Lehendakariaren aholkulari ekonomikoa baino gehiago da Jose Mari Agirre. Urtarrilaren 24ko HITZAn esandakoari erreparatu besterik ez dago PNV, euskal enpresarien eta kapitalismoaren interesen defendatzailea dela.

Ondo nabaritzen zaio ez duela ERE edo kaleraketa baten arriskurik, ondo nabaritzen zaio bere nagusiek ederki ordaintzen diotela. Flautista ordaintzen duenak aukeratzen omen du melodia eta Jose Mari Agirrek ondo baino hobeto jotzen du euskal enpresarien kantua. 

Ibarretxek etxeko lanak eta ariketak ondo egin dituela esan zuen. Bai noski, Ibarretxek eta Eusko Jaurlaritzak ondo bultzatu dituzte azken urteetan, langileen soldaten jaitsiera, langileen kaleraketen merketzea, pentsioen aurkako erasoak, zerbitzu sozialen pribatizazioa eta sistema finantzieroaren desregulazioa, espekulazio masiboa eraginez eta etxebizitzaren prezioa zeruetaraino bidaliz. Eta orain ere, krisi garaian, enpresarien EREak onartzen ari dira langileen kaltetan, denon poltsikotik enpresariei izugarrizko diru laguntzak ematen zaizkien bitartean. Azken urteetan ikaragarrizko irabaziak izan dituen Arcelor multinazionalari adibidez, Eusko Jaurlaritzak 50 milioi oparitu zizkion irailean, eta Arcelorrek ondoren 500 langile azpikontratatu eta aldibaterakoren kaleraketa prestatu du.

Ez zuen izan lotsarik langabezia oraindik “ia teknikoa” dela eta 2009an 10.000 langabetu gehiago egongo direla esateko. Ez du irakurri oraindik azken hiru hilabetetan 24.300 langabetu gehiago daudela Hego Euskal Herrian? Jose Mari Agirreren “ustez” gainera, antzerkia ondo daki egiten, ez dago kapitalismoa ez den beste sistemarik amesten duen europarrik. Ondo daki europar askok, eta krisiaren ondorioz are gehiago, sozialismoa aldarrikatzen dutela alternatiba bezala. Behin eta berriz esan zuen komunismoak eta sozialismo errealak porrot egin dutela. Kapitalismoaren defendatzaileak, orain dela mende bat baino gehiago hasi ziren sozialismoak ez duela balio esaten. Baina zergatik gastatu du orduan burgesiak, horrenbeste indar eta diru orain dela mende bat baino gehiago “hilda dauden” ideia eta alternatibak erasotzen? Ez da harritzekoa sozialismoari beldurra izatea eta gutxiago garai hauetan. Ondo dakizue bai, gero eta langile gehiagok alternatiba horren beharra aldarrikatuko dutela.

1989an porrot egin zuena ez zen sozialismoa izan, komunismoarekin zerikusirik ez zuten estatu burokratiko ustelduen erorketa baizik. Baina “kapitalismoari esker”, ekialdeko herrialdetako biztanleriaren bizi baldintzak ikaragarri okertu dira. Horretaz ez duzue txintik esaten. Txintik ez Mosku, Budapest… hiriburuetan umeak kalean miserian bizitzen direnari buruz. Txintik ez langabezia, pobrezia eta gosearen gorakadari buruz. Egia gordez, Europako Batasuna parasidua dela esan zuen Jose Mari Agirrek. Zergatik eman dira orduan azken urteean 10 greba orokor Grezian, 2 greba orokor Belgikan, Italian, Frantzian, Alemanian…? Ahaztu egin zaizu Europan 30 milioi baino gehiago pobrezian bizi direla? Nolaz esan zenituen horrenbeste gezur hain denbora gutxian?

Krisiaren arduradun harropuzkeria, kontrolik eza, kontsumismoa, inmobiliariak eta erakunde finantzieroak jarri zituen. Horrela, kapitalismoari muturra garbitzeko aukeratu topatu zuen. Gaurko krisia ordea, kapitalismoaren funtzionamenduari dago lotuta, arazoa da fabrikak, bankuak eta latifundioak gutxi batzurenak direla, arazoa da gutxi batzuren irabazi milioidunek mugitzen dutela ekonomia, arazoa da gutxi batzuren  lujoak gehiengoa prekarietatera, langabeziara, miseriara eta gosera kondenatzen duela. Eta arazo hauek konpontzeko modu bakarra kapitalismoarekin bukatzea eta gizarte sozialista bat eraikitzea da. Horregatik defendatuko dugu kapitalisten espropiazioa pulpitoan, kalean eta behar den leku guztietan.  

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.