"Gure 170 senide preso politikok baldintzapean aske beharko zukeen egon, kondizionalean kaleratzeko datetan sartuak daudelako. Gure senideei aipatu eskubidea sistematikoki ukatu egiten diote, ordea. Ondorioz, 170 senide preso horietatik 140 espainiar Estatuan espetxeraturik dituzte. 30, berriz, frantziar Estatuan"
EKAINA BALANTZEA
Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
Euskal Herrian, 2008ko uztaila
Bizitza erdia baino gehiago lau hormen artean
Jose Mari Sagardui Moja gure senide preso politikoa atxilotu, torturatu eta espetxeratu zutenetik 28 urte beteko dira datorren uztailaren 8an. Zornotzako preso politikoa egun Jaeneko kartzelan dute preso.
Euskal preso politikoei nahiz beraien senide eta lagunei ahalik eta sufrimendu gehien eragiteko espainiar eta frantziar Estatuek egin duten apustuaren erakusle garbia da Joxe Mari Sagardui Mojaren kasua. Izan ere, Jose Mari Sagardui Mojak nahiz bere senide eta lagunek bakartasuna, urruntasuna, bizi baldintza gogorrak, osasun asistentzia eza, izugarrizko odoluste ekonomikoa, istripu larriak eragiten dituzten behartutako milaka kilometro,... jasan dituzte azken 28 urteetan. Sagardui Mojak horrenbeste urte espetxeraturik eramatearen arrazoia, beraz, argia da: guri nahiz gure senideei ahalik eta sufrimendu gehien eragiteko espainiar eta frantziar estatuek duten asmoa. Zergatik? Zertarako? Espainiar eta frantziar estatuen krudelkeriaren erakusle ere, larriki gaixorik dagoen Jon Agirre Agirianok 27 urte bete ditu espetxeraturik aurten. Jon Bilbao Morok, berriz, 26. Izan ere, gure senide preso politikoak ez askatzearen ondorioz, geroz eta gehiago dira urte luzeak espetxeraturik daramatzaten gure senide presoak. Horren erakusle, gure 44 senide preso politikok 20 urte baino gehiago daramatzate espetxeraturik.
Horien artean aurkitzen dira ere espetxe zigor osoa pasa den uztailaren 2an bete zuten Peio Odriozola eta Ines del Rio. 20 eta 21 urte daramatzate espetxeraturik, hurrenez hurren. Ez dituzte askatu, ordea. Gure senide preso politikoei askatasuna ukatzeko Auzitegi Gorenak indarrean jarri zuen 197/2006 sententzia aplikatu diote. Aipatu sententziarekin, praktikan, gure senideak 30
urtez espetxeraturik mantendu nahi dituzte. Del Riok eta Odriozolak bezala espetxe zigorra osorik beteta ere preso jarraitzen dute beste 22 euskal preso politikok.
Halaber, gure 170 senide preso politikok baldintzapean aske beharko zukeen egon, kondizionalean kaleratzeko datetan sartuak daudelako. Gure senideei aipatu eskubidea sistematikoki ukatu egiten diote, ordea. Ondorioz, 170 senide preso horietatik 140 espainiar Estatuan espetxeraturik dituzte. 30, berriz, frantziar Estatuan.
Gure eta gure senideen sufrimendua areagotzeko nahia dutelako ere, ez dituzte kaleratzen gaixotasun larriak dituzten gure senide preso politikoak.
Minbiziarekin, miokardioko bihotzeko larriaren arriskuarekin, gaitz zerebrobaskularrekin, kolitis ultzerosarekin, esklerosi mesialarekin, delirio krisiekin, nahasmen obsesibo-konpultsiboekin, bihotzeko arazo larriekin, nahasmen eskizofreniformearekin, eta, depresio koadro larriekin ditugun senideak preso mantentzen dituzte. Aipatu gaixotasunetariko batzuk, espetxeak eragin dizkie gure senideei. Askori, halaber, dituzten gaixotasunak okertu egin dizkie. Izan ere, osasun asistentzia eza, trasladoetan mehatxu eta tratu txarrak, tratamenduak burutzeko debekuak eta oztopoak, elikagai desegokiak, estresa, zikintasuna,... eguneroko ogi dira kartzelan.
Esaterako, Mikel Ibañezen abokatuek bere askatasuna eskatuz egindako eskaerari, pasa den ekainaren 12an Audientzia Nazional espainiarreko epaile Baltasar Garzonek Elgoibarko preso politikoa egunean 24 orduz poliziaren zaintzapean egoteko aginduz erantzun zion. Egun, Donostiako Ospitalean ingresatuta dago Mikel Ibañez. Ertzainak egoten dira bera dagoen gelaren kanpo aldean. Poliziaren presentziak eta jarrerak sortu dezakeen tentsioa oso negatiboa izan daiteke minbizia duen Mikel Ibañezentzat. Mikel Ibañez pasa den ekainaren 16an Madrileko Gregorio Marañon ospitaletik Donostiako Ospitalera eraman zuten. Bere osasun egoera larriaren ondorioz, bidaian gerta zitezkeen osasun arazoak bere gain hartu behar izan zituen. Izan ere, berebiziko garrantzia zuen Ibañezentzat bere herrian egon eta herritarrak eta senideak ondoan sentitzeak.
