Aurtengo maiatzean bost urte beteko dira Euskal Herria Sozialista Euskal Herriko aldizkari marxista argitaratzen hasi ginenetik. Horren harira, aste iraultzailean antolatu dugu maiatzaren 9tik 13ra.

30. hamarkadako krisi ekonomikoan bezala, gaur ere, klase arteko borroka maila altua hartzen ari da, eta gerra zibilean bezala, bi alderen artekoa da oinarrizko borroka: kapitalistak eta langileak. Oinarrizkoa da beraz kapitalismoaren aurka langile mugimendua programa egoki batekin antolatzea. Hori dela eta, aste iraultzailean parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Anima zaitez!

Sistema kapitalistaren krisiak erronka itzela ezarri dio langile mugimenduari eta gazteri iraultzaileari. Geroz eta ageriago dago ondoren biziko dugun garaian klase arteko borrokaren gorakada izango dela munduko hainbat eta hainbat herrialdeetako egoera politikoaren bereizgarri nagusia, baita gure herrialdekoa ere. Geroz eta gehiago dira enpresariek, bankariek eta hauen aginduei men egiten dien gobernuek inposaturiko erasoen aurrean altxatzeko beharra sentitzen duten gazte eta langileak eta baita zailtasunez gain altxatzen direnak ere.

Argi geratzen ari da, sistema kapitalistak sortzen duen miseria guztiarekin amaitzeko bide bakarra gizarte sozialista baten alde gazte eta langileak borrokatzea dela. Ez dago beste biderik. Ekonomiaren eta orokorrean gizartearen antolamendu guztia kapitalista gutxi batzuen irabazien interesetara bideraturik dagoen sistema batean ezinezkoa da langabeziarekin, lan prekarietatearekin, pobreziarekin edota gosearekin amaitzea.

Gazteak eta langileak behin betiko kapitalismoarekin amaitzeko antolatzean eta borrokatzean dago gakoa. Posible da miseria honekin guztiarekin amaituko duen gizarte bat eraikitzea, baina horretarako ekonomia errotik eraldatu beharra dago; kapitalistak desjabetu behar dira eta gure planetaren lehengaiak, enpresak eta zientziak eskain ditzakeen baliabide paregabeak irabazi pribatuetara beharrean, gizakion beharretara berregituratu behar ditugu.

Langile eta gazteak bide honetan urratsak ematekotan, ezin dezakegu ahaztu sozialismoaren ideien inguruko hausnarketak eta eztabaidak duen garrantzia. Marxismoaren ideiek eskaintzen diguten ikuspegia tresna bikaina da langileen eta gazteen mugimendu iraultzailearentzat, honek teoria praktikarako gida bat bezala hartzen baitu eta egungo gizartea sakonago ulertzeaz gain, hau eraldatzeko bidea argitzea baimentzen baitu.

Helburu honekin antolatu dugu aurten ere aste iraultzailea Engels ateneoan, Euskal Herriko gazteon eta langileon borrokan sozialismoaren ideiak bultzatzeko eta bide honetan aurrera jarraitzera animatzeko xedearekin. Gai ezberdinak lantzeko asmoa dugu bertan, horien artean sozialismoaren oinarri teorikoak, langile klasearen egoera eta iraganean zein beste herrialdeetan egun ematen ari diren prozesu iraultzaileak.

Bestalde, hitzaldiak aprobetxatuz, aurre egin beharrean gara burgesiaren komunikabideek mugimendu iraultzaile bat lehertzen den bakoitzeko martxan jartzen duten manipulazio makinariak zabalduriko gezur guztiei. Jada hamarkada bat daramate Latinoamerikako iraultzaren inguruan gezurrak esaten eta egia ezkutatzen eta jarrera berdina hartu dute oraingoan ere mundu arabiarrean ematen ari den iraultzarekin.

Mugimendu hauek oinarrian duten klaseko izaera eta aldarrikapen iraultzaileak ezkutatzea eta nola edo hala kriminalizatzea izaten da komunikabideek jarraitzen duten estrategia. Beste herrietako langileen elkartasuna saihestea eta inperialismoaren esku hartzeari bide egitea izaten da helburua. Baina errealitatea da Latinoamerikako masak zein herri arabiarretako masak euren herrietako burgesiaren eta inperialismoaren aurka ari direla borrokatzen, Europako beste hainbat herrialdeetako eta Euskal Herriko gazte eta langile askoren antzera.

