Euskaldunon Egunkaria-ren auzian epaitu nahi dituzte Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Peio Zubiria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria. Bost egunez inkomunikatuta eduki zituzten eta guztiak torturatuak izan ziren.
Duela hamar urte, 1998ko uztailean Egin egunkaria eta irratia itxi zituzten. Ondoren Ardi Beltza aldizkaria itxi zuten. Bost urte beranduago, 2003ko otsailean Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Hamar lagun atxilotu zituzten operazio hartan. Bost egun inkomunikatuta eduki ondoren, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga, Txema Auzmendi eta Xabier Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen Del Olmok. Martxelo Otamendi, Inma Gomila, Fermin Lazkano eta Luis Goia aske utzi zituen, bermea ordainduta. Hauetako hainbatek, inkomunikatuta eduki zituzten bitartean, torturatu egin zituztela salatu zuten. Elkarrizketa hau, Uriaren tortura salaketa Madrilgo epaitegiak behin betiko artxibatu baino lehen egin genuen.
Euskal Herria Sozialista.- 2003an Euskaldunon Egunkaria itxi zuten. Zergatik?
Iñaki Uria.- Nahi zutelako eta ahal zutelako. Espainiako Auzitegi Nazionaleko VI. Instrukzio aretoko epaileak agindu zuen ixtea, urte pare bat aurretik Guardia Zibilak euskal kulturaren inguruko enpresa batzuk ikertzen hasi ondorengo txosten baten harira. ETAren diruen zerbitzura eta bere agindupean egotea izan zen akusazioa. Itxiera ulertzeko, baina garai hartako testuingurura itzuli behar gara. Aznarren bigarren agintaldia aurrera doa. Gehiengo absolutua dauka. Ezker Abertzaleko egiturez gain, AEKren aurka jo dute, Elkar-en aurka ere bai… Autonomiaren etetea begi-bistan zegoen gauza zen. Testuinguru horretan euskara eta euskal nazioaren aurrerabidean herri ekimenik garrantzitsuenetakoa izandakoa, Euskaldunon Egunkaria, ixtea erabaki zuten.
EHS.- Euskaldunon Egunkariaren itxieraren aurka nola erantzun zuten alderdi, sindikatu eta erakundeek?
IU.- Hiru egunetan Donostiako kaleak erabat kolapsatu ziren sekula ezagutu dugun manifestaziorik handienetako batean. Erantzun honek indar handia izan zuen momentuan. Estatuari begira alde batetik, bi aldiz pentsatu beharko baitzuen hurrengo golpea, eta hemengo alderdiek begira bestalde, epelkerietatik harat erantzuteko. Euskalgintzak, Kontseiluaren bidez, tira zuen ekimenetan aurrera. LABek eta ELAk ordubeteko paro bat deitu zuten. Jende asko ohartu zen orduan herri gisa ez geneukala defentsarik Auzitegi Nazional, Guardia Zibil edota Espainiako estatuko erakunde ezberdinen arbitrarietate eta nahikarien aurrean. Euskalgintzan urte luzetan eta neke handiz lortutako aurrerapen eskas batzuk, laster batean suntsi zitzaketela inpunitate osoz. Eta “…utzi justiziari bidea egiten” bezalako esaldiak entzun behar izan genituen agintari “abertzale” zenbaiten ahotan.
EHS.- Nola baloratzen dituzu eman ziren mobilizazioak eta jaso zenuten laguntza, babesa eta elkartasuna?
IU.- Garrantzia handikoak izan ziren mobilizazioak eta laguntza, babesa eta elkartasuna handituz joan da denborak –eta ebidentziak- aurrera egin ahala. Nazioarteko erakunde ezberdinak, Eusko Legebiltzarra, Madrilgo nahiz Europako parlamentari multzoak… eta batez ere euskal herritar oinezkoak. Egunkariaren sorreran, Berriaren sorreran eta behar den momentuetan agertzen dakien herritar xume andana horrek eskaini digu laguntza eta babesik handiena.
EHS.- Nola dago egun Egunkariaren auzia?
