Programa bat Euskal Herriaren etorkizunerako.

 

Hainbat hilabeteko barne eztabaidaren ondoren, ezker abertzaleak honen ondorioak aurkeztu ditu “Zutik Euskal Herria” dokumentuan. Lehendabizi, “Fase politikoaren eta estrategiaren argipena” ponentzia eta gero Altsasuko Adierazpena aurkeztu ondoren, dokumentu berri honek adierazten du beste hainbat gauzaren artean “bitarteko politiko eta demokratikoen” alde egiten dela apustu eta ezker abertzaleak “eragile politiko legal baten beharra duela”.

“Zutik Euskal Herriaren” aurkezpenaren ondoren, ez da batere arraroa izan PPk egin ohi dituen erasoak egiten ikustea: “hurrengo udal hauteskundeetan parte hartzeko amarru bat da”, “dena muntaia bat da” edo “Batasunan eta ETAn mugitzen den bakarra lehergailuak dira, Portugalen mugitzen dituztenak bezala”.

Adierazpen hauek ez zuten inor harritu, baina ezker abertzalearen dokumentuei eta barne eztabaidari buruz PSOEko agintariek dituzten kontraesanak agerian geratu dira beste behin. Kasu honetan Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak “Zutik Euskal Herria” aurkeztu eta hurrengo egunean adierazi zuen “gatazka politikoa ez dela interesatzen” eta “dokumentuan ez daudela gauza berri bereziak; betikoa da, beste hitz batzuekin”. Rodolfo Ares Barne Sailburuak berriz hau esan zuen: “ezker abertzaleko barne eztabaidako partehartzaileek ez dituzte loturak hautsi ETArekin”. Hala ere, Patxi Lopez lehendakariak, zeinak pasa den urteko azaroan ezker abertzaleko mugimenduei buruz galdetuta  “abagune gehiegitan ezagutu duguna eta abagune gehiegitan hondatu dutena da” esan zuen, hilabete beranduago onartu egin behar izan zuen “abertzaletasun erradikalaren munduan mugimendu nabarmen bat” ikusten zuela.   

Baina garbi dago PSOE-PSEko agintariek errepresioaren bidea hartu dutela ezker abertzalea desgastatzeko eta makurtzeko, inoiz gertatuko ez den errendizioa bilatuz. Taktika hau baieztatuta geratu da Alfredo Perez Rubalcabaren eskutik Polizia Nazionalak urrian Otegi, Rafa Diez eta Rufi Etxeberria atxilotu zituenean. Kasu honetan, estatu mailako komunikabideak, eta beren artean PSOEren ingurukoak, ezker abertzalean mugimendu garrantzitsuak ematen ari zirela iragartzen zebiltzan. Baina atxiloketak eman baino egun gutxi lehenago, komunikabide berberek ikusmoldez aldatu zuten ezker abertzaleak bide politikoen alde ez zuela apustu egingo esanez. Otegi eta Rafa Diezen atxiloketak baino bi egun lehenago El Pais egunkariak titular hau argitaratu zuen: “ETAk Arnaldo Otegiren iniziatibak geratu ditu”. Hilabete beranduago Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, azken urteetako sarekadarik handienean, 34 gazte eraman zituzten euren kalabozoetara “ETAren harrobia izatea” leporatuta.

Honek erakusten du, nahiz eta PSOEko agintariek soberan jakin ezker abertzalean aldaketa garrantzitsu bat eman dela, errepresioa erabiltzen jarraitu nahi dutela hau ahultzeko eta zatitzeko. Helburu hau oinarrizkoenetakoa da burgesia espainiarrarentzat eta euskal herritarrarentzat eta PSOEko agintari sozialdemokratentzat Euskal Herrian.  