Figeroa berriro ere ospitalera eramana
Medikuek esandako lasaitasuna eta elikadura garbia kartzelan ez dituen Angel Figeroak ere behin eta berriro ospitalera eramana izaten jarraitzen du, etengabean jasaten dituen epilepsia atake bortitzen ondorioz. Pasa den uztailaren 2an, esaterako, Txagorritxura eraman behar izan zuten bi krisialdi bortitz jasan ostean Langraitzeko kartzelan. Hau da, ospitalean alta jaso eta astebetera berriro ospitalera eraman behar izan dute, behin eta berriro jasaten dituen krisialdi larrien ondorioz.
Figeroak eta Ibañezek, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste euskal preso politikoek bezala, kalean beharko lukete egon ingurukoen babesa jasotzen.
Osasun arazoei loturik ere, Mikel Illarramendi Oñatiko preso politikoak harriak ditu giltzurrunean. Lyoneko ospitalera eraman zuten. Bertan, harriak kentzeko ebakuntza egitea ezinbestekoa zela esan zioten. Martxoa amaierarako zuen txanda hartua ebakuntza egiteko, baina oraindik zain dago. Ondorioz, tentsioa altua du, eta, barizeak ditu.
733 euskal preso politiko 3 estatutako 88 kartzelatan sakabanatuak
Bizi baldintzei dagokienean, 3 estatutako 88 kartzelatan sakabanatuta dituzten gure 733 senide preso politiko krudelkeriaz beteriko egunerokotasuna jasaten ari dira, gaixorik diren gure senide presoen egoerak erakusten digun legez.
733 euskal preso politiko horietatik 569 espainiar Estatuko 52 kartzelatan sakabanatuta dituzte, bataz besteko, beren herrietatik 635 kilometrora. Frantziar Estatuan, berriz, 163 euskal preso politiko 35 kartzelatan sakabanatuta dituzte, bataz besteko, beren etxeetatik 791 kilometrora. Halaber, Kanadako kartzela batean Iban Apaolaza dute preso.
Kartzelatan jasaten ari diren krudelkeriaren erakusle ere, euskal preso politiko horietatik 49 beste euskal preso politikorik ez dagoen kartzela edo modulutan aurkitzen dira. Ondorioz, moduluko bakartasunetik egin behar diote egunez egun aurre, beraien aurka diseinaturiko espetxe politikari.
Bizi baldintzen atalean ere, Puerto IIIn dituzten gure senide preso politikoei isolamendu zigorrak jarri dizkiote. Kontua ondokoa da: preso sozialek zikindutako patioa gure senide preso politikoei garbitzeko agindu diete, sarri, kartzelariek.
Gure senide preso politikoak ukatu egin dira agindu hori betetzera -beraiek, naturaltasunez, beraiek zikindutakoa garbitu egiten dute-. Horregatik, bi maindire eta manta bat besterik ez dauden ziega huts batean bakartzen dituzte.
Mansillan duten Jesus Bollada ere isolamendura eraman dute. Ziega preso sozial batekin konpartitzeko agindu zioten. Ukatu egin zen, eta, horregatik, zigortu egin dute.
Soto del Realen duten Nahikari Otaegik atxilotu aurretik EHUn egiten ari zen kimikako ikasketak jarraitu nahi ditu. Espainiar Estatuak eskubide hori gure senide preso politikoei ukatu egiten diotelako, apunteen bidez jarraitu nahi zuen ikasten. Apunteak kartzela barrura sartzea debekatu egin diote, ordea, eta, beraz, ezingo du horrela ere ikasten jarraitu.
Beste istripu bat eragin du sakabanaketak
Senide eta lagunok espainiar eta frantziar estatuek preso dituzten gure senide eta lagunak bisitatzeko astea joan eta astea etorri egin behar ditugun milaka kilometroen ondorioz (bataz besteko, espainiar Estatuan preso dituzten gure senideak ikusteko, joan-etorrian, 1270 kilometro egin behar ditugu. Frantziar Estatuan, berriz, 1582 kilometro egin behar ditugu joan-etorrian), pasa den ekainean, sakabanaketak eragindako istripu bat jasan genuen. Euskal Herritik 444 kilometrora dagoen Soto del Relaeko kartzelan duten Nuria Alzugarai Donostiako preso politikoarekin bisita egin eta etxera zetozen Alzugarairen gurasoek eta bi ahizpek jasan zuten sakabanaketak eragindako istripua. Kamioi batek senideak zihoazen kotxea kolpatu egin zuen. Ondorioz, Nuria Alzugarairen senideen autoari kalte materialak eragin zizkion.
