Sistema kapitalista krisi gogor bat igarotzen ari da mundu mailan, 30. hamarkadatik handiena. Krisi honek erakusten du kapitalismoa ez dela gizateriaren garapena bermatzen duen ekoizpen sozialeko sistema, basakeriarik latzenak sortzen dituena baizik. Gerrak, langabezia masiboa, zapalkuntza, miseria eta gosea eragiten dituzte multinazionalak eta bankuak kontrolatzen dituzten kapitalista gutxi batzuek, gaur egun dagoen teknika eta industria guztiarekin herritarren arazoak konpontzeko aukera egongo litzatekeenean.

 

 

Mundu mailako krisi ekonomiko hau bere eragina izaten ari da dagoeneko mundu osoko klaseko borrokan, eta hurrengo hilabete eta urteetan hazi egingo dira kapitalismoaren aurkako jarrera eta alternatiba baten bilaketa.


Klaseko kolaborazioaren arriskuak


Baina beti bezala, klase burgesak bere interesak ditu. Eta Euskal Herriaren kasuan, euskal burgesiak ez du zalantzarik kapitalista espainiarren babesarekin langileen aurkako erasoak aurrera eramateko. Egoera honetan, PNV eta EA euskal alderdi burgesen hitzontzikeria “abertzaleak” ezaugarri ziniko eta kalkulatzaile bat besterik ez du. Alderdi hauen klaseko interesak beti egon dira beste edozein hausnarketaren gainetik, eta ez diote sekula benetan aurre egin burgesia espainiarrari, ez gai sozialetan, ezta noski gai nazionalean ere. Nahiz eta azken aldian EAk diskurtso “erradikalago” bat erabili, errealitatea erabat kaskagorra da: itxurakeria guztiak erabili arren, pertsona hauek ordezkatzen dituzten klaseko interesak Euskal Herriko gazteriaren gehiengoaren eta langileriaren aurkakoak dira. Independentziaz hitz egiten diguten arren, EAk ordezkatzen duen klase sozialak inoiz ez du bilatu, eta ez du bilatuko, Euskal Herriaren independentzia, munduko merkatuan eta batik bat merkatu espainiarrean lehiatzeko gaitasuna galduko bailuke. Norbaitek uste du euskal burgesiak eta bere alderdiek alde batera utziko dituztela irabazi ekonomikoak Euskal Herriaren askatasunaren, eskubide demokratikoen eta enpresetan zapaltzen dituzten herritarren gehiengoaren alde borrokatzeko?


Benetan uste dugu, ezker abertzaleak ez duela aliantzarik egin behar EA bezalako alderdi batekin askapen nazionalaren eta eraldaketa sozialistaren proiektua defendatzeko. EAko idazkari nagusia den Pello Urizarrek Aberri Eguna subiranista guztiek elkarrekin ospatzeko “beharrezko baldintzak ematen dira” edo deialdi horrek PSOEren gobernuaren mugimendu errepresiboen aurka “matxinatzeko” ere balio zuela esanagatik, egia dena da Pello Urizarren gisako jendeak ezin duela ezker abertzaleari dioten amorrua eta beldurra gorde.


Ikusi besterik ez dago zer idatzi zuen 2007ko maiatzaren 21ean Arrasateko zinegotzi bezala El Diario Vasco egunkariaren blogean. Oraindik interneten aurki daiteke eta esanahirik ez desitxuratzeko dagoen bezala jartzen dugu hemen, gazteleraz: “Ayer me junté con un conocido por la calle y me preguntó si en algún manual ideológico de izquierdas aparece algo sobre la conveniencia de llenar de carteles todas las paredes, ya que viendo como estaban embadurnadas las de Arrasate, era una suposición lógica. Naturalmente, mi respuesta fue que no. Le comenté que casualmente unos días antes otra persona me había propuesto si no se podría impulsar alguna iniciativa por parte del ayuntamiento, donde se obligase a los partidos políticos a retirar toda la propaganda colocada durante la campaña. (y fuera de ella, que aunque no es tan acusado, también es una realidad) La verdad es que a muchas personas, entre las que me incluyo, nos parece que para comunicar cualquier idea o iniciativa no hay porque llenar de carteles o pintadas las paredes de nuestro pueblo. Los medios de comunicación son variados y están evolucionando (…). Los hay de distinto tipo en cuanto si son limpios o sucios, en cuanto si son baratos o caros y en cuanto a si llegan a poca o a mucha gente. Otro parámetro a tener en cuenta es el control que se tiene sobre el medio, ya que algunas veces no llega toda la información deseada. Los carteles y las pintadas son baratas (dentro de unos parámetros) pero son de lo más sucio que hay. Las organizaciones que las utilizan lo justifican alegando que no cuentan con presupuesto para poder optar a la publicidad de los medios audiovisuales y que es la única manera de trasladar a la gente la información deseada. Este medio que estoy utilizando es barato, limpio, pero todavía no llega a mucha gente, aunque es mucho más enriquecedor que otros ya que permite que la información fluya en los dos sentidos. Mi impresión sobre el tema de las pintadas y los carteles es que sirven para “marcar territorio”, ya que aunque hayan cumplido la función de comunicar un tema concreto, siguen ocupando un espacio y comunicando a todo el mundo que ‘este es mi territorio’ ”.

