Madrilgo zein Gasteizko gobernuak AHTaren lanak hedatzen ari dira. Egitasmo honen aurkako mobilizazioak ere asko ari dira ugaritzen. Gainera, proiektuaren inposizioa burutzeko, besteak beste, instituzioek ezkutatzen duten informazioa herritarrek zenbat eta gehiago eduki, AHTaren aurkako jarrera zabaltzen ari da. Kapitalismoaren beste ondorio bat da AHTaren proiektua, kapitalismoaren aurkako borrokaren zati bat gehiago. Honetaz guztiaz solasean aritzeko AHT Gelditu! Elkarlaneko David Miangolarrarekin elkartu gara.

Alderdi gehienak eta instituzioak AHT egitearen alde daude. Zeinen interesen alde egiten dute?

Garbi esanda AHT negozio politiko-enpresarial handia da, eta diruaren alde eta negozioaren alde egiten du. Ez die axola zenbat pertsonak erabiliko duten edo zenbat kamioi kenduko dituzten errepideetatik, ezta ere zer iritzi duten herritarrek. Euskal Herria zementuz tope betetzearen eta gizarte kapitalista eta neoliberal baten alde egiten dute.

 

AHTren proiektuan PNV eta Espainiako gobernua bat daude, nolatan daude ados proiektu honetan?

Telebistan eta egunkarietan beti ikusten zaie liskarretan, baina interes ekonomikoa tartean dagoenean, ederki moldatzen dira. Garbi dagoena da diru asko behar dela AHT egiteko, eta batzuk galtzen joango garen heinean, beste batzuek poltsikoak beteko dituzte. Eta PNV eta PSOEri: argi eta garbi esaten dute gehiengo soziala proiektuaren alde dagoela, baina herri honi galde diezaiotela ea zer iritzi daukan proiektu honetaz, azkeneko herri-kontsultetan ezezkoa atera baita, alde handiarekin. Hala ere, tamalez, garbi erakusten ari dira nola egin nahi duten megaproiektu hau: inposizioz eta gezurrez. Inposaketa, ez dutelako herritarren hitza eta erabakia errespetatuko, eta gezurrak, proiektu hau garapen iraunkorra lortzeko egin behar dela esaten baitute.

 

AHT inposizioan oinarritutako egitasmoa da. Zergatik gordetzen dute proiektuari buruzko informazioa eta herritarren parte-hartzea saihestu?

Oso zaila delako proiektu hau gizarteari saltzea, eta, azken finean, apustu hori egin dutelako: inposizioa eta manipulazioa. Garbi ikusi zen EHUko irakasleek eta gizarte-ikerketa arloko adituek egindako inkesta telefonikoan. Lautik hiruk erantzun zuten Abiadura Handiko Trenaren informazio gutxi zutela edo ez zutela informaziorik. Eztabaidan edo erabakietan parte hartzeko eskaini dizkieten bideak nahikoak izan diren galdetzean, %71k ezetz erantzun zuten. Urte hauetan garbi ikusi da herritarrei iritzia galdetzean kontrako iritzia daukala, eta horrela adierazi zuen jendeak herri galdeketetan. Anoetan, adibidez, %90ek ezetz esan zion azpiegitura honi, Itsasondon %88k eman zion ezezkoa proiektuari eta Alegian %94 agertu ziren kontra. AHTrekin ez dute trena bakarrik inposatu nahi, gizarte-eredu bat baizik. Horregatik, informazioa ezkutatzen dute.

 

AHT banku, eraikuntzaren eta energiaren enpresarientzat negozioa erraldoia da. Langileen poltsikoetatik 10.000 miloi eurotik gora aterako dituzte eta bitartean, ezinbestekoak diren behar sozialak erantzun gabe jarraituko dute. Zer iritzi duzu?

Euskal Herriak ezin du horrela erabat esparru autonomoa izan, bere etorkizuna gero eta gehiago hipotekatu beharko baitu, kapitalismoa mundu osoan hedatzen duen arrazionaltasun neoliberalaren eraginez. Hori dela-eta, edozein eredu edo proiektu sozial alternatibo suntsituta geratzen da.

 

Nolako kalteak eragingo dizkio ingurumenari?

AHTk kalte konponezinak egingo dizkio Ama Lurrari: barrera-efektua, zarata ikaragarria (Eusko Jaurlaritzaren arabera, 74db eta 94 db artekoa), paisaiari eraso bortitza, lurren okupazioa, akuiferoen suntsiketa, energia-kontsumo ikaragarria, hondakinentzako zabortegien sorrera… Pentsatu behar dugu tren hau ez dela moldatzen Euskal Herriak duen orografiara, baizik eta orografia trenera! Eta horrek guztiak txikizio ikaragarriak dakartza.

 

Garraio arazoak konponduko dituela diote, egiatik ba al du honek zerbait?

Gezur handia da hori! Eusko Jaurlaritzaren argudio faltsua besterik ez da! AHTk 1.000 kamioi “kenduko” lituzke errepideetatik; baina gaur egun 10.000 kamioik baino gehiagok zeharkatzen dute egunero Iruneko muga, eta egungo hazkunde erritmoari jarraituta (urteko %13), errepideko garraioak hazten jarraituko luke, 7 urte barru 20.000 kamioira iritsi arte. Orduan, zer egingo dute gelditzen diren 9.000 kamioi horiekin? Autopista gehiago? Superportu gehiago? Noiz utziko dute lurra bakean? Kontuan hartuta lurra baliabide mugatua dela, gaur egungo gizarte-eredua jasangaitza da. Nire ustez, beste gizarte-eredu batekin konponduko litzateke garraio arazoa.