Ezker abertzalearen zuzendaritzak gauza berriak esan ez dituela propaganda egiten duten arren, “Zutik Euskal Herria” dokumentuan erabat gezurtatuta geratzen dira manipulazio guztiak. Dokumentu honek honelako gauzak esaten ditu: “Izan ere, eztabaidari esker zer egin behar dugun ikusi dugu, eta zertan asmatu dugun eta zertan egin dugun huts ere bai. Horregatik, gure proiektuaren eta ibilbidearen erroak berretsi ditugun bezalaxe, sakoneko autokritika ere egin dugu (…) Eztabaidaren ondorioa da eragiteko molde guztiak fase politiko berriak eskatzen duen apustuaren zerbitzura kokatzea, ziklo berriak eskatzen duen indar metaketaren mesedetan alegia. Beraz, indar metaketaren norabidean masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa, indar harremanen aldaketa eta nazioarteko babesa bilatzea izango dira prozesu demokratikoaren tresna bakarrak. Herri babesa izango da berme bakarra, eta herri mugimendua akuilurik eraginkorrena (…) Prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik eta esku sartzerik gabe garatu behar da, alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazioa Mitchell senatariaren printzipioen baitan arautuz. Inork ezingo du indarkeria edo mehatxua erabili alde anitzeko negoziazioaren garapena edo emaitza baldintzatzeko, ezta prozesu horretan erdietsitako akordioa aldatzeko ere”. Lerro hauek modu zintzo batean irakurtzen dituen inork ezingo du ukatu idatzita dagoenak aldaketa nabarmenik ez duenik.

Eusko Jaurlaritzaren politika

Eskuinekoa edo sozialdemokrata izan, gobernu batek kapitalistekin loturak puskatu ezean, bankarien eta enpresarien interesak defendatzen bukatuko du nahitaez. Patxi Lopezen gobernua, bere burua sozialistatzat definitu arren, PNVk egin zuen antzeko moduan, ez da ari burgesia espainiarraren interesak defendatzen bakarrik, euskal burgesiak eskatzen dizkion oinarrizko neurriak ere aurrera eramaten ari da. Bide horretatik joanez politika hau soilik egin daiteke: eskubide demokratikoak erasotu eta murriztu, EREak eta langileen kaleratzeak onartu eta krisiaren pisu guztia langile klasearen bizkar gainean ezarri.

Euskal Herriko langile askok PSEren gobernuan jarri zuten itxaropena ere desegiten ari da pasa den abenduko Euskobarometroak erakutsi bezala. Iazko maiatzean PSEren boto-emaileen %20k Eusko Jaurlaritzan konfiantzarik ez bazuen, PSE-PP akordioaren aurka zeudelako, abenduan deskontentua 3 puntu igo zen. Aldi berean, PPko boto-emaileen konfiantza %20 hazi da urte erdian %62ra iritsiz. Honek erakusten du Patxi Lopezek noren klaseko interesak defendatzen dituen. Ez da kasualitatea PPren boto-emaileen %81ek Egonkortasun Akordioa deitutakoa babestea eta PSEren boto-emaileetan babesa %47ra bakarrik iristea. 

Igaro den urteko azken hiruhilekoan emandako ekonomiaren datu positiboak hartuz Patxi Lopezek ziurtatu zuen “krisiaren txarrena pasata dagoela”. Baina adierazpen hauek ezin dute gorde hiruhileko horretan Hego Euskal Herrian langabezia %5 igo zela (8.109 pertsona). Eta honi gehitu behar diogu pasa den urtarrilean bakarrik beste 10.111 pertsonek galdu zutela euren lanpostua. Patxi Lopezen hitz politen gainetik, Euskal Herriko langileen egoera larria Euskobarometroan islatu zen. Iazko urteko maiatzeko Euskobarometroaren datuen aurrean, non galdekatuen %65ek konfiantza gutxi edo batere ez azaldu Gobernuarengan eta %61 PSE eta PPren arteko akordioaren aurka zeuden, Patxi Lopezek justifikatu zuen esanez “gizarteak ez du izan denbora izan Gobernu berria ezagutzeko” eta “hilabeteak pasa ahala, datu horiek asko hobetuko dira”. Abenduko datuak, ordea, maiatzekoak baino okerragoak izan ziren. Euskal kapitalismoaren zerbitzurako politika bat defendatuz inkestak eta langileen eta hauen familien baldintza gogorrak ez dira hobetuko.     

