Ibarretxek Euskal Herriko arazorik konpondu ez zuen bezala, Patxi Lopezek ere ez digu inolako irtenbiderik ekarriko. Bere burua sozialistatzat duen lehendakari berriak urte guzti hauetan erakutsi digu ez daukala arazorik estatu espainiar burgesaren eta euskal kapitalisten interesak defendatzeko. Bi alderdi eskuindarrekin, PNV eta PPrekin, akordioetara heltzeko abilezia duen arren, ez da gai PSEri ere botoa ematen dioten langileen alde ezer egiteko eta are gutxiago benetako sozialistek betidanik aldarrikatu duten eskubide bat defendatzeko: autodeterminazio eskubidea.

Euskal Autonomi Erkidegora aldaketa ekarriko duela esan digu Patxi Lopezek. Nolako aldaketa ekarri nahi du PPren eskutik? Nazionalismo espainiar atzerakoi eta errepresiboena ordezkatzen duen alderdiarekin elkartuta ezer konponduko duela uste al du? Ez da harritzekoa PSOE eta PSE barnean zalantza handiak egon izana gobernu berri honen osaketarekin. Gaur egungo bezalako krisi garaietan burgesiari gobernu indartsuak izatea komeni zaio eta ezin daiteke esan PSE eta PPren arteko akordio honek etorkizun oparorik izan dezakeenik. Orain dela mende bat baino gehiago kapitalismoa suntsitzeko sortu zen alderdi sozialista honetako zuzendaritza erreformista erabat lotuta dago kapitalisten interesei eta burgesiaren hainbat sektorek, batik bat euskal patronalek, PSEri gobernua PNVrekin osatzeko eskatu zioten, krisi garai hauetan enpresarien interesak defendatzeko egokiagoa izango zela esanez. Baina etorkizunera begirako alderdiaren eta Patxi Lopezen interesengatik lehendakaritza eskuratzea garrantzitsuagoa dela erabaki du PSOEk. Asko damutu dakiokeen erabakia da inondik ere. PPk ondo daki akordio honetatik kaltetuen atera daitekeena Patxi Lopezen alderdia dela eta gogor ari dira aurrera egiten.  

Zer egin behar du langile klasearen askatasuna lortzeko sortu zen alderdi honek langileen mobilizazioak eta grebak gero eta gehiago hazten ari diren honetan? Dirudienez behintzat, PSEko agintariek PPren eskutik kapitalisten helburuak bultzatzeko asmoa dute eta PPrekin hasitako harremana hautsi ezkero PNVrengana hurbildu beste behin enpresarien aldeko politikarekin jarraitzeko. Hauek bai sozialistak!! EAEko langile askok esperantza handiak jarri zituzten Patxi Lopezengan baina denbora gutxian jabetuko dira honek ez dizkiela arazoak konponduko. Lehendakari berriak ez ditu pribatizazioak eta murrizketa sozialak geratuko, alderantziz baizik. Patxi Lopezi botoa eman zioten askok ezkerreko politika bat eskatuko diote baina hori ezinezkoago bihurtu da PPrekin elkartuta. Eskubide demokratikoei dagokionez berriz ezin dezakegu gauza hoberik espero kapitalisten, estatu espainiarraren eta eskuinaren txotxongiloa den PSEren zuzendaritza erreformista honetatik. Egia esan, Patxi Lopez bezalako agintariei erreformista deitzea ere gero eta gehiago kostatzen da.   

PNVren demagogia

Azkeneko zortzi urteetan Ibarretxek sarritan esan du euskal gizartearen bide nagusia hiruko gobernua zela baina hauteskunde emaitzen ondoren azkar esan zuten PNVkoek “kultura politiko berri” bat zegoela eta “blokeen politikatik ezberdinen akordiora” igaro beharra zegoela. Hitz hauek PSErekin gobernua osatzeko helburuarekin bota ziren. Gainera, hasieran alderdi legearen ondorioz legebiltzar berria manipulatuta zegoela esan arren egun gutxitan “euskal gizartearen pluraltasun politikoa” ordezkatzen zuela eta denok “aberasten eta indartzen” gaituela esan ziguten. PNVk ez zuen arazorik eduki “hain arriskutsuak diren PSEko espainiarrei” gobernu akordio bat eskaintzeko. 