Senide eta lagunoi oraindik eta arazo gehiago sortzeko helburuarekin, Aranjuezen dituzten euskal preso politikoei eta beren senideei bisean bisekoak astean zehar jarri dizkiote, nahiz eta, neurri horrek izugarrizko ondorio eta zailtasunak eragin ditzakeen (lantegian, beste senideekin ezin joan,...).
Iñigo Baldaren neskalagunaren familiari, berriz, orain artean Valdemoroko kartzelariek bisean bisekotara sartzen uzten zioten. Iñigo Baldak neskalagunarekin izatezko paperak eginak ditu. Lehen normaltasunez uzten zieten sartzen bisean bisekora. Orain, berriz, eskubide hori ukatzen hasi zaizkie Valdemoroko kartzelariak.
Andeka Juradoren aitari, berriz, 3 eta 9 hilabete artean bere semea ikusteko debekua jarri diote. Euskal Herritik 760 kilometrora dagoen Villenako kartzelan bisita zuen, amarekin batera, ekainaren 6ean. Metalezko gailuen detektagailutik pasa ostean, kartzelari bat Juradoren aitarengana zuzendu zen poltsikoan zer edo zer al zeraman galdetuz. Juradoren aitak ume bat bezala ez tratatzeko eskatu zion. Horregatik, kartzelako hall-era joateko agindu zion kartzelariak Juradoren aitari, eta, bisitarik gabe utzi zuen. Bisitaren ostean, Andeka Juradori bere aita 3 eta 9 hilabete artean bera bisitatzea debekatu egingo diotela esan zioten. Hurrengo egunean, zegokien bisean bisekoa egitera joan ziren Juradoren gurasoak, baina, kartzelaren atarian Guardia Zibilak zituzten zain, Juradoren aitari bertara sartzea debekatzeko.
Ekainaren 7an, berriz, Puerto IIIn duten Joxe Mari Dorronsoro eta bere bi lagun bisita gabe utzi zituzten kartzelariek. Dagokien bisita eskubidea gauzatzeko 2300 kilometroko joan-etorria egin behar duten lagunak horrela zigortzeko erabili zuten arrazoia, Donostiako preso politikoak ez zuela kartzelako patioa garbitu, eta, ondorioz, zigortu egin zutela izan zen.
Euskal Herritik 770 kilometro ingurura dagoen Alacanteko kartzelan duten Jon Bilbao Mororen neskalagunari, berriz, ondokoa gertatu zaio: ebakuntza bat egin zioten, eta, ondorioz, bisean bisekoa atzeratzeko eskatu zuen. Ekainaren 4ean, azkeneko momentuan, bisean bisekoa hurrengo egunean, ekainaren 5ean izango zuela esanez abisatu zioten Bilbao Morori. Bere senideek, ordea, ezin izan zuten bidaia prestatu, eta, ondorioz, bisean bisekoa galdu egin zuen. Ekainaren 7an, berriz, lagun batzuekin izan zuen bisita Bilbao Morok. Bera bisitatzera joan ziren lagunek udako arropa sartu zioten. Kartzelariek aipatu arropa erabat koipeztatu ostean eman zioten Bilbao Morori.
Trasladoak eta kanporatze bat
Halaber, ekainean, ondoko destino aldaketak burutu dituzte espainiar eta
frantziar estatuek:
● Fernando Barrena, Villabonatik (EHtik 435 kilometrora) Mansillara (EHtik
435 kilometrora).
● Joseba Iturbide, Valdemorotik (EHtik 520 kilometrora) Puerto Iera (EHtik
1135 kilometrora).
● Oier Gonzalez, Muret Seysses-etik (EHtik 350 kilometrora) Villeneuve les
Maguelonera (EHtik 710 kilometrora).
● Zorion Zamakola, Villeneuve les Maguelonetik (EHtik 710 kilometrora)
Muret Seyssesera (EHtik 350 kilometrora).
● Zigor Orbe, La Santetik (EHtik 911 kilometrora) Marseille les
Beaumettesera (EHtik 750 kilometrora).
● Sendoa Jurado, Soto del Realetik (EHtik 445 kilometrora) Algecirasera
(EHtik 1235 kilometrora).
● Josu Amantes, Soriatik (EHtik 270kilometrora) Puerto Iera (EHtik 1135
kilometrora).
● Angel Mari Elkano, Valladolidetik (EHtik 355 kilometrora) Alcazar de San
Juanera (EHtik 600 kilometrora).
● Patxi Urrutia, Valladolidetik (EHtik 355 kilometrora) Ocañara (EHtik 535
kilometrora).
Gure senide iheslari politikoen aurkako jazarpenaren erakusle ere Bittor
Tejedor, ekainaren 16an, Kanadatik kanporatu, eta, Madrileko Soto del Realeko
kartzelan espetxeratu dute.