistika ofizialen arabera, eta %60 800 eurora iristen ez direnean, INEren datuen arabera. Gainera, soldata errentek PIBaren %48 adierazi arren IRPFaren %85 osatzen dute eta bitartean %52a eskuratzen dutenek zergaren %15 bakarrik ordaindu behartu dute. (GARAtik ateratako datuak). Hau da, gutxi gora behera garbiago esateko, soldatapeko guztiek sortu den aberastasunaren %48 jaso eta IRPFran %85 ordaindu eta kapitalista gutxi batzuk aberastasun horren %52 jaso eta zergaren %15 ordaindu. Zein ondo funtzionatzen duen kapitalismoak.

Egoera guzti honengatik herrialde guztietako klase dominatzailea prestatzen ari da langile klasea baldintza gero eta okerrago hauen aurka borroka gogorragoetan hasten denerako. Horregatik adi egoten jarraitu behar dugu, gure kideak eta erakundeak defendatzeko. Moduetako bat gehiago indartzea izan behar du, ezker abertzalearen erakunde sindikal eta politikoetara jende gehiago afiliatzea eta beste sindikatuetako langileei zuzenduta kontzientziazio kanpainak egitea. Ezker Abertzaleak eta bere militanteek erakutsi dute azken hauteskundeetan, greba orokorrean eta egin diren milaka mobilizazioetan potentzial ikaragarria izaten jarraitzen duela Estatu espainiarraren eta euskal burgesiaren kalterako. Bestalde, esan nahi genuke, ETAren ekintzak ez zaizkigula lagungarriak iruditzen langileen batasuna bultzatzeko eta Estatuari aurre egiteko. Ulertzen dugu ezker abertzalearen aurkako etengabeko errepresio basati eta ankerrak samina eta gorrotoa sortzea. Badakigu ETAko militanteek Euskal Herri aske eta sozialista bat dutela helburu. Baina, gure ustez, azken ekintzek bezalakoek ez diote minik egiten Estatu espainiarrari, gure ustez, aitzakiak ematen dizkiete ezker abertzalea erreprimitzen eta kriminalizatzen jarraitzeko eta horregatik PSOEko agintariei, PPri eta PNVri egiten diete mesede.

Lehen aipatu bezala, langileak, ikasleak, gazteak eta herritarrak mobilizatzea da bidea. ETAren ekintzak mila bider botatzen dituzte komunikabideek baina greba orokorra adibidez ia existitu ere ez zela egin esaten saiatu ziren. Adibide honek erakusten du zerk ematen dien beldurra. Ezker Abertzaleak manifestazioak, paroak eta greba orokorrak antolatzeak hotzikara ematen diete, herritarren mobilizazioek erakusten baitute Estatua eta burgesia ez direla ahalguztidunak. Eta beldur gehiago emango liekete ezker abertzalea beste sindikatu eta alderdietako oinarri sozialetara zuzentzea langile eta zapalduen batasuna eta Euskal Herriaren eskubide demokratikoak bultzatuz. Badakigu hau ez dela erraza, ezker abertzalearen aurka bota den zabor guztia asko baita, baina bide kontaminatu hori garbitzeko modu bakarra Leninen esan zuen bezala: “gauzak patxadaz azaltzea” da. Kapitalistei aurre egiteko beharrezkoa da langileen batasuna bultzatzea. Langile mugimenduari eta zapalkuntza nazionalaren aurkako borrokari benetako garaipenak eman dizkion bidea masen borroka politikoa izan da. Ez dezagun etsi, garaipena gurea izango da.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.