<"/>

<"/>

Aurtengo udan ere errepresioak ez ditu hartu oporrak. Errepresioa, jazarpena eta adierazpen askatasunaren murrizketa Euskal Herriko jaietan ere ikusi ahal izan ditugu. Villabonak, Donostiak, Lizarrak, Gasteizek, Bilbok, Gernikak… modu gordinenean bizi zuten egoera hau. Jaietan eskubide demokratikoak errebindikatzea ere delitu bihurtu nahi duten honetan Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzak errepresioa are gehiago gogortu du.

 

<"/>

Ertzaintza behin eta berriro herriko festetara bidaltzea izan Rodolfo Aresen lan garrantzitsuena udan. Demokraziaren izenean hitz egiten duen Barne Sailburuari ez zaizkio Ertzantzaren jazarpena, jipoiak eta mehatxuak batere antidemokratikoak iruditu nahiz eta beste hainbat gauzen artean Remi Ayestaran villabonatarraren heriotza eragin. Euskal polizia burges honek nonbait ez zuen nahikoa izan Remiren heriotzarekin eta gertakizun larri honen ondoren ezker abertzaleko zinegotziaren bikotekideari ere iseka egin zioten. Hau al da Rodolfo Aresen demokrazia?

Baina errepresioa eta jazarpena ez ziren hemen geratu. Presoen argazkiak ahal den toki guztietatik kendu, Usurbilen zuten 24 urteko murala suntsitu, judizialki jazarri Egunkariako eta Gaztesareako arduradunak, Alain Berastegi bahitu eta torturatu, Jon Anzaren kasua erabat ixilarazi, Juan Manuel Intziarteren estradizioa Mexikotik, Maite Aranalderen aurkako kanpaina polizial eta mediatikoa… Ez, hau ez da demokrazia, demokrazia burgesa baizik. Klase kapitalistaren interesak defendatzearren edozein neurri aurrera eramango duen demokrazia burgesa da Euskal Herrian eta ia mundu osoan duguna.

Orain arte erabili den aitzaki nagusia, mota guztietako ilegalizazioetarako, ETAren ekintza armatuak ez kondenatzea izan da. Baina Rubalcabaren adierazpenek inoiz baino argiago utzi zuten aitzaki bat besterik ez zela. Ez zuen arazorik izan esateko “ezker abertzaleak biolentzia kondenatzen badu eta legalizazioa eskatzen badu, erantzuna ezezkoa izango da”. Beti aurkituko dute aitzakiren bat PNVk EAren babesarekin irekitako manifestazioen debekuen dinamikarekin jarraitzeko.  

Lehendakariak esan zuen gobernuaren aurkako protestak legitimoak eta beharrezkoak direla, baina errealitateak erakusten du hitz polit batzuk besterik ez zirela. Euskal presoen dispertsioa, tortura ahalbidetzen duen legeria, alderdien ilegalizazioa, komunikabideen itxiera, erakunde politikoen aurkako makrosumarioak, Estatuak eragindako biktimen mespretxua… zerrenda luzea da. Posible da eraso hauen guztien aurka protesta egitea? Patxi Lopezek ondo daki Ertzaintzak gero eta zailago jartzen duela eta etengabe “prebentiboki” debekatu eta bortizki erreprimitzen direla.

Baina, ezker abertzalea modu basatian erreprimitzen den bitartean, iraganean PSOEko militanteak erahil zituen eta gaur Herriko tabernak eta errepublikarren monumentuak erasotzen dituen Falangea aldiz, beste hainbat talde faxista bezala, ez dute ilegalizatzen. Eskubide demokratikoen aldeko borroka, klase arteko auzia da, eta langile klasea, gazteria eta herriko sektore zapalduak soilik izango dira eskubide hauen aldeko borroka aurrera eraman dezaketen bakarrak.

<"/>
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.