IU.- Bi auzitan banatuta. Batean, Nagusian, 7 lagun ETAko kide izatearen akusaziopean 14 urteko zigor eskeak gainean ditugula. Bestean, ekonomikoan, 8 lagun BEZ eta Diru-laguntzen iruzurra egin izana salatuta, 26 urte eta 33 milioi euroko isunak ordaintzeko eskariekin. Bietan ahozko epaiketarako bidea irekita dago. Lehendabizikoan, errekusazio prozedura batzuk argitzea baino ez da falta. Bigarrenean, nulidade prozedura bati erantzutea. Ez dakigu noiz hasiko den lehendabizikoa, baina udazkenean izan daiteke.
EHS.- Zigortuko zaituztete?
IU.- Epaiketa eginez gero, zigorren bat izango da. Ezagutzen al dugu Espainiako estatua, hots, Auzitegi Nazionala, Guardia Zibila, esaten “Hanka sartu genuen. Oker galanta izan zen Egunkaria ixtea, euskaldunak egunkaririk gabe uztea eta zazpi lagun torturatzea”. Niri ez zait buruan kabitzen.
EHS.- Torturatuak izan zineten. Nola izan zen?
IU.- Bost egun eta bost gauez. Loa galaraziz, ariketa fisiko lehergarriak eginaraziz, fisikoki eta psikikoki umiliatuz, irainduz, mehatxu, tentsio eta beldur giro izugarri batean etengabe iraunaraziz… Biluzik lurraren gainean, hotz handia zen (otsailean elurra egin zuen), izerditan ariketak eginez ziztadak nituen bularrean. Elektrizitatea zerabiltela uste nuen… Bezperan besoak altsata pasa nituen orduen ondorengo min muskularra zen. Poltsa jarri zidaten bi saiotan itotzeraino. Kolpeak, burdinazko armairu batean sartu eta bota… Pistola jarri buruan eta klik egin. Infragorri batekin gela ilunean apuntatu… Ezker zangoan lesio bat izan nuen torturen ondorioz eta bost hilabete pasa nituen ondoren kartzelan fisioterapia egiten.
EHS.- Zein interes ditu Estatuak horrelako modu sistematiko batean tortura erabiltzeko?
IU.- Jendearen aurrean tortura justifikatzen da “kalte handiagoak” eragozteko “kalte txiki” baten moduan. Polizia telesail guztietan saltzen zaigu hori. Gure kasuan ordea, kontatuko didazue. Ez zuten informaziorik behar. Autoinkulpazioak besterik ez. Espainian, frogarik ezean, autoinkulpazioak erabiltzen dira zigor gogorrak emateko. Horretaz gain, torturaren beste funtzioetako bat beldurra hedatzea da. Oinezkoak, ekintzaileak eta ekintzaile izatekotan dabiltzanak beldurtzea izaten da. Gure kasuan, pentsa, “euskal kulturako pertsonaia hauei hau egiten badiegu… zer ez dizugu zuri egingo!”.
EHS.- Zure torturaren salaketak aurrera egin zuen bakarra izan zen eta Donostiako epaitegitik Madrilera pasatzea erabaki dute, zergatik?
IU.- Zergatik baino, zertarako esango nuke. Madrilera iritsi eta bizpahiru astera jakin dugu: artxibatzeko. Salaketak lau urte pasa zituen Donostiako epaitegian. Lau urteren ondoren lehendabiziko aldiz epaile batek nire lekukotza entzun zuen. Epaiketa egin behar zela erabaki zuen. Fiskalak eta Guardia Zibilen abokatuek eskatu zuten Madrilera eraman behar zela kasua, han gertatu zirela gertatutakoak.
EHS.- Torturarekin behin betiko amaitzea posible da?
IU.- Posible da epaitegiek eta gorputz polizialek ikerketak bideratzea; inkomunikazio aldiak kentzea, kamerak ipintzea… Gauza asko dira posible. Baina helburu baten lorpenak, helburu on batek demagun (hildakoak eragingo dituen ekintza bat eragozteak esaterako), urkoa jipoitzea eskatzen badu, munduko polizia gehienek
erabiliko dizute tortura.