Langile familiek bizi duten egoera kaxkarrari “aurre egiteko asmoz” Patxi Lopezi “krisitik ateratzeko Adituen Kontseilua” aurkeztea okurritu zaio. Talde horretan honako elementuak aurkitu ditzakegu: PNVko presidentea izandako Josu Jon Imaz (Petronor), Jose Antonio Ardanza (Euskaltel), Jose Maria Bastarrika (CAF), Jose Maria Aldecoa (Arrasate Kooperatiba), Ignacio Sanchez Galan (Iberdrola), Alejando Echevarria (Telecinco) eta urtero jubilatu bezala 3 milioi kobratzen dituen BBVAko aholkulari ohi Jose Ignacio Gorigolzarri. Kide hauei gehitzen zaizkie ministro ohiak, patronalaren ordezkariak eta hainbat ekonomialari. Norabide honekin nekez konpondu daitezke langileen arazoak. 

Borroka politikoa eta masen borroka

Inolako zalantzarik gabe, oso positiboa da ezker abertzalean eztabaida bat ireki izana. Mundu mailako garai berri honetan, non askapen nazionalaren eta sozialaren aldeko borrokak inoiz baino indar handiagoarekin berragertuko diren, beharrezkoa da ezker abertzaleko militanteek eta oinarri sozialak euren ideia eta iritziekin ekarpenak egitea. Iritzietan erabateko askatasunaren eta ekintzan erabateko batasunaren metodoarekin, posible izango da askapen nazional eta sozialaren borrokan estrategia eraginkor bat eraikitzea. Zentzu horretan adierazgarria da “Zutik Euskal Herria” dokumentuak “Fase politikoaren eta estrategiaren argipena” ponentzia eta Altsasuko Adierazpena kontuan izanik esatea “gure oinarri sozialaren babes zabal-zabalarekin bi horiek berresten ditugu, Herritarren Batasunean ezadostasunek ere lekua dutela kontuan hartuta”. Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala masen mobilizazioan eta borroka politikoan oinarritu behar direlako ideia ezker abertzalearen gehiengoak babestua izan da.      

 

Euskal Herria Sozialistatik beste batzuetan azpimarratu dugun bezala, ETAren borroka armatuak praktikan aitzakia bezala balio izan die Estatu burges espainiarrari eta frantziarrari gure eskubide demokratikoen aurka egiteko eta demagogia espainolista bultzatzeko. Baina ezin dugu ahaztu urte hauetako esperientziak erakutsi digun beste balantze bat. Euskal burgesiak eta bere alderdi nagusiak, PNVk, ez dute sekula borroka egin kontsekuenteki Euskal Herriaren eskubide demokratikoen alde. Bere demagogia abertzale guztiak ezin izan ditu defendatzen dituen klaseko interesak estali. Eusko Jaurlaritzan zeudenean, behin eta berriro, babestu zituzten burgesia espainiarrak eta frantziarrak hartutako neurri errepresiboak ezker abertzalearen aurka. Mundu osoan zehar, burgesia bere ordezkariak mota guztietako koalizioetan sartzen saiatzen da borrokak zapuzteko eta azkenean bere klaseko interesak inposatzeko. Horregatik, ezin dugu ahaztu EA ere Eusko Jaurlaritzan zegoenean ez zela desberdindu PNVren politikatik. Lagunak izan ziren denean eta denerako.

Ezker abertzaleko erakunde ezberdinak ilegalizatzeko PP eta PSOEk erabilitako argudio berberak baliatu zituen EAk ezker abertzalea presionatzeko eta xantaia egiteko. Adibidez, pasa den urteko azaroan, EAko idazkari nagusia den Pello Urizarrek azaldu zuen ez zutela Donostiako Nazio Eztabaida Gunean parte hartuko eztabaidarako aurkeztutako testuak bide baketsuen aldeko apustu garbia egiten ez omen zuelako. Ezin ahaztu ere, EAk PNVri emandako babesa Azpeitiko udaletxean ezker abertzaleko alkatea kentzeko, Inaxio Uriaren aurkako ekintza armatuaren aitzakiarekin. Eta horrela adibide asko jar genitzake. Burgesia aurrerakoia eta alderdi burges aurrerakoiak ez dira existitzen, eta are gutxiago kapitalismoa krisi betean dagoenean. Euskal burgesiak eta EAk ez dute sekula estatu espainiarraren eta frantziarraren aurka borroka egingo. Autogobernu gehiago eskatuko dute eta diskurtso antizentristak edo antiespainiarrak erabiliko dituzte botoak ateratzeko, baina batik bat burgesia espainiarrarekin dituzten lotura historiko eta ekonomikoak garrantzitsuegiak dira. EAren helburua garbi dago azken aldian bizitu duen zatiketagatik izan dituen zailtasunen ondoren: ezker abertzalearen militantziaz aprobetxatu indarra hartzeko eta honen proiektu sozialista ahuldu.    

