PNVko tentsioek euskal burgesiaren barruan zatiketak handitzen ari direla esan nahi du. Mundu mailan gertatzen ari den fenomenoa da hau. Potentzia inperialista indartsuenean ere, AEBetan, ikus daiteke iritzi ezberdinak daudela burgesiaren sektore ezberdinetan Irakeko gerrari dagokionez.

Azken hilabeteetan sarri ikusten ari gara PNV barruko tentsio eta zatiketak. Iñigo Urkulluk ondo baino hobeto hartu du Josu Jon Imazek utzitako lekukoa, “hay que cautivar a España”ren bidetik. Martxoaren 9ko hauteskundeen aurretik ez zuen arazorik izan esateko PPk irabazi ez gero ere PNV prest egongo zela hauekin akordioetara heltzeko. Arazorik ez PPrekin eta ezta PSOEkin ere. Eta PSOErekin akordioa lortzearren ANVren kontrako zentsura moziak auzkeztea beharrezkoa bazen, nola ez, PNVk ez du arazorik. Hemendik etorri zen Urkulluk Egibarri belarrian emandako tirakada. Egibarren bidez, PNVk hasieran Arrasateko ANVko alkatea kargugabetzeko zentsura mozioari ezezkoa eman zion, horrelako gauzek ez zutela ezer konponduko argudiatuz. Baina denbora gutxian PNVk “iritziz aldatu” zuen. Arrasaten bakarrik ez zen zentsura mozioa aurkeztu behar, ANVko alkate guztiak botatzeko prest agertu zen PNV. Zergatik aldatu iritzia egun batetik bestera? Urkulluk Manuel Huertasen jarrera gogorrari eta “Egibarren beroaldiari” bota zion errua PNVn zatiketak ez daudela defendatzeko.

 

Egoera ekonomikoa

 

PNV barneko zatiketak ez dira zerutik erori. Munduko beste herrialdeetako burgesiak bezala euskal burgesia ere oso arduratuta dago bere irabaziekin, batez ere ekonomiaren atzeraldiaren perspektibarekin. Gauzak ondo doazenean errazagoa da tentsiorik ez egotea baina gauzak okertzen hasten direnean derrigorrez azaltzen dira zatiketak. Krisi ekonomikoek paper garrantzitsua jokatzen dute, ondorio politiko eta sozial larriak izan ditzaketelarik. PNV ez dago honetaz salbu. Marxek aspaldi esan zuen historiako faktore erabakigarriena ekonomia dela eta ezin esan ekonomiaren etorkizunak gauza onik erakusten duenik burgesiarentzat ere. 

Burgesiaren ekonomilariek behin eta berriz kontatu digute ziklo ekonomikoak desagertu egin zirela. Orain inork ez du horrelakorik esaten. Urduri daude denak. Egia da ezinezkoa dela aurreikustea ziklo ekonomikoen erritmoak baina kapitalismopean ezinezkoa dena da hazkuntza ekonomikoak eta atzeraldiak desagertzea. Azken urteetan hazkuntza ekonomikoa izan dugu nahiz eta langileok ez dugun hobekuntza txikienik ere izan. Bitartean burgesiak irabazi errekorrak izan ditu. 

Baina zertan oinarritu da hazkuntza ekonomikoa? Kredituan. Langileek ez dute nahiko soldata etxea ordaintzeko edo hilabetearen bukaerara heltzeko, beraz, kreditua izan da kontsumoari tira diona. Marxek esan zuen kredituari esker merkatua bere muga naturaletatik baino gehiago zabaltzen dela baina prozesu honek ere bere mugak dituela. Kapitalistek ez badituzte merkatuak bilatzen beren merkantziak saltzeko gehiegizko ekoizpenaren krisiak sortzen dira. Ekoiztu diren produktuak ez ditu merkatuak xurgatzen, kapitalistak irabaziak galtzen hasten dira eta ondorioz kapitalistek langileak kaleratu edo fabrikak isten dituzte. Horregatik garrantzitsua da esatea ere krisi finantzieroak eta kredituaren kontraesanak krisi ekonomikoaren ondorio direla, ez alderantziz.

AEBetako krisi finantzieroek jarri dute mundua dardarka. Munduko biztanle guztien %5a soilik hartuagatik ekonomiaren %20a hartzen duenez AEBetako ekonomian gertatzen denak eragina du gainontzeko herrialdeetan. Krisi hipotekarioen ondorioz milioika pertsona geratu dira etxebizitza ordaindu ezinik eta honek eragina izan du eraikuntzan eta beste sektoreetara ere zalbaltzen ari da. Milaka langile kaleratuak izaten ari dira. Dudarik ez izan AEBtako atzeraldi ekonomiko batek oso ondorio larriak izango dituela mundu osoan.

