Sistema kapitalista oztopo bat da Euskal Herria euskalduntzeko, oztopo bat da euskal literatura, musika, kultura... garatzeko. Historian zehar, krisi ekonomiko handiek zein txikiek eragina izan dute euskaran. Ekonomiaren gainbeheran, euskarazko ekoizpenak, hau da, euskarazko literaturak, aldizkariek, egunkariek... ere behera egin dute.
Langile klasearen aurkako erasoak etengabeak izaten ari diren bezala, euskararen aurkako erasoak ere badu bere lekua. Makina bat aldiz esan dugu burgesiak ez diela inondik inora herriaren interesei begiratzen, kapitalisten interesei baizik. Eta bere interesa poltsikoa hasten den lekuan amaitzen da. Bizi dugun krisi garaia bezelako garaietan, burgesiak ez du inbertitzen inbertsio horretatik ez duelako irabazirik ateratzen. Inbertsio-eza horretan euskara ere kalteturik ateratzen da, euskarak ez baitu dirurik ematen.
PSEren gobernuak, kapitalistekin erabat hautsi eta langileen interesak defendatu beharrean, kapitalisten interesak defendatuz euskararen aurkako erasoak ere hasi ditu. Isabel Celaa jaurlaritzako hezkuntza sailburuak azaroaren 2an Haur Hezkuntzarako, Oinarrizko Hezkuntzarako eta Batxilergorako hainbat proiektu aurkeztu zituen. Proiektuan proposatzen diren aldaketen artean zegoen euskara hezkuntzan lehentasunezko hizkuntzatzat ez hartzea (Euskal Herria terminoa testuliburuetatik kentzea ere bertan proposatzen zen). Honen atzean aitzakia bat jartzen dute, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba (Euskal Herriko gainerako herrialdeak bezala), elebidunak direnez, hezkuntza bi hizkuntzetan jasotzeko aukera eskubidea izan behar dute herritarrek. Funtsean aurrerakoia izan daitekeen printzipioa da norkbere hizkuntzan ikasteko eskubidea. Praktikan jarri duten moduan jarrita, ordea, lege atzerakoi bat da.
Gaztelania eta euskara bezalako hizkuntzak ezin daitezke modu berean hartu. Hizkuntzon hiztun kopurua konparatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Gainera, gaztelania euskara baino arlo gehiagotan dago. Euskara hezkuntzan gaztelenariaren mailan jartzea, beraz, euskara beheragoko mailan jartzea da, gaztelania euskararen gainetik inposatzea da, gaztelaniari pribilegioak ematea.
Argi dago burgesiak, ez espainolak bakarrik PPren bidez, baita euskaldunak ere EAJren bidez, edozein oinarrizko eskubide erabiltzen duela langileria zatikatzeko. Honen adibide dira hezkuntzari dagozkion bi lege hauek: 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea eta 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legea. Bertan garatzen diren dekretuek hezkuntza hiru eredutan banatzen dute: A (gaztelera hutsean, Euskara ikasgaia izan ezik), B (ikasgai erdiak euskaraz eta beste erdiak gazteleraz) eta D (euskara hutsean Gaztelania ikasgaia izan ezik). Hizkuntzaren arabera ikasleria banatzea guztiz kaltegarria da. Gainera aski frogatua dago, A eta B ereduek gehienetan ez dutela lortzen ikasleek euskara maila egokia lor dezaten eta Batxilergoan B eredua ez dagoenez, eredu honetan ikasitako askok A ereduan egiten dute batxilergoa errazagoa zaielako. Beraz, hiru ereduen sistema hau tranpa bat besterik ez da.
Irakaskuntzan hizkuntza bezala euskara bakarrik hartuta, Katalunian egiten den bezala katalanarekin, hezkuntza sistema bereko ikasleen arteko desberdintasunak gutxituko lirateke; ez hori bakarrik, eskubide demokratiko nazionalen kontrako sektore atzerakoienen erasoen ondorio demagogikoak ere gutxituko lirateke. Katalunian esaterako, PPk ezin dezake katalana nazio eskubidearen aurka erasotzeko arma bezala erabili, saiatzen bada ere.
Euskararen kontrako eraso hau Euskal Herriak jasaten duen errepresioaren parte besterik ez da. Hala ere, EAJ PSE baino “hobeto“ portatu zela ez da esan behar, agintean egon den garaian ez baita gai izan euskararen arazoa konpontzeko.
Euskara hezkuntzako oinarrizko hizkuntza bezala baztertzeak, besteak beste, irakasleak euskalduntzeko dirulaguntza %8,3 murriztea ekarri du. Beraz, bi hizkuntzak parean jartzeak euskararen aurkako eraso bat suposatzen du eta euskaraz ikasi nahi duten herritarren eskubidea ukatzen da. 2006ko estatistiken arabera, EAEn 2 milioi pertsonatik 775.000 ziren euskaldun, gizartearen %36a, euskaldunak bai baina elebidunak. Gazteleraz bakarrik dakiten hiztunen kopurua %41a da. Honek esan nahi du gizartearen zati handi samar batek ez dakiela EAEko hizkuntza ofizialetako bat, nahiz eta Gernikako Estatutuak biztanleek bi hizkuntzak ikasi eta erabiltzeko eskubidea onartzen duen eta erakundeak ‘behartzen dituen’ beharrezko bitarteko eta baliabide guztiak erabiltzera bi hizkuntzen ezagutza bermatzeko. Hau guztia EAEri dagokionez. Nafarroan euskaldunen aurkako erasoa modu gordinean ikusten dugu ETBren kasuan, gutxi barru nafarrek ETB ikusteko zailtasunak izango baitituzte, euskaraz dagoen telebista publiko bakarra da eta hau ezin ikus ahal izatea eskubideen aurkako eraso bat da. Gainera, euskalkintzarako ematen den aurrekontua minimoetara jaitsi du nafar gobernuak krisiaren aitzakian. Iparraldean egoera are txarragoa da.