Indartsuak gara! Klaseko independentziaren alde!

Otegi, Rafa Diez eta Rufi Etxeberriaren eta ondoren 34 gazteren atxiloketen aurka egindako mobilizazioek erakusten dute ezker abertzaleak duen indarra eta potentziala. Langile klasearen eta gazteriaren borroka gaitasunean konfiantza galdu dutenei ezker abertzaleak azaldu behar die bi mobilizazio hauek, Bilbon egindako presoen eskubideen aldeko manifestazio masiboak eta maiatzaren 21eko greba orokorrak erakusten dutela langile klasearen eta gazteriaren konfiantza beren indarretan mobilizazio eraginkorretara deitzen direnean.  

Masen borroka iraultzailean soilik eduki behar da konfiantza. Ezker abertzaleak ez du konfiantzarik eduki behar euskal alderdi burgesetan, baina ezta PSOEko agintari sozialdemokratetan ere; nahiz eta hauek bake prozesu bat hasteko prest egon. Aurreko prozesuan, PSOEko agintarien helburu nagusietako bat ezker abertzalea aukera politiko instituzional soil batean bihurtzea zen. Horregatik begiratzen zuten horrenbeste prozesu irlandarrera; burgesia ingelesaren, inperialismo estatubatuarraren eta Estatu espainiarreko erregearen bedeinkapena ere izan duen prozesua. Sinn Feinek hartutako bidea aukera bat da, baina estrategia hau Irlanda osoarentzat autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna lortzetik urrun dago. Errepublikanoz eta unionistez osatutako gobernuak murrizketa sozialak onartu ditu eta Ipar Irlandarako lortu duten autonomia Euskal Autonomi Erkidegoak duena baino txikiagoa da. Londresekin egin duten azken akordioarekin polizia “katolikoagoa” lortu arren, honek Estatu britainiarraren aginduak betetzen jarraituko du.

Kapitalismoaren logikak inposatzen duen asimilazio instituzionalaren edozein tentazio alde batera utzita, ezker abertzaleak klaseko independentziaren politikan oinarritutako programa iraultzaile bat defendatu behar du. Autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka kapitalismoaren aurkako mobilizazioarekin uztartuz, sozialismoa eta bankuen eta enpresa handien langileen kontrolpeko desjabetzea defendatuz, indartuko dugu mugimendua eta lortuko ditugu helburuak. Eta eginkizun honetan nazioz gaindiko langileen batasuna oinarrizkoa da. Leninen hitzak gogoratuz: “Nazio zapalduko sozialistek defendatu behar dute eta ahalegin bereziarekin praktikan jarri behar dute, antolaketa organizatiboa barne, nazio zapalduko eta nazio zapaltzaileko langileen batasun osoa eta baldintzarik gabekoa. Hori gabe ez da posible proletalgoaren politika independentea eta beste herrialdeetako proletalgoarekin klaseko elkartasuna defendatzea, burgesiaren iruzur, engainu eta traizioen aurrean. Zeren nazio zapalduetako burgesiak beti eraldatzen ditu askapen nazionalaren kontsignak langileak engainatzeko: barne politikan kontsigna hauek erabiltzen ditu nazio dominatzaileko burgesiarekin akordio erreakzionarioak egiteko” (Iraultza sozialista eta nazioen autodeterminazio eskubidea, 1916, Lenin).  

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.