Gure ustez, ezker abertzaleak nahikoa indar du sozialismoaren aldeko borrokan interesik ez dutenekin elkartu beharrik ez izateko eta estrategia ez baldintzatzeko. Beste hainbat gauzen artean, ezin dugu ahaztu zein izan den EAren ibilbidea Eusko Jaurlaritzan: ez zituzten Euskal Herriko zapalduen interesak defendatu, langileenak hilabete bukaerara iristeko, langabetuenak eta gazte prekarioenak, baina hori bai, enpresarien eta kapitalismopean negozio bikainak egiten dituzten sektoreenak ondo defendatu zituzten.

Ezker abertzaleak krisi kapitalistaren aurkako programa bat defenda dezake eta defendatu behar du. Gure herriaren eskubide demokratikoak eta Euskal Herriaren benetako subiranotasun nazionala, kapitalismoaren aurkako borrokarekin lotuko dituen programa sozialista eta abertzalea defendatu behar du. Bankuen eta enpresa handien desjabetzea defendatuko duen programa, gaur gutxi batzuk kontrolatzen dituzten errekurtsoak mobilizatuz, lanpostuak mantentzeko eta langabetuentzat langabezia sorospen mugagabe bat lortzeko; zerbitzu sozial publikoak hobetzeko eta pribatizazioak geratzeko; gure herri eta auzoetako bizi kalitatea hobetzeko. Honelako programa bat pizgarria izango litzateke langileen eta gazteriaren borroka iraultzailea bultzatzeko.


Sozialismo zientifikoa eta auzi nazionala


Marx eta Engelsen sozialismo zientifikoa, ekoizteko indarrak langileen kontrolpean nazionalizatzearen beharra eta beste ideia marxistak, jada posible ez den zerbait dela azaltzen du erreformismoak. Bestetik, uste dute kapitalismoarekin eta inperialismoarekin bukatu gabe egingarria dela askapen nazionala. Ezker abertzaleak ideia oker hauen aurka borrokatzeko eta sozialismo zientifikoaren ideiak berreskuratzeko eginkizuna hartu behar du. Euskal Herrian eta mundu mailan sozialismoaren eta marxismoaren eztabaidarako arrazoiak inoiz baino garrantzitsuagoak dira eta ezker abertzaleak aukera garrantzitsua du bere militantzian eta oinarri sozialean bultzatzeko.


Marx eta Engelsek garbi azaldu zituzten auzi nazionalarekiko langile klasearen politikaren printzipioak, ez eskema abstraktuekin, klaseko borrokaren errealitate konkretutik baizik. Benetako marxismoa ez da inoiz arduragabea izan zapalkuntza nazionalarekiko. Klase, arraza, genero edo nazio zapalkuntzaren aurkako jarrera azaldu du beti. Baina askapen nazionalaren edo beste zerbaiten aldeko borrokan, marxismoak langile klasearen interesen ikuspuntutik hartu ditu beti bere posizioak. Klaseko borroka azaltzen den leku guztietan, edozein ideia, korronte edo mugimendu burgesen aurrean (hau oso aurrerakoia izan arren), marxisten posizioa beti langileen independentzia politikoan oinarritu da.


Menderatze inperialistaren garaian, auzi nazionala indarrez berragertzen da munduko bazter askotan eta burgesiari gogorarazten dio ez duela gaitasunik nazioen auzia konpontzeko. Esperientzi historikoak erakutsi du kapitalismoaren gainbeheran, ekoizteko indarrek estatu nazional burgesaren mugak gainditu dituztenean, zapalkuntza nazionala sozialismoaren aldeko langile klasearen borrokarekin bakarrik buka daitekeela. Marx eta Engelsek beti azaldu zuten kapitalaren aurka zegoen harreman estua askapen nazionalaren mugimenduen eta langileriaren klaseko borroken artean. Beraiek planteatu zuten zapalkuntza nazionalaren aurkako eta autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka iraultza sozialistari lotu behar zitzaizkiola.


Nazionalismo burgesarentzat, nazio burgesaren menpe geratu behar dira klase guztien interesak hauen arteko ezberdintasunak kontutan hartu gabe. Marxismo iraultzailearentzat, berriz, hausnarketa erabat ezberdina da: nazio zapalduetako eskubideak defendatzeko langile iraultza eta langile internazionalismoa defendatu behar dira. Horregatik, klaseen “batasun nazionalaren” aurrean, ezker abertzaleak klaseko borroka defendatu behar du, askapen nazionala borroka honen zati bezala harturik. Ezker abertzalearen eraikuntza nazionalaren planteamenduak eskubide demokratikoak langile klasearen ikuspuntutik defendatu behar ditu eta aldi berean langileak eta herria engainatu nahian askatasun nazionala erabiltzen duten kapitalisten eta beren agenteen benetako aurpegia agerian utzi.


