EUSKAL HERRIA SOZIALISTAK ETA ENGELS ATENEOAK ASTE IRAULTZAILEAREN BAITAN HITZALDI SORTA BAT ANTOLATU DUTE TOLOSAN.

 

ANIMATU ETA BERTARATU!!

 

Lekua: Engels Ateneoa, Errementari kalea 8 (alde zaharra), Tolosa

Aste iraultzailea Engels Ateneoan

 

Rosa Luxemburgoren Erreforma edo Iraultza liburuaren aurkezpena (euskaraz) Apirilak 26, 19:30tan

Preobrazhenskiren Anarkismoa eta Komunismoa liburuaren aurkezpena (euskaraz) Apirilak 27, 19:30tan

Kapitalisten erasoak eta langile mugimendua (euskaraz) Apirilak 28, 19:30tan

Nikaraguako iraultza sandinista (gazteleraz)  Apirilak 29, 19:30tan

 

Sistema kapitalistaren dekadentziak gutxi batzuen poltsikoen izenean mundu guztian zehar miseria, hondamendia eta zapalkuntza sozial, sexual nahiz nazionala hedatzen ditu. Pobreziarekin, gosearekin edo gaixotasun larriekin behin betiko amaitzeko inoiz baino baliabide gehiago egon arren gaitz hauek izurrite baten moduan zabaltzen dira, herrialde guztietan egoera geroz eta larriagoa eginez. Geroz eta gutxiagok aberastasun handiagoa biltzen duten bitartean geroz eta gehiago dira pobreziara jaurtiak direnak. Baina baliabide material hauek gehiengoaren zerbitzura jartzea ez dator bat enpresarien eta bankarien interesekin, alderantziz, hauei baliabideak suntsitzea interesatzen zaie, enpresak itxiz, janaria biltegietan usteltzen utziz, etxeak hutsik mantenduz eta noski, sistema desafiatzen ausartzen dena jazarriz.

Bien bitartean politikari burgesek eta erreformistek sistema honen onurez hitz egiten digute, existitu daitekeen sistemarik hoberena kapitalismoa dela ziurtatzen digute. Ontzi berdinean gaudela, krisian denok –bai burgesak bai langileak- sakrifikatzen ari garela eta herri xehearen egin beharra politikariengan eta enpresariengan konfiantza edukitzea dela esaten digute. Baina diskurtso honen atzean diru publikoa espekulatzaileei oparitzen zaie, ahal den guztia pribatizatzen jarraitzen da bankuak eta enpresa handiak langileen kontrolpean nazionalizatu beharrean eta gainera langileek urteetako borroken bidez lortu zituzten eskubide demokratikoak eta lan baldintzen hobekuntzak zuzenean desegiten dira.

Sistema honekin amaitu behar dugu, politikari burgesen eta kapitalisten hipokresia guzti honi erantzun behar diogu. Baina bide honetan oraindik ere urrats handiak eman beharrean gara eta hauetako ezinbesteko urrats bat dugu programa iraultzaile argi eta eraginkor bat garatzea. Hitzaldi hauen helburua honakoa da, sozialismoaren aldeko borrokaren ikuspegia argitzea, helburuak zehaztea eta bidea irekiko duen estrategia eraginkor bat lantzea.

Lehen hitzaldia marxismoak erreformismoaren aurrean defendatzen duen alternatiba iraultzailea argitzera dator, langileen eta gizarteko sektore zapalduen borroka puntualak iraultza sozialistara lotzeko beharra defendatuz. Bigarrena berriz anarkismoaren eta marxismoaren arteko eztabaidan bota izan diren gezurrak ezeztatzera dator, oinarrian benetan dituzten ezberdintasunak argitzera eta bi ideologien artean eztabaida zubi garbi bat ezartzera. Hirugarren tokian, ideia hauek eguneroko borrokara ekartzeko beharra dugu. Egun bizi dugun egoeraren inguruan hausnartzea eta hau eraldatzeko programa argitzea eta eman beharrezko urratsak zehaztea izango da helburua. Azkenik, 79an Nikaraguan eman zen iraultza sandinistari begirada bat botako diogu. Prozesu historikoak aztertzearen xedea langile mugimenduaren iraganeko garaipenetatik eta porrotetatik ikastearena eta hemendik egungo borrokarako ikasgaiak ateratzearena da.

Hori dela eta, gogo biziz animatzen zaituztegu hitzaldi eta eztabaida hauetan parte hartzera. Erabat positiboa eta aberasgarria da denontzat helburu hauek guztiak betetzeko ahal den ikuspuntu eta esperientzia gehienak biltzea eta hauek elkarren artean tartekatzea. Honela beraz, han ikusiko garelakoan agurtzen gara.

Krisi kapitalista

 

Kapitalismoaren krisi ekonomikoaren ondorioak langile klasea ari da ordaintzen. Urteetan espekulazio inmobiliarioa eta finantzarioa, enpresen eta bankaren etekin estratosferikoak, soldata baxuak, enpleguaren prekarietatea, pribatizazioak eta zerbitzu publikoen aurka erasoak eman eta gero, ekonomia kapitalista atzeraldian sartu zen. Munduko gobernu guztiak, azken bi urteetan banka salbatzeaz arduratu dira, bilioika euro emanda. Honela, Estatu askotan zor publikoa eta hauen defizita izugarri hazi da. Orain, gobernu berberek arazoak saihestu nahi dituzte langileentzat eta beraien familientzat austeritate planak onartuta. Krisiaren ardurarik ez dugu langileok eta aldiz eragin kaltegarriak gure bizkar gainera bota nahi dituzte.

Atzeraldia hasi zenetik, mundu osoko gobernuek eta sindikatu gehienetako zuzendaritzek ekonomiaren mirarizko errekuperazio batean jarri dute konfiantza “normaltasunera” itzultzeko. EREak, soldata jaitsierak eta eskubideen murrizketak onartu dituzte eta langileen borrokak elkartzea saihestu dute. Baina esperientziak erakutsi du langileen sakrifizio guztiak ez direla nahikoa patronalaren eta bankaren eskaerak asetzeko. Nahiz eta azken urteetan gure eskubideetan atzera egin dugun, orain gehiago nahi dute, kaleratze librea nahi dute, lan harremanen negoziazioarekin bukatu nahi dute... Langile mugimenduaren konkista historiko guztiak desegin nahi dituzte. Egin diren kontzesioek, eta asko izan dira, orain onartezina den pentsio erreforma baten eta kaleratzea merkatu eta negoziazio kolektiboa suntsituko lukeen lan erreformaren saria jaso dute.

Pentsioen erreformak eta lan erreformak gure sindikatuen aldetik erantzun garbi eta eraginkor bat behar du. Martxoko manifestazioek lehen urratsa izan behar dute greba orokorra antolatu eta ondoren langile klasearen mobilizazio bateratuekin jarraitzeko. Krisiaren aurka borrokarekin eta mobilizazioarekin defendatu behar dugu geure burua. Hori da Greziako eta Portugalgo langileek hasi duten bidea, hemen bezala jasaten duten antzeko ofentsibaren aurrean. Euskal Herriko langileentzat ere ez dago beste biderik.

Antolatzaileak: Euskal Herria Sozialista eta Engels Ateneoa

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.