 

AHTren aurkako jarrera zabala den arren, komunikabide nagusiak hori gordetzen ari al dira?

Bai eta tamalgarria iruditzen zait. Gaur egun, jendearengana iristeko eta zure mezua zabaltzeko beharrezkoak dira komunikabideak. Batzuek ez dute askorik laguntzen, eztabaida argi eta sakon bat egiteko; aitzitik, eztabaida desbideratu eta kriminalizatu baino ez dute egiten. Nahiago dute Eusko Jaurlaritzaren propaganda manipulatua eta interesatua egin. Guretzat oso garrantzitsua izango litzateke sortu dugun eztabaida beraiek ere bultzatzea, interes handia dagoelako eta bertan ikusi ahal izango liratekeelako beste iritziak.

 

AHT Gelditu! Elkarlanak, maiatzaren 4tik 31ra, Gelditour ekimen ibiltaria antolatu du Donostiako manifestazio nazionalarekin amaituz. Zein da zure balorazioa?

Oso balorazio ona egiten dut. Maiatza osoan herri kaltetuetan kamioi bat ibili zen, panel informatiboekin. Fotomuntaiak oso ondo eginda zeuden, eta jendeak oso garbi ikusi du zer-nolako kalteak egingo lituzkeen AHTk, egingo balitz. Bestalde, ekitaldi asko egin dira herrietan: hitzaldiak, erakusketak, manifestazioak, mendi-martxak, eta jende askok parte hartu du ekitaldi horietan. Gelditour ekimenak hainbat gauzatarako balio izan du: inposaketa salatzeko eta eztabaida gehiago exijitzeko. Elkarlanak materiala ateratzeko ere balio izan du (kamisetak, esku-orriak, DVDa, kotxeentzako pegatinak, pinak…). Eta bukatzeko, inoizko manifestazio jendetsuena egin zen Donostian. Egun osoko jaialdia ere primeran atera zen. Nire ustez, oso indartsu atera gara ekimen honekin.

 

Nolako garrantzia dauka herritarren mobilizazioak eta parte-hartzeak AHTren aurkako borrokan?

Garrantzi handia du. AHT gelditzea denon esku dago (sindikatuak, langileak, alderdi politikoak, pertsona arruntak, elkarteak, gazte mugimendua…), denok daukagu ardura inposizio honi ezezkoa esateko. Denok izango gara kaltetuak. Asko daukagu irabazteko, baina, aldi berean, asko daukagu galtzeko. Konturatu behar dugu AHT ez dela langileentzat, ezta jende arruntarentzat ere. Gaur egun %97 herrien artean mugitzen dira lanera joateko, aisialdirako…eta gelditzen den %3a hiriburutik hiriburura ibiltzen dira. Beraz, zertarako gastatu hainbeste diru?  % 3rentzat? Asko daukagu esateko eta egiteko, gure ahotsa entzun behar digute. Horretarako, gure lanpostuan, eskolan, koadrilan…eztabaida sortu eta bultzatu behar dugu.

 

Posible al da AHT geratzea?

Nik sinesten dut AHT geldi daitekeela. Pixkanaka moteltzen ari gara proiektu hau. Azken finean, proiektua gelditzeko eskatzen dugunean, ez dugu eskatzen eskatzeagatik, baizik eta mila arrazoi dauzkagulako, eredu hau ez delako bideragarria Euskal Herriarentzat. Ondo pentsatu behar dugu zer eraikin egin edo zer proiektu gauzatu, gero eta lur gutxiago baitugu gure aisialdirako, baserritarrentzat… Horregatik esaten dugu behin eta berriz gelditu eta pentsatu! Zer garraio mota nahi dugun pentsatu, eta orduan garatu. Hori egiteko, denok adostutako gauza izan beharko luke, eta ez gutxi batzuen interesa.

 

Zerbait erantsi nahi duzu? Zer esango zenieke Euskal Herria Sozialista aldizkariko irakurleei?

Bueno pixka bat komentatuko nuke Tolosaldean zer egoeran gauden: gure eskualdean sondeoak egin nahi dituzte. Eusko Jaurlaritzako ordezkari batzuk banaka-banaka deitzen ari dira lurjabeei, sondeoak egiteko baimena eskatzeko. Xantaiaren eta manipulazioaren bidez, Zizurkilen lortu dute sondeo batzuk egitea, baina beste batzuetarako ez dute baimenik lortu. Tolosan, lurjabeek planto egin zieten Eusko Jaurlaritzako ordezkariei, eta banan-banan azaldu beharrean, denak batera azaldu ziren, eta ordezkariei esan zieten informazio zehatza lortu arte ez dutela erabakiko baimena eman edo ez. Oso haserre daude lurjabeak, batzuek bizi-kalitatea galduko baitute, beste batzuek lur pusketa bat, baina beste batzuek etxea galduko dute. Azken horiei etxea bota behar dietela baino ez diete esan, baina ez diete jakinarazi zer eskainiko dieten etxearen truke. Bilera bat egitekotan gelditu ziren lurjabeak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin, baina lau aste pasa dira, eta oraindik ez die inork deitu. Berriz bildu eta alkatearengana zuzenduko dira orain. Askotan salatu izan ditugu informazioa emateko Eusko Jaurlaritzaren propaganda-metodoak, eta lurjabeek eskatzen dutena informazioa da, ez irratitik edo telebistatik propaganda entzutea. Beraz irakurle guztiak aktiboki parte hartzera eta proiektu txikitzaile, xahutzaile eta bidegabe honi ezezko borobila ematera animatu nahi ditut. Denon esku baitago!

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.