 

Burgesiaren zalantzak

 

Edozein herritarrek nabari dezake zerbaitek ez duela ondo funtzionatzen ekonomian: prekarietatea gora, prezioak gora, soldatak behera... Burgesiak berriz “bere arazoak” ditu: irabaziak galtzeko arriskua. Krisi ekonomiko guztietan azaldu dira burgesiaren barnean ideia kontrajarriak. Sarritan burgesiaren sektore batek honako hau esan izan du: “Langileen baldintzak gehiegi okertzen ari dira, erreformak egin behar ditugu bestela langileen borroka eta mobilizazioak arriskutsuegiak bihurtu daitezke”. Zer esan izan du beste sektoreak? “Erreformak egiten baditugu langileek hobekuntza gehiago eskatzen jarraituko dute gu kontzesioak egiteko prest gaudela ikustean”.  Hala ere bi sektoreek helburu berdina dute: langileen mobilizazioak, leherketa sozialak edo iraultzak ekidin. Arazo bat dute ordea, egiten dutena egiten dutela ere ezinezkoa izango zaie klase borrokaren gorakada oztopatzea. Krisi ekonomikoak derrigorrez probokatuko ditu langile eta herritarren borrokak, zapalkuntza gero eta handiagoa jasatearen pazientziak ez baitu betirako irauten.

Euskal burgesiaren eta PNVren kasuan krisi ekonomikoaren arazoari gainera ezker abertzalearen “arazoa” gehitzen zaio. Euskal burgesiaren zein bi jarrera isladatzen dituzte Egibarrek eta Urkulluk ezker abertzalearekiko? Lehenengoak honako hau pentsa dezake: “Ez zaigu komeni ezker abertzalea gehiegi zapaltzea zeren ikusi da errepresioak ez duela lortzen ezker abertzalea ahultzea eta posible da hau dena gure aurka etortzea, komeni zaiguna diskurtso abertzaleagoa da, ezker abertzalearen zati bat gure ingurura erakartzea”. Hemen sar genitzake Arzalluz eta Egibarren “diskurtso independentistak” eta zentsura mozioaren aurkako iritzia adibidez. Zer dio Urkulluren sektoreak? “Ezker abertzaleari kontzesioak egiten badizkiogu gehiago eskatzen jarraituko du, beraz alternatiba bakarra ezker abertzalea zapaltzen jarraitzea da eta ez zaigu komeni diskurtso abertzaleagoa horrek zaildu egin baitezake burgesia espainiarrarekin negozioak egiten jarraitzea”. Hemen kokatzen dira Imaz eta Urkulluren diskurtsoak “hay que cautivar a España” eta “PPrekin ere akordiora heldu gaitezke” eta ezker abertzalearen aurkako zentsura mozioen defentsa besteak beste. 

Gauza jakina da iritzi ezberdin hauek ez direla krisi ekonomiko honekin sortu baina zergatik ari dira zatiketak gero eta gehiago handitzen? Krisi ekonomikoak areagotu egin ditu euskal burgesiaren zalantzak eta urduritasunak kontu handia eduki behar baitu egiten duen gauza bakoitzarekin. Oraingoz behintzat Urkulluren sektorea nagusitzen da eta krisi ekonomikoak sortu ditzakeen arazoei aurre egiteko fabrikak, kaleak eta unibertsitateak kontrolpean eduki nahi dituzte. Ondo dakite datozen urteetan Euskal Herrian ere klase borrokak gora egingo duela, langileen greba gehiago egongo direla, herritarrak mugitu egingo direla eta ikasleak ere mobilizatu egingo direla. Eta noski, ezker abertzaleak guzti honetan jokatuko duen paperagatik etsai zuzentzat dute, mapatik borratzea posible bada hobe. Baina kontuz, ez da Urkulluren sektorea hau pentsatzen duen bakarra, Egibarrenak ere berdina du buruan, nahiz eta bide ezberdinak proposatu ditzaketen helburua berdin berdina da: ezker abertzalearen borroka gaitasuna agortu eta langile klasea esplotatzen jarraitu.

 

Amnistiaren Aldeko Mugimendua

 

Euskal burgesiak defendatzen duen ezker abertzalearen aurkako errepresio anker horretan Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaiketa hasi zen apirilaren 21ean. Mugimendu honetako kideek esan zuten bezala “ Hiltzeko espetxe politikaren aldean amnistia aldarrikatzen dugu; torturaren aurkako borrokak pizten ditugu; gerra zikinari, legez kanporatzeei, Poliziaren basakeriei aski dela esaten diegu; errepresioaren jomuga diren euskal borrokalariek duten babesa eta elkartasuna antolatzen dugu; gerra zikineko kaltetuei asistentzia eta sostengu ekonomikoarekin laguntzen diegu. Horregatik guztiarengatik epaitu nahi gaituzte”. Amnistiaren Aldeko Batzordea, Senideak eta Askatasuna erakundeetan lan egin duten 27 euskal herritar epaituak; oraingoan ere ETAko kide izatea leporatuta. Aitzakiak besterik ez ezker abertzalea desagertuaraziarren. Baina ez dute lortuko. Babes osoa azaldu nahi diegu 27 epaituei Euskal Herria Sozialista aldizkaria egiten eta zabaltzen dugun kide guztien partetik. Herriak ez du barkatuko!!  

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.