Faxismoaren aurka borrokatu zirenak omenduz

Aurtengoan hitzaldi berezi bat antolatu dugu, II. Errepublika garaian eta gerra zibilean langile iraultzaren alde borrokatu zuten haiek guztiak omendu asmoz. Errepublikaren aldarrikapenetik 80. urteurrena eta altxamendu frankistaren hurrengo egunean eman zen iraultzatik 85.a betetzen dela aprobetxatuz, borrokalari antifaxistei omenaldi bat egiteko Federiko Engels Fundazioak Juan Ignacio Ramosen liburuaren lehen bolumena argitaratu du: Revolución Socialista y Guerra Civil (1931-1939). Garai haietako, gertaera garrantzitsuak sakonago aztertzeko antolatu dugun ekitaldi publikora gonbidatzen zaitugu. Beharrezkoa da eskuinaren auka Oroimen Historikoaren alde borrokatzea. Denbora asko igaro den arren, kapitalismoaren krisiak agerian uzten du borroka hura ez zela alferrikakoa izan. Langile, nekazari eta gazte belaunaldi bat borrokara eraman zituzten ideia iraultzaileek behar-beharrezkoak izaten jarraitzen dute.

Gertakizun haietan gaur egun baliagarriak zaizkigun ikasgai asko ezkutatzen dira. Eskolako testu liburuetan, ordea, irudi desitxuratu bat aurkezten da beti gerra zibilaren inguruan. Azken batean, oraindik ere, garaileen ikuspegiak gailentzen jarraitzen du. Orokorrean langile mugimenduaren indarra eta aldarrikapenak ezabatzen dira historiatik eta “demokraziaren alde borrokatu zuen” errepublika eta burgesia idealizatzen da. Esate baterako, oinarrizkoa da EAJ-PNVk jokatu zuen papera zein modutan desitxuratzen den aztertzea.

Frankok berak, altxamendu militarra komunismoaren aurkako gurutzada bezala justifikatu zuenean ez zebilen hain oker, gerra hura irabazteko modu bakarra iraultza sozialistaren alde borrokatzea baitzen. Baina horretarako indarrak eta baldintzak ezin hobeak baziren ere, azken batean, 1917ko Errusian zegoen alderdi boltxebike iraultzailea falta izan zen.

Argi dago, sozialismoaren ideien eztabaida kapitalistek geroz eta gehiago kontrolatu nahi duten hezkuntza sistema honetatik kanpo geratzen dela. Baina bestalde, gizarte eredu hau irauli nahi dugunontzat erabat ezinbestekoa zaigu eztabaida hau garatzea. Hori dela eta, aste iraultzailean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Anima zaitez!

Etor zaitez hitzaldi hauetara: 

Maiatzak 9, 19:30tan “Amerika Latinako prozesu iraultzailea” (gazteleraz)

Hizlaria: Cesar Alcazar, Manos Fuera Venezuela-ko kide mexikarra

Maiatzak 10, 19:30tan “Sozialismo utopikoa eta sozialismo zientifikoa” (euskaraz)

Hizlaria: Iker Otermin, Euskal Herria Sozialistako kidea

Maiatzak 11, 19:30tan “Langile mugimenduaren alternatiba erasoen aurka” (euskaraz)

Hizlaria: Ibon Artola, Euskal Herria Sozialistako kidea

Maiatzak 12, 19:30tan “Gerra zibila eta iraultza sozialista (1936-1939)” (gazteleraz) 

Hizlaria: Juan Ignacio Ramos, Federiko Engels Fundazioko kidea

Maiatzak 13, 19:30tan “Herri arabiarretako iraultza” (euskaraz)

Hizlaria: Aitzol Arribilaga, Euskal Herria Sozialistako kidea

Lekua: Engels Ateneoan, Errementari kalea 8. Tolosako Alde Zaharrean

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.