Eta hau gutxi balitz, PSEri PPrekin akordiora heltzea horrenbeste kritikatu ondoren, Mariano Rajoy berari ere gobernuaren osaketa elkarrekin egitea eskaini zion Iñigo Urkulluk. PNVren demagogiak ez du mugarik, baina ezta Xabier Arzalluzenak ere. Herri Irratian egin zituen adierazpenetan azaldu zuen Urkulluk egindako eskaintza hau egia izatekotan PNVren exekutibari urte gutxi ematen zizkiola alderdian. Arzalluzi betidanik gustatu zaio bere burua abertzale sutsutzat aurkeztea, baina ahaztu egin al zaio 1996ean bera izan zela Aznar presidente izango zuen PPren gobernua babestu zuena?

Frente espainiarraren mamua erabiltzen ari dira Urkullu eta konpainia. Madriletik gobernatuko gaituztela esaten duen PNVk ordea ez du arazorik hain zuzen ere Madriletik datozen aginduak gustura betetzeko. Nondik etorri zen Arrasateko kaleetan zeuden presoen argazkiak kentzeko agindua? Nondik etorri zen Ertzaintzak ordu gutxiren buruan bete zuen agindua? Tortura kasuak azaltzen zirenean edo ONUk Gobernu espainiarrari koloreak ateratzen zizkionean tortura salaketengatik, PNV arro ateratzen zen Ertzaintzak zuen jarrera eredugarriagatik. Baina Ertzaintzak, inkomunikazio egoera berreskuratuz, Manex Castroren atxiloketarekin protokoloa erabat “ahaztu” zuen beste behin.    

Bestetik, eskubide demokratikoen aurkako beste eraso garbi batean AHTren aurkako ekintzak terrorismotzat kalifikatzea agindu zuen Ertzaintzak Ibarretxe oraindik lehendakari zenean. Beraz, hemendik aurrera, AHTa salatzea helburutzat duten mota guztietako ekintzak terrorismotzat hartuak izango dira. Hau dena AHT eraikitzen ari diren enpresen interesen aitzakian egiten den arren, helburu nagusia Ertzaintzaren errepresio basati justifikatzea da. Hau zen PNVren demokrazia euskalduna?

Bukaera “polita” eman zion PNVk bere legegintzaldiari: hauteskunde kanpainan Ertzaintzak jarritako kontrolak, hauteskunde eguneko identifikazioak, Urbinakoa bezalako bortizkeria poliziala, ongietorrien debekuak eta inkomunikazioaren etorrera hiru urteren ondoren. Polizia espainiarrak orain dela 25 urte Pasaian eraildako 4 lagunek ere ezin izan zuten jaso senide eta lagunek egin nahi izan zieten omenaldia. PSE eta PPren arteko gobernuaren zorigaiztoaz jakinarazten gaituen PNVk ez dio Euskal Herriari onurarik ekarri eta ez dio inoiz ekarriko.

Iraultza sozialista 

 

Errepresioaren eta kapitalisten erasoen aurka, askatasun nazionalaren eta sozialaren alde, beharrezkoa da ikustea langile klasea dela borroka honen oinarria. Greba orokorraren bidez ikusten da langileak geratzen badira gizarte honek ez duela funtzionatzen, hor ikusten da nork duen botere ikaragarri bat. Kapitalismoaren krisia Euskal Herrian ere sakontzen ari den honetan, ezin ditugu iraganeko borroketan eta iraultzetan egindako akatsak errepikatu. Klaseko borrokaren garrantzia garai hauetan ez badugu azpimarratzen ez dugu sekula egingo. Akats larria litzateke bere garaian alderdi sozialdemokrata alemaniarreko agintariek egin zutena errepikatzea, hau da, klaseko borroka etorkizun baterako utzi “demokraziaren” aldeko borrokari “lehentasuna” eman nahirik. Herritar guztien demokrazia ezin da kapitalismopean lortu, beharrezkoa da sozialismoaren alde borrokatzea helburu hau lortzeko ere.

Akats bera egin zuten agintari sozialdemokrata hungariarrek 1919ko iraultza hungariarrean. Langile eta nekazariei sozialismoaren aldeko borroka alde batera uzteko eskatu zieten, lehendabizi demokrazia (burgesa) sendotu behar zela esanez. Zoritxarrez, gogotik ordaindu zuen iraultza hungariarrak erreformista hauen akatsa, iraultza hasi eta 133 egunetara ejertzito zuri errumaniarra Hungarian sartu zenean.