Aitortu behar den errealitatea da Euskal Herria herrialde elebidun bat dela, bertako hizkuntza euskara bada ere, askok ez dakitela euskaraz eta euskaraz dakien edonork dakiela gaztelania edo frantsesa, hau da, euskaldun oro elebiduna da. Ikuspuntu hau hartu behar dugu abiapuntutzat. Euskaldunok gure hizkuntza eta eskubideak errespetatuak izan daitezen besteen eskubideak ere errespetatu behar ditugu. Baina ez gara ari errespetu moralaz edo etikoaz. Klaseko ikuspuntu batetik ikusi behar dugu arazo hau. Euskal Herrian langile klaseak, klase zapalduak hiru hizkuntza hitz egiten ditu: euskara, gaztelania edo frantsesa. Hau errealitate objektibo bat da. Gaztelania edo frantsesa hitz egiten duenak ez du orokorrean euskara gutxiesten duelako egiten edo sentimendu nazionalista espainol edo frantziarra duelako. Euskaraz ez dakielako egiten du eta orokorrean ikasten ez badute ez da nahi ez dutelako, denborarik edo dirurik ez dutelako baizik. Lantegian lanegun luze bat pasa ondoren nekez joango da langile bat euskara ikastera. Horregatik aldarrikatu behar dugu enpresa bera izan dadila langilea euskalduntzeko neurriak hartuko dituena, neurri eraginkorrak. Lanorduen barruan sartu beharko lirateke euskara ikasteko klaseak, langileak berak ezer ordaindu gabe eta soldata berdina izaten jarraituz. Honek langilea kualifikatuago egingo luke, langilearen ezagutza igoko luke eta baita euskararen beraren erabilera ere. Baina hau burgesiarentzat ez da errentagarria, langileak lan egiten dituen 8 ordutatik bat edo beharrezko dena euskara ikasten pasako balu, denbora horretan ez bailuke enpresariak irabazirik lortuko.
Ikusten dugunez, sistema kapitalista oztopo bat da Euskal Herria euskalduntzeko, oztopo bat da euskal literatura, musika, kultura... garatzeko. Historian zehar, krisi ekonomiko handiek zein txikiek eragina izan dute euskaran ekonomiaren gainbeheran, euskarazko ekoizpenak, hau da, euskarazko literaturak, aldizkariek, egunkariek... ere behera egin dute. Ez da hemen euskararen egoera soziolinguistikoaren historiaren azterketa bat egingo, baina iraganean gertatu zena ezagutzea oraina prestatzeko beharrezkoa dela azpimarratu nahi da. Gaur egun, sistema ekonomiko hau (kapitalismo basati hau) inoiz izan duen gainbeherarik handiena jasaten ari da. Honek, nola ez, euskaran eragin zuzena izan du. Historian zehar ikusi da goi mailakoek (aristokraziak, burgesiak), hortxe ditugun Abbadiek, Xahok, Munibek... euskaran inbertitu zutela, Lore jokoak antolatu zituzten, egunkari euskaldunak sortu zituzten... Gaur egun, ordea, sistemaren krisian murgilduta gauden honetan, burgesiak ez du ezertan inbertitzen, ezta euskarazko ekoizpenetan ere, ez duelako nondik etekina atera.
Kapitalismoa oztopo bilakatu da garapen kulturalarentzat. Hizkuntzaren, kulturaren, artearen, zientziaren, literaturaren... loraldi eta garapena izan dezagun, beharrezkoa da traba den sistema ekonomiko ustel honekin amaitzea, horrela soilik igaroko gara, Engelsek esan bezala, beharraren erreinutik askatasunaren erreinura.
Langileen menpean dagoen ekonomia planifikatu eta nazionalizatu batean, soilik aurki dezake euskarak bere loraldia. Ekonomia planifikatuaren bidez, langabeziak behera egingo luke %0ra iritsi arte. Era berean, lan orduak ikaragarri jaitsiko lirateke, soldaten murriztapenik egon gabe. Honek, denbora libre gehiago emango lioke langileriari bere aisialdirako eta horrela, kultura, literatura, artea, zientzia... garatuko lirateke. SEBSren edo Kubaren kasuak ditugu honen adibide. Munduko medikurik onenak Kuban daude. Errusiaren kasuan, feudalismo ilun batean bizitzetik, lehen gizakia orbitan jartzera pasa ziren berrogeita hamar urtetan ekonomia planifikatu eta nazionalizatuari esker.
Gure eskubideak, langile eta ikasleon eskubideak, errespeta daitezela eskatzen dugu, tartean gure hizkuntza eta gure hizkuntz eskubidea errespetatuak izan daitezen. Euskara bultzatzeko, beharrezko ikusten dugu hezkuntza eredu bakarra ezartzea (D eredua) pertsona guztiek euskara eta bigarren hezkuntza bat (gaztelera edo frantsesa) ikasteko modu bakarra baita. Beharrezkoa da herritarrei euskara doan ikasteko diru publikoa erabiltzea Katalunian egiten den bezala, eta baita lan orduak erabiltzea ere langileei euskarazko klaseak emateko hauen soldatak murriztu gabe. Euskararen aldeko inbertsioekin teknologia berriak baliatu daitezke modu egokian euskara esparru gehiagotara zabaltzeko. Baina hau dena kapitalismopean ezin da lortu. Horregatik, euskararen aldeko borroka sozialismoaren aldeko borrokarekin elkartu behar da. Sozialismoan bakarrik aurki dezake euskarak irauteko aukera!