Polarizazio soziala eta klaseko borroka Europan


Azken hamar urteetan manifestazioak, mobilizazioak, greba partzialak eta greba orokorrak ikusi ditugu Europako hainbat herrialdetan. Euskal Herrian, Estatu frantziarrean, Estatu espainiarrean, Italian, Portugalen, Belgikan, Suitzan, Grezian, Danimarkan, Austrian, Irlandan eta ekialdeko herrialdeetan garrantzia handiko astinaldi sozialak egon dira eta langile klasearen esnatzearen hasiera eman da denbora asko lozorroan egon ondoren.

Langile klaseak eskuinera egin duen ideia azalekoa eta okerra da. Ideia hau gizarteratzean interesatuta dago burgesia, eskuinaren indarra gehiegitzeko eta masen borroka gaitasuna txikiagotzeko. Beste aldetik, erreformismoak ohikoa du ideia hau onartzea eta zabaltzea bere akordio sozialaren eta kapitalaren presioen aurrean etengabe amore ematearen politika justifikatzeko. Europako hainbat estatutan eskuinak lortutako hauteskunde garaipenak ez dira izan langile klasearen eskuineratzeagatik, egoera politiko europarreko oinarrizko auziagatik baizik: agintari erreformistek, eskuineko gobernuen antzeko politika ekonomikoak aplikatu ondoren, eta hainbestetan aldaketa esperantzak suntsiturik, beste garai batzuetan baino zailtasun gehiago dituzte ezkerreko bozka mobilizatzeko. Eskuineko gobernuak ez dira beren oinarri sozialaren handitzean oinarritu, langile klasearen abstentzio gorakadan baizik.


Europak Amerika Latinaren ispiluan begiratu behar du. Masen bizi baldintzen aurkako erasoak, sektore estrategikoen pribatizazioak, biztanleriako sektore zabalen pobretzea eta Europako Batasunaren garapen sozialean konfiantza falta, errealitate sozial eta politiko europarraren elementuak dira. Amerika Latinoan azken hamarkadan emandako ezkerreranzko bira politikoaren hasieran antzeko elementuak eman ziren. Antzekotasuna maila politikora ere iristen da, 90. hamarkadan Argentinarekin gertatu bezala, Islandiako kasuaren ondoren ordainketa-etendurarekin mehatxatzen du Greziak.


Krisi ekonomikoaren larritasunarekin burgesia europar ezberdinek langile klasearen aurkako euren planak azkartu behar izan dituzte, mundu merkatuan gero eta borrokatuagoa den euren kuota mantentzeko eta zor publikoari aurre egiteko. Honek, urteetan zehar elikatu den klaseen arteko borroka bultzatuko du.

Krisi hau milioika pertsonen kontzientziak astintzen ari da. Kapitalismoaren aurkako jarrera handitzen ari da eta ez Europan bakarrik. Orain dela gutxiko inkesta baten arabera, AEBtako 30 urtetik beherakoen %33ak nahiago dute sozialismoa eta %37k kapitalismoaren alde egin zuen. Eta nola ez, sozialismoaren ideien aldeko interesa handitzen ari da Euskal Herrian ere. Europako mobilizazio handiek eta Amerika Latinoko iraultzek eragin zuzena dute euskal langileen eta gazteen buruetan. Eskenatoki honetan, ezker abertzaleak politika iraultzaile bat defendatzen badu ez du hauen arreta bakarrik erakarriko, baita Estatu espainiarreko, Estatu frantziarreko eta Europako langileena ere.

Ezker abertzaleak sozialismoaren aldeko borrokaren erreferentzian bihurtu behar du eta langile klasearen batasun internazionala defendatu, hau baita kapitalismoaren bukaera eta herri guztien askatasuna bermatu dezakeen bakarra. Ezker abertzaleak iraultza guztien eta askatasunaren aldeko mobilizazio guztien ondarea bereganatu behar du, hauen esperientzietatik datozen borroka adibideak eta oinarri teorikoak harturik. Zentzu horretan marxismoa, sozialismo zientifikoa, baliabide onena da langile klasearen eta gazteriaren eraldaketa sozialerako asmoak lortzeko. Azken 200 urtetako langileen borrokaren esperientzia pilatua eta orokortua besterik ez da marxismoa. Beharrezkoa da ezker abertzaleko militantziaren formakuntzarako sozialismo zientifikoaren ideiak denen eskura egotea eta hauek eztabaidatzea, sufritzen ditugun erreformismoaren eta ideia kapitalisten presioei aurre egiteko. Oinarri hauekin eta iraganeko akatsetatik ikasiz, Euskal Herria sozialista bat lortzeko beharrezkoak diren estrategia eta taktikak antolatzeko gai izango gara.


Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.