Ez zuten ulertu gizartearen barnean, sortu zen polarizazio sozialarekin, bi aukera besterik ez zeudela: edo langile klaseak zapaldu guztien buru jartzen zen burgesia garaitzeko, edo burgesiak bere indarrak erabiliko zituen bere botere ekonomiko eta politikoa mantentzen jarraitzeko. Ez dago erdibiderik. Gaur Amerika Latinan ikusten dugu eta munduko beste herrialdeetan ikusiko dugu datozen garaietan klaseko borrokak eta iraultzek bi emaitza soilik izan ditzaketela: langileek irabazten dute eta langileen benetako demokrazia ezarri, edo klase dominatzailearen mendeku gogorra emango da.

Zoritxarrez ordea, Amerika Latinoko iraultzari buruz sarritan entzun ditugu hainbat intelektual bertako langileen eta nekazarien “heldugabetasun” politikoari buruz hitz egiten, Venezuelan, Bolivian edo Mexikon iraultza sozialista posible ez dela frogatzeko helburuarekin. Errusian ere bazeuden mota honetako pertsonak: mentxebikeek indar handiarekin defenditu zuten langile errusiarrak “atzeratuegiak” zirela Errusian boterea hartzeko, mendebaldeko Europa “aurreratuan” baino lehenago. Historiak erakutsi zuen hau erabat faltsua zela. Alderdi boltxebikeak, masen mugimendu bizian eta marxismoaren ideologia iraultzailean oinarrituz, langileak eta nekazariak boterea hartzera zuzendu zituen eta munduko historia eraldatu zuten.

Mentxebikeen antzeko elementu hauek mugimendua gelditzen saiatzen ari dira Amerika Latinan, langileak eta gazteak engainatu nahirik “bi etapen” teoria bezalako ideia faltsuekin. Teoria honek dioenez, langileek eta nekazariek ez dute sozialismoaren alde borroka egin behar. Honen lekuan, “burgesia aurrerakoia” babestu behar dela diote, “demokrazia” defendatu eta gero egongo dela denbora sozialismoaz hitz egiteko aukera, urrutiko etorkizun ilun batean. Mugimenduko sektore batzuen ustez borrokak ezin ditu pasa demokrazia burgesaren mugak. Hauxe bera zioten 1917an mentxebikeek. Amerika Latinak ordea aspaldi utzi zuen atzean iraultza demokratiko-burgesa. Mexikon adibidez, ikusi zen 1910-20ko iraultzarekin zer lortu zitekeen iraultza demokratiko-burgesarekin.

Marxismoaren aurkako erasoak handiak izan diren arren, berriro ere aukera handiak irekitzen ari dira ideia hauentzat. Klaseko borroka areagotzen ari da mundu osoan. Sistema kapitalista bizitzen ari den crack finantzieroak eta gehiegizko ekoizpenaren krisiak marxismoari buruzko eztabaida ireki dute eta Euskal Herrian ere langile klasea bere giharrak mugitzen ari da bere interesak defendituz burgesiaren aurka. Baina alderdi eta sindikatu erreformistetako zuzendaritzek ahal duten guztia egingo dute langile klasea porrotera eramateko. 

Horregatik, erreformismoaren eta iraultzaren arteko eztabaida eguneroko agendara azaltzen joango da, bere garaian boltxebike eta mentxebikeen artean eta gaur iraultza venezolarrean ematen ari den bezala. Marxismoaren ideia, metodo eta tradizioetan oinarrituta dagoen eta bere programan burgesiaren espropiazioa defendatzen duen alderdi kontziente batek bakarrik eraman dezake langile klasea garaipenera. Hau da hain justu ere boltxebikeek 1917ko urrian egin zutena.

Boltxebikeek ondo zekiten burgesia aurrerakoirik ez dela existitzen eta Leninek garbi utzi zuen burgesiarengan ez dela konfiantzarik eduki behar. Boltxebikeek bankari eta kapitalistekin hausteko eskatu zieten agintari mentxebike eta sozial-iraultzaileei, langile klasearen eta erdi mailako klasearen aldeko politika aplikatzeko esanez. 1917an, Lenin eta boltxebikeek ozen esan zieten agintari mentxebike eta sozial-iraultzaileei: “Hautsi burgesiarekin, boterea hartu!” Baina mentxebike eta sozial-iraultzaileek uko egin zioten boterea hartzeari sozialismoa etorkizuneko zerbait zela defendatuz. Burgesiari lotu ziren eta horrela boltxebikeen garaipena prestatu zuten. Horregatik esaten diegu, langileetan oinarritzen diren alderdi eta erakundeei burgesiarekin hausteko eta benetako gizarte sozialista baten alde borroka egiteko programa iraultzaile batekin. Iraultza sozialistari esker soilik lortuko ditugu askatasun nazionala eta soziala.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.