Oro har emakumeei eragiten dien gaixotasuna da anorexia; edonola ere, handitzen doa gizonezkoengan duen eragina. Gaixoen %95a 25 urtetik beherako emakumeek osatzen dute, baina dagoeneko 9 urtekoen kasuak ere eman dira.

Interneten beren idoloen argazkiak –aktoresenak, modeloenak–, abestiak, esperientziak eta aholkuak trukatzen dituzte. Baina baita dietak, botikak –batzuetan legez kanpokoak–, eta trikimailuak ere –zenbaitetan ez dute oinarri zientifikorik izaten, eta gehienetan, besterik gabe osasunarentzat arriskutsuak izaten dira–: kaloriak erretzeko moduak, familiari jaten ez dutela ezkutatzeko erak, antsietateari eta tripa-zorriei eustekoak. Hainbatek apustuak ere egin izan ditu, denbora jakin batean zenbat argaldu daitezkeen neurtzeko. Edo gure buruari min ematea aholkatzen dute, minak “gantzak erretzen” laguntzen duelakoan.

Gaitzak gaixoen %20a heriotzaraino eramaten du; %30a gaixo kroniko bihurtzen da –etengabe ospitaleratu behar dituztelarik–. Honez gain, beren buruaz beste egiten dutenen kopurua 200 aldiz handiagoa da anorexia dutenen artean.

11 eta 17 urte bitarteko nesken %1,5ak nerbio-anorexia du; beste %1,5 batek bulimia; klasifikatu gabeko kasuek %3,8a osatzen dute. Denera, nesken %6,8a dago gaixotuta.

Adin tarte honetako nesken %43ak “loditzat edo oso loditzat” dauka bere burua. %15a dietaren bat egiten ari da. Neska guztien %33ak anorexian erortzeko arrisku larria du.

Datu beldurgarri hauek eskuartean, milaka biktima tratatu gabe daudela ikus dezakegu; gaitza garatzen ari diren edota etorkizun hurbilean garatu lezaketen pertsona andana, alegia.

MORAL BIKOITZIK ETA HIPOKRISIARIK EZ!

Aipaturiko web orri arriskutsu hauek biktimen ekimenez idazten direla esan izan da, baina ez da egia. Askoren atzean enpresa pornografikoak besterik ez daude; leku hauetan, neska hauen imajinak eta bizipenak produktu bezala saltzen dituzte. Ez da ahaztu behar pornografiak 14.000 milioi dolar baino gehiago sortzen duela –eta hori legez kanpo mugitzen duena kontuan hartu gabe–. Publizitate iragarkiak ere hortxe daude: banner-ak –hots, web orrietako iragarkiak–, orri hauetatik besteetara eramango dituzten estekak... Irabaziak handitzeko modu aparta aurkitu dute hauetan ere enpresek.

300.000 orrialde inguru daude egun. Egia esan, internet egungo sistemaren usteltasunaren isla bihurtu da. Eskuindarrek internet gaiztakeriarekin lotzen dute. Ildo honetatik, edukiak mugatzeko legeak onartzen dituzte, baina neurriok hipokritak dira betiere. Interneten dabiltzanen eskubide demokratikoak izaten dira gehienetan kaltetuak –adierazpen askatasuna, kasu–. Barren barrenean, goi mailako gizarteari, klase dominatzaileari, ez zaio pederastiarekin edota orrialde hauekin bukatzea interesatzen. Eta ez hori bakarrik: hamaika eskandalutan ikusi ahal izan dugun bezala, zabor honen kontsumitzaileak kapa sozial honetako kideak izaten dira askotan.

Horregatik, ez da egia denok anorexiaren eta bulimiaren aurka gaudela. Hipokrisiarik ez, mesedez. Errealitatea bestelakoa da.

NEGOZIO USTELAK

Arropa denda batera joatea nahikoa da neurriak aldatu direla ikusteko. Orain ez dago galtzarik argal ez daudenentzat. Egun 38 tailakoa den bakero baten gerria ez da duela 10 urtekoa bezalakoa.

Norbait aberasten ari da, milioiak pilatzen, gorputzaren itxurari garrantzia ematearen kontu honekin. Amancio Ortega, Berska eta Zara denden jabea, aipatu genezake adibide modura. Itzelezko irabaziak pilatu ditu azken urteetan. Hitz egin genezake, baita ere, alferrikako moda desfile eta erakustaldiez; beste hitzetan, diseinatzaile eta modeloen negozioez –bide batez esan dezadan mundu hau hertsiki loturik dagoela drogekin eta prostituzioarekin–. Esaterako, Bartzelonako Gaudi pasarelan, 6,9 milioi euro xahutu ziren 2002an. Gainera, diseinatzaileak kexatu egin omen ziren modeloak behar bezain argal ez zeudelako. Honez gain, publizitate eta marketing enpresek ere, emakumea erabiltzen dute produktuak saltzeko erreklamo gisa: entziklopediak, desodoranteak, autoak, light jakiak, dietak, botikak, kirurgia, filmak, serieak... saltzen saiatzen dira, emakumea baliatuta.

Honegatik deitzen diogu negozio zikina. Milaka milioi gutxi batzuen eskuetan; seguruenik eurek ere haien etxeetan anorexia eta bulimia gaixoak izango dituztelarik. Baina noski, baliabide ekonomikoak dituztenez, osasun zentroetara joko dute beren seme-alabak gaitzaren hatzaparretatik libratzeko. Segundo erdia ere ez diote eskainiko, ordea, langileen semeek gaixotasuna nola arraio gainditu behar duten pentsatzeari.

Une erabakigarrietan, zentro publikoek ez baitute gaitasunik anorexiari aurre egiteko: psikologoen, adituen eta abarren eskasi larria dago. Bitartean, klinika pribatuek poltsikoak betetzen dituzte, zerbitzu publikoa behar bezalakoa ez delako.

Egungo testuinguruan, gainera, erreparatu behar diogu urtetik urtera txikitzen joan den Osasungintzarako aurrekontuari. Kalitateak ere nabarmen egin du behera. Era honetan, klinika pribatuen aldeko apustua egin da, Osasun Fundazioak sortu dira... Burgesiak osasuna, berriz ere, bere monopolio izatea lortu nahi du.


EZ DA GIZABANAKOEN ERRUA: SOZIALISMOA ALA BASAKERIA


Egungo anorexia, bulimia, drogekiko menpekotasuna eta beste hainbat arazo ez dira gizabanakoen arduragabekeriaren edo inozokerien ondorioa. Ez dira gizabanakoen aukera bat, alegia. Argudiatze horiek arazoaren benetako muina ezkutatu baino ez dute egin nahi. Neska talde bat diskoteka bateko komunetara doanean oka egitera, ez da talde hori txoriburuek osatzen dutelako. Argaltzeko, lirain egoteko, mutilei gustatzeko eta sozialki onartua izateko nahiaren atzean, kapitalismoak emakumearekiko eragiten duen zapalkuntza dago. Jaiotzetik hiltzen den egunera arte, aurreiritziz betetzen dute emakumea; gaizki hezten dute, deshumanizatzen duten arte. Zapalkuntza handiena jasotzen duena, gainera, emakume langilea da –nola ez–.

Errealitatea den txanponaren alde gordina erakusten dute anorexiak eta bulimiak. Baina bortxaketak, jipoiak, lan baldintza kaskarrak eta beste ere baditugu bizkar gainean. Emakumeari arrakastatsu izateko aukera ematen zaio, baina erakargarri denean bakarrik –modelo, aktoresa, abeslari, aurkezle modura–.

Itxura ona eduki behar du emakumeak. Bestela atariak garbitzen, kontserba edo jantzi industrian lan egiten edota etxeko lanetan aritu beharko du ia seguru. Dendako edo bulegoko arduradunaren gustuko bada bakarrik lortuko du idazkari edo harreragile lana. Hau da orokorrean emakumeek parez pare lan munduan topatzen duten errealitatea.

Hezkuntzaren bidez neurriak hartzea garrantzitsua da: kalitatezko hezkuntza publikoa ezinbestekoa da, nahikoa baliabide izango duena –psikologoak, orientatzaileak, arreta pertsonalizatua... Baina ez hori bakarrik. Osasungintza publikoa sustatzea eta bertan behar bezainbeste inbertitzea ere beharrezkoa da. Eta, nola ez, lan orduen murrizketa; honela, gurasoek seme-alabekin egoteko denbora izango dute.

Guztiaren gainetik, emakumearen aurkako diskriminazioaren kontra borrokatu behar dugu. Lan beragatik, soldata bera! Lan baldintza duinak exijitzen ditugu! Emakumea umiliatzen aberasten diren mafiak akabatzea premiazkoa da!

Baina, neurri hauek guztiak aztertuta, konturatuko gara hauek gauzatzeko poltsikoak betetzen ari diren guztiei eraso egin beharko diegula. Azken finean, emakume langilearen zapalketa baimentzen duena da erasotu beharko duguna: sistema kapitalista. Leninek esan zuen behin, “sozialismoa ala basakeria”. Ez al da basakeria, mendebaldean jan nahi ez izanagatik neskatoak hiltzea, eta aldi berean hirugarren mundukoek ahora zer eraman ez edukitzea? Gaur, inoiz baino beharrezkoagoa da kapitalismoarekin bukatzea.


Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.